Hizkuntza lan giroan ikasteko beharra

  • Lanaren bidez migratzaileei hizkuntzak irakasteko metodologiak eta estandarrak aztertu edota landu dituzte Aitor Montes Osakidetzako familia medikuak, Petra Elser itzultzaileak eta Mireia Plana Plataforma per la Llenguako lehendakariordeak. Ondorioztatu dute egon badaudela baliabide ugari, baina borondatea eta sistematizazioa falta direla.

Banaiz Bagara elkarteak urteak daramatza migratzaileentzako euskara-eskolak antolatzen, beti ere haien lanbideari lotuta diseinatutakoak. Argazkian Pako Aristi ageri da irakasle lanak egiten. 2018ko argazki honetan, zaintza lanetan aritzen diren emakume m
Banaiz Bagara elkarteak urteak daramatza migratzaileentzako euskara-eskolak antolatzen, beti ere haien lanbideari lotuta diseinatutakoak. Argazkian Pako Aristi ageri da irakasle lanak egiten. 2018ko argazki honetan, zaintza lanetan aritzen diren emakume migratzaileak dira ikasleak. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Petra Elser itzultzailea eta gizarte ekintzailea da, Banaiz Bagara elkarteko kidea. Elserrek etorkin helduei euskara irakasteko metodologia ugari landu ditu. Lana, kultura, kirola eta beste landu ditu hizkuntzaren transmisioaren bidez: “Jende askok onartuta dauka etorkinekin ezin dela euskaraz egin. Orduan, erdarara jotzen dute askok, eta soilik kontratatzen dituzte etorkinak ‘euskara behar ez den’ lanpostuetan”.

Hori dela eta, uste du migratzaile askok sentitzen dutela euskarak deus gutxirako balio duela: “Sistema eta politika konkretu batzuk daude horren atzean, eta horrek eragiten du pentsatzea euskara apaingarri dela”. Horregatik, Elserren erronkarik handiena zen euskara txertatzea helduentzako lanbide heziketako ikasketetan. Hau da, euskara ikastea, baina lanbideei eta ikasketei lotuta: “Etorkinek ez dute aukerarik euskara ikasteko testuinguru zehatzetan eta benetan egiten dutenari lotuta”.
     
Horretarako, Suedian egindako metodologia batzuetan oinarritu ziren. Zaintza lanez arduratzen ziren langile migratzaileei suediera irakasten zieten zenbait orduz, baina urtebeteren ostean ikusi zuten ez zutela hizkuntza ikasten, ez zuelako zerikusirik egiten zuten lanarekin. Hortik hizkuntza lanarekin elkartzeko proiektu bat sortu zuten Suedian. Helburua zen zahar egoitzetan egiten zen lana erreproduzituz hizkuntza ikastea. Hango eredua hartu eta Euskal Herrian txertatzen hasi ziren; hala nola ostalaritzan, zaintza lanetan eta industriako lanetan. “Soilik aste batzuetan egitea lortu genuen. Horrelako formakuntzak urte osoan eskaini beharko lirateke”, azaldu du Elserrek. Gainera, ez ziren formazio zentro horietatik propio sortu ziren formakuntzak, baizik eta kanpoko diru-laguntzei edo bestelako finantziazioei esker lorturikoak.

Elserren ustetan, gaia “neurri handi batean” politikoa da. Izan ere, metodologia egon badago, baina sistematizazioa falta da: “Oso proposamen onak daude, baina batzuetan inertziaz ikasten dira gauzak eta azterketetara bideratuta daude”. Horrez gain, euskara ikasteko ingurua ere landu eta sentsibilizatu behar dela uste du: “Hizkuntza hegemonikoak beti entzungo ditugu inguruan, baina hizkuntza gutxituak ez, orduan giro hori sortu behar dugu”. Horretarako, lan egiteko orduan denbora hartu, eta “poliki-poliki” gauzak euskaraz azaltzeko denbora hartzea lagungarria dela dio: “Laneko gauzak egiterakoan euskara praktikatzea lagungarria izan daiteke. Argi dago lanean urgentzia bat dagoen garaian ezin dela egin, baina lasaiago gaudenean lehengo momentura itzuli gaitezke hizkuntza lantzera”. Galesen, esate baterako, “oso aurreratuta” dagoen teknika da.

Petra Elser: “Etorkinek ez dute aukerarik euskara ikasteko testuinguru zehatzetan eta benetan egiten dutenari lotuta”

Herrialde Katalanetara Espainiatik eta Hego Ameriketatik doaz langileak
Osasun arloko langile falta lurralde askotara zabaltzen ari den afera da. Herrialde Katalanetan ere, langileak aurkitzeko arazoak dituzte. Plataforma per la Llenguako (Hizkuntzaren aldeko plataforma) lehendakariordea da Mireia Plana. Azaldu duenez, Herrialde Katalanetako langile asko Europako beste herrialdeetara joaten dira bizi baldintza hobeagoen bila: “Horregatik, beste herrialdeetatik inportatzen ari gara langileak; batez ere, Espainiatik eta Hego Ameriketatik. Askok azpimarratzen dutena zera da: ‘Espainian gaudenez, espainolez egingo dugu’”. Hori dela eta, geroz eta langile gutxiago dago katalanez artatzeko.

2023. urtean, Carme Junyent hizkuntzalariak Morir-se en català (Katalanez hil) artikulua idatzi zuen zendu aurretik. Salatu zuen bizitzako azken urteetan “geroz eta zailtasun handiagoak” izan zituela katalanez artatua izateko. “Ospitalizazioetako batean, medikuak gaztelaniaz hitz egiteko eskatu dit, eta nik galdetu diot ez ote duen kezkatzen katalanez ezin hiltzeak. Berak esan dit hobeto artatzeko dela. Hor sortzen da lehenengo hausnarketa etikoa: zein hizkuntza lehenetsi behar da, pazientearena edo medikuarena?”, zioen artikuluaren pasarte batean. “Ikaragarria da momenturik zaurgarrienetan gure eskubideak zapalduak izatea”, salatu du Planak.

Ez da ezerezetik sortu den afera; gorarazi du aspalditik salatzen dutela larrialdi linguistikoan daudela: “Gobernua orain hasi da neurriak hartzen; batez ere, osasun arloan”. Osasun sistema publikoko langile guztientzako hizkuntza plana sortu dute. Plan horren barruan, lanari lotutako gaiak jorratuz katalana ikasteko doako ikastaroak egiten dituzte lanorduetan.

Gaztelania zein katalana hizkuntza erromanikoak dira, eta antzekotasun “handiak” dituzte Planaren arabera. Horregatik, uste du ikasteko borondatea duen jendeak “erraz” eta “azkar” ikasi dezakeela. Hala ere, gertutasun hori batzuetan lagungarria den arren, beste askotan katalanaren kalterako ere izan daitekeela dio: “Oso gertukoak direnez, jendeak gaztelaniaz egiteko eskatzen digu. Baina kontua ez da hori, jokoan dagoena hizkuntza eskubideak dira”.

Pako Aristi euskara-eskolak ematen. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku.

Horrez gain, 2002an Bikote linguistikoak egitasmoa (Euskal Herriko mintzalaguna edo berbalaguna) martxan jarri zuen Cornellà de Llobregateko Udalak. Poliki-poliki zabalduz joan zenez, 2003an Kataluniako Generalitateak proiektuaren gidaritza hartu zuen. Proiektu horren bidez, katalanez ongi moldatzen diren eta katalana ikasten ari diren pertsonak elkartzen dituzte ordubetez praktikatzeko. Helburua da ohiko eredu formaletatik ateratzeko eta katalana egunerokoan erabili ahal izateko aukera izatea. Eremu ez-formaletarako diseinatutako egitasmoa lan esparruan probatu zuten, batez ere osasun zentroetan, eta langile katalan hiztuna eta erdal hiztuna elkarrekin jartzen zituzten hizkuntza praktikatzeko. “Bikote linguistikoek arrakasta handia izan dute ez delako soilik hitzak ikastea; atzean dagoen kultura oso bat ezagutzeko aukera bat da”, esan du Planak.

Kanadan, AEB-etan eta hemen
Osasun arloan hizkuntzak jorratzen dituzten estandarrak aztertu ditu Aitor Montes Osakidetzako familia medikuak. Beste herrialdeetan bertako hizkuntzak eta pazienteen hizkuntzak zaintzeko eta errespetatzeko dauden ereduak ikertu, eta Euskal Herrirako baliagarriak izan daitezkeen hausnartu du: “Orain dugun osasun sistema publikoa estatu nazionaletan oinarrituta dago; hala nola Frantzian, Espainian eta Erresuma Batuan. Estatu nazionala izateak hizkuntza bat dakar, eta horrek eragiten du osasun arloko profesionalen ibilbidea, prestakuntza, eta sozializazioa hizkuntza nagusietan egitea. Ez da zalantzan jarri”.

Gero eta ohikoagoa da lurralde berean are eta hizkuntza gehiago elkarbizitzea. Amerikako Estatu Batuetako adibidea ekarri du Montesek eta haien ikuspegia kontatu du. Azaldu du nola hango osasun arloko profesionalak konturatu diren geroz eta paziente gehiago daudela ingelesa edo frantsesa ezagutzen ez dutenak, edo ez direnak gai ganoraz erabiltzeko. Egoera horiek definitzeko language barrier –hizkuntza mugak– kontzeptua asmatu dute. AEBetako estandarren arabera, hizkuntza mugak dira hizkuntza partekatzen ez duten pazienteen eta osasun arloko profesionalen arteko mugak: “Potentzia edo nazio estatuek hizkuntza komunikazio tresna izatera mugatzen dute, eta esaten dute pazienteek dutela hizkuntza muga, eta eurek ekartzen duten zama eta traba bat dela”.

Montesek azaldu du estandar horien arabera, “oso profil mugatuan” kokatzen dituztela ingelesa ez dakitenak. Izendapenak harritzen du, izan ere, AEBetan, LEP Limited English Proficiency deitzen diete ingeles gaitasun mugatua duten pertsonei. “Horrek ardura pazientearengan jartzen du, zu zarelako ingeles gaitasun mugatua duen pertsona”.

AEBetan, ingelesaz gain, milioika dira gaztelania ama hizkuntza daukatenak. Horregatik, “arraroa” egiten zaio ez eskaintzea osasun arreta gaztelaniaz: “Zeozer egin dute komunikazioa bermatzeko, baina ikuspegia argi geratzen da, mundu guztiak jakin behar du ingelesa, euren sistema kulturalaren inposaketa eta asimilazioa da. Konstituzioan ez du jartzen ingelesa hizkuntza ofiziala denik, baina hezkuntza prozesua ingelesez da”. Montes ez dago ados kontzeptu eta praktika horiekin: “Hori da gehien inposatu edo zabaldu den eredua, baina gurean ez dauka zentzurik. Ez dugu molde hori jarraitu behar”.

Argazkikoak Municheko Integrationskurs integrazio ikastaro bateko ikasleak dira. Ikastaro horien helburua atzerritarrei Alemaniako bizimodua ezagutzeko tresnak ematea da. Tartean alemana irakasten zaie.

Zalantzan jarri du hizkuntza txikiek, euskarak kasu, molde horietan daukaten lekua: “Gaztelaniaz moldatu naiteke, baina euskaraz nahiago dut. Arazoa ez da komunikazioa. Nik ulertzen zaitut, baina behar dudana da enpatia, gertutasuna eta eroso sentitzea”. Hala ere, badira soilik euskaraz moldatzen direnak; esate baterako haurrak. Kasu horietan, guraso askok itzultzaile lana egin behar izaten dute: “Askotan haserretu egiten dira medikuentzat haurrarekin komunikatzea ezinezkoa delako. Azkenean gaztelania ikasiko dute, baina hori ere inposaketa da”.

Eskaintza aktiboa
Itzulpenaren ereduaren aurrean, “hizkuntza parekotasuna” proposatu du Montesek. Kanadan sortu eta Galesera ere zabaldu diren zenbait neurri dira. Uste du eredugarri izan daitekeela Euskal Herriko osasun sistemarentzat. Kanadan ingelesa nagusitzen den arren, bi hizkuntza ofizial dituzte, ingelesa eta frantsesa: "Eurek argi dute eskubide bat dela osasun arreta norberaren hizkuntzan jasotzea eta beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzua emateko. Horregatik, osasun sistemaren ardura eta erantzukizuna da horrela jokatzea”.

Active offer –eskaintza aktiboa– deitzen diote eredu horri. Izan ere, helburua da pazientearen beharren araberako arreta eskaintzea: “Beharren bat duzula zatoz: larri, jota, kezkatuta, laguntza eske, edo auskalo. Sistemak egoera horri aurre egin behar dio eta zuk eskatu gabe zerbitzua zure hizkuntzan eskaini”.

Eredu baliagarriak dituzten arren, kosta egiten zaie horrelako egitasmoak praktikan jartzea, Euskal Herrian bezala, Kanadan ere, osasun arloko langileen hutsunea dutelako. Horregatik, saiatzen ari dira Afrikako hegoaldeko mediku frantses hiztunak Kanadara eramaten: “Mediku guztiak Kanadara eramaten badituzte, zer gertatuko da gero Afrikan?”.

Montesek uste du eredu hori Euskal Herrian erreproduzitzeko arriskua dagoela, ez dagoelako merkatuan profesional gehiago edukitzeko gaitasunik: “Gaztelania dakiten profesionalak inportatzen hasiko gara. Zer gertatuko da Galiziara, Herrialde Katalanetara edo Euskal Herrira iristen badira?”. Hain zuzen, urte honen hasieran, Osakidetzak medikuen eta erizainen hautaketa prozesuetarako beste neurri baten berri eman zuen. Neurri horren arabera, Osakidetzak 55 espezialitatetan Europako Batasunetik kanpoko mediku eta erizainak kontratatuko ditu langile gabeziari aurre egiteko.

2021eko uztailean, Unai Break astekari honetan egindako artikuluan (Mediku falta, etorkizunak dakarren mehatxua), Bizkaiko Sendagileen Elkarteko presidente Cosme Naveda elkarrizketatu zuen eta hark mediku gabeziaren hainbat arrazoi azpimarratu zituen: medikuntza ikasketak egiteko plaza mugatuak, ofizioaren prestigio galera, sektore publikoan lan baldintza kaskarrak, sektore pribaturako ihesa, eta bertako profesionalak atzerrira joatea lan baldintza hobeen bila.

Katalunian ‘bikote linguistikoak’ dinamika (gure mintzalaguna) lan munduan ere erabili dute. Argazkian Lleidako Udalaren egitasmo batean parte hartu zuen bikote linguistikoetako bat ageri da.

Langile berrien kasuan hartu beharreko bi neurri argi ditu Montesek. Alde batetik, uste du harrera protokoloetan azaldu behar zaiela non dauden, zer-nolako osasun sistema den, nola lan egiten duten, paziente batzuek euskaraz nahiago dutela eta hori errespetatu behar dela, eta beste gauza asko. Bestetik, hizkuntzaren inguruko prestakuntza eskaini behar dela dio: “Ez diot EGA ateratzeko moduko zerbait ikasi behar dutenik, baina oinarrizko gauzak bai eta ongi jakin zein baliabide dauden”.

Montesek ohartarazi du hizkuntza eskubideak arriskuan egoteaz gain, osasun sistema publikoa orokorrean “pikutara” doala: “Euskara eskatzen hasi garenerako, osasun sistema publikoa suntsitzen hasi dira. Gaur egun, gerta liteke ezinezkoa izatea ganorazko arreta jasotzea gaztelaniaz zein euskaraz”. Halere, euskararen alde egitea osasun sistema publikoa indartzearen alde egitea dela uste du: “Kanadako biztanleen %5 frantses hiztunak dira, eta halere lortu dute frantsesez artatzea. Gure kasuan, ez dugu euskaraz eskatuko, onartu dugulako ezinezkoa dela arreta euskaraz jasotzea. Kanadako datuak ikusita ez luke ezinezkoa izan beharko Gasteizen, Lizarran (Nafarroa) edo Tafallan (Nafarroa) euskaraz artatzea”.

Azpimarratu du baliabide “ugari” daudela osasun sistema publiko eta euskalduna sustatzeko: “Munduko liderrak izan gintezkeen, baina kudeaketa tamalgarria izan da, eta ematen du ez dagoela borondaterik osasun sistema publikoa indartzeko”.


Integrazio ikastaroak
Alemanian, Integrationskurs izeneko integrazio ikastaroak daude. Ikastaro horien helburua da atzerritarrei Alemaniako bizimodua ezagutzeko tresnak ematea; hala nola Alemaniako lege-sistema, politika, kultura eta gizartea azaltzen zaie, eta alemana irakasten zaie. “Printzipioz, lanean hasi baino lehen edo zure egoera erregularizatzeko egin behar duzu”, azaldu du Petra Elserrek. Sei hilabete izaten dira, eta oinarrizko hizkuntza gaitasunak eskaintzen dituzte. Doako ikastaroak dira; hala ere, Alemaniako Gobernuak erdira jaitsi du finantziazioa 2025. urterako. Anja Pielek, DGB Alemaniako Sindikatuen Federazioko zuzendaritzako kideak, salatu zuen horrelako neurriek migratzaileak “are gehiago” kaltetzen dituztela: “Zoritxarrez etorkinak dira lan ezegonkorrak, prekarioak eta soldata baxuak dituztenak”.

Federazioak egindako ikerketen arabera, Alemanian bizi diren migratzaileen %20 lanaren etorkizunagatik kezkatuta dago; bertan jaiotakoen artean aldiz, %13. Etorkinen hirukoitzak ditu behin-behineko lan kontratuak. Horrekin batera, migratzaileen %40ak oso diru-sarrera urriak ditu edo ez du nahiko bizitzeko.

Daniela Ponce (Nikaragua) etxeko eta zaintza langilea da. 19 urte zituenean haurrak zaintzera joan zen Alemaniako etxe batera. Ez dauka argi Integrationskurs horietako batean parte hartu zuen edo zeinetan. Hala ere, egunero, haurrak goizean zaindu ostean, alemana ikastera joaten zen. “Etxekoak paper guztiez arduratu ziren eta asko nabarmentzen zuten ikastearen garrantzia”. Berari egindako elkarrizketa duzue segidan.

 

“Euskara ikastea formakuntza soziosanitarioa bezain garrantzitsua izan beharko litzateke”

Daniela Ponce, zaintza langilea

Argazkia: Ura Iturralde.

Ia dena ulertzen duen arren, kosta egiten zaio euskaraz mintzatzea Daniela Ponceri (Nikaragua, 1974). Etxeko eta zaintza langilea da, eta euskara ikasi nahiko luke, baina laneko ordutegi luzeen ondorioz ezinezkoa zaio. Zaintza lanetan aritzen diren askok larunbatak libre izaten dituztenez, Zaldibian (Gipuzkoa) larunbatetan euskara klaseak jasotzeko talde bat antolatu nahi dute aspaldi: “Lortu arte borrokan jarraituko dugu”.

Nola iritsi zinen Euskal Herrira?
Orain krisi politikoarengatik gertatzen den bezala, garai batean jende asko joaten zen Nikaraguatik. Denak Espainiara joaten ginen; guretzat ez zen Euskal Herria existitzen. Esaten dizute ongi biziko zarela eta ongi kobratuko duzula. Amets bat dirudi, baina gero ikusten duzu errealitatea ez dela horren erraza. Lan egiteko ilusioz etortzen gara, esaten digutelako 1.000 euro kobratzen direla. Guretzat, lehen, 1.000 euro Nikaraguan asko ziren, egun, oso gutxi da dena dolarizatu delako.

Lehenik, Donostiara iritsi nintzen, baina oso gutxi egon nintzen 270 euro balio zuelako gela bat alokatzeak. 2008 izateko asko zen. Gainera, ez nengoen ohituta horrenbeste jenderekin bizitzera. Pisuan zegoen emakume batek Caritaseko lan poltsan izena emateko esan zidan. Izena eman, eta Zaldibian gizon bat zaintzen hasi nintzen.

Nolakoa zen lana?
Berez ez nuen soldatarik, akonpainamendurako nengoelako, baina erroldatzeko aukera eskaintzen zuten, diru-laguntza txiki bat eta ostatua. Horrelako egoeratan, ateratzen den lehenengo gauza hartzen dugu. Azken finean, bisa turistikoarekin iristen gara eta gero irregular geratzen gara. Hori hartu behar duzu bai edo bai, ez dagoelako beste aukerarik.

Bertan izan zenuen euskararekin lehen kontaktua?
Errealitate euskalduna ezagutu eta beste hizkuntza bat zegoela ikusi nuen. Ordura arte, Donostian, soilik gaztelaniaz hitz egiten zidatenez, ez nuen alderik sumatu. Zaldibian egoera erabat aldatu zen, etengabe entzuten nuelako euskara. Gizon batek bereziki asko lagundu ninduen eta animatzen ninduen euskara ikastera, baina ezinezkoa zen egun osoa lanean ematen nuelako. Hala ere, oinarrizko esaldiak ikasi nituen; hala nola Kaixo!, Egun on!, Zer moduz? eta horrelako gauzak.

“Zaintzaile lanetan ari garen gehienok larunbatak libre ditugunez larunbatetan klaseak jartzeko eskatu dugu, baina ez dugu lortu”

Euskara ikasteko formakuntzarik jasotzen zenuen?
Ez. Horren ostean, Errenteriako etxe batera joan nintzen. Han bizitzeko zenbait arau zeuden; horien artean, esan ziguten zenbait ikastaro egin behar genituela; adibidez, zerbitzari edo geriatriako laguntzailea izateko ikastaroak. Hala ere, ez ziguten euskara ikasteko aukerarik eskaini. Geriatria egitea erabaki genuen zahar asko daudelako. Horren ostean, berriz itzuli nintzen Zaldibiako baserri batera eta hor denek euskaraz egiten zuten.

Euskaran murgiltzeak ikasten lagundu zizun?
Han ikasi nuen euskara gehien, etxeko  langile egoiliarra nintzelako. Horrek piztu zidan euskararekiko interesa. Horregatik, saiatzen nintzen eguneroko gauzen bidez ikasten; adibidez, nola esaten den sagardoa euskaraz edo gauza praktikoak. Poliki-poliki hiztegia osatzen joan nintzen, eta 2015ean kultur etxeko ikastaro bat egitea erabaki nuen. Ordutegi aldetik ongi etortzen zitzaidan, bi orduko baimena eskatu bainuen ikasteko. Hala ere, gutxi iraun zuen, justu ikastaroa hasi, eta familia berriz elkartzeko prozesua egiten ari nintzenez, haurren bila joateko baimena eman zidaten. Itzuli nintzenean, zaintzen nituen emakumeen osasunak behera egin eta baimen ordu haiek galdu nituen.

Zaintza lanetan aritzen zaretenek salatzen duzue gauza askoren artean ez duzuela aisialdirako tarterik. Horrelako ordutegiak izanda euskara ikasteak badu lekurik?
Gutxi gorabeherako soldata duin bat lortzeko ordu asko egin behar ditugu; bestela ezinezkoa da. Zaldibian, adibidez, guretzat ezinezkoa da berandu libratzen garelako. Ni, adibidez, 19:30ak arte lanean ari naiz. Zaintzaile lanetan ari garen gehienok larunbatak libre ditugunez, larunbatetan eskolak jartzeko eskatu dugu, baina ez dugu lortu. Asko eskertuko genuke gauzak pixka bat erraztea. Guretzat oso zaila da euskara ikastaroetan parte hartzea, oso ordutegi esklaboak ditugulako askotan, eta zer esanik ez etxeko langile egoiliarren kasuan. Horiek ez daukate tarte bat ere.

Seme-alabetan txikiena Euskal Herrian jaio zen eta beste biak nerabe zirenean etorri ziren. Alderik sumatu duzu euskara ikasteko prozesuan?
Txikienak txikitatik ikasi du eta oso ongi identifikatzen du noiz erabili hizkuntza bakoitza. Asko ikasten dut berarekin. Nagusienak 16 urte zituenez, hurrengo ikasturtea hasi baino lehen sei hilabetez ikasi zuen euskara euskaltegian, eta gero oso ongi moldatu zen institutuan. Oso ikasle ona zen, eta emaitza bikainak ateratzen zituen euskara ikasgaian izan ezik. Normala den bezala, gehiago kostatzen zitzaion. Euskara irakasleak ez zuen batere lagundu. Ertainak, aldiz, 15 urte zituenez, ezin izan zuen euskaltegian izena eman, baina euskara irakasleak asko lagundu zuen. Hirurak oso ongi moldatzen dira orain. Askotan, beste gurasoek azpimarratzen didate haurrek berehala ikasi zutela euskara, eta galdetzen didate ea noiz ikasiko dudan. Jakingo balute zenbat lanordu egiten ditudan, ez lukete galdetuko noiz ikasiko dudan euskara.

Alemanian ere bizi izan zara. Alemana ikasi eta beste eredu bat ezagutu duzu. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso gaztetxoa nintzenean joan nintzen familia baten etxera bizitzera eta haurrak zaintzera. Goizetan haurrak zaindu, eta arratsaldetan alemana ikastera joaten nintzen. Ez dakit oso ongi zergatik zen, baina haurren gurasoak arduratu ziren dena antolatzeaz. Esan zidaten derrigorrezkoa zela arratsaldero alemana ikastera joatea. Asko nabarmentzen zuten, eta garrantzi handia ematen zioten ikasteari. Hasieran ez nuen deus ulertzen, baina azkenean ikasi nuen. Gainera, ez neukan beste erremediorik. Oso esperientzia polita izan zen.

Uste duzu hizkuntza irakasteko Alemaniako modua eredu izan daitekeela euskara ikasteko?
Uste dut baliagarria izan daitekeela. Lan egiteko zenbait baldintza bete behar ditugu, tartean, formakuntza soziosanitarioa izan behar dugu. Uste dut euskara jakitea formakuntza soziosanitarioa bezain garrantzitsua izan beharko litzatekeela. Adibidez, dementziaren bat duten pertsonek ama hizkuntza galtzea oso zaila izanen da, eta gure inguruan gehienen ama hizkuntza euskara da. Orduan, nola komunikatuko gara pertsona horiekin, gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna galdu eta soilik euskaraz hitz egiten badute? Euren hizkuntzan artatu ahal izatea zaintzaren parte da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migratzaileak eta euskara
Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldiak
“Euskaldun izatea hautua da, baina hautu horri bide eman behar zaio”

Nolakoa behar du euskal herritar berriei egiten diegun harrera? Nola josi aliantzak euskararen normalizazio eta biziberritze prozesurako? Premiazko erronkei heldu diete Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldietan, Gasteizen... [+]


2024-10-11 | Cira Crespo
Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldiak
“Ederra litzateke euskaraz kalean ikastea”

Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako "Ongi etorri Euskararen Mundura" jardunaldiak izan dira Gasteizen ostegunean eta ostiralean. Egun bi bete-beteak,  eta mahai gainean Euskararen normalizazio prozesuan euskal herritar berriak integratzeari buruzko praktikak... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Harrera bizkorreko gelak etorri berrientzat

Eroriko askoren artean badira lorpenak ere. 35 urte inguruko ama gazte batek galdetzen zidan aurreko batean nola arraio lortzen zuten beraien eskolan etxean euskara jaso ez zuten ikaskideek etxetik euskaldunak ziren neska-mutikoek bezain ongi ikastea eta hitz egitea euskaraz... [+]


Nevada

– Zelan zaude, tio?
– Txarto, txarto. Makinara lotuta.
– Emango diozu buelta, zu gogorra zara eta.
– Ez dakit, ba. Oraingotan ez dakit.

Horixe izan zen Ameriketako osabarekin izandako azken elkarrizketa. Artzain joan zen Nevadara, aspaldi, eta... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


Etorkin helduei ez diegu euskara eman behar?

UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Egin nirekin euskaraz leloa daraman kanpaina aurkeztu zuen komunikabideen aurrean pasa den hilabetean. Jatorria Euskal Herrian ez duten familiak agertu dira, UEMAko ordezkariekin batera. Esan dute maiz haur horiengana euskaldunok... [+]


2023-10-04 | Aingeru Epaltza
Diskurtso arriskutsua

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak argitaratzean ikasi genuen: 2011tik hona, Foru Komunitatean indartu egin da euskararen erabilera sustatzearen kontrako jarrera, eta ahuldu, berriz, aldekoena. Euskal txio herrian, jendea ez da posible-ka... [+]


2023-02-08 | Reyes Ilintxeta
Luzio Tabar. Trapuketaria
“Munduko pertsona guztientzat posible ez dena pribilegioa da, ez eskubidea”

50 urte bete berri dituzte Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak eta Nafarroako Emausko Trapuketariek, eta bietan buru belarri lanean Luzio Tabar, lehenbizi euskaltegian eta trapuketariekin orain. Bietan ezaugarri komun asko: biak herri ekimenak, behar sozial bati ... [+]


Euskarara gerturatzeko urrats txikiak Lekeition

Saltsa guztietan egon ohi dira eta Lekeitioko Ikastolak proposatutako erronkari ere ez diote iskin egin espeja-gartziatarrek. Alina Diadoma ukrainarrak prestutasun hori baliatu eta gogoz hartu du aste betez familia euskaldun batean bizitzeko erronka. Ikasleek eta familiek... [+]


Deserria

“Maketoa naiz eta arto nago”. Hala zioen udaberri aldera auzoko pareta batean loratutako pintadak. Lerro hauen atzean denari irri bihurria atera zion esaldiak, baina oso bestelako irakurketak ere izan zituen. Bigarren zentzua izan zezakeen esaldia izatetik urruti,... [+]


Migrazio erdalduna herri euskaldunetan
Zergatik gerturatzen dira euskarara? Eta zergatik urrutiratu?

Migratzaile erdaldunek euskararekin sortzen duten harremanean aldagai askok eragiten dute, eta gainera, faktoreok pertsona beraren bizi zikloan alda daitezke. Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlanean udalerri euskaldunetan... [+]


Eguneraketa berriak daude