“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

  • Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu du Hego Euskal Herrian ez dagoela zeinu hizkuntzako unibertsitate gradurik eta interpreteak falta direla.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Duela gutxi arte, zeinu hizkuntza erabiltzea debekatuta zegoen. Gizarteak ez zuen hizkuntzatzat hartzen eta soilik “seguruak” ziren espazio pribatuetan erabiltzen zen; esate baterako pertsona gorren elkarteetan. Urteekin aldatuz joan dela azaldu du Bedialaunetak: “Pertsona gorren aldarrikapenei eta borrokari esker, zeinu hizkuntza euskal gizartean txertatzen hasi gara, eta hizkuntza erabiltzen duen geroz eta jende gehiago dago”. Hala ere, ohartarazi du tentuz erabili, eta hizkuntza eta kalitatea zaindu behar direla: “Zeinu hizkuntzaren erabilera desegokia egiten badugu, pertsona gorrok sufrituko ditugu kalte ordainak”. Nabarmendu du garrantzitsua dela hizkuntza errespetatzea eta transmisioa ez uztea edonoren esku: “Borondate onez izan arren, nahi gabe gauzak gaizki egin daitezke. Garrantzitsua da edozein zalantzaren aurrean gorroi galdetzea”.

Gorren elkarte-mugimenduak egindako aldarrikapenengatik sortu ziren zeinu hizkuntzako interpreteak. Euren lana zeinu hizkuntza dakitenen eta ez dakitenen arteko komunikaziorako zubi-lana egitea da: “Interpreteak ez daude protagonismoa izateko edota pertsona gorren ordezkariak izateko, ez dute inoren izenean hitz egiten, hizkuntza batetik bestera interpretatzen dute”.

"Irakasle gorrak egotea nahi dugu, ikasleek komunitate gorrarekin harremana izateko"

Formakuntza urria dela eta, aspalditik salatzen dute interpreteak falta direla. Beste hizkuntza batzuen kasuan, hala nola euskararen, frantsesaren eta gaztelaniaren kasuan, itzulpena eta interpretazioa ikasteko graduak daude Euskal Herriko Unibertsitatean. Zeinu hizkuntzaren kasuan, aldiz, ez: “Zergatik dira ahozko hizkuntzak unibertsitateko graduak eta zeinu hizkuntza goi mailako ziklo bat?”. Urteak daramatzate federaziotik unibertsitateko gradu bat eskatzen: “Administrazio publikoek uste zuten goi mailako ziklotik ateratzen ziren promozioekin aski zela, eta guk eskatu arren, uste zuten ez zela beharrezkoa interprete gehiago sortzea”.

2016. urtean, goi mailako zikloaren ordez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gradua ezarri behar zuten, baina ez zuten egin. 2018. urtean alarma piztu eta profesionalak falta zirela salatu zuten: “Administrazioarekin hitz egin genuen, baina ez ziguten entzuten”. Beharrak gora egin zuen, eta Eusko Jaurlaritza 2020an hasi zen larritasunaz ohartzen: “Ezin ziren zerbitzu asko bermatu, ez zegoelako interpreterik; esate baterako, hezkuntzan ikasle batzuk interpreterik gabe zeuden”. 2024-2025 ikasturteari begira EHUk titulu propio bat eskainiko du urrian. Urtebeteko formakuntza izanen da. Federazioko presidentearen arabera, gradu bat ez den arren, formakuntza osoa eskaintzera bidean urrats bat da.

Irakasle gorrak erdigunean

Kontent bada ere, kritiko da irakasleekin, eta nabarmendu du beharrezkoa dela irakasle gorrak egotea. Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitatearen kasuan, lau urteko gradu bat dute, baina ez dago irakasle gorrik: “Hortik ateratzen diren interpreteen promozioek, ez diot denek baina orokorrean ez dutenez harremanik komunitate gorrarekin, ez dute pertsona gorrenganako jarrera positiborik eta errespetu faltak dituzte”. Nabarmendu du ez dutela eredu hori erreproduzitu nahi EHUn: “Interpreteak pertsona gorroi esker sortu dira. Irakasle gorrak egotea nahi dugu, ikasleek komunitate gorrarekin harremana izateko”.

Interpreteak ongi trebatzeaz gain, gaineratu du idealena litzatekeela gizarteak oro har zeinu hizkuntza jakitea. Jakin ezean, onena da testu labur eta sinpleen bidez komunikatzea, dio: “Jende askok esaten digu ezpainak irakurtzeko, baina hori oso zaila da. Mundu guztia ez da gai ezpainak irakurtzeko, denek ez dute berdin ahoskatzen, alegia, poliki. Gainera, bost minutu baino gehiago horrela ibiltzea ezinezkoa da. Ezin da komunikazio segurua bermatu”.

Horregatik, txalotu du zenbait institututan zeinu hizkuntza hautazko irakasgaia izatea. Halere, hizkuntzaren kalitatea bermatzea beharrezkotzat jo du: “Zeinu hizkuntza dakien edonork irakatsi dezake? Ez, oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza. Prestakuntza berezia duen norbaitek egin behar du”.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Begiak eta eskuak. Elkarri entzutea nahitaezkoa da elkar babesteko, eskutik lan egiteko eta sarea egiteko. Gorron kasuan, begien bidez egiten dugu hori. Horrez gain, eskuak nahitaezkoak dira komunikaziorako".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude