“Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa”

  • Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez, Oztoporik gabeko bainua programaren –egokitutako bainu zerbitzuaren– garrantzia azpimarratu du.

Argazkiak: Cepedak utziak.

Hondarribitik (Gipuzkoa) hamar minutura bizi da Juncal Cepeda. Itsasoa uste baino gertuago dagoela dirudi, baina duela zazpi urte bainatu zen lehenengo aldiz itsasoan, Hondarribian bertan. Hasieran, itsasoan bainatzeak beldurra ematen zion, baina poliki-poliki igeri egiten ikasi, eta txapelketetan ere parte hartu du: “Ez dut lehenago ikasi elbarriok uretara sartzeko izan ditugun oztopoengatik eta senideek ez dakitelako igeri egiten. Txikitatik ez nuenez ikasi, beldurra ematen zidan”.

Denborarekin beldurra txikituz joan da, eta egun, onura ugari ekarri dizkio hondartzak: “Ezagutu dut zein gaitasun fisiko landu ditzakedan autonomia gehiago izateko, gozatzeko eta erronka berriei heltzeko”. Horrez gain, itsasoaren usainak eta soinuek lasaitasuna ematen diote: “Ikusi nahi nuen zer ekartzen ahal zidan urak. Hasieran oso gogorra izan zen eta ez nuen gozatu, baina pentsatu nuen berriz saiatu behar nuela gozatzeko”.

Oztoporik gabeko bainua zerbitzua erabiltzen du hondartzan bainatzeko. Uretara sartzeko laguntza behar dutenentzako programa da, eta Getariako (Gipuzkoa), Hondarribiko eta Donostiako hondartzetan eskaintzen dute, besteak beste. Cepedaren kasuan, hondarretik uretaraino joaten den aulki batean sartzen da uretara sorosle batzuen laguntzaz: “Ez badakizu igeri egiten, aulkian geratu zaitezke uretan. Lehenengo aldian sorosleek aulkitik ateratzeko esan zidatenean argi nuen ezetz, baina gero aulkitik atera eta flotagailu batekin aritu nintzen”.

"Erakundeek dirua inbertitu beharko lukete soilik bainu egokituez arduratzen diren sorosleak egoteko"

Aldez aurretik abisatu behar da esateko zein ordutan eta egunetan bainatu nahi duzun. Gehienetan ez dago zerbitzua erabiltzeko oztoporik, baina bero handiko egunetan zailagoa izaten da, sorosle gutxiago dagoelako libre: “Sorosleek ohiko lana albo batera uzten dute bainu egokituetako zerbitzua emateko. Egun berotsuetan oso mugatuta egoten da zerbitzua”. Espreski zerbitzu hori emateaz arduratzen diren sorosleak egon beharko liratekeela uste du Cepedak: “Erakundeek dirua inbertitu beharko lukete soilik bainu egokituez arduratzen diren sorosleak egoteko”.

Azpiegituretan ere inbertitu beharko litzatekeela uste du. Izan ere, hondartza gehienak ez dira irisgarriak: “Pasabide onak eta lasai egoteko eta aulkia uzteko lekuak behar ditugu. Hondartza askotako pasabideak hondarretan ondoratuta gelditzen dira”. Getariako hondartza aipatu du leku atsegin bezala. Aurten pasabide bat egokitu, eta itzaletan “lasai” egoteko txoko bat jarri dute. Horrelako egitasmoak hondartza guztietara zabaldu behar direla dio: “Tresnak baldin baditugu, erabili egin behar ditugu denok gozatu ahal izateko. Zergatik batzuek gozatu dezakete hondartzan eta beste batzuek ez? Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa”.

Begirada lantzeko beharra

Nabarmendu du aisialdiak denontzako irisgarria izan behar duela. “Berdintasuna lortzeko, aukera berdinak izan behar ditugu”. Gaineratu du norberak aukeratuko duela zer egin edo zer egin nahi ez duen; hala ere, probatzera animatu du jendea: “Nahiz eta ura ez gustatu edo hasieran beldurra eman, jendea animatu nahi dut probatzera. Uste dut geure partetik erresistentzia dagoela, ez garelako besteak bezala sartzen”.

Horregatik, garrantzitsua da jendeak horrelako zerbitzuak ezagutzea eta gizarte osoaren begirada lantzea: “Uretan sartzen garenean, jendeak begiratu egiten gaitu. Agian ni ez naiz sartu zu bezala, baina zuk ere ikusi behar duzu nola sartzen naizen. Desberdintasunak ere ikusi behar ditugu. Nik aulkia behar dut, eta zer?”.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Besoak. Azken urteetan askoz gehiago erabili ditut. Txikitan uste nuen hor zeudela eman zizkidatelako, baina gero balioa eman diet. Uste dut ez dakigula zenbat balio duten. Besoak denetarako erabiltzen ditugu: igeri egiteko, besarkatzeko, jateko...".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude