“Ohikoa bihurtu da politikari kurduak espetxeratzea”

  • Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta zigorrak pilatu dizkiote preso zegoela, terrorismo delituak leporatuta zein politikari bezala egindako hainbat adierazpenengatik, haien artean Erdogan “emakumeen etsaia” dela esatea. Maiatza erdialdean atera zen kartzelatik eta ARGIAren galderei erantzuteko tartea hartu du.

Argazkia: Mezopotamya Ajansi

Nola ikusten duzu egoera espetxetik irten ondoren? Zer aldatu da?

Zortzi bat urte dira kartzelan sartu gintuztela. Ordutik aldaketa asko egon da, noski. Baina kartzelak isolatzeko tresnak direnez, ezin barrutik ondo jarraitu kanpoan gertatu diren gauza guztiak. Turkiako kartzeletan oposizioaren prentsa debekatuta dago, eta gobernuaren hedabideen bidez jarraitu behar izan dugu gizartearen bilakaera, oso modu mugatuan, beraz. Bizitza poliki doa espetxean, eta kanpoan azkar. Han denak dauka porlan kolorea.

Kartzelatik irtetean konturatzen zara politikoki gauza asko aldatu direla, baina beste batzuek berdin jarraitzen dutela. Kurduen aurkako kanpaina indarrean dago oraindik. Jendeak argi du aldaketa beharra dagoela, baina ez dago aldaketa etorriko den itxaropenik. Denbora gutxi daramat kalean, eta bilakaera ulertzen saiatzen ari naiz oraindik.

Zein da kurduen egoera Turkiako espetxeetan?

10.000 preso politiko kurdu baino gehiago daude kartzela turkiarretan oraintxe bertan. Turkiar Errepublika ezarri zenetik legea eta justizia kurduen aurka erabili dira. Azken hogei urteetan, ehunka mila dira epaitu dituzten kurduak. De facto kentzen digu herritartasuna estatuak; Turkiako Konstituzioak berak lapurtzen dizkigu oinarrizko eskubideak, politika egiteko eskubidea, antolatu eta protesta egitekoa. Kurdistango 4.000 preso politiko inguru arbitrarioki mantentzen dituzte kartzelan, kanpoan behar luketenean, jarrera onik ez dutela argudiatuta.

Sebahat Tuncel espetxetik irten berritan, Ankaran. Argazkia: Mezopotamya Ajansi

2010eko hamarkadan, zuek azkenengoz kartzelan sartu aurretik, “autonomia demokratikoaren” aldeko mugimendu handia egon zen Bakurren, Turkiako Kurdistanen.

2013an kurduentzako prozesu garrantzitsua hasi zen Turkian. Negoziaketak hasi ziren kurduon lider Abdullah Ocalanen eta estatuko ordezkarien artean eta horrek aukera zabaldu zuen Turkian demokratizazio eta askapen prozesua abiatzeko. Turkiarren %80ak babesten zuen bake prozesu hura. 2015ean kurduen aldeko HDP alderdia indarrez sartu zen Turkiako hauteskundeetan, 80 ordezkarirekin, bozen %13 lortuta. Ondorioz, Erdoganen AKP alderdia mehatxatua sentitu zen. Hauteskundeen emaitzak baliogabetu zituen, elkarrizketetan lortutako akordioei ez entzunarena egin zien eta bertan behera utzi zuen negoziaketa prozesua.

2016an Bakurren garatuak genituen gobernu autonomoak aitortzea exijitu genuen. Gogor erantzun zuen AKPk. Etxeratze agindua deklaratu zuen hilabete luzez, ehunka pertsona hil zituzten, milaka bahitu, eta milioika zibilek utzi behar izan zituzten beren bizilekuak. Kurdistanen aldeko erakunde ugari debekatu zituzten, HDP barne. Gure ordezkariak espetxeratu zituzten, eta gobernu faxistak bere agintariak inposatu zituen kurduek irabazitako zonaldeetan. Zauri sakonak utzi ditu horrek guztiak biztanle kurduengan.

"Ezin da konponbidea bilatu egitura zaharrak erabilita"

Zein da egoera egun Bakurren?

Turkian gobernuak aldatzen badira ere, kurduekiko jarrera ez da aldatzen, gure askatasun nahia mehatxua da Turkiako Estatuarentzat. XXI. mendean sartuta, onartezina da Kurdistango herriaren existentzia ukatzen saiatzea. Hala ere, gainerako nazio estatuek beste interes batzuk dituzte, eta ezikusiarena egiten dute, haien aletxoa jarriz kurduen zapalkuntzan.
Ez da soilik Turkiaren arazoa, Ekialde Hurbil osoarena baizik. Erresuma Batuak, AEBek eta Europar Batasunak ere erantzukizuna dute konponbidea bilatzeko. Ekialde Hurbilean demokraziaren alde badaude, ezin dute konplize izan Turkia, Iran, Irak eta Siriak kurduei eragindako zapalkuntzan. Kurduen borrokak bermatzen du etorkizuna Ekialde Hurbileko pertsona guztientzat. Kurduek salbatu zuten mundua ISISen kolpeetatik. Errepublika konfederal demokratikoa proposatzen dugu Ekialde Hurbilean, eta bertako herri guztiak gonbidatzen ditugu bizitza berri baten alde borrokatzera.

Zuek Kobane auzia izenekoan zigortu zintuzteten. Zein ziren auzi horren oinarriak?

2014ko urrian ISISeko taldeek Kobane inbaditu zutenean, HDPko buruzagitzak txio bat idatzi zuen, Kobaneko herritarrekin elkartasunez eta estatuari eskatzen ardura hartzeko ISISen aurka. Mezu hori izan zen leporatzen ziguten krimena. Sei urte geroago, akusazioak esan zuen urte haietan gertatutako heriotza eta indarkeria guztiak txio haren eta gure jardun politikoaren ondorio izan zirela, nahiz eta hildako gehienak gure alderdiko kideak izan. Bizi osorako 38 espetxe zigor eta milaka urteko espetxeratzea eskatu zuten gure aurka. Nahiz eta akusazio gehienetan absoluzioa lortu, HDPko batzorde exekutiboko kideoi zigor gogorrak ezarri zizkiguten, argudiatuta Turkiako Estatuaren batasuna eta integritatea oztopatzen genituela. Politikari kurdu gisa egiten genuen jarduna hartu zuten froga gisa.

HDP garrantzitsua izan zen Turkiako Gobernuaren eta PKKren arteko negoziaketetan. Zer ikasi duzue prozesu honetatik?

HDPk parte hartu zuen Turkiako Estatuaren eta Abdullah Ocalanen arteko negoziaketetan, Imraliko kartzelan zein Qandileko mendietan. 2015ean, frogatu zenean gizartearen babes handia lortu zutela HDPren programak eta bake proposamenak, Erdogan negoziazio mahaia utzi zuen, ukazio eta suntsiketa politikara itzultzeko. AKPren gobernuak ez du benetako konponbiderik nahi, argi geratu zen hori bere "Kolapso plana" publiko egin zenean: esku batekin negoziaketa prozesuan parte hartu; bestearekin plan sekretua prestatu Kurdistango Askapen Mugimendua akabatzeko. Ezer ez da aldatu, 1925ean oso antzeko plan sekretua prestatu zuen Turkiako Gobernuak, ordutik kurduekiko jarrera markatu duena.

Ikasi dugu negoziaketa prozesuak gardena izan behar duela eta irekia egon behar duela publikoki aztertua izan dadin. Alde guztiak maila berean egon behar dira, eta oinarri legala behar du, ofiziala izan, prozesua osasuntsua izateko.

Genevan, ISISek Kobaneren aurka egiten ari zen erasoa salatzeko gose greban. Argazkia: Mezopotamya Ajansi

Turkiako instituzioetan izandako esperientziatik begiratuta, zenbateko aldaketa lortu daiteke eremu horretatik?

Kurdistango mugimendu politikoak, bereziki emakumeen askapenerako mugimenduak, eragin handia izan du Turkiako emakumeen mugimenduan eta oro har politikan. Presidentekidetza sistemak, emakumeek gizonen ordezkaritza bera izateak eta erabakietan parte hartzeak aldatu egin du politikaren kolorea. Hala ere, modernitate kapitalistak sortutako arazo politiko, sozial eta ekonomikoei ezin zaie konponbidea bilatu metodo eta egitura zaharrak erabiliz. Kurdistango askapen mugimenduak alternatiba proposatzen du XXI. menderako, bizitza berri bat eraikitzea paradigma demokratiko ekologiko berri baten bidez, emakumeen askapena oinarri. Rojavako iraultza da adibiderik argiena. Politikan, gizartean eta ekonomian aldaketak egiteko, sistema ezberdina garatu beharra dago. Kurduok pauso garrantzitsuak eman ditugu, teorian zein praktikan. Ezarria zaigun sistema erlijioso, nazionalista, sexista eta faxistaren aurkako borroka da gurea.

HDP 2023an disolbatu eta DEM alderdia eta beste talde batzuk sortu ziren. Nolakoa da egoera politikoa egun?

Kartzelatik bizi izan nuen HDP alderdiaren debekua. Aliantzaren parte zen Ezkerreko Berdeen alderdia aurkeztu zen hauteskundeetara 2023ko maiatzean, eta hauteskundeen ondoren izena aldatu zitzaion, Herriaren Berdintasun eta Demokraziaren Alderdia deitzeko. Hori ere debekatu ziguten, eta DEM izena jarri zen azkenean. Denbora esan nahi du kurdueraz, Dem Dema Azadi (Askatasun garaia da) leloan bezala.

1990. hamarkadatik debekatu izan ditu estatuak alderdi politiko kurduak. Hala ere, gu tematu egin gara eta alderdi berri bat sortu dugu aldiro. Ohiko bihurtu da politikariak espetxeratzea eta kurduei politikan parte hartzeko eskubidea kentzea. Baina arazo nagusia da kurduoi ez dizkigutela gure identitatea eta herri izaera onartzen, horregatik dauzkagu kanpotik inposatutako agintariak. Turkian ez dago demokraziarik.

Hakkari eskualdeko gobernadore kurduari hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri berri diote ekainean. Azkenaldian ere izan dira antzeko kasu gehiago.

2016tik sistematikoki kendu dituzte kurduek hautatutako alkateak, edozein froga arbitrario erabilita, dozenaka zigor jarri dira “lekuko sekretu” baten adierazpenetan oinarrituta. Lege ezberdina ezartzen zaigu kurduoi: Etsaiaren Legea deitzen da ofizialki, baina Lege Koloniala deitu beharko litzateke. Oinarrizko askatasun eta eskubideak lapurtzen dizkigu Lege Antiterroristaren bidez. Atxiloketak, agintariak inposatzea, Imrali irlako tortura sistema, horiek guztiak kurduen aurkako genozidio politikorako neurriak dira.

“Onartezina da XXI. mendean Kurdistango herriaren existentzia ukatzea”

Itxaropenik duzue negoziaketa prozesu berri baterako?

Beti dugu itxaropena, batez ere Herri kurdua ari delako askatasuna eskatzen. Turkia fundatu zenean, turkiarrekin batera borrokatu zuten kurduek uste zuten burujabeak eta herritar askeak izango zirela partekatutako aberrian, hala hitzeman zien Mustafa Kemal Turkiaren sortzaileak. Baina estatuaren sorreratik bertatik egin zien traizio, eta hori izan da ordutik kurduen aurkako estrategia: ukazioa, hilketa eta asimilazioa. Hala ere, bizirik eta borrokan  jarraitzen dugu. 30 milioi kurdu baino gehiago gara Turkian, eta aske bizi nahi dugu gure hizkuntza, identitate eta kulturarekin.

Zein dira zure etorkizunerako asmoak?

Denbora gutxi daramat espetxetik kanpo, azken zortzi urteei zentzua bilatzen nabil. Barruan ez zegoen aukera askorik, baina hemendik aurrera jarraituko dut borrokarekin daukadan ardura hartzen. Erantzukizuna dugu gure herriarekiko, emakumeekiko. Iraultzaile gisa, nire eginbeharra da jendeak gutaz espero duena egitea. Askatasun demokratikoaren aldeko bidaian jarraitzea da gure asmoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Espetxe zigorra ezarri dio Turkiak Beritan Canözer kazetari kurdu feministari

Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-21 | Justus Johannsen
Beste bi kazetari kurduren hilketa
Turkiaren zapatako harri koxkorra

Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]


2024-07-22 | Justus Johannsen
ANALISIA
Turkia Irakeko Kurdistan konkistatzen ari da, PKKren aurkako borrokan

Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]


2024-03-20 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
“Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du”

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
“Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen”

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-22 | Aitor Aspuru Saez
“Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako”

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko

Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.


2023-03-20 | ARGIA
HerriBiltzak udaberriko festa ospatu du kurduekin batera eta iraultzaren haziak ereiteari ekin dio

Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]


Eguneraketa berriak daude