Hil arte bizirik sentitzearen beharraz ari da Olatz Mercader. Gaixorik egon izan delako bere bertsio gutxitua hurbilegi ikusi duenak badaki zein garrantzitsuak diren konpromisoa, grina eta desioa.
Abokatua da ikasketaz eta udal aholkularia lanbidez. Minbiziaren gaineko tabuak hausteagatik eta Patxi Ezkiagarengandik jasotako sexu-abusuak salatzeagatik egin da ezagun. Bizitako dramez barre egiteko eta eginarazteko gai da, baina hitzek eraldaketarako duten indarra ahaztu gabe; ez du kontatzeagatik kontatzen.
Broma bat dirudi, baina minbiziari esker bihurtu zara ezagun.
Hau guztia dator Julene Illarramendi lasartearraren ama bularreko minbizi metastasikoaren ondorioz hil zelako, eta iruditu zitzaion minbiziaren inguruan tabu eta itzal asko zeudela. Orduan, Miren Cuerdorekin batera elkarte bat jarri zuen martxan. Ni burusoil nengoenean zapi solidarioen proiektua atera zuten, eta esan zidaten ea atera nahi nuen zapiarekin burusoil. Zarauzko torreoian elkartu ginen eta han azaldu ziren beraiek biak Iratxe Etxeandia argazkilaria, makilatzailea… Ez ninduten begiratzen minbizia zeukan Olatz gaixoa bezala, begiratzen zidaten pertsona bati bezala. Eta pentsatu nuen, nik zera horren parte izan nahi nuela.
Gerora, Izan Inurri elkarteak antolatutako bertso saioetan ikusi zaitugu gai-jartzaile, eta oso gai dramatikoak aurkeztu dizkiguzu, baina beti jarri gaituzu gu eta publikoa barreka.
Inurrin beti esaten dugu komedia dela drama gehi denbora. Guk bizi izan duguna drama bat da, baina barre egiten dugu aurretik negar asko eginda gaudelako, eta umorea gutako askorentzat bizirik irauteko tresna izan delako.
Minbiziarekiko ikuspegia aldatu diguzue askori.
Gure gizartean gauza negatibo guztiak tabuak dira: heriotza tabua da, gaixotasuna tabua da… guk esan duguna da hau bizitzaren parte bat gehiago dela. Minbiziaren errelatoa sendatu direnekin eraiki da, baina zer gertatzen da metastasia daukan eta ume biren ama den 35 urteko emakumearekin? Hura bizirik dago, baina gure gizarteak ez du ezer jakin nahi. Ez da polita, ez da larrosa: sekulako “marroia” da. Baina “marroi” horri heldu egin behar diogu. Minbizia dugunoi esaten zaigu mozorrotu zaitez pertsona osasuntsuz, jarri guapa eta izan zaitez lehen zinena, baina gaixorik dauden pertsona horiek izateko zilegitasuna daukate eta bizirik dauden bitartean letra guztiekin bizitzeko aukera izan behar dute.
Zuen leloetako bat da, hain zuzen, “hil arte bizi”.
Nik aitortzen dut ez naizela sekula drogatu kimioterapia hartzen hasi arte. Ez dakit haren eraginez edo, baina buru argitasun tarte bat izan nuen: “Aizue, erratuta gaude, txerri gantxoarekin goaz beti eta hau ez da bizitza, hau irautea da”. Drogak kendu zizkidaten, eta bueltatu naiz egunerokora, baina kapitalismoaren logikak aisialdian ere produzitzera eramaten gaitu: Zegama-Aizkorri, triatloiak… eta ez. Egon. Egon eta izan.
Badirudi kolpe bat behar dugula irauten baino ez gaudela konturatzeko, baina kolpea eta gero irautera itzultzen gara?
Bai eta ez. Ez zara aurreko planora bueltatzen. Norbere buruarekin konektatzeko halako gaixotasun bat pasatu beharra gogorra da. Jendeak zure burua zaintzeko zilegitasuna eman diezazun hara noraino iritsi behar duzun. Eta zuk pentsatzen duzu “hau gaixorik egon gabe ere ez legoke gaizki”.
Zenbateraino da garrantzitsua minbiziaren inguruko hizkuntza aldatzea?
Hizkuntza belikoak nazka ematen du. Minbizia nire zelulak dira: gaiztotu egin diren nire zelulak. Zeren kontra egin behar dut, nire buruaren kontra? Gainera, horrek zer esan nahi du: hil zaizkigun ahizpa guztiek porrot egin dutela? Ea joaten garen epika zeken horretatik lirika polit batera.
"Ederra litzateke
AHT finantzatzea EITB maratoiarekin eta minbiziaren ikerkuntza zergekin"
Zuen kasuan lirikara ez dakit, baina pertsonaletik kolektiborako bidea egin duzue.
Minbizia duzunean kulpa eta beldurra sentitzen dituzu. Medikuntzak oso harreman onak ditu minbizia duten zelulekin, baina minbizia daukagun emakumeekin ez hainbeste. Denok behar dugu ulertu eta besarkatuko gaituen kolektibo bat. Hautu konplikatuak egin behar dira: bularra kendu, berreraiki edo ez, tratamendua hartu, tratamenduari uko egin… eta espazio seguru bat izatea horretaz guztiaz askatasunez eta epairik gabe hitz egiteko beharrezkoa da. Gero noski, gaixook osasun sistemaren gabeziak pairatzen ditugu. Ez langileen aldetik, ze alde horretatik tratu ona jasotzen dugu normalean, baina entzuten duzu Amancio Ortegak dohaintza bat egin duela, eta protoiterapiarako makina batean 26 milioi euro inbertituko direla, eta pentsatzen duzu agian guk nahiago genukeela zoru pelbikoko fisioa, edo sexologoa, edo psiko-onkologoa edo nutrizionista. Ederra izango litzateke Abiadura Handiko Trena finantzatzea EITB maratoiarekin eta minbiziaren ikerkuntza eta gaixoentzako baliabideak gure zergekin. Hori da inurrion utopia.
Gizartean, hala ere, minbiziaz hitz egiten dugunean ez gara sexologoaz, nutrizionistaz, fisioaz… ari.
Diskurtso kolektiboan minbizia daukan pertsona burusoil dago, egun guztia botaka. Halako momentuak badira, baina jendeak minbiziarekin oposaketak atera ditu, edo joan da Stockholmera Erasmusen dagoen bere alaba bisitatzera. Eta hori ere minbizia da. Tratamenduak ez dira bukatzen kimio edo erradioterapiarekin. Gerora etortzen dira inmunoterapiak, hormonoterapiak… eta albo ondorioak latzak dira. Ni neu hiru urte eta erdi eta gero, tratamendua uztera noa. Erabaki zaila izan da, nik ez dut berriro gaixotu nahi, baina tratamenduak depresioa eragiten du, insomnioa, desio falta… eta nik ez dut nire bertsio gutxitua izan nahi.
Ordea, bizirik egoteko aukera izanda, zertarako nahi duzu desioa?
Nik nire grina eta gose guztiekin jarraitu nahi dut bizirik. Kontua da inork ez dizula konbertsazio hori planteatzen, eta zuk adorea behar duzu profesional bati hori azaltzeko, eta profesional horrek mari zikin bat izango bazina bezala begiratzen zaitu, eta esaten dizu ea probatu duzun aluan pote urdineko Nivea botatzea. Protoiterapia ez, arren: finantzatu sexologoak edo formatu pertsona hauek erantzun egokiak emateko gai izan daitezen. Izan ere, ni pribilegiatua naiz eta tratamendu asko finantzatu ahal izan ditut, baina zer gertatzen da baliabiderik ez duten emakumeekin?
Entzuten zaitudanero pentsatzen dut zein ahaldunduta zauden.
Ez, ez. Tote bag famatu batek dioen moduan: hemen denok gure traumak eta “mobidak” dauzkagu.
Hitz egingo dugu Patxi Ezkiagaz?
Bai.
"Niri bere bulegora joateko deitu zidan, eta zakila kanpoan zuela bere altzoan esertzeko eskatu. Nik ordurako banekien zer bilatzen zuen gizon hark, 16 urte neuzkan, eta ez ninduen nahastu"
Indartsuak ematen duzuen edo dugun askori ere gertatu egin zaigu.
Not all men (gizon guztiok ez) entzuten dugu askotan, baina azken batean, denak dira gizon, eta ondorioz, emakume gehienoi gertatzen zaigu. Bestalde, irratian hitz egin nuen haserre nengoelako. Beti atera behar dugu guk intimoak diren gaiei buruz gorputza jartzera, baina fokua gizon horri hogeita hamar urtetan sistematikoki emakumeei eraso egitea ahalbideratu dion sisteman jarri behar genuke. Zer gertatzen da gizonak eta boterea elkartzen direnean? Zer gertatzen da euskal kulturan?
Iruditzen al zaizu euskal kulturaren mundua isilik gelditu dela?
Erabat.
Jende askori entzun diot ez dela erabat harritu. Orduan zergatik ez da ezer gertatu hainbeste urtetan?
Italiako mafian zegoen moduko omertá bat dago, baina lotsak, orphidalak eta trankimazinak bandoz aldatu behar dira. Erasotzaileek jakin behar lukete emakumeek gure artean hitz egiten dugula eta sekulako disko gogorra daukagula.
Urte hauetan guztietan isilik egon zara? Ala izan duzu kontatzeko espazio segururik?
Emakume asko zeuden adinagatik inozentzian eta gizon horrek anbibalentzia horrekin jokatzen zuen. Niri bere bulegora joateko deitu zidan, eta zakila kanpoan zuela bere altzoan esertzeko eskatu. Nik ordurako banekien zer bilatzen zuen gizon hark, 16 urte neuzkan, eta ez ninduen nahastu. Ondo aukeratzen zituen biktimak, beti ginen neska zaurgarriak. Gure ama depresio klinikoan zegoen, eta nik pentsatzen nuen hura kontatzen banion akabatu egingo nuela. Ordea, nire bikotekideak esaten zidan amari esateko. Gure amak erantzun zidan inork ez ninduela sinistuko tipo hori Jainkoa zelako, gaizki pasatuko nuela, eskolatik botako nindutela eta, azken batean, ez zitzaidala ia ezer gertatu. Publikoki isildu izanaren damua badut. Nire isiltasunak bat baino gehiago bidaliko zituen kabroi horren eskuetara. Hala ere, lagunekin, bikotekidearekin eta alabekin hitz egin izan dut. Orain poza ematen dit jendeak behingoz gizon hori zein zen jakiteak.
Badago momentu bat erasoa jasan duenak bere buruari onartu behar diona erasoa jasan duela.
Hori oso momentu gogorra da. Urteak joan eta etorri, heldutasuna daukazu, terapiak egin dituzu, zure bizitza aldatu egin da, baina egoera askok eramaten zaituzte egoera hartara. Gizarte bezala ez daukagu artikulatuta zeintzuk diren horren ondorioak.
Zure amaren hitzak orokorrak dira: sarketarik ez badago, ez da hainbesterako.
Emakumeei espazio seguruak eskaini behar zaizkie hitz egiteko. Inork ez du esan nahi eraso egin dutela, baina hitz egiten ez badugu ez dugu erasoak identifikatzen jakingo eta identifikatzen ez baditugu, ez dugu jakingo biktimak zer behar duen. Eraso sexualak jasandako biktima asko saiatzen dira beren buruaz beste egiten, anorexia dute, depresioa… eta ez dute aurkitzen espaziorik epairik gabe hitz egiteko.
Emakume asko atera dira Patxi Ezkiagaren salaketen harira. Zuen artean artikulatu egin zarete?
Bai. Sortu diren konexioak sendagarriak dira, nahiz eta barkamen eske azalekoek eta isiltasunak min handia eman.
Gogorrena hori al da: isiltasuna?
Ezikusia sentitzen zara. Mezu bat bidali nuen La Sallera, eta erantzuna estereotipatua izan zen: “Eskerrik asko Jaurlaritzako arreta zerbitzuarekin harremanetan jartzeagatik”, esango balidate bezala. Ez dira gai egoera hau artatzeko. Litekeena da bihotzez aritzea, baina ez da posible bere burua biluztu duen emakume bati erantzun estereotipatua ematea.
"Erasoaren
erreparazioak pertsonala eta partikularra izan behar du, eta horretarako biktimak entzuna dela sentitu behar du, bere beharrak beteko direla"
Zer beharko litzateke?
Lehenengo eta behin sinesgarritasuna. Mezuak jasotzen ditugu frogarik ez dugula esanez, eta hara, nik ez dut frogarik behar sinisteko. Bigarrenik, aztertu egin behar genuke ea ustezko gizon bikain hauek babesten dituzten mekanismo ikusezinak zeintzuk diren. Eta hirugarrenik, baliabide espezializatuak eta ekonomikoak behar ditugu ikuspegi feministarekin. Ustez aditua den batek galdetu zidan ea nire kasuan penetraziorik egon zen. Ez dakit pertsona hori gai den ikusteko galdera horren desegokitasuna. Jendeak dirutza xahutu du terapietan. Emakume batek esan zidan 12 urtetik 22ra ez zela barre egiteko gai izan. Nola erreparatzen da hori? Erreparazioak pertsonala eta partikularra izan behar du, eta horretarako biktimak entzuna dela sentitu behar du, bere beharrak beteko direla.
Egungo prozesuek biktima bere burua zalantzan jartzera eramaten dute?
Jaio ginenerako kulpa eta belarritakoak instalatu zizkiguten, eta egitura guztiak ospea daukan gizon hori babestera badoaz, zein atrebituko da! Horregatik behar ditugu baldintza gabe sinisten gaituzten ahizpak, eta nebaren bat badago ere ondo.
Nik sinisten dizuet.
Salaketa faltsuak esaten da, baina zenbat dauden egiazkoak izanda isilik daudenak.
Patxi Ezkiagaren erasoaren ondorioz literaturarako zaletasuna galdu zenuen zuk, Olatz.
Euskararekiko nazka sentitzera iritsi nintzen, duela gutxira arte ez dut euskaraz irakurri eta euskal kultura arbi soro bat iruditzen zitzaidan. Bertsolaritzak ere kristoren nazka ematen zidan zuek ezagutu arte.
Pozten naiz, bada.
Emakume askoren lan zoragarriari esker adiskidetzen ari naiz euskal kulturarekin.
Esandako guztia esanda ere, kontatzeak merezi du?
Audrey Lordek esaten zuen: “Nire isiltasunak ez nau ni salbatu, eta zure isiltasunak ez zaitu zu salbatuko”. Hitz egiten dugun aldiro biktima izatetik eraldaketa baten agente izatera pasa gaitezke. Indar hori gaindiezina da.
Minbiziarekin egin zara ezagun, Patxi Ezkiagarekin ere atera zara…
Nire alabek esaten didate oso bizitza randoma daukagula, baina euskaldunak orokorrean paraplegiko emozionalak garela eta guk kontatu egiten dugula gure bizitza.
Bizitza randoma diozula, zu berez abokatua zara.
Bai, hirigintza arloan lan egiten dut.
Paraplegia emozionaletik badu zerbait zure lanbideak…
Paraplegiatik baino gehiago psikopatiatik.
"Beraz, egin ezazu borroka ahal baduzu, eta behar baduzu, har ezazu atseden gero berriro ere borrokara abiatzeko"
Eta egungo hirigintza ereduak aldatu daitezke?
XX. mendeko hirigintza autoentzat errepideak eta eraikitzeko partzelak izan da. Zakildun gizon zuri, hetero eta dirudunek egin dute dena, pentsatuz, guztiok daukagula kotxe bat eta gure zaintzaz arduratuko den norbait. Beste begirada batzuk iritsi ahala, gauzak aldatzen hasi dira. Zaintza benetan praktikan jarri ahal izateko, espazioak sortu behar ditu aukerak. Herriak diseinatu behar dira pertsonen beharrei erantzuteko, eta gure beharrak ez dira bakarrik esnatu, lanera joan eta etxera etorri.
Zaintza eta hirigintza elkarrengandik urruti daude gehienontzat.
Hala pentsatu direlako. Gaur egun, ordea, zaintza ahalbideratzen duen hirigintza egiten ez badugu, hirigintza kaxkarra eta zaharkitua egiten ari gara. Aldi berean, badakigu kapitalismoak negozioa ikusten badu haginka egingo diola zaintzari; beraz, zaintza kolektibizatu eta lehen lerroan jarri bai, baina erne.
Ikusi zaitugun esparru guztietan dituzu diskurtsoa eta iparra argi. Dena da borroka eremu?
Batzuetan kristoren indarra daukazu, eta besteetan ez. Jendeak esaten dizu “atera zure babes eremutik”, baina nik, tarteka, ikusten dut babes eremu bat eta bertara salto egiten dut. Beraz, egin ezazu borroka ahal baduzu, eta behar baduzu, eta har ezazu atseden gero berriro ere borrokara abiatzeko. Nik bizitza ez dut ulertzen konprometitzen ez bagara.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.
1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.
Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]
Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.
Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]
Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]
Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]
Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta,... [+]
Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira.
Gernikako saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa hasi da astearte honetan Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak 14 urteko espetxe eskaera egin du, eta akusazio partikularrak hamazortzikoa, sexu abusuak leporatuta. Lópezen defentsak adierazi du entrenatzaile... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]