“Marcok bere fikziozko Marco sortu zuen”

  • Ez da pelikula erraza izan Moriartikoentzat. Proiektua duela hemezortzi urte sortu zen, eta gutxienez bi aldiz eten; bietan, Enric Marcok "ezusteko" bana eman ondoren. Azkenean, dokumental eran beharrean, fikzio bidez islatu dute istorioa. Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok zuzendu dute, eta Jorge Gil Munarrizek lagundu die gidoigintzan.

    [Enric Marcoren inguruko informazio gehiago, beste artikulu honetan]

Jon Garaño, 2024ko martxoan, ARGIAri eskainitako beste elkarrizketa batean. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Jon Garaño, 2024ko martxoan, ARGIAri eskainitako beste elkarrizketa batean. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Munduko zine-jaialdirik garrantzitsuenetakoa den Veneziakoan egon ostean, hurrengo geltokia Donostiako Zinemaldia du Marco pelikulak, eta Vancouverren, Londresen eta Okzitaniako Tolosan ere egongo dira gero, aretoetara iritsi aurretik –azaroaren 8tik aurrera, zinemetan–. Ondoren, pelikulek ohikoa duten ibilbideari jarraiki, 2025ean helduko da telebista eta plataformetara.

Esperientzia “polita” izan dute Venezian, Jon Garañok ARGIAri kontatu dionez. “Txalo ugari” jaso zituzten pelikula amaitzean, eta “jende asko” gerturatu zitzaien gero, pelikulari eta Enric Marcori buruz galdetzera. “Interes handiarekin” sumatu zuten jendea, eta oso pozik daude.

Sorpresaz beteriko ibilbidea
Estreinaldietan buru-belarri diren honetan, dagoeneko ibilbide luzea izan du Moriartiren pelikulak: ez dira alferrik pasatu proiektuaren hemezortzi urte. Garañoren-eta lankidea zen Jorge Gil Munarrizen proposamenari tiraka, Gil Munarriz hainbatetan elkartu zen Enric Marcorekin Bartzelonan, 2006an, iruzurra ezagutu eta urtebetera. Kamerarik gabe. “Dokumentala egitea zen hasierako ideia, baina halako batean Marcok esan zigun Alemaniara joan behar zuela dokumentu batzuen bila, ziurtagiria eskuratu nahi zuelako benetan egon zen espetxe horretakoa”, dio Garañok. Berari lagundu eta bidaia grabatu nahiko zutela esan zioten Moriartikoek, baina Marcok ez zuen gura izan, bidaia oso pertsonala zelako. Ulertu zuten erabakia.

Lehenbiziko sorpresaren atarian zeuden: “Bidaia horretatik bueltatu zenean, esan zigun beste zinegile talde batekin joan zela Alemaniara, eta gainera esklusibotasun kontratua sinatu zuela haiekin, dokumental bat egiteko; jakina, guretzat shock handia izan zen. Ideia baztertu genuen hor”.

Lau urte geroago, Donostiako Zinemaldian, industriako foro batean hartu zuten parte Moriartikoek. Beste proiektu baten finantzazio bila zebiltzan, bilkura pribatuak izan ohi dira horiek, ez direnak ez prentsan eta ez inon ageri. Bada, areto horretatik irten eta han topatu zuten Marco, emazteak lagunduta, butifarra eskuan: dokumental berri bat egitea nahi zuen, berari buruz, ez baitzegoen batere pozik aurreko horrekin. Baiezkoa eman zioten, aukera aprobetxatu behar zutela pentsatuta.

Beraz, handik hilabete batzuetara, 2011ko martxoan, Moriartik orduko hartan Pasaian zuen egoitzara eraman zuten Marco, eta hiru egunez elkarrizketatu zuten: hamabost orduko materiala jaso zuten, galdera-erantzun formatuan.

Etortzear zegoen bigarren sorpresa: “Materiala hor geratu zen, ez genekien zer egin zehazki, hasiak ginen Loreak-ekin, eta helduleku gehiago behar genituela uste genuen. Orduan, Javier Cercas idazlea Marcori buruzko autobiografia idazten ari zenean, otu zitzaigun Cercas bera integratu genezakeela dokumentalean, eta fikzio itxura bat ere eman geniezaiokeela proiektuari. Marco ados zegoen, eta adostu genuen berak hitz egingo zuela Cercasekin. Baina ez zuen egin. Jorge [Gil Munarriz] Bartzelonara joan zen berriro ere, eta han konturatu ginen Cercasek ez zekiela ezer; komentatu genion, eta ez zitzaion ideia gustatu. Orduan, Marcok egin zigun jokaldia ikusita, baztertu egin genuen berriz proiektua”.

2014ean otu zitzaien Marcoren bizitza, dokumental baten ordez, fikziozko pelikula bidez kontatzea: “Marcok, azkenerako, fikzio bat sortu zuen bere irudiarekin. Beraz, zergatik ez fikzio eran kontatu? Horretaz hitz egiteko aukera ematen zuen; nola sortzen diren fikzioak eta egiaren garrantziak”. Gainera, fikzioak bidea ematen du publiko zabalago batera iristeko, Garañoren esanetan.

Bizitza grisetik ihes
Goitik behera ondo asko aztertu dute Garañok eta lankideek Enric Marcoren figura: “Gure partetik, interesgarriena zera egiten zitzaigun, Marco bera, bere irudia, fikzioa dela; bere bizitza gris horretatik ihes egiteko beste Enric Marco bat sortu zuen, eta horrek arrakasta lortu zuen, besteak ez bezala”. Marco gai zen jendea hunkitzeko, miresmena lortzeko eta maitasuna jasotzeko. “Horregatik egin zuen”, esan du Garañok.

"Marcok, azkenerako, fikzio bat sortu zuen bere irudiarekin. Beraz, zergatik ez fikzio eran kontatu?"

Nabarmena da, eta Garañok horretan egiten du azpimarra, egia ezagutarazten denean ere Marcok ez diola “erabat uko egiten” sortu duen irudiari, eta horri “eusten” diola. Beraz, Marcok bere Marco propioa sortu zuenez gero, fikzioari ekitea zilegi ikusi zuten: “Geure buruari esaten genion, fikzioa egitea erabaki genuenean, sor genezakeela hirugarren Enric Marco bat”.

Horrez gain, sakonekoari begiratuta, zer pentsatua eman dezaketen hainbat gai ere jorratzen direla uste du Garañok: “Nola kontatzen zaizkigun istorioak, batzuetan istorioak manipulatu egiten direla, nola ulertuak diren, egilearen eta hartzailearen artean dauden paktuak nolakoak diren... eta nahi dugu, nolabait, Marcoren izpiritua kutsatu”. Istorio bat manipulatzen bada, hala ere, sarri izan ohi du errealitatearen parte bat, txikia bada ere; hor du egia puntua. Marcorena, funtsean, horixe zen: Alemania nazian egon zen, baita preso ere. Alegia, errealitateko gauza batzuk hartu, fikzioarekin nahastu eta diskurtso propioa eraiki zuen.

Egia eta egia ezagutzea da pelikularen gai garrantzitsuenetako bat. Hausnarketa batera eraman gaitzakeela uste du Garañok: “Ez dakigu zer den egia eta zer ez, segun eta zein gaietan informazio ugari azaltzen baitzaizkigu, denak egia gisa esanak dira, eta post-egiaren garaiotan, mundu korapilatsu honetan, uste dut inportantea dela bereiztea zer den egia eta zer ez; hori ere kontatu nahi genuen pelikulan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


Eguneraketa berriak daude