“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

  • Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako auzia. Artxibatu egin zen. Ideia egina zuten gutxienez beste urtebetez Suitzan segitu beharko zutela.

Ongietorri beroa egin zioten Jesús Rodríguezi bere auzoan, Bartzelonako Santsen, lagun, adiskide eta elkartasunerako sortu zen plataformako kideek. (Argazkia: Victor Serri / Directa CC BY SA)
Ongietorri beroa egin zioten Jesús Rodríguezi bere auzoan, Bartzelonako Santsen, lagun, adiskide eta elkartasunerako sortu zen plataformako kideek. (Argazkia: Victor Serri / Directa CC BY SA)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer moduz zaude?
Ederra izan da itzulera, eta mamitsua ere bai. Bi momentu oso berezi: Suitzan erbesteratu ginenon ekitaldi politiko-mediatikoa, eta pertsonalagoa ondoren, lagun artekoa, nire auzoan.

Zer gertatu da hain bizkor, ia-ia egun batetik bestera, bueltan izateko?
Ikuspegi tekniko-juridikotik hitz eginda, gertatu dena da Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak indargabetu egin dituela ikerketaren azken hiru urteak, instrukzioa epez kanpo –24 ordu– luzatu zuelako epaileak 2021eko uztailean. Horrek eraginda artxibatu da gure aurkako auzia. Izan ere, hain justu, azken hiru urteotan erantsi ditu Guardia Zibilak guri terrorismoa leporatzeko moduko ustezko probak.

Auzia erabat itxita dago ala atzera ere zabaltzeko modurik aurki dezakete? Alegia, zerbaiten esperoan zaudete?
Vox, Societat Civil Catalana eta Dignidad y Justicia elkarteek [eskuin muturrekoak hirurak] errekurtso bana ipini diote auzia artxibatzeko erabakiari. Erantzun horren zain gaude. Auzia, ofizialki, behin-behinean artxibatu zuen García-Castellónek, prozedura legalak horretara bultzatzen zuelako, hau da, nahikoa proba ez zituelako; eta, beraz, akusazioei epea luzatzen zien iritzia azaltzeko. Aurreikusi genezakeena egin dute, ez besterik. Baina gure abokatuek konfiantza osoz diote ez dagoela aukerarik.

Maiatzean egon ginen zeurekin eta Ruben Wagensberg ERCko diputatuarekin, Genevan (Suitza). Hiru aterabide zenituztela zenioten. Horietako bi Europako Justizia Auzitegiaren eskuetatik pasatzen ziren. Bestea, Amnistia Legearen aplikazio zuzena. Argi zenioten ez zizuetela onartuko... eta azkenean ez da behar izan ere.
Gure aurkako auziaren 180 graduko itzulia ezagutarazi baino ordu gutxi lehenago, goiz horretan, uztailaren 8an, abokatuekin bilera garrantzitsua izan genuen, Auzitegi Nazionalak egun gutxi lehenago erabaki baitzuen Europako Justizia Auzitegira jotzea, Amnistia Legea aplikatu behar ziguten ala ez galdetzeko. Ez zen guretzat sorpresa izan, alde guztiei iritzia eskatu baitzien lehenago.

Hala ere, behin Luxenburgora galdera bidalita, posible zuten kautelazko neurriak kentzea eta auzia blokatuta uztea; hau da, diligentziarako aukerak ixtea, baita guri deklaratzera deitzeko bideak ere. Baina ez zuten hori egin. Une horretan, gure agertokirik probableena zen erbestean urtebete edo urte eta erdi gehiago egitea, Europako Justizia Auzitegia mintzatu arte.

"Europak Espainiari esango balio terrorismo delitua zentzugabea dela eta Zigor Kodea erreformatzeko, kolpe gogorra litzateke"

Zuekin batera inputatua zen ERCko Marta Molinak jarri zuen gerora auzia artxibatzea ekarri duen helegitea. Ez zenuten bide horretatik ezer espero?
Ez, inola ere ez. Epez kanpo luzatzearen elementu hori, hain justu, mahai gainean egon zen lehenago ere, eta epaileek ukatu egin ziguten helegitea. Akats gehiago ere egon dira ikerketa-auzian, eta erreklamazio horiek guztiak ukatu izan dituzte. Askotan entzun ere ez gaituzte egin. Galdera hori betirako geratuko zaigu: zergatik erori da orain auzi osoa, akats hori egin eta hiru urtera?

Uztailaren hasieran etorri da, García-Castellón epailea oporretan dela... Zenbaterainoko eragina izan du horrek?
Horri guztiari elementu bat gehitu zaiola esango nuke: auzia artxibatzea erabaki zen egunaren buelta horretan, Europako Justizia Auzitegiari bere argudioak eman behar zizkion Espainiako botere judizialak.

Uste dut epaile batzuk ikuspuntu korporatiboa izan ohi dutela, eta beste batzuk judiziala. Beldurra izango zuten ea Luxenburgon emandako azalpen horri zaplazteko galanta emango ote zioten bueltan, ez duelako ez zentzurik eta ez sostengurik, funtsean, guri terrorismo delitua egozteak.

Ikusita Espainiako Justiziak zer nolako aurrekariak dituen Europarekin, uste dut beldurraren faktore hori existitzen dela, eta “autobabes” mekanismo bat izan dela gure auzia artxibatzeko erabakia. Auzitegi Nazionalak makina bat bider leporatu du terrorismo delitua manifestazioak eta protestak egiteagatik, baita ere, inkluso, “borroka” kasuetan, Altsasukoa adibidez.

PPri, Voxekin dituen azkenaldiko gatazkak ikusita, interesa zekiokeen auzia artxibatzea?
Akaso bai, baina ez dut uste. Gainera, mediatikoki desagertuta dabil azkenaldian auzi honetan. Baina begira, imajinatu auzia artxibatu ez eta Europako Justiziak Espainiari esaten ziola terrorismo delitu horiek zentzugabeak zirela eta, gainera, horrelako bidegabekeria judizialik gehiago gerta ez dadin, Zigor Kodea erreformatzea exijitzen zuela. Kolpe gogorra litzateke PPrentzat, legedi hori bere interesera egina dagoelako.

Uztailaren 12an itzuli zineten Herrialde Katalanetara, zuk eta beste batzuk zortzi hilabete erbestean pasa ondoren; eta batzuk denbora gehiago. Argazki ikonikoa atera zenuten mugan: ERCko bi kide, Òmniuneko bat, aktibista-enpresari bat eta kazetari bat. Krispazio garaiotarako, irudi esanguratsua.
Argazki hori behartua eta nahitaezkoa zen, hor ginen guztiok sare eder bat osatu dugunaren adierazle. Erbestea partekatu dugu, harreman pertsonal bikainak eraikita, eta batera egin diogu aurre neurrigabeko jokabide judizialari. Mezu indartsua transmititu nahi genuen. Baina jakina, askotariko esparrutako jendea gara, eta beraz, bakoitzak sentitzen duen ardura eta etorkizunari begirako ikuspegia aski ezberdinak dira. Ez dut uste argazki horretatik haragoko irakurketarik egin daitekeenik.

Tsunami auziko guztiak ez zaudete libre: Carles Puigdemont falta da.
Auzi gehiago ixteke daude oraindik, procès-ari loturikoa kasu. Auzitegi Gorenak nahieran interpretatu du diru publikoa bidegabe erabiltzearena. Esan du Puigdemontek “aberasteko” erabili duela diru publikoa, bere mesederako, bere nahiak asetzeko. Alegia, espektroa zabalduta, zera esaten du: nahi pertsonalak ekintza politikoekin burutu dituela. Politikari guztiek, beraz, badirudi ezin dutela sinesten duten horretan lan egin.

Logika judizial bidegabe horren erruz, Carles Puigdemont, Lluís Puig eta Toni Comínek ezin dute etxera itzuli. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Itzultzeko borondatea dute, eta aste edo hilabete gutxi barru egitekotan dira. Atxilotuak izatera arriskatuko dira.

Aldi berean, PSOEren Espainiako Gobernua gero eta argiago esaten ari da auzi horiek Auzitegi Konstituzionalak ebatziko dituela [PSOEren inguruko magistratuak daude hor], eta aipaturiko hiru erbesteratuak horrekin jokatzen ari dira, besteak beste, Kataluniako gobernu berria osatzeko, PSOEk independentisten laguntza behar baitu. Ikusteko dago ea PSOEk agindua ematen dion Auzitegi Konstituzionalari laster batean urgentziaz biltzeko eta atxilotze agindu horiek indargabetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tsunami Democratic
Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


2020-10-28 | ARGIA
Hainbat lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Katalunian, Puigdemonten jarduerak finantzatzen lagundu dutelakoan

Guardia Zibilak polizia operazioa abiatu du asteazken goiz honetan eta "funts publikoak independentismora desbideratzea" egotzita zortzi atxiloketa egin ditu. Bartzelonako lehen instrukzio epaitegiak agindu du operazioa, Carles Puigdemontek Belgikan egindako... [+]


2020-07-23 | Mikel Eizagirre
Kataluniako 196 pertsona inputatu dituzte Tsunami Democratic-en mobilizazioetan mugako errepidea mozteagatik

“Desordena publikoak” eta “kalteak” egozten zaizkie ikertutako ia 200 pertsonei, eta datozen hilabeteetan deklaratu dezaten agindu du magistratuak.


Eguneraketa berriak daude