“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

  • Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako, beraiei eskatutako Whatsapp audioak eta berariaz antolatutako eztabaida saioak egin ditu. Irantzu Epelde izan du zuzendari. Baionan bizi den donostiarrak bizi den lekuko euskara aztertu nahi zuen, baita bere lagunen hizkera ere.

Argazkia: Sabina Hourcade.
Argazkia: Sabina Hourcade.

Hipotesi bat zeneukan: BAMeko gazteen hizkerak frantsesaren eragina du, batez ere; eta euskara batuarena ere bai. Hipotesia bete da?
Frantsesaren hipotesia bete da, eta uste baino haratago joan da. Ahoskeran frantsesaren ezaugarri pila bat topatu ditugu, espero ez genituenak. Egia esan, uste genuen euskara batuaren eragina handiagoa izango zela ahozko lagunarteko hizkeran. Euskara batuan gauza bitxi batzuk topatu ditugu. Adibidez, ñ hotsaren erabilera. Berez, hemen, ez lukete egin beharko, 'baina' esan beharko lukete, eta ez 'baiña'. Ez dugu argitu batuaren edo Hegoaldeko hizkeraren eragina den. Hipotesia da, ordea, ikastolak zeresana izan dezakeela, eta beharbada beste faktore batzuek ere bai, adibidez, Hegoaldeko ikus-entzunezkoen ekoizpenak. Ez dugu aztertu zehatz-mehatz.

Nongo frantsesa ari dira imitatzen? Parisko aldiriak aipatu dituzu zure lanean. Hara begira daude hemengo gazteak?
Ez dugu zehazki aztertu ze frantses ari diren egiten. Dena den, Parisko aldirietako gazte hizkerek, oro har, frantsesezko hizkera arduragabean –lagunartekoan– eragin handia dute. Handik datoz raperoak, kultura herrikoiak indar handia du, streamerrak ere hor dira... Eta hori kontsumitzen dute gazteek. Badu eragina, zeren, azken finean, Frantzia oso estatu zentralizatua da. Aldiri bakoitzak izango du bere hizkera, baina Paristik eta Marseillatik etortzen dira gauza batzuk. Dena den, ez dut sakonki begiratu. Baina Parisko aldirietako hizkerei buruz irakurtzen aritu gara eta konturatu gara han gertatzen diren gauzak gertatzen direla gure gazteen ekoizpenetan. Ez dugu sakon aztertu, baina badago paralelismo argi bat.

Zure lanean esan duzu ez dutela, oraingoz, arabismorik erabiltzen.
Ez dugu jaso. 

Ados. Ez zaizue agertu, baina agian badarabilte.
Bai, bai. Nik entzun ditut kalean arabismoak euskaldunen artean. Oso-oso gutxi, baina entzun ditut. Kontua da gure ekoizpenetan ez zaizkigula agertu. Salbuespena litzateke. Dena den, posible da hurrengo belaunaldietan agertzea. 

“Alde batetik, ‘Iparraldeko batua’ sortzen ari da, eta aldi berean frantsesaren eragina inoiz baino indartsuagoa da”

Hala gertatuko balitz, zergatik izango litzateke, Internet bidez eta ikus-entzunezkoen bidez sartu delako ala euskaldunek harreman zuzenak dituztelako hizkera horretan ari diren gazteekin?
Nire iritziz, kultura herrikoiaren bidez dator, baina ez eguneroko harremanetatik. Baionan badago ZUP auzoa... baina ez dut uste halako harremanetatik datorrenik. Arabismoak oso hedatuak daude, oso erabiliak dira, ez da gazte mota jakin bati lotzen zaion hizkera. Lanean aipatu dut wesh hitza, baina ez da agertu nire corpusean. Agurtzeko forma bat da. Hitz hori esan lezake edozeinek, ez du izan behar profil linguistiko zehatz batekoa. Hitz batzuk demokratizatzen dira. Hegoaldean ez bezala, Frantziako Estatuan hip-hop kultura oso bizirik dago, oso aberatsa da eta auzo periferikoetatik dator, Marseillatik eta Paristik. Eragin kultural izugarria du.

Hegoaldeko eta gipuzkeraren zantzuak aurkitu dituzu. Nondik nora agertu dira arrasto horiek?
Gure lana zer ikusi dugun deskribatzea izan da, eta hortik aurrera, hipotesi batzuk egin ditugu: gurasoen eragina izan daiteke [Hegoaldekoa dutelako bateren bat] eta ikasketak Hegoaldean egin izana edo egiten ari direla. Baina konturatu ginen forma horiek erabiltzen dituzten batzuen gurasoak frantsesdunak direla, eta haien giroan ez zegoen Hegoaldeko jende asko. Orduan, ezin du izan gertutasun geografikoa edo familia. Beste faktore batzuk bilatu behar dira eta gure hipotesia ikastola da. Agian euskarazko eduki gehienak Hegoaldean sorzen direlako... baina ez dugu ikertu eta gure iritzia baino ez da. 

Maddi Kintanak eremu urbanoko gazteen hizkera aztertzen jarraitu nahiko luke. Aukera badu Lapurdiko kostalde osora zabalduko du lana, eta Hendaia aztertu. Argazkia: Sabina Hourcade.

Lizeoaren eragina ere aipatu duzu. Alegia, ikastolak hainbat dira, baina Ipar Euskal Herriko ikasle guztiek euskarazko murgiltze sisteman ikasteko lizeo bakarra dute, Bernat Etxepare.
Parte-hartzaile gehienak pasa dira Etxepare lizeotik, eta ez direnak pasa kolegiotik pasa dira [bost kolegio ditu Seaskak]. Ez dago alde handirik beraien artean. Denen artean batek ez du ikasi ikastolan, eta nabari da. Nabari da euskara ikasi duela hezkuntza nazionaleko sail elebidunean. Zoritxarrez, ez dut lortu beste inor irakaskuntza elebidunekoa, horregatik ikerketa hedatzeko aukera baldin badut saiatuko naiz elebiduneko ikasleengan indarra jartzen. Hor jende asko ari da euskara ikasten, baina ez dakigu batere nola hitz egiten duten. Heltzen zaiguna da gero AEKra joaten direla asko. Adibide honetan oso nabaria da aldea, elebidunekoaren eta besteen artekoa.

Zertan aldea?
Jariotasunean, frantsesezko hitzak sartzen zituen, zalantzak zituen ekoizpenetan, bere ekoizpenak gramatikalki okerrak ziren gehienak. Esan daiteke, kasik, ez zela gai esaldi oso bat ongi egiteko. Ulertzen zuen dena, ahal zuen parte hartu, baina frantsesa kalkatzen zuen zuzenean euskarara. Baina esan dudan moduan, lekuko bakarra izan da eta hori ez da aski esateko “elebidunekoek horrela hitz egiten dute”. 

Lanean diozu gero eta homogeneoago hitz egiten dutela, eta era berean esaten duzu BAMeko hizkera eta Hegoaldekoa urruntzen ari direla. Beraz, ikastolaren eragina nabari da eta homogeneizatzen ari da darabilten euskara, baina frantsesaren eragina are eta handiagoa delako urruntzen da Hegoaldetik?
Bai, hori da. Jende gehiagok ere esan du. Mugaldeko hizkerak aztertu zituen Alex Arzelusek eta esan zuen Luzaiden, Arnegin eta Garazin, adibidez, muga politikoa muga linguistiko bihurtu dela. Ez dut mugaldeko hizkera aztertu, baina ikusita frantsesaren eragina pentsatzen genuen, "Hegoaldeko norbaitek irakurtzen baldin badu hau ez du erdia ulertuko azalpenik gabe!". Lanaren defentsan baziren Hegoaldeko irakasleak eta pentsatu behar genuen, adibidez, haiei nola azaldu. Alde batetik, homogeneizatzen ari da, ‘Iparraldeko batua' sortzen ari da, eta egia esan ez dago oso ondo definitua zer den hori, eta aldi berean frantsesaren eragina inoiz baino indartsuagoa da. Muga politikoa inoiz baino errazagoa da zeharkatzeko, baina inoiz baino handiagoa da, eta nabaritzen da hizkeretan, erreferente kulturaletan. Hemendik aurrera konplikatuko da elkar ulertzea; edo hizkera-erregistroa pasatuko dute erabat batura, zeren hizkera arduragabean konplikatua izango da. 

Argazkia: Sabina Hourcade.

Beraz, erregistro formalagora joko dute elkar ulertu ahal izateko, batuagoa, ikasitakoa.
Hori iruditzen zait behintzat.  Oker egon naiteke. Nire inguruan ere hori ikusten dut: batura jo eta hizkera arduragabea pixka bat lausotu. Badirudi hizkera arduragabea, euskaraz, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean ezin dela banandu ez gazteleratik ez frantsesetik.  

Ezaugarri bereziak dituen eremua aukeratu duzu ikerketarako: esparru urbanoa eta Ipar Eukal Herriko eremurik frantsestuena. Interes berezia zenuen eremu hau lantzeko?
Konturatu nintzen Lapurdiko kostaldean badirela oso gauza interesgarriak eta hemengo hizkerak eta gazte hizkerak ez dituela inork aztertu. Fokua jartzen da euskalkietan, euskalkidun "puruetan" (gaur egun ia ez dira existitzen). Frantses-euskara kode aldaketa ia aztertu gabe zegoen. Irantzu Epelde zuzendariari esan nion nahi nuela bizi nintzen tokiko euskara aztertu, eta aitortu zentzu batean. Hirietako euskaldunei buruz egin nahi nuen lana. Donostiakoa izanda, sentitu dut askotan ez ginela, beharbada, maila berean herrietako euskaldunekin konparatuta, edo horrela sentiarazi gaituzte behintzat. Ez ginela euskaldun onak. Hemen ere, konturatu nintzen gauza bera zela. Baiona oso eremu erdalduna da, egin daiteke euskaraz, baina jakin behar duzu ongi non egin dezakezun. Euskaldun gehienak hemen bizi dira, nahiz eta proportzioan ez izan hala. Hemen gertatzen denak ere badu eragina gerora. Faktore askorengatik aztertu dut gai hori, eta nagusiki hemen bizi naizelako eta nire lagunen euskara aztertu nahi nuelako.

Aitortu, esan duzu. Gutxietsiak izanaren aurka egin nahi zenuen?
Ez dakit aurka egin, baina behintzat aitortu hemen bazirela euskaldunak. XIX. mendeko Peru Abarkatik: baserrikoak eta kaletarrak, batzuk euskara puru ona dutenak, bestek nahasi txarra. Askok dituzte konplexuak hirikoak direlako eta ez dutelako euskalkirik. Eztabaida saioetan horrelako sentimenduak agertu dira. Bai, aitortu nahi nuen; bai, badira euskaldunak hirian, eta euskaldun osoak direnak. 

 

Bollera hitza: Hegoaldeko mugimendu feministaren eragina

"Gaztelania oso gutxi agertu da. Kasu oso interesgarria: bollera hitza agertu zen eztabaida saio batean. Hegoaldetik feminismoaren olatua ari da hedatzen Ipar Euskal Herrian eta nire hipotesia da horren eraginaren lekuko dela hitz hori. Ikusi ahalko da fenomeno horrek hiztegi aldetik-eta zer nolako eragina ekar dezakeen. Bestalde, geroz eta ikasle gehiago joaten dira ikastera Hegoaldeko unibertsitateetara. Zer eragin izango ote du horrek euskaran?". 

 

“Bikote batek 116 aldiz erabili du 'fin'” 

Maddi Kintanak frantsesaren eragina xehetu duenean, bereziki kode-aldaketak (euskara eta frantsesa nahasian erabiltzea, baita esaldi berean ere) eta kalko fonetiko eta semantikoak aztertu ditu.

Gazteek eztabaida saioetan eta grabatutako Whatsapp audioetan erabilitako hainbat adibide eman dizkigu Kintanak.

Adibidez, oso ohikoa da frantsezko hitz bat erabiltzea euskarazko egitura gramatikala mantenduta, eta frantsesez ahoskatzea. Scotch (zelo) hitza aurkitu du Kintanak: En fait aantzi dut scotch-a, barkatu. Hurrengoan aditza, forcer (euskaraz behartu), mailegatu du gazteak, euskarazko egitura eman dio eta erdizka-edo ahoskatu du frantsesez: Bai ene ustez ori da, ben forceatu dituzte bakoitzak cliché guztiak aipatzea.

Ahoskera hibrididoaren beste adibide bat aurkitu du, engueuler (errieta egin) aditza erabilita: ... eta pixkat euskara akzeptatzeko eta aien engueulatzeko aien kabuz.

Asko aurkitu duen beste fenomeno bat afrikazioa da. Afrikazioa da soinu frikatua afrikatu bihurtzea, demagun [s] hotsa [t͡s] bihurtzea. Kintanak kontatu digunez, Frantzian, 2024 hasieran, hedabideek afrikazioaren inguruko “larrialdi deia” egin zuten, gazteek afrikazioarekin hitz egiten omen zutelako. "Izugarrizko polemika egon da; auzo periferikoetako gazteek erabiltzen duten hizkera hori ez omen da polita frantsesez eta polemika arrazakeriarekin lotuta egon da". Frantsesezko afrikazioren bat aurkituko zutela uste zuten, baina parte-hartzaile baten baino gehiagoren hitzartzeetan aurkitu dituzte. Esate baterako, batzuek beti hitza [beti] honela ahoskatzen dute: [bet͡śi] eta maitia [maitia] [maitsia]. 

Sinkopei ere tarte garrantzitsua eskaini die Kintanak. Sinkopak hitz baten barnean fonema bokaliko bat erortzen denean gertatzen da. Hasieran, Kintanak uste izan zuen sinkopa egiten zutela hiztunek hizketa erritmo lasterra zutelako, baina eztabaida saioetan konturatu ziren denek egiten zutela. Zeren eta lokailuaren adibidea eman digu: "Iparraldean zenta kontrakzioarekin erabili ohi izan da, baina zeta eta zta kontrakzioak ere entzun daitezke orain. Ikus dezakegu euskarazko bokal bat topa dezakegun lekuan (a, e, i, o, u) hiztunak ez duela ahoskatzen, eta horren ordez frantsesetik eratorria den schwa [ə] hizkia erabiltzen du edo guztiz ezabatzen du".

Maddi, entzun dizugu esaten zaila dela esaldi bat aurkitzea kode aldaketarik gabe. 
Adin guztietan gertatzen da, besteak beste diglosia egoerak eragiten du kode aldaketa. Adierazkortasuna emateko edo lexiko falta sentitzen dutelako erabiltzen dute hiztunek, eta gazteek areago. Ez da gazte hizkeraren ezaugarri bat, baina gazte guztiek egiten dute. Batez ere diskurtso markatzaileekin egiten dute, zera, tira, horrelakoen ordez. Gehienak frantsesez erabili dituzte, etengabe. Bikote batek 116 aldiz erabili du fin 56 minutuan. Horrelako adibideak hamarnaka eta hamarnaka ditugu.

Ez dakite nola esan euskaraz?
Ez dut uste kontzienteki egiten dutenik: "Ui, ahantzi dut nola esaten den hitz hau euskaraz!". Jario handiko hizkeren barnean jasotako adibidea da fin-en erabilera. Parte-hartzaileek esaten zuten frantses gutxiago nahiko luketela erabili haien hizkeran, baina orokortua eta normalizatua da kode-aldaketa.

Nire lanaren zati handi bat hartu dute diskurtso markatzaileek. Hona beste adibide bat: baina erabiltzen dute, baina mais askoz gehiago. 

Ingelesaren arrastoak ere jaso dituzu.
Hegemonia anglofonoaz ari gara, sare sozialen eta ikus-entzunekoen eraginarekin lotzen da erabilera: TikTok, Instagrameko edukiak, influencerrak, meme kultura, twitter kultura... horietako hitzak agertzen ziren gure saio gehienetan. 
Eta bitxikeria bat: ingelesezko hitzak erabiltzen dituzte, baina ahoskera frantsesezkoa da, eta ez euskarazkoa. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-09-03 | Euskal Irratiak
Elgarretaratzea deitu du EHEk Gorka Torreren sustenguz

“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Iparraldeko eskola publikoen %60 elebiduna izanen da ikasturte honetan

Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


2024-06-25 | Euskal Irratiak
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


2024-06-06 | Euskal Irratiak
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasteko aukera ezbaian Parisen

Laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailen sortzea eztabaidatua izan da frantses legebiltzarrean. Legearen zuzenketa proposatu du Iñaki Etxaniz legebiltzarkideak.


2024-05-31 | Euskal Irratiak
Maddi Zubeldia
“Ziburuko plaza euskararen arnasgune izatea erdietsi dugu azokarekin”

Berrogei argitaletxe eta diskoetxe, horietarik bederatzi berri, eta 120 salmahai bosgarren Ziburuko liburu eta disko azokan. Ekainaren lehenean ospatuko dute Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak


2024-05-20 | ARGIA
“Geldi euskara zapaltzea” margoketagatik, pertsona bat auziperatuko dute

Herribiltza taldeak joan den ostiralerako egindako deialdian, Baionako suprefeturaren hormetan egin zuten tindaketa bost lagunek. Horien artean zegoen Gorka Torre; komisarian eduki du Poliziak 24 orduz, eta irailean epaituko dutela jakinarazi diote astelehen goizean.


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
“Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea”

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


Eguneraketa berriak daude