Zuzentasun politikoaren etsai amorratua bilakatu da Bruce LaBruce (Southampton, Kanada, 1964) zinemagile gay-a. Filmatzeko sosik gabe, emakume zoro eta punkiekin bizi zela etxetzar batean, lagun horien bizitzak dokumentatzen abiatu zen. Antzera dihardu egun: aurrekonturik gabe, inguru korporatiboetatik urrun eta pornoa arma politiko gisa erabiltzen. Pentsamendu atzerakoiei eraso egitea du helburu, eta LGTBQ+ komunitatea erakustea, baita sakon aztertu eta zenbait kritika egitea ere. Punk espirituak eta queer sentsibilitateak bat egiten dute.
Azken hamarkadetako zinema zuzendari ausartenetarikoa bihurtu da Bruce LaBruce, eta, sarri, 1990eko hamarkadan eratutako New Queer Cinema mugimenduaren bueltan kokatu izan dute. Bera ez dago ados. Honela esan zuen 2020ko elkarrizketa batean: “Nire filmak benetan bereizten dituena, bakarrak egiten dituena, erabat pornografikoa naizela da. Ez diot inoiz uko egiten pornografiari. Mugimendu horrekin lotu izan naute, baina benetako hardcore pornoa egiten ari zen bakarra ni nintzen”.
Pornoa erabiltzen du tresna politiko gisa: “Queer aktibismo moduko baten antzera, muturreko aktibismo bat. Izan ere, gay askapen mugimenduaren motor guztia muturreko sexualitatean oinarritu zen, eta sexua bere kanpoko mugetara bultzatu zuen, erabat ezohikoa eta sexualki esperimentala izanik”.
Era berean, LaBrucen filmek “estetika klandestinoagoa” erakusten dute, New Queer Cinemako kideen lanekin alderatuz gero. Esaterako, bere azken pelikulan, The Visitor (2024), errefuxiatu batek hankaz gora jartzen du Londreseko familia dirudun bat, seduzitzeko agertzen duen gaitasuna tarteko. Pasoliniren Teorema filmean oinarritua, Londreseko Tamesis ibaiaren ertzean errefuxiatu bat agertzen da, biluzik. Goi-klaseko senitarteko batek etxean hartuko du, baina errefuxiatu horrek familia aberatsaren egonkortasuna nolabait zartaraziko du, besteak beste, familiakoekin izango dituen sexu-saio gordinak direla eta.
Irakurleak imajina dezakeenez, LaBruceri zentsuraren mailua jasatea egokitu zaio behin baino gehiagotan, bere lanetan erakutsitako eduki esplizituak tarteko. Batzuetan, film beraren bi bertsio egin izan ditu: jatorrizko bertsio gordina, batetik; eta, bestetik, bertsio arinagoa. Eta, horrez gain, hainbat herrialdetako aduanetan bere filmen kopiak birrindu dituzte. Publikoki hitz egin izan du horri buruz: “Eduki sexual esplizituagatik ez ezik, fetitxismo esplizitu batekin lotutako kontuengatik ere debekatu dituzte nire filmak”. Haatik, LaBrucek hainbat sari ere jaso ditu hamaika herrialdetako zine-jaialdietan.
Situazionismoaren trazak
Zine zuzendariaz gainera, argazkilaria eta idazlea ere bada LaBruce, eta idazketa-lan hori hainbat hedabidetan egin du, artikulugile gisara, baita zine-kritikari ere, tartean, Eye Weekly, Talkhouse, Exclaim! eta Vice-n. Estilo mingarriz eta zorrotzez idatziriko testuak, satira sozialen itxura hartzen dutenak. Bada, Editorial Cantico argitaletxeak 1990eko eta 2000ko urteetan argitaratutako hainbat idatzi bildu ditu Contra la cultura (Kulturaren aurka) liburuan.
Bildumaren izenburuak aipamen zuzena egiten dio Guy Debord pentsalari eta zinegile situazionista frantziarrak 1964an plazaratutako Contre le cinéma (Zinemaren aurka) liburuari. Situazionisten arabera, zinema gizarte garaikidearen arte nagusia da; beraz, xedez iraultzailea beharko luke izan. Era berean, situazionistek ohartarazi zuten indibidualismo artistikoaren ordezkari pasiboa izan zitekeela, eta horrek parte-hartzailea ez den ikuskizunaren botearen hazkundea ekarriko lukeela. Berriki emandako elkarrizketa batean honako hau esan du LaBrucek: “Kulturaren aurka terminoa erabili izan dudanetan, arintasun jakin batez egiten dut, baina baita nagusia den ideologia eta kulturaren onarpen pasiboaren kontrako oharpen gisa ere, eta azpikulturak besarkatzeko estimulu gisa ere bai”. Zinearen xedearen harira, behin baino gehiagotan aipatu du zinea egiten eta idazten hasi zela jendea haserretu nahiaz, jendea molestatzeko eta nahasteko.
Izenburuaren bidez, halaber, goi- eta behe-kulturaren arteko arrakala ezereztu nahi du LaBrucek, bigarrenaren aldeko jarrera irmoa erakutsita: “Goi-kulturaren bertuteak goraipatzen dituzten pertsonek, sarritan, pop-kultura apur bat mespretxatzen dute, eta ni horren kontra nago, erabat”.
Hainbat pasarte nabarmentzeko
Liburuan jasota geratu diren LaBruceren testuak hainbat garaitakoak dira. Esaterako, zenbaitzuk milurteko aldaketarekin eta AEBetan 2001eko irailaren 11n gertatutako eraso terroristarekin batera argitaratu ziren, eta askotariko gaien inguruan ardazten dira: Jean-Luc Godard zinegilearen Weekend filmean oinarritutako auto-ezbeharrei buruzko argazki-saioa, zuzeneko sexu-performanceak, neonazien arteko eszena pornografiko homosexualak sexu errealarekin, drogak, festak edo gay izateari buruzko gogoetak... “Ez zait iruditzen homosexuala izate hutsagatik gai homosexualei buruz bakarrik idatzi behar dudanik”.
Gai horiek ez ezik, LaBrucek zinearen inguruko testu oso interesgarriak ere jaso ditu liburuan, bere ezagutza akademiko izugarriaz baliatuta –Torontoko zine-eskolan ikasi zuen, 1970eko hamarkadaren amaieran–. Besteak beste, idatzi batean kontatzen du nola hegazkin bidaia batean ikusi zituen Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000) eta Music of the Heart (Wes Craven, 1999), eta bien konparaketa eta lotuneak osatuta, bigarrenaren alde agertzen da bera; hots, film txikiaren aldeko aldarria egiten du: "Music of the Heart filma Erin Brockovich pelikularekin batera ikusten denean, lehenengoak kasik zinikoa dirudi, nahiz eta irmoki salatu zuten sentimentala eta sentsiblera besterik ez zelako”.
Jim Carreyk antzeztutako How the Grinch Stole Christmas (Ron Howard, 2000) filmaren inguruko testua ere bikaina da: “Ziurrenik, Grinch berriaren alderdirik aztoragarriena bere [Carreyren] antzezlanen karga sexuala eta oldarkortasuna da. Jerry Lewis Hollywoodetik inoiz sortu den aktorerik ahozkoena izan zen bitartean (edalontzi oso bat ahoan sartzen zuenean edo eskua sartzen zuenean eztarria ukitu arte), Jim Carrey komikorik analena da. Kantuan ari den bere ipurdi lotsagarritik kakaren gaineko bere txiste amaigabeetara, Carrey bere ipurdiaz eta besteen ipurdiaz maiteminduta dago”.
Aparteko aipamena merezi du Matthew Sweet musikariaren Girlfriend disko zoragarriaren azalean agertzen den Tursday Weld kultuzko eta “nortasun intrantsigente eta subertsiboko” aktoreari buruzko testuak. “Bere aurpegi ustez ederrak eta ile horizko adats handiak, hortzak banatuta erakusten dituen bere irribarreak eta begi beltz sutsuek, emakume modernoaren kontraesan, plazer eta oinaze guztiak hartzen dituzte”.
Finean, artikuluok transgresioaren kronika finak dira, –goi– kultura birrintzeko grina erakusten dutenak, baina era berean irri adimentsuari leku egiten diotenak. Mundua distantzia kritikoz begiratu nahi duen punk-queer baten isla dira, edo LaBrucek berak esango lukeen bezala, “arantza bat gizarte heziaren sabelpe krematsuan”.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]