Altxamendu zapatistatik 30 urtera

  • 1994ko urtarrilaren 1ean, ehunka indigenak aurpegia estali zuten, Mexikori eta munduari esateko: “Nahikoa da!”. Ordutik mundu osoan eredu bihurtu da EZLN, autonomiaren eraikuntza helburu, herri indigenak bizi daitezen, kapitalismotik at. Egungo egoera, ordea, inoiz baino krudelagoa da, narkotrafikoaren eta paramilitarren erdi-erdian baitaude.

Argazkia: Wikipedia

2024ko irailaren 04an

San Cristobal de las Casasera iristea erraza da, berez. “Azken hilabeteetan lasaiago dago, baina joan aurretik enteratu zaitez ea blokeorik ote den errepideetan, zapatisten eta narkoen artean giroa ez da lasaia”, esan digu Palenqueko bizilagun batek. Mendiko bide batetik egin dugu bidea, hainbat furgonetak elkarrekin egindako bidaian, eta arazorik ez da izan.

San Cristobal da Chiapaseko bigarren hiriburua, eta bertan izan zen, duela 30 urteko urtarrilaren lehen egunean, mundu osoa Mexikora begira jarri zuen altxamendu zapatista. 1994ko urtarrilaren 1ean sartu zen Mexiko Merkatu Librearen Itunean AEBekin eta Kanadarekin, eta horregatik aukeratu zuen EZLNk data: neoliberalismoaren aro berria inauguratzear zela. Atzeragotik zetorren historia.

1983tik Chiapaseko oihanean indigenak politikoki antolatzen eta formatzen ari ziren. Ez zen ezerezetik sortu, eta, asko laburtuta, hiru ildok egin zuten bat, horrelako mugimendu bat sortzeko: Fuerzas de Liberación Nacional talde armatuko hainbat kidek, indigenen talde politizatu batek eta Askapenaren Teologiaren bueltako mugimenduek ekarri zuten Mexikoko historia betiko aldatu zuen Ejército Zapatista de Liberación Nacional (Nazio Askapenerako Armada Zapatista) delakoa.

Pedro Faro chiapastarrak ondo oroitzen du egun hura. Urte berria ospatzen ari zen familiarekin eta etxera bueltan ikusi zituzten gerrillariak: “Zabaldu zen Guatemalako armadak Chiapas inbaditu zuela. Etxeetan geratzeko eskatu ziguten. Etxetik atera behar izan genuen une batean, eta hor ikusi genituen zapatistak. Eta, egia esan, lasai zeuden. Kontraste handia zegoen: kafea eta tamalak (jaki bat) eskaintzen zietenak, eta, bestetik, indigenen kontrako gorrotoa erakusten zutenak”.

Argazkia: Pedro Valtierra

San Cristobalen “determinismo koloniala” zegoela azaldu du Farok. “Indigena zen guztia zen atzeratua, zikina... eta etengabe zabaldu ziren mezu arrazistak”. Ondorengo egunak, noski, ez ziren batere lasaiak izan, eta Mexikoko historia modernoan inflexio puntua izan ziren. Hamabi eguneko gerraren ostean, lehen elkarrizketak abiatu ziren. Horiek babesteko, “babes gerrikoak” antolatu zituzten, herrialde osotik etorritako gazteek eta militanteek.

Faroren ustez, erabat aldatu zen herritar askoren ikuspegia. Herri Maiaren historia kontatzen zen eskoletan, baina desagertutako herri baten moduan. Kontzientzia berreskuratu egin zen, eta haien oinordekotza aldarrikatu. Izan ere, zapatistak indigenak dira, baina ez dute talde bakarra osatzen: tzeltal, tzotzil, tojolabal eta chol hizkuntzak hitz egiten dituzten taldeak dira. Chiapasen beste bederatzi hizkuntza hitz egiten dira, eta orain onartuta dauden arren, biziraupenerako borrokan daude.

Fray Bartolome de las Casas
Fray Bartolome de las Casas giza eskubideen zentroko (Frayba) zuzendari ohia da Pedro Faro. Erresistentzian dauden talde indigenen jarraipena egiten dute, eskualdean dauden giza eskubideen urraketak erregistratzen saiatzen dira. “Ezinezkoa da Chiapasen eta Mexikon dagoen biolentziaren jarraipena egitea”, azaldu du, frustratu xamar. “Estatuak ezkutatu egiten du, baina senideek ere askotan ez dute salatu nahi izaten”. Nola da hori posible? Duela hilabete gutxi izandako kasu bat ekarri du gogora: “Hamar desagertu izan ziren herri batean. Guk txostena egin genuen, eta salaketa publiko egitera gindoazenean, esan ziguten, ez bagenuen egiten, narkoak bi pertsona askatuko zituela”. Horrela, bada, gertatzen diren eta salatzen diren kasuen artean, jakin ezin den aldea dago.

Actealeko sarraskiaren epaiketa. Eskuinean, Pedro Faro, Fray Bartolome de las Casas giza eskubideen zentroko kidea. Argazkia: Wikipedia

Cancuceko bostak
Biolentzia horren adibide gordina erakutsi digu Juanpik. Juanpi oso ezaguna da San Cristobalen –euskaldunentzat, batez ere–; Paliacate tabernaren jabea da eta Presxs en lucha kolektiboko kidea: “Preso politiko kontzeptua aldatu behar izan dugu, kasu ezberdinei aurre egiteko”. Mexikoko Estatua “errudunen fabrika” bat da.

Hain zuzen, bisita antolatu du Cereso 5 kartzelara, igandean, eta Junax boluntarioen zentroan dauden brigadistei gonbita luzatu die. Bisita eguna da, eta asko dira kartzela kanpoaldean dauden senideak. Arropa beltzik, urdinik edo berderik ezin da sartu, eta brigadetako kideak kanpoan alokatu behar izan dituzte jantziak.

Espainiako eta Frantziako kartzelekin zerikusirik ez du –oilaskoak kafeak eta bestelakoak sartu ditugu–. Jardin moduko batean daude familiak presoekin, jaten eta Coca-Cola edaten. Galeriara sartu gara, eta futbol kantxaren inguruan daude ziegak. Zortzinaka daude banaturik, baldintza penagarrietan. Ohea ere erosi behar dute. Agustinek, adibidez, urte eta erdi eman du lurrean egiten lo.

“Ezinezkoa da Chiapasen
eta Mexikon dagoen
biolentziaren jarraipena
egitea, estatuak ezkutatu
egiten du, baina
senideek ere askotan ez
dute salatu nahi izaten”
Pedro Faro

San Juan Cancuc herriko bost presorekin egon gara. Haien kasua izugarria da: 2022ko maiatzaren 28an polizia bat, mozkorturik eta drogaturik, haien auzoan erori eta zauritu zen. Hiru lagunek polizia lagundu, eta bertatik atera zuten, zauriturik baina onik. Biharamunean, droga trafiko akusaziopean, atxilotu egin zituzten. Hiru egunen ostean, homizidio delitua egotzi zieten, agentea zaurien ondorioz hil zelako. Tortura latzak jasan zituzten: orratzak sartu zizkieten azkazaletan eta begietan, elektrodoak, jipoiak... Hurrengo egunean, lekuko gisa joan ziren lehengusua eta bizilaguna ere atxilotu eta inputatu zituzten. Tzeltalak dira, eta gaztelerarik ez zekiten kasik. Ezin izan ziren defenditu, eta hilketaren akusazioa sinatu zuten.

Detaile guztiekin kontatu du Agustinek gertatutakoa: “Jainkoari esker, badakigu errugabeak garela, baina injustizia da. Atzo nire alaba etorri zen, eta galdetu zidan ea ez ote ditudan maite, hemen nagoelako”, kontatu du malko artean.

Eduardo Galeanok kontakizun bera idatzi zuen: “1986an, diputatu mexikar batek Chiapaseko Cerro Hueco kartzela bisitatu zuen. Hor topatu zuen indio tzotzil bat, bere aitari lepoa moztu ziona eta 30 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zena. Baina diputatuak deskubritu zuen hildako aita, eguerdiro, tortilla eta babarrunak eramatera joaten zela, kartzelaratutako presoari. Preso tzotzil haren galdetegia eta epaiketa gazteleraz izan ziren, hark gutxi edo ezer ez ulertzen zituena, eta jipoi on baten laguntzaz, konfesatu zuen bera izan zela parrizidioa deitzen zen zerbaiten egilea”.

Kartzelatik ateratakoan, Juanpiri galdetu diogu ea zergatik egotzi dieten gazte horiei delitua, jakinda errugabeak direla: “Indigenak eta pobreak direlako. Delituak ikertu beharrean, baztertutakoei egozten dizkiete eta kito. Kartzela hau errugabez beteta dago. Horregatik da estatua errudunen fabrika”.

Hainbat emakume zapatista, emakumeen topaketa batean, futbolera jolasten. Argazkia: Global Justice Now

Biolentziaren gorakada Chiapasen
Pedro Farok azaldu duenez, Mexikon gertatzen dena “biolentzia kapitalistaren eskalarik gorena da”. Iparraldean hasi zen, erdialdean gero, eta orain Chiapasera heldu da. “Bake narkoa” zegoen, kartelen eta estatuaren arteko akordioen bidez: “2006an, narkoen aireportu bat deskubritu genuen Lacandona oihanean, eta salaketa egin arren, estatuak ez zuen deus egin. Ikusi genuen bizikidetza zegoela, eta gehiago ez salatzea erabaki genuen, arriskuan jartzen ari baikinen”.

Talde kriminalak bazeuden lehendik ere, baina COVIDaren pandemiaren ostean, biolentziak ikaragarri egin zuen gora, desagerketa, hilketa, desjabetze eta desplazamenduekin: “2021eko ekainean hasi ziren gauzak aldatzen. Tio Gil deitzen zioten kapo baten semea hil zuten Tuxtla Gutierrez Chiapaseko hiriburuan. Chapo Guzmanekin berarekin kolaboratzen zuen”.

Erailketa horren ostean, lurraldearen kontrolerako borroka abiatu zen. Droga ez da garraiatzen den merkantzia bakarra. Kokainaz gain, trafikatzaileek beste “merkantzia” bat ere mugitzen dute: pertsonak. Lehen, migratzaileen hamar pasabide zeuden Guatemalatik Chiapasera; egun, 90 baino gehiago dira. Eta Mexikoko bi kartel handienak euren artean ari dira haien kontrolagatik borrokan.

Narkoek lurralde bat hartzen dutenean –eta ez dira gutxi Latinoamerikan–, bertako guztia hartzen dute. Lurrak, etxeak, autoak... edozer izan daiteke narkoarentzat, eta zigorra garestiegia da ordaintzen ez duenarentzat. Horregatik da Chiapaseko egungo egoera, eta Ertamerika osokoa, desastre hutsa. Tabascon dagoen migratzaileentzako zentro batean egon zen boluntario lanetan Beñat euskalduna [izena asmatua da]: “Guatemalatik ihes egin duen jendeak ez du lanaren faltagatik ihes egiten. Denda bat ireki, eta narkoa agertzen zaio, eta esan hainbeste diru ordaindu behar diola kartelari. Ez dute bizi nahi estatuari eta narkoari ordaintzeko eta AEBetara joaten dira zorte bila”. Baina bidea ez da erraza: “Eskua moztu diotena; tirokatu bai baina hil ez dutena; matxete kolpe batez bi begiak lehertu eta itsu utzi dutena...”. Muturreko biolentziatik ihes egiten ari den kontinente oso bat ari da Mexiko zeharkatzen.

CIDECI edo Universidad de la Tierra, Chiapaseko indigenentzako eskola autonomoa. Irudian, bertako erizaintza. Argazkia: Xalba Ramirez

Narkoak eta paramilitarrak
Chiapaseko egoera ulertzeko oztopo handienetako bat biolentziaren iturria zein den identifikatzea da. Kanpotik “zapatisten eta narkoen arteko” guda gisa azaltzen dena ez da, inondik ere, errealitatearen isla. Askorentzat ezezaguna bada ere, zapatistek, 1996ko bake akordioetatik, ez dute tiro bakar bat ere jo. Hori ziurtatzen dute, behintzat, Fraybako kideek.

Biolentziaren mapa oso konplexua da, beraz. Egin kontu: lurraldean, gutxienez bederatzi talde armatu daude. Horiez gain, paramilitarrak eta narkoak. Erloju bonba da Chiapas. Talde armatu gehienak narkoarengandik defendatzeko eskualde mailako autodefentsa egiturak dira. Horiek, ordea, garapen ezberdina izan dezakete.

Fraybako BRICOen (Behaketarako Brigada Zibilak) formazioaz arduratzen denak azaldu digu konplexutasuna [nahiago izan du bere izena ez eman]: “Panteló herrian, adibidez, Herreraren kartela sartu zela eta, Machetes izeneko autodefentsa taldea sortu zen. Talde horrek zatiketa izan zuen, eta orain narkoekin batera dabil lanean. Lehen, oso argia zen: Mexikoko Estatuak eta CIAk talde arma-tuak sortu, entrenatu eta finantzatzen zituzten, insurgentziari aurka egiteko helburuekin. Orain, oso bestelakoa da egoera. Narkoaren eta estatuaren interesen alde aritzen dira, baina gehienetan, bertako gizonak dira, indigenak”.

Edonola ere, ez du zalantzarik egiten: “Mexikoko Estatua da erantzule zuzena, berak sortzen ez baditu ere, ez duelako haiek gelditzeko saiakerarik egiten, eta gure salaketei muzin egiten dielako”.

Pedro Faro, Fray Bartolome de las Casas giza eskubideen zentroko kidea eta zuzendari ohia. Argazkia: Eider Beobide

Egoera ez da berria azken 30 urteetatik hona. Plan berezia egin zuen estatuak EZLN eta borroka indigenak gerarazteko: Plan Chiapas 94. Plan militar horien jarraipena da egungo egoera. Adibide lazgarrienetako bat Acteal herrikoa da.

1997ko abenduaren 22an, 45 indigena tzotzil hil zituzten Acteal komunitateko eliza batean otoitz egiten ari zirela. Hamasei haurrak eta nerabeak ziren; hogei emakumeak eta bederatzi gizon helduak. Zazpi haurdun zeuden. Eliza barruan hil zituzten 90 bat paramilitarrek, zazpi orduz luzatu zen operazio batean, Poliziaren talde batetik 200 metrora.

Hainbat herritar eta militar epaitu dituzten arren, inoiz ez da argitu estatuaren parte hartzea zein izan zen. Giza eskubideen aldeko militanteek ez dute zalantzarik: 1968an Mexiko Hirian izandako hilketak bezala, eta 2014an Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpena bezalaxe: “Estatua izan zen”.

Zapatistak atzera begira
Marcos komandanteordeak 1994an irakurritako Lacandona Oihaneko Lehen Adierazpenean ikuspegi marxista klasikoa nagusitzen zen: armada suntsitu eta estatuaren boterea eskuratu, abangoardia gerrillaren bidez. Denborak aurrera egin ahala, ordea, bestelako ikuspegiak garatzen joan dira zapatistak. 1996ko San Andreseko bake akordioek porrot egin zutenetik, konfrontazio armatutik aldendu, eta autonomiaren eraikuntzan dihardute, Lacandona oihanaren barnean, Lacandona Oihaneko Seigarren Adierazpenean ondo jasota dagoenez. Ordutik mugimendua hazi eta, batez ere, eraldatu egin da.

CIDECI edo Universidad de la Tierra, Chiapaseko indigenentzako eskola autonomoa. Irudian, jangela. Argazkia: Xalba Ramirez

Zapatistak zenbat diren jakitea ezinezkoa da egun. Hori da zapatisten indarguneetako bat. Zapatistekin kolaboratzen duen Lupita ekintzaile feministak honela dio: “Behin kideetako bati horixe galdetu nion, eta erantzun zidan: “Un chingo, somos un chingo” (asko gara). Azkenekoz jendaurrean agertu zirenean, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren kontra izan zen, hainbat hiritan egindako mobilizazioetan; 100.000 lagun inguru batu zituzten. “Oso hunkigarria izan zen berriz ere zapatistak hirian ikustea”, oroitzen du.

Zapatistek ez dute talde
bakarra osatzen: tzeltal, tzotzil,
tojolabal eta chol hizkuntzak
hitz egiten dituzten taldeak
dira. Chiapasen beste
bederatzi hizkuntza hitz
egiten dira, eta orain onartuta
dauden arren, biziraupenerako
borrokan daude

Munizipio Autonomoak, Caracolak eta Gobernu Onaren Batzordeak sortu zituzten 2000ko hamarkadaren hasieran, eta, horrela, estatu egiturarik gabeko iraultza eraginkorra garatu zuten zapatistek. Egun, ordea, abiadura bizian ari dira eraldatzen, eta iaztik hona, egitura zibilak desegin dituzte, herrialdean dagoen biolentzia egoeratik babesteko, eta, aldi berean, iraultzan urrats berri bat emateko.

Ekaitzaren erdian, jabetza-eza
Ekaitza deitzen diote zapatistek egungo egoerari. Krisi kapitalista eta klimatikoaren erdian, mundu berria eraikitzen ari dira saiatzen. “Praktikaren bitartez sortzen dute teoria zapatistek”, dio Pedro Farok. Azken komunikatuetan, Jabetza-Eza eta Komuna aldarrikatu dituzte.

“Jabetza eza eta komuna oso planteamendu interesgarriak dira, kapitalismoari xake egiten diotelako. Ekintza guztiz iraultzailea da, zapatistak beti daude etengabe aldatzen eta iraultzen”.

Orain azaldu duten arren, hainbat urte daramate horretan. “Lur berreskuratuak” dituzte zapatistek, eta lur horiek antolakundearenak dira. Ez dute inoren jabetza paperik, eta bertako fruitua lantzen duenarentzat da. “Horrek komuna sortzen du, jabetza hori ez da inorena”.

Faroren ustez, horren ondorioen balorazioa egiteko itxaron egin behar da, baina “ekintza sinboliko gisa, balio handia” duela uste du: “Kapitalismoaren barruan dugu, guztiari ezartzen diogula jabetzaren zentzua. Jabetza kenduta, zer geratzen da? Mota honetako esperientziei ekarpena egiteko balio du. Zapatistentzat kontua hori da: nola hautsi sistema kapitalista? Nola zartatu harresia? Munduan ikusten ari garen eskuinaren gorakadak ez al du bestelako alternatibarik?”.

Zapatisten irudi bat, San Cristobal de las Casaseko kale batean jarritako erakusketan. Argazkia: Eider Beobide.

Narkoaren Estatua
Aipatu bezala, muturreko egoera da orain Chiapasen. “Lehen, Mexikoko Estatuak zapatistari eraso egiten bazion, nazioarteko komunitatearen presioa genuen. Narkoaren aurrean, ordea, zer egin dezakegu?”, galdetu du Lupitak.

Narkoaren arazoa lehergailua da: “Mutiko oso gazteak dira, ez dute inongo etorkizunik. Batez beste 2-3 urte irauten omen dute, eta 20 urtetik beherakoak dira hildakoak”, azaldu du Lupitak. Baina arazoak ez du irtenbide errazik: “Pobreen armada amaigabe bat dute”.

Felipe Calderonen gobernuak “gerra” deklaratu omen zion narkoari. Baina gauzak okertu besterik ez dira egin. Eta, egun, “inoizko gobernurik progresistena” egonik ere, gauzak ez doaz askoz hobe.

Mexikoko demokraziaren historia ezagutzeko atzera egin behar da apur bat. Partido Revolucionario Institucional (PRI) alderdiak gobernatu du herrialdea ia 60 urtez. Pedro Farorentzat “diktadura” izan dira, “zalantzarik gabe”, PRI-ren gobernuak. “Indarkeria sistematikoa izan da, eta beste diktaduretan izandako hildako, torturatu eta desagertu kopurua baino handiagoa utzi du PRIk”.

Movimiento Reconstitución Nacional (Morena) mugimenduak buelta eman zion egoerari, eta lehen aldiz, “benetako” ezkerreko alderdi batek irabazi zituen hauteskundeak –ordurako PRI deskonposizioan zegoen, 2000tik Partido Acción Nacional (PAN) eskuindarrak irabazi baitzituen hauteskundeak–. Andres Manuel Lopez Obrador (Amlo) izan da presidentea orain gutxira arte, eta egun, Claudia Sheibaum da. Diskurtsoz eta irudiz ezkerrekoa da, baina “berdin-berdina” da Chiapaseko militanteentzat: “Edo okerragoa gauza batzuetan. PRIk berak ere egingo ez zituenak egin dituelako Morenak”.

Salatu dutenez, proiektu neoliberalean beste urrats bat gehiago ari dira ematen: “PRIren ametsa gauzatzen ari dira, turismoaren garapena bai, baina ez aberastasunarena”, dio Farok. Indigenen arloan, garapenerako egitasmoak sustatzen dituzte, dirulaguntzak eskainita eta abar. “Baina horren trukean, desmobilizazio politikoa eskatzen diete komunitateei. Zapatistekin edo bestelako egitasmoekin kolaboratuz gero, dirulaguntzak kentzen dizkiete”.

Morenak lortu ditu Mexikon sekulako aurrerapausoak. Adibidez, jubilazioaren prestazioa sortzea, lehen aldiz historian, eta herri sektore asko pozik daude aldaketa horiekin. Ordea, gaur gaurkoz, ez du indarkeria sistematikoa geratzeko urrats nahikorik egin, ez eta, itxuraz, egiterik ahalko. Amlover askok ez dute ikusi nahi, Mexikoko Estatua dela munduko ustelenetako eta biolentoenetako bat.

Argazkia: Elizabeth Ruiz - El Salto

Munduarentzako eredu batzuetan
Zapatistak, beraz, ekaitzaren erdian aurrera doaz. Albo batean estatua eta bestean krimen antolatua. Biak dira neoliberalismoaren muturreko formak, betikoentzat betikoa dakartenak.

Neozapatismoak munduko ezkerrarentzat eredu bat eskaini zuen. 1990eko hamarkadan, iraultza sozialisten eredu ekonomikoak porrot egin zuenean, autoritarismoen kontrako ikuspegia handitu zenean, “beste mundu berri batean” sinisten zutenen aldeko itsasargia izan ziren zapatistak. Mexikon, lehenik, eta Latinoamerikan ostean, indigenen eskubideen aldeko iraultza izan zen.

Haien garaipen bakoitza txiki-txikia da. Hor, basoan galduta, komunitate batean geratzen da. Baina, autonomiaren eraikuntzaren bitartez, sistema kapitalista desafiatzen ari dira. Zapatistek, hain zuzen, ez dute mundu osoa aldatzeko biderik, baina autonomiaren eraikuntzaren bitartez, mundu osoa interpelatzen dute.

Estaturik gabeko iraultza egiten ari dira zapatistak. Miseria gorrian dagoen herrialde batean duintasuna eta esperantza landatuta. Ez da mundu osorako eredu bat, baina erakusten dute baietz, toki jakin horretan posible dela beste mundu bat eraikitzea. Eta, noski, besteetan ere bai. 
 

Yolanda, emakume indigenen eskulanak modu duinean saltzen dituen dendaria. Argazkia: Eider Beobide

Denda batean Mexiko osorik
Yolandak denda txiki bat dauka San Cristobalen. Emakume zapatisten eta indigenen eskulanak saltzen ditu. Horietako bakoitzaren atzean nork egin duen jartzen du, eta batzuetan zenbat ordu eskaini dituen ere bai.

Yolandaren bizitzak indigena guztien historia dirudi. Gazte-gazte ezkondu zen bera baino puskaz zaharragoa zen gizon zuri batekin. Diruduna ez bazen ere, nagusitasun ekonomikoa zuen, eta kasik neskame gisa tratatzen zuen. Indigena zela eta, etengabeko tratu txar psikologikoak ematen zizkion. Yolandak normaltasunaren barruan ikusten zuen, indigenak isilik egoteko hezten baitituzte, oraindik. Bigarren alaba jaiotakoan egin zuen ihes etxetik, eta ordutik, zapatistekin eta borroka feministarekin engaiatuta dago.

Ez da jasan duen biolentzia bakarra. Mexiko Hirira joan zen bere ahizpa, ikastera, eta duela hamar urte, egun batetik bestera, kontaktua galdu zuten. Ez dute haren berririk izan, eta ez dira salatzera ausartzen, haien eta seme-alaben kontra egingo ote duten bahitzaileek.

Sekulakoak eta bi entzuten ditu aldiro-aldiro dendan. “Aurrekoan etorri zitzaidan emakume bat eta esan zidan indioek ez dutela lanik egin nahi, alferrak direla eta nik zer dakit zer. Ez dira konturatzen geu ere pertsonak garela, eta duin bizi nahi dugula. Ez dute onartu nahi!”, dio harridura gainetik kendu ezinik.

“San Cristobal oso arrazista da oraindik ere, baina guk jada ez dugu edozer onartzen. Lehen espaloitik jaitsi behar izaten genuen; baina egun horiek bukatu dira”, dio harrotasunez. Zapatistek indigenen lur batzuk askatzeaz gain, herrialde osoko indigenen buruak askatzen lagundu zuten: “Inoiz gehiago ez, gu gabeko Mexikorik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EZLN
Hemen dator ‘Tren Maya’, Mexikoko gobernuaren eta herri mugimenduen arteko talka handia dakarrela

1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua... [+]


ELKARTASUNAREN BIDAIA PRESOEN BIHOTZERAINO

Sevillako Atletismo Mundialean agertutako «Repatriation bask prisoners» mundura barreiatu du Presoekin Elkartasun Kideak taldeak. Hogei minutu luzez gainera. Espainia aldean alderdien arteko liskarra sortu bazuen, Euskal Herrian, oro har, irribarra piztu du.

Ez dute nahi... [+]



“Bizitzaren aldeko ekintza globaleko astea” deitu dute Zapatistek

Munduko “gobernu txarrei” erantzuteko ekintza proposatu du EZLNk, bizitzaren alde eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurka borrokan egiten jarraitzeko deiarekin batera.


Maria de Jesús Patricio Martínez 'Marichuy', Mexikoko presidentegai zapatista 2018an
“Eskutik doaz kapitalaren proiektu handiak eta estatuaren biolentzia”

Euskal Herrian izan da María de Jesús Patricio Martínez Marichuy, Lumaltik Herriak ekarrita. Bere bizipenak eta ordezkatzen duen Kongresu Indigena Nazionalaren (CNI) proiektu politikoa ezagutarazi ditu hainbat fakultate eta kulturgunetan. Nahua jatorriko... [+]


2019-04-04
Zapatistek 25 urte
Ospakizun gazi-gozoa Chiapasen

Jérôme Baschet (1960) historialaria da. Frantziako EHESS Gizarte Zientzien Goi Ikasketen Eskolan irakasle eta ikertzaile aritu ondoren, gaur egun irakaslea da Chiapaseko unibertsitate autonomoan. San Cristobal de Las Casasetik kontatu du matxinada zapatistaren... [+]


Sistema kapitalista patriarkalaren aurka altxatu diren emakume indigenak

“Ez da gizonen eta sistemaren lana guri askatasuna ematea; kontrara, sistema kapitalista patriarkalaren lana gu menpeko egitea da”, esan zuen emakume batek zapatistek antolatutako emakumeen lehenengo Nazioarteko Topaketaren irekiera ekitaldian, Desinformémonos... [+]


Emakumeen nazioarteko topaketak deitu dituzte zapatistek martxorako Txiapasen

Sistema kapitalista, matxista eta patriarkalaren aurka ari diren emakumeen nazioarteko topaketak deitu dituzte EZLN eta Batzar Klandestino Iraultzaile Indigenak. Martxoaren 8, 9 eta 10ean egingo dituzte Txiapasko Tzotz Choj eremuan, Morelia Karakolan. Harrera martxoaren 7an... [+]


2017-11-28
DEIO, SELATSEREN HERRIA
sartuko gara. Eskualde, lurralde batean murgilduko gara: Iguzkitzan (La Solanan),Deikaztelun (Dicastillon), Deierrin (Yerrin) eta Deion, Selatseren herrian.

Zapatistek emakume indigena bat proposatuko dute Mexikoko lehendakarigai

EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak antolaturiko V. Indigenen Kongresu Nazionalean 2018ko estatuko hauteskundeetan parte hartzeko asmoa azaldu dute. Hautagai independente bat aurkeztuko dute horretarako, emakumezkoa.


2015-06-09 | Goiena
15 urte zapatisten alde Eskoriatzan

Txiapasen Aldeko Taldeak, Esko Zap %100 amets haziak lelopean, egitarau zabala prestatu du aste zapatistarako.


2015-02-04 | Estitxu Eizagirre
Emakume indigenek uko egiten al diete beren eskubideei euren herria defendatzeagatik?

Sylvia Marcos-ek “Más allá del feminismo. Caminos por andar” liburua aurkeztu du Mexikon. 20 urte bete dituen mugimendu zapatistan emakumeek eginiko lorpenez eta feminismoa deskolonizatu beharraz dihardu.


Chiapasko indigenek Marcos gabeko aro berriari ekin diote

“EZLN ez da mintzatuko gehiago nire ahotik” esanaz amaitu zuen hitzaldia Marcos azpikomandanteak maiatzaren 24an mila indio zapatista eta beste hainbeste kanpotarren aurrean.  Bere izarra itzali aurretik, Marcosek azaldu zituen Mexikoko Chiapasen burutzen den... [+]


Eguneraketa berriak daude