Sionismoaren kolapsoa

  • Hamasen urriaren 7ko erasoa eraikin zahar bat astindu duen lurrikararekin konpara daiteke. Arrakalak agertzen hasiak ziren, baina orain begi-bistan daude, oinarrietaraino.

AEBetako juduen komunitatea paper garrantzitsua jokatzen ari da Palestinaren aldeko mugimenduan.
AEBetako juduen komunitatea paper garrantzitsua jokatzen ari da Palestinaren aldeko mugimenduan.

120 urte baino gehiago pasa dira Ekialde Hurbileko herrialde arabiar musulman batean Estatu judua inposatzeko ideia sortu zenetik. Lortuko al du Palestinako proiektu sionistak hondamendia ekiditea? Historiak erakutsi digu faktore ugarik jar dezaketela estatu bat kolokan. Izan daiteke inguruko herrialdeen etengabeko erasoen edo gerra zibil kronikoaren emaitza. Izan daiteke erakunde publikoak amiltzearen ondorio, herritarrei zerbitzuak emateko gaitasuna galdu dutelako. Askotan desintegrazio prozesu geldoa hasten da, abiada hartzen du, eta gero, denbora gutxian, amildu egiten dira lehen sendo eta irmoak ziruditen egiturak.

Zailena lehenengo adierazleak antzematea da. Israelgo Estatuaren kasuan inoiz baino zantzu argiagoak daudela argudiatuko dut hemen. Prozesu historiko baten lekuko izaten ari gara –edo, zehatzago, prozesu baten hasieraren lekuko–, eta ziurrenik sionismoaren gainbeherarekin amaituko da prozesua. Eta, nire diagnostikoa zuzena bada, bereziki arriskutsua izango da sortzen ari den abagunea. Izan ere, behin Israel konturatzen denean krisiaren tamainaz, indar basati eta desinhibitua askatuko du krisiari eusten saiatzeko, Hegoafrikako apartheid erregimenak bere azken egunetan egin zuen bezala.

-  1  -

Gizarte judu israeldarraren apurketa da lehen adierazlea. Gaur egun bi bando daude, arerioak elkarren artean, eta ez dira gai lurralde amankomunik aurkitzeko. Judaismoa nazionalismo gisa ezberdin definitzen dute eta hor dago hausturaren jatorria. Israelgo identitate juduaren inguruan teorikoki eztabaidatu dute bando erlijiosoak eta laikoak. Baina orain esfera publikoaren eta estatuaren izaera bera daude lehian. Borroka hori ez da soilik komunikabideetan gertatzen, kaleetan ere bai.

Bandoetako bati “Israelgo Estatua” deituko diogu. Judu europarrek eta haien ondorengoek osatzen dute, laikoagoak, liberalagoak eta, gehienbat –nahiz eta ez beti– klase ertainekoak. Erabakigarriak izan ziren 1948an estatua sortzerako orduan eta hegemonikoak izan ziren joan den mendearen amaierara arte. Ez okertu, haiek “balio demokratiko liberalak” defendatzeak ez du eraginik Jordan ibaitik Mediterraneoraino palestinar guztiei inposatzen zaien apartheid sisteman. Beren oinarrizko nahia herritar juduak gizarte demokratiko eta pluralista batean bizitzea da, zeinean arabiarrak baztertuta egongo diren.

Askotan desintegrazio prozesuak geldo hasten dira, abiada hartzen dute, eta denbora gutxian, amildu egiten dira sendo ziruditen egiturak

Beste bandoa “Judeako Estatua” deituko dugu eta Zisjordania okupatuko kolonoen artean garatu zen. Geroz eta babes handiagoa du Israelen, eta hau izan zen Netanyahuri garaipena bermatu zion oinarri soziala 2022ko azaroko hauteskundeetan. Esponentzialki hazten ari da bando honek armadako goi-mailetan eta Israelgo segurtasun zerbitzuetan daukan eragina. Judeako Estatuak Israel teokrazia bilakatzea nahi du, Palestina historiko osoan zehar hedatuta. Hori lortzeko, prest daude palestinarren kopurua minimora murrizteko eta al-Aqsa dagoen lekuan Hirugarren Tenplu bat eraikitzea aurreikusten dute. Bando honetako kideek uste dute, Bibliako Erreinuen urrezko garaia berrituko dutela horrela. Haientzat, misio horri uko egiten dioten judu laikoak palestinarrak bezain heretikoak dira.

Bi bandoak enfrentamendu bortitzak izaten hasiak ziren urriaren 7a baino lehen. Asaltoaren osteko lehen asteetan, irudi zuen haien arteko ezberdintasunak alde batera utzi zituztela, etsai komunaren aurrean. Baina ilusio hutsa zen hori. Kale borrokak berpiztu egin dira, eta zaila da ikustea nola adiskidetu daitezkeen berriz ere. Espero zitekeena ari da gertatzen, gure begien aurrean. Urritik hona herrialdea utzi dute milioi erdi israeldar baino gehiagok, “Israelgo Estatuaren” aldekoak. Judeako Estatua Israel irensten ari da. Mundu arabiarrak ez du proiektu politiko hau onartuko, eta agian munduak orokorrean ere ez, epe luzean.

Gazako atxilotuak masiboki torturatzen ari direla salatzen ari dira Palestinako eta nazioarteko giza eskubideen aldeko elkarteak. (Argazkia: Moti Milrod - AP)

-  2  -

Bigarren adierazlea Israelgo krisi ekonomikoa da. Etengabeko gatazka armatuetan egonda, ez dirudi  klase politikoak inongo planik daukanik finantza publikoak orekatzeko, ez bada geroz eta mendekotasun gehiago izatea AEBetako laguntza ekonomikoarekiko. Iazko azken hiruhilekoan, ekonomia ia %20 jausi zen; ordutik, errekuperazioa hauskorra izaten ari da. Ez du ematen Washingtonek hitzemandako 14.000 milioi dolarrek egoerari buelta emango diotenik. Alderantziz, zama ekonomikoak okerrera besterik ez du egingo Israelek Hezbollahrekin gerran sartzeko asmoekin aurrera jarraitzen badu, Zisjordanian jarduera militarra areagotzen duen bitartean. Kontuan izan behar da herrialde batzuk –Turkia eta Kolonbia, kasu–, zigor ekonomikoak ezartzen hasi direla.

Gainera, krisia larritu besterik ez du egiten Finantza ministro Bezalel Smotrichen gaitasun faltak. Etengabe ari da dirua bideratzen Zisjordaniako asentamendu juduetara, baina ez dirudi bere departamentua gidatzeko gai denik. Israelgo Estatuaren eta Judeako Estatuaren arteko gatazka, urriaren 7ko gertakariekin batera, eragiten ari da elite ekonomiko eta finantzarioaren zati batek kapitala estatutik kanpora eramatea. Israelen, biztanleriaren %20ak ordaintzen du zergen %80a, eta %20 horren zati esanguratsu bat beren inbertsioak birkokatzea pentsatzen ari da.

-  3  -

Hirugarren adierazlea da Israel geroz eta bakartuago dagoela nazioartean eta pixkanaka estatu paria bilakatzen ari da. Prozesu hau urriaren 7a baino lehen hasi zen, baina areagotu egin da genozidioa abiatu zenetik. Horren erakusle dira aurrekaririk gabeko Nazioarteko Justizia Auzitegiaren (NJA) eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren (NZA) posizioak. Orain arte, Palestinarekiko elkartasuna lantzen duen mundu mailako mugimenduak lortua zuen jendeak boikot ekimenetan parte hartzea, baina ez zuen lortzen aurrerapausorik ematea nazioarteko zigorren esparruan. Herrialde gehienetan, agintari politiko eta ekonomikoek Israel babesten jarraitzen zuten erabat.

Israel pixkanaka estatu paria bilakatzen ari da

Testuinguru honetan, NJA eta NZAren azken erabakiak –genozidioa izan daitekeela, Rafahko erasoaldia gelditu behar dela, agintari israeldarrak gerra krimenengatik atxilotu behar direla– munduko gizarte zibilaren iritzia kontuan hartzeko saiakera gisa ulertu behar dira, ez eliteen iritziaren isla huts. Auzitegiek ez dituzte arindu Gaza eta Zisjordaniako biztanleen aurkako eraso bortitzak. Baina lagundu egin dute Israelgo Estatuarekiko kritiken korua indartzen, eta hauek geroz eta goragotik eta behetik datoz.

-  4  -

Laugarren adierazlea da, aurrekoari lotuta, mundu osoko judu gazteengan izan den errotiko aldaketa. Azken bederatzi hilabeteetako gertaeren ondoren, ematen du asko prest dagoela Israelekin eta sionismoarekin duten lotura askatzeko eta aktiboki parte hartzeko Palestinarekiko elkartasun mugimenduan. Juduen komunitateek, bereziki AEBetakoek, Israeli inmunitate eraginkorra ematen zioten kritiken aurrean. Babes hori galtzeak, edo partzialki galtzeak, ondorio garrantzitsuak ditu herrialdeak munduan duen estatusean. AIPAC [AEBetako lobby sionista] taldeak oraindik izango du sionista kristauen laguntza, baina ez da erakunde ikaragarri bera izango boto-emaile juduen kopuru esanguratsurik gabe. Lobbyaren boterea higatzen ari da.

-  5  -

Bosgarren adierazlea: armada israeldarraren ahulezia. Ez dago zalantzarik IDFak indar boteretsua direla oraindik, abangoardiako armamentua eskura dutela. Hala ere, urriaren 7an agerian geratu ziren bere mugak. Israeldar askok uste du armadak zorte handia izan zuela, egoera askoz okerragoa izan zitekeelako Hezbollah-k bat egin izan balu, eraso koordinatu batean. Ordutik, Israelek argi utzi du AEBek gidatutako koalizio batekiko menpekotasun izugarria duela Iranen aurrean defendatzeko. Apirilean aldez aurretik ohartarazitako eraso bat egin zuen Iranek, eta tripulatu gabeko 170 hegazkin baliatu zituen, misil balistikoez eta gidatuez gain. Inoiz baino gehiago, proiektu sionistak estatubatuarren arma hornidura kopuru izugarriak azkar bidaltzea behar du. Horiek gabe, ezingo luke borroka egin, ezta hegoaldeko gerrillari armada txiki baten aurka ere.

Soldadu ultraortodoxoen batailoia Gazan. (Argazkia: Profimedia Images)

Herrialdeko juduek modu orokortuan sumatzen dute Israel ez dagoela prest eta ez dela defendatzeko gai. Ikuspegi horrek presio handia eragin du judu ultraortodoxoen salbuespen militarra kentzeko, 1948tik indarrean zegoena, eta horietako milaka errekrutatzen hasteko. Horrek nekez aldatuko ditu gauzak gudu zelaian, baina armadari buruzko pesimismo mailaren seinale da, eta horrek, Israel barruko zatiketa politikoak areagotu ditu.

-  6  -

Azken adierazlea: Palestinar belaunaldi gazteenen artean energia berritu da. Askoz batuago dago gazteria, organikoki konektatuago, eta Palestinako elite politikoak baino ikuspegi argiagoa du. Kontuan hartuta Gaza eta Zisjordaniako biztanleria munduko gazteenetakoa dela, talde honek eragin izugarria izango du askapen borrokaren bilakaeran. Palestinar gazte taldeen artean izaten ari diren eztabaidetan ikusi daiteke kezkatuta daudela ea nola sortu benetan demokratikoa izango den antolakunde bat. Palestina Askatzeko Erakunde (PAE) berritua izan daiteke edo antolakunde guztiz berri bat sortu, baina emantzipaziorako ikuspegi ezberdina beharko luke, Palestinako Aginte Nazionalak estatu gisa aitorpena jasotzea helburu duen kanpainarekiko antitetikoa. Badirudi nahiago dutela estatu bakarraren konponbidea, ospe txarreko bi estatuen ereduaren aldean.

Urritik hona herrialdea utzi dute milioi erdi israeldar baino gehiagok, “Israelgo Estatuaren” aldekoak eta Judeako Estatua Israel irensten ari da

Izango al dira gai sionismoaren hondoratzearen aurrean erantzun eraginkorra emateko? Erantzuteko zaila da galdera hori. Estatu proiektu baten kolapsoaren ostean ez dator beti alternatiba distiratsuago bat. Ekialde Hurbileko beste leku batzuetan –Sirian, Yemenen eta Libian– ikusi dugu zein odoltsuak eta luzeak izan daitezkeen emaitzak. Deskolonizazio prozesu bat litzateke kasu honetan, eta aurreko mendeak erakutsi digu errealitate post-kolonialek ez dutela beti hobetzen egoera koloniala. Palestinarren sendotasunak eta indarrak eraman gaitzakete soilik norabide egokian aurrera. Uste dut, lehenago edo geroago, adierazle hauek guztiek bat egitean, egoera lehertu eta Palestinako proiektu sionista suntsituko dela. Hau gertatzen denean, espero dezagun askapen mugimendu sendo batek beteko duela hutsunea.

Palestinar bat puxikak saltzen Gaza hirian, Israelen aire erasoek suntsitutako eraikin baten aurrean. (Argazkia: Mahmud Hams / AFP)

56 urte baino gehiagoz, “bake prozesu” deitu izan zaio inora ez zeraman prozesuari. AEB-Israelen ekimen multzo bat izan da, eta palestinarrei beti eskatu izan zaie erreakzionatzeko. Gaur, “bakea” deskolonizazioagatik ordezkatu behar da, palestinarrek aukera izan behar dute beren lurraldeaz duten ikuspegia artikulatzeko, eta israeldarrei erreakzionatzeko eskatu behar zaie. Lehen aldia litzateke, hamarkada askoan behintzat, Palestinako mugimenduak aurrea hartu eta bere proposamena aurkeztuko lukeena, azaltzeko nolako Palestina postkolonial eta ez sionista (daukan izena daukala) nahi duten. Hori egitean, Europari begiratuko dio ziurrenik (agian Suitzako kantoiei eta Belgikako ereduari), edo egokiago, ekialdeko Mediterraneoko antzinako egiturei, non sekularizatutako talde erlijiosoak talde etnokultural bilakatu ziren pixkanaka, lurralde berean elkarbizitzan.

Nahiz eta jendeari ideia hau gustatu ala beldurra eragin, Israelen kolapsoa gauza aurrikusgarri bilakatu da. Aukera honek eztabaida baldintzatu beharko luke eskualdearen epe luzerako etorkizunari buruz. Pisua irabazten joango da jendea konturatzen denean mende bat iraun duen herrialde arabiar batean estatu judua inposatzeko saiakera, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek gidatuta, poliki-poliki amaierara iristen ari dela. Nahikoa arrakasta izan zuen, milioika kolonoz osatutako gizartea sortzeko eta horietako asko orain bigarren eta hirugarren belaunaldikoak dira. Baina, iritsi zirenean bezala, beren presentzia bermatzeko, beren borondatea milioika indigenen gainetik indarrez inposatu behar dute, eta indigenek ez diote inoiz uko egin beren aberriaren autodeterminazioaren eta askatasunaren aldeko borrokari. Datozen hamarkadetan kolonoek planteamendu hori utzi eta borondatea erakutsi beharko dute berdintasunean bizitzeko Palestina aske eta deskolonizatu batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Israelek Irlandan duen enbaxada itxi du, Dublinek genozidio salaketarekin bat egin ostean

Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


2024-11-11 | Leire Ibar
Israelek fosforo zuriarekin gutxienez 24 eraso egin dituela dokumentatu du NBEk

Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.


Eguneraketa berriak daude