LAB

Ezker abertzaleko baso hartatik, arbola bakarra zutik

  • 1970eko hamarkadaren erdialdean sigla dantza itzela zegoen euskal panorama soziopolitikoan, eta horien artean mordoxka bat ezker abertzalekoak. Mende erdi geroago, denboraren higaduraren edo errepresioaren ondorioz, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, arbola bakarra geratzen da zutik itsas hegi honetan: LAB sindikatua.

LABeko II. Kongresua Donostian, 1980an. Horretan Euskadiko Ezkerrako sektorea ELAra joan zen. (Argazkia: Loubet / ARGIA CC BY-SA)
LABeko II. Kongresua Donostian, 1980an. Horretan Euskadiko Ezkerrako sektorea ELAra joan zen. (Argazkia: Loubet / ARGIA CC BY-SA)

1974an sortu ziren Comisiones Obreras Abertzales izenekoak, ordurako ospetsu eta indartsu ziren Comisiones Obrerasen moldera, baina izaera abertzalearekin. Urte horretan bertan, udazkenean, horietako hainbat taldek topo egin eta LAB sortu zuten, Langile Abertzaleen Batzordeak. 1975eko otsailaren bueltan egin zuten lehen Biltzar Nazionala Miarritzen eta sindikatuak bidaiari ekin zion langile mugimendua bor-bor zegoenean. Francoren diktadura bere amaieran zegoen eta, besteak beste, ETA barruko mili eta poli-milien arteko tira-birak gori-gori ziren eta LABen ere gogotik nozitu zituzten. Edozein kasutan, aurrera egin zuen, orduko giro sindikal iraultzailean nazio arazoa ere lantegietara ekarrita eta izaera sindikal hutsari izaera soziopolitikoa gaineratuta; hala definitu zuen bere burua duela 50 urte eta horretan jarraitzen du gaur egun.

70eko hamarkadakoak urte gogorrak izan ziren LABentzat, besteak beste, barne tira-birengatik. 1977an Moncloako Ituna sinatu zen Espainian, eta horrek horma gisako bat altxatu zuen erreforma arbuiatu eta onartzen zuten sindikatuen artean. Ezker abertzalean Herri Batasunak eta Euskadiko Ezkerrak irudikatu zituzten bi bide horiek, eta zatiketa horrek izan zuen eraginik oraindik bi sektoreak elkarrekin aritzen ziren LABen. Horrela, 1980ko LABeko II. Kongresuan, Euskadiko Ezkerrako sektoreak ELAra jo zuen.

Iruñeko Gazteluko Plazan LABen mobilizazio bat. (Argazkia: LAB)

Urte gogorrak ziren maila guztietan. Nazioarte mailan neoliberalismoa haginak zorrozten ari zen erasoari ekiteko. 1973ko petrolioaren krisia munduko ekonomia astintzen ari zen eta Euskal Herria ez zen salbuespena. Trantsizioa eman zen Espainian. ETAko bi adarren jardun armatua oso gogorra zen. 1980ko hamarkadaren hastapenetan Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza oinez hasi ziren. 1981eko otsailaren 23an estatu kolpe saiakera ere izan zen Espainian. Eta 1982an PSOE Espainiako Gobernura iritsi zen eta birmoldaketa industrial zorrotzari ekin zion.

Moncloako Ituna hasi zen panorama instituzional berria finkatzen eta 1990eko hamarkadara arteko euskal eredu sindikala zehaztu zen apurka: batetik, eskema instituzionalaren bueltan egituratu ziren UGT, CCOO eta ELA; eta bestetik, LAB, CNT, SU, CSUT... eta gerora desagertu ziren beste zenbait sindikatu txiki. Rafa Diez LABeko buruzagi historikoak berba hauekin laburbildu zituen multzoak gerora: “kudeaketa sindikalgintza” eta “konfrontazio sindikalgintza”.

Indarra hartzen
1980an egindako ezohiko kongresuan, LABek gehiengo handiz erabaki zuen Koordinadora Abertzale Sozialistan (KAS) sartzea, ordurako jada erreformaren kontrako euskal ezetza gidatzen zuen erakundea: Konstituzioari ez, Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntzari ere ez, ezta Moncloako Itunari ere. Jon Idigoras, Joselu Cereceda edota Alberto Pelaez ziren sindikatuan nabarmentzen ari ziren izenetakoak. Lehenbiziko urteak oraindik xumeak izan ziren ordezkaritza eta afiliatuei dagokienez, baina agudo samar handitu zen: 1980ko hauteskundeetan 785 ordezkari (%4,53) lortu zituen Hego Euskal Herrian eta 1986an 1.876 zituen jada (%17,26).

1980an egindako ezohiko kongresuan, LABek gehiengo handiz erabaki zuen Koordinadora Abertzale Sozialistan (KAS) sartzea, ordurako jada erreformaren kontrako euskal ezetza gidatzen zuen erakundea

Ezker abertzaleko gainerako indarrak moduan –bereziki Herri Batasuna– LAB biziki hazi zen urte horietan, eta hamarraldiaren bigarren erdian ETA Espainiako Gobernuarekin negoziatzera iritsi zen Aljerren. Panorama ekonomiko-soziala, ostera, oso gogorra zen Euskal Herrian eta langabezia tasak %23a gainditu zuen 1986an. PSOEk akuilatuta, birmoldaketa industrialak gupidagabe erortzen ziren langileen bizkar eta horien erresistentzia ere ez zen nolanahikoa: Euskaldunako Ontzioletako borrokak garai horretako langile borroken sinbolo bihurtu ziren. Intentsitate desberdinarekin bada ere, herrialde garatuetako egoera antzerakoa zen, eta gerora neoliberalismo gisa izendatu zen horrek paretaren kontra jarri zituen ezkerreko alderdiak, sindikatuak eta, oro har, langile mugimendu osoa. Molde berri bateko kapitalismoaren hasiera besterik ez zen izango, haren haginkadak bere horretan mantendu baitira hurrengo hamarkadetan ere, gaur egun arte.

Egoera horren erantzun gisa, 1988ko abenduaren 11n greba orokorra egin zen: “Espainiako historia garaikidean seguruenik inoiz ez da horren greba arrakastatsurik izan”, zehazten du Emilio Majuelo historialari nafarrak Historia del sindicato LAB. Langile Abertzaleen Batzordeak (1975-2000) liburuan. Seguruenik, Majuelorena da LABen historia zehatzen aztertzen duen lana, eta erreportaje hau gauzatzeko tresna garrantzitsua izan da. LABeko kide Joserra Bustillo kazetariaren lanak eman zion segida Majuelorenari, LAB sindikatuaren historia II. Hator gorrira! (2000-2005) eta hau ere baliagarria izan zaigu.

LABen bidelagun izango zen sindikatu txiki baten sorrera ere izan zen 1985ean, ezker abertzaletik harago antolatutako euskal ezker alternatiboaren bueltan sortua, ESK, gaur egun ere aktibo jarraitzen duena. Hitzarmen kolektiboaren bueltan, halaber, Majueloren iritziz hamarraldiaren amaiera aldera, edukiei zegokionean LAB hurbildu zen ELA, UGT eta CCOOk zuten ikuspegira, baina desberdintasuna hitzarmenak defenditzeko moldeetan zegoen. Apurka baldintzak sortzen ari ziren, 1990eko hamarraldian euskal sindikalgintzan giltzarri izan zen gertaerarako: ELA eta LABen arteko elkarlana.

Industria sektore esanguratsuek birmoldatze handiak jasan zituzten 1980ko eta 1990eko hamarraldietan. (Argazkia: LAB)

Paradigma aldaketa euskal sindikalgintzan
Euskal Herrian bizi zen gatazka bortitzaren bi esparruetan kokatzen ziren orduan bi sindikatu abertzaleak: ETAren aurkako esparru zabalean ELA, eta Euskal Nazio Aspakenaren Mugimenduaren baitan LAB. Ajuria Eneko Itunak, gainera, lortu zuen ezker abertzalea ordura arte ez bezala zokoratzea, eta bi blokeen arteko aurrez aurreko oso indartsua gertatu zen. Bada, ELA eta LABen arteko jarduera bateratua izan zen garai hartan ezker abertzalea isolatzeko ahaleginaren arrakalarik esanguratsuena.

Hainbat faktorek erraztu zuten elkarlan hori, eta inportanteenetako bat 1988ko ELAko VII. Kongresuan eman zen, non Joxe Elorrietak Alfonso Etxebarria ordezkatu zuen idazkaritza nagusian eta ELA gaurdaino ekarri duen aldaketa handiaren hasiera irudikatu zen. Urte luzez ELAko komunikazio arduradun izan zen German Kortabarriaren Gauzak horrela (ere) izan ziren. ELA 1976-2006 liburuan “ELAren Perestroika” –Balentin Bengoa militante historikoaren hitzak ziren– gisa izendatzen da une hura.

Bidea apurka egin zen, ordea, bi sindikatuak urruti zeuden elkarrengandik. 1991n ELAk 2000rako sindikalismoa txostena egin zuen eta hor argi ikusten da ELAk LABekiko zuen begirada uzkurra: “Zorrotz hartuz gero, erakunde hau ez da sindikatu bat, KAS alternatibaren lantegietarako transmisio-uhala baizik”. Eta gerora urte luzez LABek ELArekiko izango duen mesfidantzarako arrazoirik ere aurki daiteke txostenean, balizko euskal sindikatu abertzale bakarraz hausnartzen baita lerro haietan: “Edozein sindikalista abertzalerentzat erakunde bakarra eduki ahal izateak izango lukeen garrantziaz hausnartzera ausartzen da agiria”, dio Kortabarriak bere liburuan. Geroxeago ikusiko dugun moduan, hamarkadaren amaieran argi ikusiko da mesfidantza hori zein indarrez azaleratuko den.

Arrazoi askorengatik ELA aspaldi konturatu zen UGT eta CCOOrekin ezin zuela aurrera eraman bere eredu sindikala. Hala aitortzen du Kortabarriak: “Bere nagusitasun sindikala eraginkorra izan zedin LABen premia zuen ELAk”.

1994ko otsail giltzarri hura
1990eko hasieran mugimendu berriak izan ziren eta une batez ELA, LAB eta CCOO ekintza bateratuan aritu ziren. 1992an Rafa Diez LABeko idazkari nagusi izendatu zuten eta Joxe Elorrietarekin batera bi sindikatuen hurrengo urteetako elkarlanaren ikur bihurtu zen bikotea.  1994ko urte berean eman zen jarduera batu horren une esanguratsuenekoa, otsailaren 19an bi sindikatuek manifestazio bateratua deitu zutenean Euskal langileok geure buruaren jabe goiburupean. Bi idazkari nagusientzat “egun historikoa” izan zen. Ez da nolanahikoa 2015ean Ipar Hegoa Fundazioko Ikusmira agerkarian Rafa Diezek urte hortaz egiten duen irakurketa: “Urte hori euskal sindikalismoaren atzera begirako azterketa guztien inflexio-puntua da”.   

1998an sinatu zen Lizarra-Garaziko Itunerako lan garrantzitsutzat hartu izan da beti bi sindikatuen arteko elkarlana, ilusio handia eragin zuen euskal gizarteko esparru zabaletan, eta gaurdaino nola-hala luzatu den “euskal gehiengo” sindikalaren  aroa –ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru– ireki zuen. 1994-95eko hauteskunde sindikaletan ELAk ordezkaritzaren %35,27 lortu zuen Hego Euskal Herrian eta LABek %14,56, bien artean %49,83. Arrazoi askorengatik ELA aspaldi konturatu zen UGT eta CCOOrekin ezin zuela aurrera eraman bere eredu sindikala. Hala aitortzen du Kortabarriak: “Bere nagusitasun sindikala eraginkorra izan zedin LABen premia zuen ELAk”. 1995ean LABek beste mugarri garrantzitsu bat zeharkatu zuen: ordezkaritzaren %15etik gora egin zuen eta horrek negoziazio sozialaren eremu instituzionalean parte hartzeko aukera ematen zion, non aurrerantzean ELAk eta LABek gehiengoa izango zuten. Harreman horren une gorenetakoa izan zen 1999ko maiatzean 35 orduen alde Hego Euskal Herrian elkarrekin bultzatu zuten greba orokorra.

Argazkia: LAB

Mallabiko bilera
Hondatze bidean zegoen harremanean aurrera egiteko bi sindikatuek bilera egin zuten Mallabian 1999ko ekainean, ETAren su-etena oraindik indarrean zela. Bilera hartan egon zen Kortabarriak bere liburuan kontatzen duenez, elkarlanean beste urrats sakon bat emateko proposamena luzatu zion ELAk LABi: “Bi sindikatuek erdibana kudeatuko zuten fundazio baten sorrera; Ipar Euskal Herrirako planteamendu sindikal posible baten azterketa elkarrekin egitea; eta koordinaziorako egitura iraunkorra ematea ELA, LAB eta beraiekin elkarlanean  ari ziren beste sindikatuen arteko harremanari”. Erresistentzia kutxa bakar eta bateratuaren aukera ere mahaiaren gainean utzi zuen. LABeko ordezkarien “txundimenak goia jo zuen”, dio Kortabarriak.

LABek hurrengo egunetan eman zion ezezko borobila proposamenari, eta “LAB irensteko EEP (erosteko eskaintza publikoa)” moduan  hartu zuen. Joserra Bustillok bere liburuan azaltzen duenez, Rafa Diezek esan zuen “LABek elkarlanari egindako erasotzat hartu zuela planteamendu hori”. Eta Bustillok ere hala ikusi zuen: “Garai hartako gertakari politikoek ezkutatu egin zuten ELAren asmoa: LAB bereganatzea”.

Edozein modutan, bi sindikatuen arteko elkarlan hori eraginkorra izan zen aurrera begira ere, baina haien harremana errusiar-mendi bat izan da azken hiru hamarkadetan, elkarrekiko mesfidantza beti airean, orain ekintza batasuna gauzatuz orain elkarren arteko oso akusazio gogorrak elkar gurutzatuz. Diezek hala idatzi zuen 2015eko Ikusmira hartan harremanaren garrantziaz: “Ausardiaz eta dimentsio estrategikoz begiratu behar diogu sindikalismo abertzalearen lankidetzari. Posible da, beharrezkoa da, baina, gainera, ez du alternatibarik aurrez aurre ditugun erronken tamaina ikusita”. 2017an egin zuten elkarlanari forma emateko azken ahalegina, Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde adierazpen bateratua aurkeztuta, Kataluniako erreferendumaren testuinguruan. Ika-mikek, aldiz, berehala utzi zuten ezerezean ahalegina.

Egokitu beharra
XX. mendeko lehen hamarkadan ezker abertzaleko legez kanporatzeen aroa ireki zen. Ez zuen LAB harrapatu, baina salaketa han akusazioa hemen, sindikatua ere estu hartu zuten. Horren erakusle da 2009an Rafa Diez atxilotu zuela Espainiako Poliziak, eta 2017ra arteko tartean sei urte espetxean iragan behar izan zuela Bateragune auzia-n ETAko kide izatea leporatuta. Diez ez zen jada LABeko idazkari nagusi, baina oraindik sindikatuaren pertsona erreferentziala zen.

Egoera horrek bere ifrentzua ere izan zuen, ezker abertzalearen ataka estu horretan LAB mugimenduko legezko erreferentzia garrantzitsuena moduan geratu baitzen, eta bere ekarpena handia izan zen ETAk 2011n borroka armatua alboratzeko bidean. Mende berrian, gainera, bere indarra handitzen jarraitu zuen: 2005ean ordezkaritza sindikalaren %15,11 zuen eta 37. 812 afiliatu. 2024ra arte jarraitu du hazkunde horrek: 2023ko hauteskunde sindikaletan Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %19,60ra iritsi zen eta 2024ko 50. urteurrenera 50.000 afiliatuko langa gaindituta sartu da.

2009tik 2013ra sei greba orokor antolatu ziren Hego Euskal Herrian. Neoliberalismoaren estutzeak, ordea, aurrera jarraitu zuen eta langileen eskubideetan atzera egin zen

Negoziazio kolektiboari begira 2000. hamarkadako lehen urteetan izan ziren ezohiko mugimenduak euskal sindikalgintzan. Hala, 2004an UGTk, CCOOk eta LABek Metalgintzan –2005ean errepikatu zen– eta Osakidetzan akordioak lortu zituzten. ELAren haserre handia eragin zuen horrek. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ia pentsaezinak ziren molde horretako mugimenduak, baina XXI. mendean hainbatetan errepikatu dira. Akordio berrien testuinguru hartan, halaber, 2005eko otsailean LABeko eta UGTko idazkari nagusien lehen bilera ofiziala eman zen. Sasoi hartan, ezker abertzalea eta PSOE 2006an emango zen Loiolako prozesua prestatzen ari ziren jada.

Esparru ekonomiko eta sindikalean ere urte latzak izan ziren: 2008tik aurrera herrialde garatuetako ekonomietan ireki zen finantza krisi gogorrak lurrikara ekarri zuen euskal gizartera eta, euskal gehiengo sindikalak gidatuta, 2009tik 2013ra sei greba orokor antolatu ziren Hego Euskal Herrian. Neoliberalismoaren estutzeak, ordea, aurrera jarraitu zuen eta langileen eskubideetan atzera egin zen; adibide moduan, erretiro adina 65 urtetik 67 urtera luzatu zen, eroste ahalmena txikitu egin da eta prekarietatea eguneroko ogi bihurtu da, bereziki gazteenen artean. Oro har, gizarteko sektore zaurgarrienak biziki ahulduta atera ziren krisi horretatik. 50. urteurrenaren karietara LABek argitaratutako liburuan epai zorrotza egin du Ainhoa Etxaide idazkari nagusi ohiak: “Ez genuen lortu agenda neoliberalaren inposaketa ekiditea”.

Feminismoak eta zaintza ereduaren inguruko kezkak gora egin dute nabarmen euskal sindikalgintzan, eta LABn ere bai. (Argazkia: LAB)

Belaunaldi aldaketa
Testuinguru horretan guztian, LABek bere burua birmoldatzen jarraitu behar zuen. 1992raino egin behar da atzera emakumearen alorrak bere lehen urratsak modu ofizialean egiten ikusteko, orduan sortu baitzuten Emakumearen Esparrua, III. Kongresuan; afiliatuen herena emakumezkoa zen jada sindikatuan, baina Kongresuan hautatutako zuzendaritzan 23 kidetatik bakarra zen emakumea. Mende berriarekin bat, feminismoaren aldarriak indartzen joan ziren apurka, eta hori gizartean ere islatzen zen. Horrela, 2008an Ainhoa Etxaidek ordezkatu zuen Rafa Diez idazkaritza nagusian, eta 2017an beste emakume batek ordezkatu zuen Etxaide: Garbiñe Aranburuk, oraingoan koordinatzaile orokorraren tituluarekin. 2022tik aurrera Aranburuk Igor Arroyorekin partekatzen du koordinazio kargua. Feminismoaren apurkako indartze hori barik, nekez uler daitezke geroago etorriko ziren Martxoaren 8ko eta zaintzaren inguruko grebak.

Mende hasierako 35 orduko lanaldi aldarrikapena 30ekoa bihurtu da gaur egun, desazkundearen gai konplexuari nolabaiteko irudia emateagatik

2000. urtean Ipar Euskal Herrira ere zabaldu zen LAB, eta hango koordinatzailea emakumea da ere gaur egun, Argitxu Dufau. Hainbatetan Frantziako sindikatu nagusienen boikota jasan behar izan badu ere –adibidez, Maiatzaren Lehenean Baionan–, lortu du harresi hori gainditzea, eta lan eremuaz gain, etxebizitza eta ekologiaren munduan ere ari da lanean. XX. mendeak alor ugaritara berregokitu beharra ekarri die sindikatuei, izan mugimendu feministaren bultzadagatik, izan klima aldaketaren eraginagatik. 1974an independentzia eta sozialismoa ziren LABen iparrorratzak, eta gaur egun ere horretan darrai: “Independentzia da Euskal Estatu Sozialista eratzeko bitartekoak eta baldintzak bermatzen dituen estatu bakarra”. Sortu eta Ernairekin batera osatzen du gaur egun ezker abertzaleko antolaketa esparrua.

Klase sindikatua da LAB, baina “soziopolitikotzat eta kontraboteretzat” ere jotzen du bere burua, eta aire berrien bultzadan barneratzen ditu bestelako adjektiboak, besteak beste, “feminista, antiarrazista, inklusiboa, internazionalista eta ekologista”. Mende hasierako 35 orduko lanaldi aldarrikapena 30ekoa bihurtu da gaur egun, desazkundearen gai konplexuari nolabaiteko irudia emateagatik, 1.400 euroko gutxieneko soldata eskaera hor dago, eta zaintza sistema publiko komunitarioak ere oinarrizko lekua hartu du bere jardunean. Eta bide bihurri horietan, Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren %20 desiatua gainditzekotan da.

2021ean EHUko irakasle Jon Las Herasek eta Lluis Rodríguez ekonomilariak Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko gatazka sozialak aztertu zituzten, eta bateko zein besteko greba kopuruak ere konparatu zituzten: greba gehiago eta gatazka sozial gehiago dagoen lekuetan, langileek lan baldintza hobeagoak dituztela ondorioztatu zuten. Ez da iparrorratz txarra sindikatu batentzat, sindikatuek, oro har, une samurrak bizitzen ez dituzten garaiotarako. LAB indarrez iritsi da mende erdiko talaiara eta, itxura guztien arabera, egoera egokian dago sindikalgintza modernoaren erronka handiei aurrez aurre begiratzeko.  
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LAB
Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai

Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]


Bi langile hil dira baso lanetako istripuetan, abuztuan

Istripu bat Ataunen (Gipuzkoa) gertatu da, abuztuaren 22an. Bestea Iurretan (Bizkaia) gertatu zen abuztuaren 14an.


Arabako Foru Suhiltzaileek hiru asteko greba deitu dute

Eskakizun nagusienen artean plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta atseden egunak errespetatzea jaso dituzte ELAk eta LABek. Grebak ez du eragingo eguneroko suhiltzaileen zerbitzuan, baizik eta langileen atseden-egunetan bakarrik, Diario de Noticias de... [+]


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari

Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.


Protesta egin dute Cementos Rezolako langileek, eta akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute ostiralean

ELA eta LAB sindikatuek “erabat gaitzetsi” dute Añorgako Cementos Rezolak (egun, Heidelberg Materials) 56 langile kaleratzeko egindako proposamena.


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek “errepresio sindikala” egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: “Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara”

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Jaime Iribarren (LAB)
“Zapia buruan eramateagatik diskriminatu egiten dituzte lantokietan”

Elkarretaratzea egin dute Iruñean asteazkenean SOS Arrazakeria taldeak eta LAB sindikatuak salatzeko zapia buruan erabiltzen duten zenbait emakumeri "mehatxuak" eta "irainak" eragin dizkietela euren lanpostutan. "Ohikoa" den diskriminazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude