Manuela Aldabe artista, kazetari eta irakasle uruguaitarra da eta urteak daramatza bere praktika artistikoarekin heriotza bidegabeak ikertzen. 2016an hasi zen feminizidioaren biktima izan diren emakumeen jantzien inguruan lanean eta, besteak beste, senarrak hil zuen Delmira Agustini poeta uruguaitarraren emaztegai-soinekoarekin egin zuen lan. En ella estamos todas deituriko instalazio artistikoa inauguratu du Montevideoko (Uruguai) Kolonaurreko Arte Indigenaren Museoan.
Uruguaiko auzitegi-antropologia taldeak Infanteriako Hamalaugarren Batailoian aurkitu duen gorpuari eskaini dio Aldabek aurkeztu berri duen lana. Gorpua diktadura garaian desagerrarazi zuten. Artetik omenaldi kolektiboa egiteko asmoarekin iritsi da desagertutakoen gaia lantzera. “Gure lurraldean eta historian noraezean gelditu diren heriotzak dira eta horiei ikusgarritasuna eta leku propioa emateko bilaketak bultzatzen nau lan hau egitera”, dio proiektuaren zergatiaz galdetuta.
Hamalaugarren batailoiko lau hilobitako lurra erabili du han desagerrarazi eta lurperatutakoen memoria omenduko duen lorategi bat eraikitzeko. Bere ustez, 40 urte hauetan gorpuzkiak lur bilakatu dira, konpost, lurra elikatu dute eta bertatik lore berriak jaio dira. Prozesuaz zera dio: “Hilobi bakoitza, gizaki bakoitza oso singularra izan da; batzuek lur trinkoa zuten, beste batzuek karea. Julio Castroren (1908-1977-2011) hilobiko lurra, adibidez, hondarra da. Julio Castro kazetaria eta maisua zen. Bere hilobiko lurrarekin lan egiteak oihartzun asko eragin dizkit neu ere kazetaria eta irakaslea naizenetik. Eduardo Bleier (1927-1976-2019) nire aitonaren laguna zen eta, kasu horretan, samurtasunetik bihotz-ukitu nau. Ricardo Blanco (1938-1978-2012) sindikalista genuen, eta berekiko miresmena izan da mugiarazi nauena. Azkenik, soineko honek irudikatzen duen identifikatu gabeko gorpuak guztiz astindu nau, emakume izateagatik eta erail zutenean haurdun zegoelako.”
Uruguaiko diktadurako estatu-terrorismoa gaur egungo koiunturarekin lotu nahi izan duen arren, desagertutako bakoitzaren istorio pertsonalen arabera ehuntzen joan da proiektua. 196 dira (gutxienez) Uruguaiko diktadura militarrak desagerrarazi zituen pertsonak eta bakoitzaren nortasunaz eta ekarpenez hitz egin nahi izan du. Obra beldurrezko istorio bat izatetik aldentzen saiatu den arren, diktadura militarrak gauzatu zituen gizateriaren aurkako krimenen izugarrikeriak presente egin eta salatzeko premia izan du.
Aurkezpenaren lekuaz eta dataz
Artelana ez du ustekabean kokatu Montevideoko Kolonaurreko Arte Indigenaren Museoan. Defentsa Ministerioaren egoitza han egon zen diktadura garaian, 1973 eta 1985 bitartean, eta leku horretan galdekatu eta desagerrarazi zituzten hamarnaka uruguaitar. Desagertuen memoria museo horretara ekarri izana, haien presentzia bertara itzuli izana, oso keinu artistiko esanguratsua izan da, justizia eskaera den aldi berean.
Artelana aurkeztu duen data ere ez da kasualitatea. Isiltasunaren Martxa historikoaren bueltan izan da, Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos (Atxilotu eta desagerrarazitako uruguaitarren ama eta senideak) kolektiboak urtero antolatzen duen mobilizazio nazionala. Uruguain eta Hego Amerikan Kondor Planaren testuinguruan bultzatu zituzten diktaduretan gertatutako desagerpen eta erailketak argitu daitezen eskatzen du manifestazio jendetsu horrek Ellos saben dónde están. Exigimos respuestas lelopean (Haiek badakite non dauden. Erantzunak nahi ditugu).
Identifikazioa
“Amelia Sanjurjo 1936-1977-2024” dioen horma-irudiarekin parez pare, Montevideoko Errepublikako Unibertsitatean bildu den jendetzaren artean, gaurko egunez Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos elkarteak antolatu duen omenaldi eta hileta publikoak ekarri nau afixa honen aurrera.
Karteleko hiru datek eman didate atentzioa: lehen zenbakia Amelia Sanjurjo jaio zen urtea; Uruguaiko Alderdi Komunistako kide izateagatik diktadurako militarrek erail zuten urtea bigarrena; eta herrira itzuli den urtea hirugarrena. Hala sentitu baitu Uruguaiko gizarteak Ameliaren gorpua identifikatu izana.
Ekainak 6 ditu eta astebete besterik ez da pasa Amelia Sanjurjo Casalen gorpua identifikatu denetik Infanteriako Hamalaugarren Batailoian aurkitutako hilobien artean. Bi aste Manuela Aldabek gorpuzkiaren identifikazioa aldarrikatzen duen artelana plazaratu eta Isiltasunaren Martxa burutu zenetik. En ella estamos todas artelana eraldatu egin du historiaren bilakaerak eta memoria eta justizia aldarrikatzen dituzten militanteen borondate konprometituak. “Amelia Sanjurjo 1936-1977-2024” dioen kartela alboan du orain soinekoak.
“Lurperatu zutenek ez zuten esan non zegoen, ezta nor zen ere. Izenik ez zuen gorputz batekin egin dut lan eta, erakusketa zegoen bitartean, gaia jorratzen ari ziren zientzialariek nor den jakitea lortzean eta identitatea publiko egitean, badago, agian, ekintza psikomagiko bat, mundua eraldatzea posible dela sinesten jarraitzea baimentzen diguna. Iruditzen zait hori funtsezkoa dela artean. Bizi ditugun eremu guztietan ditugu mugak, artean ez. Arteak, giharra emango dion mugimendu politikoa atzean duenean, edozer du posible”, azaldu du.
Eta orain zer?
Aldabek espero du jendea erakusketatik Uruguaiko diktadurak desagertutakoen izen-abizenen zerrendarekin joatea, Uruguaiko kontakizun historikoaren parte izan daitezen. Era berean, artelanaren lurreko “odol” hari horiekin jaiotzen den esperantza sentsazioa eraman dezaten nahi du, hegan egiten duen eta lorez inguratuta dagoen soineko batekin amaitzen dena, memoria eta presentzia ariketa horretan. Bestalde, gorpuaren identitatea ezagututa, gertatu zena argituko duen ikerketa abiatzeko itxaropena du, Ameliari justizia egiteko.
Hurrengo pausuez galdetuta, Aldabek dio: “Orain, ziurrenik, Ameliarekin egingo dut lan, obra honetan ez bainekien Amelia Sanjurjo zenik. Hau izango da, orain bai, Ameliarentzako artelana. Bere lurra Oroimenaren Parkean dagoen lorategi txiki batera joango da, Montevideoko Oroimenaren Museora, han baitaude beste hobi lurrak, eta landareak haziko ditugu leku horretan. Amelia etxera itzuli da, familiara, herrira”.
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.
Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) desagertutako 197 lagunak kalera atera zituzten milaka lagunek beste hainbeste argazkitan, 27. Isiltasunaren Martxan. Manifestazioa bereziki jendetsua izan da aurten, pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ondoren.
Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.
Kaxa hutsak proiektuaren baitan, azken hamarkadetan Uruguain bizi den Josu Lariz euskal iheslariaren esperientzia biltzen duen dokumentala estreinatu zen ostegun honetan Iruñeko Katakrak liburudendan: Oroimina loretan
Hamabost urteko agintaldi ezkertiarraren ostean, martxoaren 1ean eskuinak hartuko du Uruguaiko agintaritza. Presidente berria Luis Alberto Lacalle Pou izango da, herrialdeko presidente ohiaren semea, eta jada 457 neurri iragarri ditu. Neurrion artean, greba eskubidea murriztea,... [+]
Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde... [+]
Uruguaiko Paysandú departamentuan egindako ikerketa batean pestizida arrastoak aurkitu dituzte zerutik datorren euriko uretan. Hainbat ikerlarik laborategian aztertu dute ura eta intsektizidak eta fungizidak dituela ondorioztatu dute.
“Zinemak gezurrak esan ditzake, kirolak ez”. Hauxe da Julien Faraut zuzendari frantsesaren L’empire de la perfection (2018) pelikularen ardatza. Ideia Godarden elkarrizketa batetik dator: “Giza gorputzak gezurrik esan gabe jarraitzen duelako ikusten dut... [+]
Apirilaren 26an izango da sari banaketa, Gernikako bonbardaketaren 79.urteurreneko ekitaldien barruan.
Idazle uruguaitarra Montevideoko ospitalean hil da 74 urterekin, Espainiako Irrati Publikoak zabaldu duenez eta Uruguaiko Montevideo Portal guneak baieztatu duenez. Hego Amerikako idazlerik nabarmenduenetakoa da.