“Libiako kostazainen eta mafiakoen artean ez dago alde handirik”

  • Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko salbamendu misioak erakusteko. Uztailean, lehen aldiz, Aita Marin izan da, 34 pertsonaren erreskatean.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Isa Egiguren Ezkerro (Tolosa, 1973)

Kazetaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Komunikazio lana egin du Munduko Medikuak erakundearentzat eta duela hiru urtetik SHM Itsas Salbamendu Humanitarioan eta Aita Mariren komunikazio taldean ari da boluntario moduan. Hainbat komunikabidetan argitaratu ditu elkarrizketa, erreportaje eta bideo ugari.

Zergatik ikasi zenuen kazetaritza?
Oso ikasle txarra nintzen. Turismoa nahi nuen egin, baina ez nuen nota nahikorik. Saiatu nintzen EHUn kazetaritzan sartzen eta ez nuen lortu. Orduan gurasoek Iruñera bidali ninduten ikastera, Opuseko unibertsitatera. Aldaketa itzela. Ni garai hartan, gainera, heavy nintzen eta lagun batek esan zidan Iron Maideneko kamisetarekin eta praka estu haiekin ez nintzela sartuko, baina sartu nintzen eta hemen gelditu nintzen bizitzen.

Kazetaritzarena ez neukan oso garbi, baina gerrako kazetariekin zerbait berezia izan dut betidanik. Miretsi egiten ditut, baina ez naiz horren ausarta. Baditut lagun batzuk halako lanetan, Mikel Aiestaran, adibidez, eta izugarrizko inbidia ematen didate.

Gerra erreportari ez baina giza eskubideen alde lanean beti?    
Bai, hala da. Azken urteetan hainbat lan eta bidaia interesgarriak egiteko aukera izan dut eta oso pozik nago horrekin. Munduko Medikuekin aritu nintzen hainbat urtez komunikazio atalean. Oso proiektu ausartak ari ziren garatzen garai hartan, prostituzioaren inguruan, adibidez. Oso mundu interesgarria da eta oso zikina, aldi berean. Munduko Medikuak klubetara joan eta han formakuntza ematen hasi zitzaizkien emakume esplotatu hauei. Konfiantzazko harremana sortu zuten haiekin eta askori lagundu zieten mundu horretatik ateratzen. Gehienek atera nahi dute, baina askok ez dute formakuntzarik ezta laguntza sarerik ere, eta horrela oso zaila dute.

Orain klubik ez dago apenas. Prostituzioa pisuetan dago eta zailagoa da kontaktatzea. Ofizio zaharrena dela diote, baina esplotazio zaharrena da. Ni harritzen nauena da gure inguruko gizonek, gure anaiak edo irakasleak izan daitezkeenek, emakume hauengana jotzen dutenean benetan pentsatzen dute ondo daudela? Benetan sinesten dute gustura daudela egunero zortzi edo bederatzi gizonekin oheratuta eta nahi duten guztia eginda? Hala uste dute edo nahiago dute ez pentsatu?

Komunikazio politikoan ere aritu zara zazpi urtez Podemos alderdiarekin. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Hori bai izan dela unibertsitate bat. Politika ikusi dut barrutik eta gauza batzuk oso politak dira, baina kontu itsusiak ere badira. Oso gogorra da, hala ere, kontent nago asko ikasi dudalako.

Zer zen itsusiena?
Frustrazioa, adibidez. Frustrazioa ikusten duzunean komunikabide batzuetan informazioa ematen dutela interesatzen zaien moduan. Horrek bide ematen dizu pentsatzeko zenbat manipulatzen gaituzten eta nola erabiltzen duten informazioa hedabide eta sare sozialetan. Desinformazio handia dago eta hori oso arriskutsua da. Nik beldurrez ikusten dut adibidez, egun hauetan Erresuma Batuan dagoen indarkeria xenofoboaren olatua. Hor atzean ikusten da zenbait politikarik errefuxiatuen eta musulmanen aurka egin duten diskurtso gaiztoa komunikabide batzuk zabaltzen ari direla eta jendea xaxatzen kalera ateratzeko. Batek daki ez ote dugun hemen antzeko zerbait ikusiko sarri.

Politikan asko lantzen da zer hitz erabili eta nola. Adibide bat: Kanaria uharteetara iristen ari diren migrazio “olatuez” hitz egitea oso gaiztoa da. Esamolde hori entzunda zuk ulertzen duzu zerbait txarra eta itzela ari dela gertatzen. Baina gero datuak begiratzen badituzu, ikusten duzu gatazketatik eta jazarpenetatik ihes egiten duten pertsonen %69 inguruko nazioek hartzen dituztela. Errefuxiatu gehien dituzten bost herrialdeak Iran, Turkia, Jordania, Alemania eta Palestina dira, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariko datuen arabera. Saltzen diguten irudia, ordea, oso bestelakoa da, inbasioarena.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Gu mehatxatuta sentitzea nahi dute?
Zalantzarik gabe. Europako azken hauteskundeetan inoiz baino gehiago hitz egin da migrazioaz eta errefuxiatuez, gaizkileak balira bezala. Baina etortzen direnen artean denetarik dago eta gaizkileak gutxienekoak dira.

Europak diru pila bat ordaintzen die Turkiari, Libiari eta Tunezi han migratzaileak harrapatzeko eta ateratzen ez uzteko eta, hala ere, lortzen dute gurera iristea. Europa ez bada esertzen erabakitzera pertsona horiekin zer egingo duen, arazoa ikaragarri luzatuko da. Urtetan Alemaniak errefuxiatu piloa hartu du, baina ezin du gehiago horrela jarraitu.

"Libian, itsasoratu aurreko gauetan, emakumeak eramaten dituzte gela batzuetara eta han bortxatzen dituzte ia guztiak”

Merkeago litzateke errefuxiatuak Europan jasotzea eta etorkizunerako bidea eskaintzea?
Jakina! Mugak blindatzeko gastatzen den dirutza inbertituko balitz formakuntzan eta lan munduan integratzen, emaitza hobeak lortuko lirateke. Ikasketak dituen jende asko etortzen da eta ezin dute beren alorrean lanik egin haien tituluek hemen baliorik ez dutelako. Pandemia garaian, adibidez, medikuak behar ziren eta mediku asko zegoen lan egin ezinik. Beti ikusten ditugu jende pobre bezala, baina denetarik dago.

Honen aurrean galdera asko egin beharko genuke: zergatik ez den egiten errefuxiatuen banaketa justu bat Europa osoan edota zergatik jarraitzen dugun herrialde batzuk esplotatzen lotsarik gabe.

Senegal, adibidez, arrantzarik gabe uzten ari gara. Gainera Europako arrantzaleek arraste-arrantza erabiltzen dute han legatzak harrapatzeko, hau da, molde kaltegarriena. Kolonizazioa ez da amaitu. Beste adibide bat: Ginea Bissaun izan nintzen abenduan. Portugaleko kolonia izan da 1973ra arte, baina orain Txina eta Errusia iritsi dira Afrikara eta kolonialismo berria egiten ari dira. Ginean Txina hasi da errepideak eta arrantza mugarik gabe egiten. Herrialde haietan baliabide natural asko daukate eta beti dago norbait haiei lapurtzeko prest, baina gero ez ditugu hangoak gurean onartzen. Zurikeria hutsa da. Gauza bera gertatzen da Israeli saltzen dizkiogun armekin. Oso zaila da hau dena konpontzea baina aztertu behar dugu gure herrialdeak nola jokatzen ari diren gatazka horietan.

Orain Apoyo Mutuo elkartearekin lanean ari zara boluntario gisa. Zer egiten duzue hor?
Elkartea 2013an sortu zen eta ni duela pare bat urte hasi nintzen. Arrotxapean duten egoitzan astean bitan janaria banatzen dute. Astelehenetan kalean dauden gazteei, ia denak marokoarrak eta aljeriarrak, eta asteazkenetan familiei. Gehienak migratzaileak dira, baina Iruñeko familiekin ere topo egin dut. Lan ikaragarri ona egiten dute. Horretaz gain, gazteei formakuntza ikastaroetan izena emateko aukera eskaintzen diete. Alde Zaharrean hasi ziren etxe-gabetzeen aurka lanean eta laguntza sarea handitzen joan da. Kezka da gero eta jende gehiago iristen ari dela eta orain ezin dituzte denak artatu. Atzo bertan mutiko batzuk janaririk gabe gelditu ziren.

Duela bost bat urte hasi ziren Nafarroan, 18 urterekin kalean gelditzen ziren 50 bat gazterekin proiektu berri bat gauzatzen: lo egiteko toki bat eta ikasteko aukera ematen zieten, baina ez da erraza, ikasi arren ere, askotan paperik gabe jarraitzen dutelako eta horrela ezin dute lanik egin. Egoera orain are eta zailagoa da gero eta gazte gehiago dagoelako kalean.

Txantrean horren ezaguna egin zen Cheikhouna Dieng senegaldarraren laguna ere bazara
Bai. 2017an auzoan prozesu gogor bat bizi izan genuen. Gazte senegaldar hori kalean arropa saltzen harrapatu eta kanporatu nahi izan zuten. Babes mugimendu handia sortu zen auzoan. 4.000 pertsonako manifestazioa egin genuen eta hemengo auzo-lagun batek lan kontratua egin zion bere lantegian. Bizpahiru urte oso gogorrak izan ziren, baina azkenean lortu genuen hemen gelditzea eta gaur egun nahiko bizimodu normala darama. Berriki bere lehengusu gazte bat etorri da, Moussa, eta hura ere kamisetekin harrapatu dute. Laster eginen diote epaiketa eta beldur gara ez ote duten kanporaketa eskatuko. Bi gazte horiek gelditu gabe aritu dira lanean familiari dirua bidaltzeko, hori da egin dutena. Non dago arazoa?

SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearekin ere boluntario moduan ari zara. Nola hasi zinen?
Duela hiru urte. Oropesan nengoela Aita Mari ikusi nuen, Open Arms eta erakunde alemaniar bateko beste salbamendu itsasontziekin batera. Aita Mari ikustera joan nintzen eta kapitainak nirekin solas egiteko batere gogorik ez izan arren, temati jarri eta Diario de Noticias-erako erreportaje bat egitea proposatu nion. Hurrengo egunean itzuli, erreportajea egin eta segituan hasi nintzen komunikazio alorrean boluntario moduan. Chios irlan zeukaten klinikan bi aldiz izan naiz eta aurten, lehen aldiz, hartu dut parte erreskate misio batean.

Chiosen ikusi nuen Greziako errealitatea oso gogorra dela. Turkiatik 11 kilometrora dago eta txalupa txikiekin egiten dute bidea. Greziako kostazainek harrapatu egiten dituzte eta txalupa txiki batzuetan Turkiako uretan utzi, turkiarrak haien bila etor daitezen.

"Gure inguruko gizonek, benetan sinesten dute prostitutak gustura daudela egunero zortzi edo bederatzi gizonekin oheratuta?”

Nolako esperientzia izan da erreskatea?
Izugarria. Pasaiara joan eta han bi asteko entrenamendua egin genuen. Bitartean ikuskapen gogor bat egin zuten, baimenak eman aurretik. Hamalau ginen eskifaian, zortzi profesional eta sei boluntario, eta bakar batek zerbait gaizki eginez gero baimenik ez eta akabo misioa. Presio handia zen. Gogo handiz atera ginen uztailaren hasieran eta Galizian gelditu behar izan genuen eguraldi kaxkarrarengatik. Uztailaren 14an, Iruñean Gaixoa ni abestu ondoren, iritsi zen unea.

Normalean dei bat jasotzen da, itsasontzi batetik edo Alarm Phone izeneko elkartetik. Migratzaileek satelite bidezko telefono bat eraman ohi dute, mafiek emanda, abisua emateko. Guk deirik ez genuen jaso. Guardia egiten ari ziren bi lagunek bat batean ikusi zuten patera Aita Mariren aurrean. Iratzarri gintuzten, prestatu eta ziztuan atera ginen, isil isilik. Izugarrizko tentsioa zegoen. Txalupatxoa ikusi genuen unea oso hunkigarria izan zen.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Eta iritsi zen momentua.
Bi zodiak genituen: Donosti eta Neska. Paterara hurbiltzen ari ginela ohartu ginen hiru txalupa gehiago hurbiltzen ari zirela. Libiarrak ziren. Askotan libiar kostazainak gerturatzen dira trabak jartzera, baina hiru agertzea ez zen batere normala. Metrailetak eta aurpegiak estalita zituzten batzuek. Kapitaina hasi zen haiekin hitz egiten megafoniatik eta, azkenean, keinu bat egin ziguten esanez hurbiltzeko eta paterakoak hartzeko. Urduritasun handiko uneak izan ziren eta errefuxiatu batek bere burua bota zuen uretara, nahiago dutelako hil Libiako kartzeletara joan baino.

"Ez ziren identifikatu. Batek pirata bandera zeraman. Gero esan ziguten bat kostazainen ontzia zela, baina ez dakit alde handirik ote zegoen haien eta mafiakoen artean"

Libiarrak haien artean ari ziren eztabaidatzen nork eramango zituen gaixo haiek Libiara bueltan, haietako bat ohartu zenean bideoan grabatzen ari ginela. Neu ari nintzen dena grabatzen eta argi ikusi nuen zeinen garrantzitsua den lekukoak egotea. Orduan eman ziguten baimena errefuxiatuak Aita Marira eramateko. Bukatu genuenean berriro agertu ziren, txalupa hutsera salto egin eta eraman zuten Libiara, ontzi hutsa eramateagatik ere sos batzuk ematen dizkietelako.

Ez ziren identifikatu. Batek pirata bandera zeraman. Gero esan ziguten bat kostazainen ontzia zela, baina ez dakit alde handirik ote zegoen haien eta mafiakoen artean.

34 pertsona erreskatatu genituen. Gehienak siriarrak ziren eta baziren ere Egiptoko 15 urteko bi mutil, Nigeriako gazte bat Boko Haram taldearen heriotza mehatxutik ihesean eta Bangladesheko batzuk ere bai. Bi emakume siriar zeuden. Aita Marira igotzen lagundu genituen lehenbizikoak izan ziren. Horietako batek eskua hartu zidan eta muxuak ematen hasi zitzaidan eskerrak ematen. Oso hunkigarria izan zen. Ez nekien zer egin. Esaten genien lasai egoteko eta Europan zeudela. Hurrengo egunetan emakume horiek ez zuten batere hitz egin. Ez ziren apenas mugitzen. Beste batzuek kontatu ziguten paterara igo baino lehen egun batzuk pasatzen dituztela jendez betetako etxe batzuetan, eta gauetan emakumeak eramaten dituztela gela batzuetara eta han ia guztiak bortxatzen dituztela. Eta kasu honetan ikusi zutela bi hauek bortxatu zituztela. Haiek ez zuten ezer kontatzen mingarria izateaz gain haientzat oso lotsa emangarria delako.

Horrek izugarrizko mina ematen dizu. Errefuxiatu bat kontzeptu bat da, baina pertsona bat ikusten duzunean zure aurrean eta ezagutzen duzunean dena aldatzen da.

Ni Aita Marin oso txikia sentitu nintzen. Oso gauza gutxi gara, baina ezin dugu beste alde batera begira egon. Argi daukat gauza txikiak egiten jarraitu behar dudala.

                                                                                           *          *          *

AZKEN HITZA

Etiketak

Bitxia da. Errefuxiatuei askotan etiketak jartzen dizkiegu: senegaldarrak jatorrak eta langileak dira, marokoarrak, aldiz, gaiztoak eta liskartsuak. Siriarrak itxuraz gu bezalakoak dira, zuriak, eta gauza askotan gure bizimoduaren oso antzekoa dute. Aita Marin erreskatatu genituen gehienek ikasketak zituzten edo unibertsitatean zeuden. Gazte guztiek haien Instagram kontuak dituzte. Batek esaten zigun traktorea eta autoa saldu behar izan zituela Europara joateko, baina bere Harley Davison motoa ez zuen saldu nahi eta senide bati utzi ziola duintasun kontu batengatik.

Eta migratzaile guztiak ez dira berdinak, jakina. Ibrahimek, adibidez, 23 urte ditu. Oso triste dago ez duelako ez ikasketarik ezta lanik ere, eta amari ezin diolako kontatu kalean bizi dela. Iruñeko Paris 365 futbol taldean jokatzen du, baina integrazioa ez da batere erraza. Esaten du agian Marokora itzuliko dela. Aljeriako beste mutil bat ezagutzen dut, sei hilabetez tren geltokian lo egiten egon dena eta goizero esnatu eta ikastera joaten zena, dutxatu gabe eta ahal zuen bezala. Bera bezala asko ari dira ahalegin handia egiten ari direnak, baina paperak lortzea oso zaila da eta egun osoa kalean emanez gero, ezer onik ez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Desertuan hil arren, ez ziren zenbakiak, izena zuten: Fati eta Marie

Zalaparta sortu du Libia eta Tunisiako mugako basamortuan hilik ikus zitezkeen ama alaba batzuen argazkiak. Migratzaileak zenbaki gisa tratatu arren, Fati eta Marie izena zuten pertsonak ziren.


2023-07-18 | Gedar
Frontexen aurrekontua %12.000 baino gehiago igo da azken hamazazpi urteetan

2005. urtean 6,5 milioi euroko aurrekontua zuen Mugen eta Kosten Europako agentziak. 2022. urtean, berriz, 750 milioi eurotik gora jaso zituen erakunde publikoetatik. Migratzaileen kanporaketak gauzatzera bideratutako diru-partidak %480 handitu dira azken bi urteetan.


Eguneraketa berriak daude