Haurtzaroko sexu erasoek gizarte osoa seinalatzen dute

  • Komunikabideek hainbatetan kontatzen dute halako herritan haur bati sexu abusuak egin dizkiola entrenatzaileak. Beste zenbaitetan entzuten dugu haur baten aitona atxilotu dutela bilobari sexu abusuak egiten zizkiola egotzita. Gutxiagotan argitaratzen da umeari erasoa egin diona aita dela. Alarma eta beldurra pizten du horrek. Halakoetan, jendartearen erantzuna harridura eta arbuioa izan ohi da: nola da posible gure “gizarte garatu” honetan “sexu harremanak” eduki nahi izatea ume batekin? Ezinezkoa da ulertzea. “Eroa” dagoela esan eta “basakeria” horiek Eliza Katolikoaren babesa duten apaizek soilik egiten dituztela sinetsita, beste alde batera begiratzea da erosoena; latzegia baita digeritzeko. Ordea, erreportaje honetan azpimarratzen da egiturazko arazoa direla, eta hortaz, gizarte osoa dela haiek saihestearen erantzule.

Irudia: Joseba Larratxe 'Josevisky'.

Haurtzaroko sexu erasoen ikuspegi moralaren arriskuaz ohartarazi digu Susanna Minguell (Bartzelona, 1983) filosofo eta idazleak: “Distantzia markatzen duen ikuspuntu batetik begiratzeko beharra daukagu, pentsatzeko nire alabari ezin zaiola horrelakorik gertatu. Baina horrekin esaten ari garen bakarra da haurtzaroko sexu indarkeria ez dela egunerokoa, eta hori ez da egia”. Palabras dislocadas (Editorial Descontrol, 2019) liburuan jaso ditu berak haurtzaroan jasandako sexu abusuen osatze prozesuan sentitutakoak eta ikasitakoak: “Galderak egiten hasten zara: zer gertatu da zurekin, zer gertatzen da sozialki hori baimendu dadin...”. Argi eta garbi adierazten du ez dela bakarrik berari gertatutako zerbait, baizik eta auzi politikoa dela, eta egiturazko irakurketa behar duela. Bide horretatik, hainbat tailer eta errezitaldi antolatu ditu Euskal Herrian azken urteetan, sexu erasoak jasan dituztenei zein haurrekin jarduten duten profesionalei bideratuta.

“Politizatzen duzunean, babes sare bat sortzen duzu inguruan. Ikuspuntu politiko batetik begiratzeak badu puntu katartiko bat, zeu ere ikusten zarelako subjektu politiko gisa. Ni ez naiz Susanna Minguell abusuak sufritu dituen pertsona bat, ez duena erremediorik horren aurrean. Sufritu ditudan abusuak ez dira nire bizitzaren zentroa, eta jende gehiago dago pasa zaiona”. Kasu isolatuak balira bezala tratatzen badira, Minguellen esanetan mezua da ezingo dela inoiz arazoaren gaineko ardurarik hartu; “eta nik jarraitzen dut pentsatzen baietz, posible zaiola osasun publikoko arazo honi aurre egin”. Halere, badaki “belaunalditako kontua” izan litekeela egoera iraultzea.

“Distantzia markatzen duen ikuspuntu batetik begiratzeko beharra daukagu, pentsatzeko nire alabari ezin zaiola horrelakorik gertatu”, Susanna Minguell

Izan ere, kasu isolatuak izatetik urrun, datuek errealitate gordina erakusten dute: biztanleen %10 eta %20 inguruk jasan dituzte sexu erasoak haurtzaroan, Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Ikusi nahi ez duten begiak. Euskadiri buruzko eranskina txostenean xehe aztertu dituzte estatistikak, eta ondorioztatu dute bost neskatik batek eta zazpi mutiletik batek jasan dituela sexu erasoak umezaroan, era batera edo bestera. Ikerlan horren arabera, mutilek 11 edo 12 urte dituztenean jasan ohi dituzte abusuak, eta autoritatea duen ezagun bat izaten da erasotzailea. Neskek, berriz, 7 eta 9 urte artean dituztenean pairatzen dituzte, eta familia ingurukoa izaten da erasotzailea.

Datuok ondo ezagutzen ditu Asier Gutierrez (Hernani, 1987) gizarte hezitzaileak, besteak beste, UEUko 2022 eta 2023ko bi ikastaro eta zenbait formakuntza eskaini dituelako haur eta nerabeen aurkako indarkeriari buruz. Gainerako indarkeriekin alderatuta, sexu indarkeria “oso konplikatua” dela dio. “Hasteko, denok ulertu behar dugu sexu abusua dela botere harremanetatik sortzen den zerbait”, zehaztu du. Minguellek ere azpimarratu du haurtzaroko sexu abusuak ulertzeko fokua hor jarri behar dela, pertsona helduek haurren gainean duten boterean: “Erasotzaileak jende normala dira. Gertatzen dena da bost axola zaiela parean duten pertsona hori, eta haur horren gainean boterea erabili nahi dutela. Eta botere hori erabiltzen dute testuinguru sexual batean; hori da dena”.

Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC BY SA

Botere-desberdintasuna dagoen egoera horretan, ez da posible borondatezko adostasunik egotea, jakinarazitakoa eta dagokiona (hau da, bortxa edo manipulaziorik gabea, ekintzak dituen ondorioak ezagututa eta beste alternatiba batzuk aukeratzeko gaitasunarekin). Horixe gogorarazten du Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia 2022-2025 txostenak. Minguellen irakurketa da “haurtzaroak lapurtuta” daudela, helduen eskuetan: “Umeei esaten diegu nola arrazoitu beraien artean, zer arropa jantzi, nola hitz egin, nori eman bi musu...”. Kritikatzen du haurren gorputzak ere lapurtuta dituztela helduek, eta ez zaiela erakusten haien gorputzen jabe izaten. Iritzi du erasoetan ere txikitatik barneratutako mendekotasun horrek eragina duela: “Oso litekeena da haur batek ez esatea ezetz heldu bati. Zeren nagusi batek beti dauka estatusa, soziala eta fisikoa, eta hori haurrek badakite, inkontzienteki bada ere. Nola esango diot ezetz nire osabari? Edo nire hirukoitza neurtzen duen pertsona honi? Nola esango diot ezetz 45 urte dituen pertsona honi, ni mukizu bat izanda? Gainera, izan ditzakezun beldurra eta panikoa ere kontuan hartu behar dira”.

Bi sexu erasotik bat familian egiten da

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, kalkulatzen da haurtzaroko sexu erasoen %2 besterik ez direla ezagutzen unean bertan, “salaketek tabuekin eta estigmatizazioarekin zerikusia duten erresistentzia ugari izaten dituztelako”, txostenak dioenez. Horrek esan nahi du beste sexu abusu asko ezezagunak direla, eta ondorioz denboran luzatzen direla; ez direla eraso puntualak, ezkutuan eta zigorgabetasunez mantentzeko aukera dutelako.

Mito ugari gezurtatzeko balio duten datuak ere ematen ditu Euskadiko Estrategiaren txostenak; hala nola sexu erasoak familia mota guztietan gertatzen direla, klase altukoetan ere bai. Beste uste oker bat da haurrari abusuak egiten dizkiona ezezaguna dela; aitzitik, 2020ko erregistro batzuek erakutsi dute sexu erasoen bi kasutatik bat haur eta nerabearen familia-inguruan ematen dela (lagunak, familia handiko kideak, erreferentziazko pertsonak...). Zehatzago esanda, %80,8 konfiantzazko ingurunekoa da eta bitik bat familiakoa. Indarkeria matxista kasuetan bezala, erasotzaile ia guztiak gizonezkoak dira (%95,8). Familiatik kanpo, sexu erasoen %14,8 biktimen inguruko beste etxebizitza batzuetan egin ziren eta %12,3 eskolan edo eskolaz kanpoko jardueretan, 2022-2025 Euskal Estrategiaren txosteneko datuen arabera.

“Hasteko, denok ulertu behar dugu sexu abusua dela botere harremanetatik sortzen den zerbait”, Asier Gutierrez

Familia, izatez haurraren babesleku izan beharko lukeena, indarkeriazko eremu bihurtzen da haur horientzat guztientzat. “Familia da arazoa, eta egitura horren errepikapen guztiak”, ziurtatu du Minguellek. “Familia instituzio hierarkikoa da, non aitaren figura dagoen, pater figura; zuzentarau batzuk markatzen ditu, eta gainerakoek jarraitu behar dituzte. Patriarkak erabakitzen badu bere alaba edo semeaz abusatzea, jarraitu behar zaio”. Susanna Minguellek ohartarazi du familia dela sexu erasoak permititzen dituen instituzioa, “familia egitura izugarri klasiko hori, erabat heterosexuala”. Halaber, familia egitura isiltasunarekin sostengatzen dela dio, “eta haurrak badaki hori, inkontzienteki bada ere, badaki zeozer kontatzen badu dena desorekatuko dela”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA.

Asier Gutierrezek ere familian dauden botere harremanetan jarri du azpimarra, eta haurrek gurasoekiko duten leialtasunean. “Umea 7 bat urte arte ez da gai esateko zer dagoen ondo, zer gaizki... gurasoek egiten dioten guztia berarentzat normaltasuna da. Eskolan hasten dira diferentziatzen, beste perspektiba bat edukitzen, konturatzen zer dagoen ondo, zer gaizki, zer gustatzen zaien, zer ez...”. Hasierako etapa hori bereziki zaurgarria dela oroitarazi du, eta 12-13 urterekin nerabezaroan azaleratzen diren buru osasun arazo ugariren jatorri. “Neuk ere egin nuen hausnarketa, guraso naizen aldetik, ikusten baitut ze lotura duen umeak nirekin, eta argi ikusi dut botere hori. Seme-alabentzat gurasoak Jainkoak dira. Posizio horretatik, bururatzen zaizkizun basakeria guztiak gertatu daitezke”. Gutierrezek dio familia dela babeslekurik garrantzitsuena, baina aldi berean, minik handiena egin dezakeen espazioa, eremu pribatua delako, familia nuklearra zein familia handia. Gizarte hezitzaile gisa, izandako esperientziak erakutsi dio beste indarkeriekin alderatuta sexu indarkeria dela zailena esku-hartzeak egiteko: “Sexu abusua esfera pribatuan, pribatutasunaren nukleorik txikienean, gertatzen da. Hor sartzea oso-oso zaila da”.

Zergatik begiratzen da beste aldera?

Datuak hain gordinak eta altuak izanik, zergatik hitz egiten da hain gutxi haurtzaroko eta nerabezaroko sexu indarkeriaren inguruan? Minguellek eta Gutierrezek diotenez, pixkanaka ari da tabua apurtzen, baina oraindik isiltasuna da nagusi. “Gaizki esanda, kaka asko da asimilatzeko –aitortu du Minguellek–, onartzen badugu azpiko bizilagunak bere alabei sexu abusuak egiten dizkiela, eta hango besteak ikasleei eta abar... Gizarte egiturari ematen zaion kolpea da hori onartzea”. Haren esanetan, gizartea une “fribolo” batean dago, non arazo bat errekonozitu dezakeen, beti ere norbera seinalatzen ez badu. “Baina haurtzaroko sexu abusuek geu seinalatzen gaituzte, une oro, zuk baldin badakizu bizilagunak abusatzen duela bere alabez, adibidez, ezin duzu isilik geratu. Baina salatzen baduzu, gero ez dakizu zer egin, gogorregia da...”.

“Politizatzen duzunean, babes sare bat sortzen duzu inguruan. Ikuspuntu politiko batetik begiratzeak badu puntu katartiko bat, zeu ere ikusten zarelako subjektu politiko gisa”, Susanna Minguell

Minguellek uste du jendeari kostatzen zaiola kontzientzia hartzea, onartzea sexu erasoak daudela umezaroan, eta jakitun izatea norbere seme-alabek ere jasan ditzaketela. Horrek ere ez du laguntzen tabua apurtzen. “Badago gizartearen zati bat baietz, kontziente dena, baina hor arriskua da kontrako bidean sartzea, alegia, haurrak heztea beldur jasanezin batean, saiatuz inork ez dezan ukitu eta beste; baina orduan ere jasan dezakete abusua”. Bi aldeen arteko oreka bilatu behar dela dio: kontzientzia izan, baina alarmismoa piztu gabe.

Haurren aurkako sexu erasoak “oso gordinak” direlako, batzuek “ez dute ezer jakin nahi”, Gutierrezen hitzetan: “Errealitatea da agian ume asko daudela –ala gaudela, ni ere sartzen naiz– ez direnak konturatu sexu abusua pairatu dutenik, baina momentu batean, ohera sartzean, bainatzean... gertatu daiteke. Tabua ere horrexegatik da, sexua tabua bada, imajinatu sexu abusuak eta umeak sartzen baditugu erdian, tabua biderkatu egiten da”.

Dena den, Gutierrezen irudipena da positiboranzko aldaketa egon dela gaiaren inguruan, batik bat prebentzioari gero eta garrantzia handiagoa ematen zaiolako. Hamar urte egin ditu lanean gizarte zerbitzuetan, 2022ra arte, eta haurtzaroko indarkeria kasuak gertutik ezagutu ditu. Gutierrezek uste du hasi zenean baino errazagoa dela gaiari buruz mintzatzea, eta haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalen belaunaldi gazteenetan ardura hartze handiagoa sumatzen du, gaia lantzeko interes handiagoa. Tartean, aipatu du bultzada handia izan zela 2021ean Espainiako Gobernuak LOPIVI Haurrek eta Nerabeek jasaten duten biolentziaren aurkako Lege Organikoa onartu izana, auzia mahai gainean eta denon ahotan jarri baitzuen.

LOPIVI, zehaztasun faltan

Haur eta nerabeen babeserako lege bat eskatzen ari ziren eragile eta erakundeak aspalditik, eta 2014an prozesua hasi zuten Espainiako Kongresuan. Zazpi urte geroago, lorpen garrantzitsua izan zen 2021eko ekainean Espainiako Estatuan LOPIVI legea martxan jartzea. Ordutik, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren Lege Organikoa deituriko arauak aitortzen ditu hainbat eskubide orokor, nahiz eta praktikan betearaztea oraindik konplexuagoa izan.

LOPIVIri ikuspegi integrala eman nahi izan diote, eta pedagogian eta prebentzioan arreta berezia jarri dute. Positiboki baloratu da legea oro har, tartean Save The Children erakundeak “aurrerapen handi” gisa definitu du, eta berretsi du erakundea urteetan egiten ari zen eskariak jaso dituela legeak.

LOPIVI legeak figura berri bat txertatu du eskoletan, ongizatea eta babesa bermatuko dituen koordinatzailearena

Hala eta guztiz ere, aurten, legeak hiru urte bete dituenean, Save The Childrenek eskatu du neurri zehatzak hartzeko legean jasotzen dena benetan betearazi dadin. Hasteko, GKEak kritikatu du funtsezko zutabeetako bat oraindik ez dela ezarri, hau da, justiziaren espezializazioarena, adin txikikoaren interes gorena bermatzeko eta berbiktimizazioa prebenitzeko. Espezializazio horretarako lege-proiektu zehatza garatzea eskatu diote Espainiako Gobernuari. Gainera, LOPIVIren esparruan bestelako lege aurrerapenekin jarraitzeko galdegin du. Erakundeak dio lege berriaren inplementazio eraginkorra bermatzeko beharrezko baliabideak esleitu behar direla, eta ezinbestekotzat jo du Indarkeriaren Erregistro Bateratua sortzea, haurren aurkako indarkeriari buruzko “datuak hobeto biltzeko”. Azkenik, Save The Childrenek exijitu du haurren aurkako indarkeria kasuetan parte hartzen duten profesional guztiek prestakuntza espezializatua jasotzeko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Gutierrezek LOPIVIren oinarrizko ezagutza irakatsi zien UEUko ikastaroetan izena eman zuten profesionalei –gehienak haur eta nerabeekin lan egiten duten irakasleak–, eta hark ere ikuspegi antzekoa du: legea aurrerapena izan da, baina zehaztasunak falta ditu. “Marko juridiko bat ezartzen du, homogeneizatzen dituena estatuko protokolo guztiak. Bestela, oso orokorrean hitz egiten da eta ez dauka inpaktu errealik, ez delako hitz egiten diru kontuez, adibidez, ez da esaten partida bat bideratuko zaienik edo administrazioak horretara behartuta daudenik”. Eskubideen aipamen orokor horiek honakoak dira, besteren artean: jasotzen du haurren parte hartzea bermatu behar dela, entzunak izateko eskubidea dutela, espazio seguruak izan behar dituztela...

“LOPIVIk marko juridiko bat ezartzen du. Oso orokorrean hitz egiten da eta ez dauka inpaktu errealik”, Asier Gutierrez

Gutierrezek azpimarratu duen puntuetako bat da lege honekin indarkeria bikarioa ere kontuan hartzen dela, hau da, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen seme-alabei ere biktima estatusa aitortzen zaiela. Orain arte, haurraren amak indarkeria matxista jasan bazuen ere umearen aitaren aldetik, gizonak ume horrekin egoteko eskubidea zuen, eta horrek “ez du logikarik”, Gutierrezen hitzetan. “Seme-alabek badute eskubidea aitarekin egoteko, behar emozional hori badutelako. Baina izan behar da oso neurtua eta gizon horrek prozesu bat egin behar du; gaur egun ez da egiten edo aitaren borondate propioz baldin bada soilik egiten da”. Patriarkatuaren beste arazoetako bat “umeak propietate gisa” ikustea dela zehaztu du. “Umeak ez dira gureak, subjektuak dira, komunitatearen parte, eta euren eskubideak dituzte”. Garrantzitsua iruditzen zaio haur guztiei jakinaraztea eskubide horiek dituztela.

Babeserako koordinatzailea eskoletan

Legea integrala izateak esan nahi du gizarte osoaren gain jartzen duela haur eta nerabeen indarkeriari aurre egitea, eta haien eskubideak errespetatzea zein betetzea. Haurrek eremu guztietan izan behar dute bermatuta ongizatea, eta hauek jasotzen ditu legeak: gizartea, familia, zigor arloa eta judiziala, eskola, polizia, kirol eta aisialdiko guneak, osasun sistema eta internet.

Eskolan, hezkuntza komunitatearen konpromisoa eskatzen da, eta indarkeriaren aurka ekiteko protokoloak eskatzeaz gain, figura berri bat txertatu dute, ongizatea eta babesa bermatuko dituen koordinatzailearena. Kirol arloan, legearen arabera profesionalek formakuntza bat jaso beharko dute, eta protokoloak derrigortzeaz gain, babeserako ordezkariaren figura gehitu dute. Save The Childrenek proposatzen duen soluzioetako bat horixe da, formakuntza etengabea ematea, haurrak babestuago egon daitezen.

Erasotzaileen %80,8 konfiantzazko ingurunekoa da eta bitik bat familiakoa

Zein funtzio bete behar dituzte bi figura horiek? Eskoletan, koordinatzaileak formazio planak egingo ditu prebentzioari, detekzio azkarrari eta babesari buruz, eta ikastetxeko langile guztiei informatuko die protokoloen inguruan. Halaber, gizarte zerbitzuen esku-hartzea behar duten kasuak koordinatuko ditu, eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko metodoak bultzatuko ditu. Antzekoak dira kirol eta aisialdi guneetako ordezkariaren betekizunak: haurren ezinegonak entzungo ditu, protokoloak zabaldu eta betearaziko ditu, eta indarkeria kasu bat atzemandakoan horren berri emango du. Asmoa da bi profil horiek izatea haurren konfiantzazko pertsonak, edozer gertatuta ere haiengana jo dezaten lasaitasunez hitz egitera. Berriro ere, gogorarazi behar da legea betearazteko baliabide falta salatu dutela hainbat eragilek, beraz, esperotakoa da figura horiek ez egotea hezkuntza zentro guztietan.

Eremu seguruak sortzean, enfasia jarri dute “entzunak izatearen” kontzeptuan. Haurrak ondo sentituko diren gune horietan ezinbestekoa izango da haurrak entzunak sentitzea, batik bat ume hori eroso ez egotea eragin duen zerbait pasatu denean. Bestalde, entzunak izateko eskubideari lotuta, 116111 telefonoa ere martxan dago, Zeuk Esan programa, alegia.

Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC BY SA
Irakasleek nola jokatu behar dute?

UEUk LOPIVI martxan jarri ostean antolatu zituen ikastaroak, Gutierrezen eskutik, eta gizarte hezitzaileak argitu du parte hartzaile gehienek ez zituztela protokoloak ezagutzen, eta informazioa falta zutela. Irakasle batek susmatzen badu ikasleren batek indarkeria sufritzen duela, zein pauso eman behar ditu? Ikastetxe bakoitzean egon beharko lukeen figura erreferentearekin (aholkularia, orientatzailea) harremanetan jarri; berak eramaten dituelako babesgabetasun egoeran dauden haurren kasuak. Pertsona horrek zuzendaritzarengana jo beharko luke, edo eskola bakoitzean dagoen erreferentziazko pertsonarengana. Hortik aurrera, baloratu beharko litzateke salatzeak zein onura eragin ditzakeen, Gutierrezek zehaztu duenez, eta udalerriko gizarte zerbitzuekin harremanetan jarriko litzateke. Elkarlanean aritu behar dute profesional horiek guztiek, eta gero, ezartzen zaion larritasunaren arabera, gizarte zerbitzuetatik erabakiko da salaketa jartzea edo foru aldundiek dituzten gizarte zerbitzu espezializatura bideratzea. “Noski, ebidentzia baldin bada, ikusten baduzu ume bat jotzen dutela, gomendagarriena da zuzenean salaketa jartzea”.

“Oso gogorra da nola patologizatzen diren biktimak. Ni ez nago gaixorik haurtzaroan sexu abusuak sufritu ditudalako, ados? Kaka hutsa izan den esperientzia sufritu dut, baina ez nago gaixorik, eta kito”, Susanna Minguell

Uste du ikastaroen eta hitzaldien bidez irakasleek “txip aldaketa” egiten dutela, eta behaketarako eta ikuspegi aldaketa egiteko prestatzen direla. “Indarkeria normalizatzearen ikuspegia aldatu behar da. Ez da biktimizatu behar, ‘ume gaixoa’ esanez, baizik eta aldarrikatu behar dugu ume horrek eskubideak dituela eta nik bermatu behar ditudala hein batean eskubide horiek”. Irakasleen kasuan, babesteko era bat litzateke adi egotea nola dagoen ikaslea, nola doan jolastokira eta nola itzultzen den, esate baterako. “Ez sinplifikatu, zeren hau askotan entzun dut: ‘Umea oso isila eta oso itxia da eta ez dauka lagunik’. Eta listo. Bada, arazo emozionalak eduki ditzake, galdetu diozu zer moduz dagoen? Eta ez diet ardura osoa irakasleei jarri nahi, badakit nekagarria dela, baina kontzientzia izan behar dugu arazo hori dagoela, eta horregatik jarriko ditut dauzkadan erreminta guztiak hori zaintzeko”.

Gutierrezek irakasleek prebentzioan egin dezaketen lana baloratu du, eskola baita detekziorako gunerik aproposenetakoa. Aldiz, ez du uste erantzukizuna euren gain jarri behar denik. “Hezkuntza sistemak eduki beharko luke Haur Hezkuntzatik hasita figura bat klaseetan sartuko dena eta gaia oso landuta duena”, proposatu du, nahiz eta jakitun den epe motzera “ezinezkoa” dela hori, besteren artean inbertsio ekonomiko handia eskatzen duelako. Gizarte zerbitzuetan lanean ezagututako Andoaingo kasua eredu positibotzat du, alde horretatik: bi psikologo zeuden Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrera, eta indarkeriaren prebentzioa lantzeaz arduratzen ziren. Figura hori adin guztietan bermatu bitartean, azpimarratu du egokiena litzatekeela irakasleek gutxieneko formakuntza jasotzea, oinarrizko erreminta eta detekziorako pauta batzuk izan ditzaten. Defendatzen du haurren aurkako indarkeriaren aurrean eman beharreko erantzuna “oso integrala” izan behar dela, hezkuntzaz aparte elkarlanean egiten dena osasun sistemarekin, gizarte zerbitzuekin, eta haurraren behar guztiak asebeteko lituzketen profesionalekin.

Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC BY SA
Salatzearen ondorioak

Legearen berritasun positibo gisa errepikatu denetako bat izan da arlo judizialari eta penalari dagokiena. Batetik, delitu larrienen preskripzio tartea luzatu egin da, eta multzo horretan kokatzen da sexu indarkeria; eskaera historikoa izan da preskripzioa handitzearena. Orain arte erasoa jasan zuenak 18 urte betetzen zituenean hasten zen kontatzen, eta 2021etik aurrera 30 urte betetzen dituenean hasi dira kontatzen. Frogatuta dago sexu abusuak jasan dituen pertsonak denbora behar duela gertatutakoa prozesatzeko, eta zenbaitetan urte ugari pasatzen dira salaketa jartzea erabakitzen duen arte.

Bestetik, salaketa jartzen duten haurren berbiktimizazioa saihesteko pausu bat eman dute. 14 urtetik beherako umeen kasuan, aldez aurretiko frogak onartuko dira, eta ez dute epailearen aurrean enegarren aldiz erasoa kontatu beharko; kasu askotan erasotzailearen aurrean izan ohi zen, gainera. LOPIVIn onartu dute erasoak behin eta berriz gogoratu behar izateak min gehigarria eragin dezakeela. Aldaketa honekin, kalkulatzen da gehienez ere hiru aldiz kontatu beharko dutela jazotakoa dagokien autoritateen aurrean.

“Umeak ez dira gureak, subjektuak dira, komunitatearen parte, eta euren eskubideak dituzte”, Asier Gutierrez

Asier Gutierrezek berbiktimizazioa kritikatu du, eta legeak alderdi hori gehiago errespetatzen badu ere, oraindik haurrak salaketa prozesua egiteko unean babesgabe daudela dio. Gainera, oroitarazi du batzuek atzera egiten dutela: sexu abusuak jasan dituztela kontatzen dute, baina horrek dakarren eragina ikustean prozesua eteten dute zenbaitek. “Batez ere eskolan pasa daiteke, agian irakasle bati kontatzen diote, baina ikusten du irakasleak ez duela eskumenik hori kudeatzeko, eta gainera etxetik presioak egon daitezke. Haurra eskolatik bere etxera itzultzen da, erasotzailea zein babesten duen pertsona egon daitezkeen tokira, eta sortzen den klima horretan haurrak biziraun egin behar du”. Gutierrezek dio umea ohartu daitekeela etxetik kanpo dagoena “okerragoa” dela, besteren artean biktimizazioa jasango duelako, eta haurrak ikusten du salatzeko prozesuak “ez duela zentzurik”; “kasu batzuetan sexu abusua kontatzen dute baina gero atzera egin eta aurkakoa esaten dute”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Susanna Minguell ere biktimizazioarekin kritiko da, “homogeneizatu” egiten dituelako sexu erasoak sufritu dituzten pertsona guztiak. “Biktimarena kategoria sozial bat bezala da. Egintzat ematen da haurtzaroan edo nerabezaroan sexu abusuak jasan ditugun guztiok era jakin batean erreakzionatuko dugula, izaera jakin bat dugula”. Azaldu du kategoria horretan sartzeak eragiten duela biktimak agentziarik ez izatea, eta besteek esaten dutena eta espero dutena egitera mugatzen dituela horrek. “Oso gogorra da nola patologizatzen diren biktimak. Ni ez nago gaixorik haurtzaroan sexu abusuak sufritu ditudalako, ados? Kaka hutsa izan den esperientzia sufritu dut, baina ez nago gaixorik, eta kito”. Minguell kontziente da jarrera hori arautik kanpo ateratzen dela, eta gizartea ez dagoela ohituta ahultasunetik beharrean haserretik mintzatzen diren biktimak entzutera, esaterako. Haurtzaroko sexu erasoen biktimei “estigma oso basatia” ezarri zaiela argi du, “non biktima beti geratzen den beste guztien azpitik”.

Minguellen jarrera ziurra da: ez du onartzen biktima gisa irakur dezaten. Haren iritziz, biktimaren figura horrek erakusten du pertsona horren “bizitza guztiz markatuta” geratu dela, eta ez dago ados: “Noski, markatzen dute sexu abusuek, baina aurre egin ahal zaie. Ez du esan nahi gainditzen direnik, hitz hori ez zait gustatzen; badirudi hesien gainetik saltatzen ari garela eta pasatzen dugun bakoitza bizkarrean hartzen dugula”. Ezinbestekotzat du biktimen gainean dagoen kontakizuna eta estigma birpentsatzea.

Isiltasuna apurtzean zer?

Tabua, isiltasuna, lotsa, errua; gai honi buruz aritzean errepikatzen diren hitzak dira. Ez erran inori (Elkar, 2022) titulua jarri zion Maddi Ane Txoperenak Lide protagonistaren historia kontatzen duen liburuari. Haurra zela familiaren gertuko pertsona batek sexu abusuak egin zizkion Lideri, eta oroitzapenak baztertuta eduki ostean, gaztarora heldutakoan hasten da gogoratzen sufritutakoa. Izenburuak laburbiltzen du, besteak beste, zergatik den isiltasuna nagusi: “Ez esan, ezkutatu” bezalako mezuak iradokitzen dira egungo gizartean. Eta ohikoa den egoera bat azaltzen du nobelan:  amnesia. Jasandakoari bizirauteko mekanismoa da, eta Minguellek Palabras dislocadas lanean xehatzen duenez, ez da behar adina azpimarratzen amnesia tenporala, ezta haurtzaroan jasandako sexu abusuen oroitzapenak berreskuratzearen gaia ere.

“Isiltasuna apurtuko dut, baina gero nork jasoko nau? Zu prest zaude nik isiltasuna hautsi dezadan? Isiltasuna norena da?”, Susanna Minguell

“Abusuen oroitzapen horiek ere esperientzia bat dira bere horretan, eta hankaz gora jarri dezakete gogoratzen dituen pertsonaren bizitza. Konturatu daiteke bere bizi-ibilbidea pasa dela jakitun ez zen abusu batzuen inguruan; agian ez zen jabetzen bizitzen ari zenaz une horretan edo psikologikoki ezinezkoa zitzaion sexu abusu gisa interpretatzea”. Oroitzapenak berreskuratzen diren unean “bizitzak zentzua galdu dezake” edo sentsazioa izan daiteke “dena hutsegitea” izan dela, pentsatzen baita patroi batzuk errepikatzen direla bai bikotekidearekin, bai besteekin erlazionatzeko moduarekin, adibidez, eta orain arte izenik ez duena izendatzen hasten da, ohartutakoan sexu abusuekin zerikusia izan dezaketela.

Ez haurra izanda, ez heldua izanda, inoiz ez da sinplea izaten gertatutakoa ahoz gora kontatzea. “Nik isiltasuna puskatuko dut posible badut, inguruan babes sarea baldin badaukat”. Susanna Minguellek tentuz aldarrikatzen du isiltasuna apurtzearen eta salatzearen ideia: “Isiltasuna apurtuko dut, baina gero nork jasoko nau? Zu prest zaude nik isiltasuna hautsi dezadan? Isiltasuna norena da? Fribolitatea ere badago”. Gutierrezek ere bat egiten du sarearen beharrarekin, eta argi du lanketa handia eskatzen duela sexu erasoak jasan izanaren kontzientzia hartzeak: “Prozesu terapeutikoetan, adibidez, trauma bat lantzen ari bazara, zuk ezin diozu esan bat-batean pertsona horri ‘aizu, zuk txikitan sexu abusuak jasan zenituen?’ eta hor utzi. Horrelako prozesu bat irekitzen duzunean, sostengatu behar duzu pertsona hori”. Atzera buelta eragin dezake, gertuko pertsona batek egindakoa berriz bizitzea, eta horrek dolu “oso bortitza” dakar; “lanketa oso sakona eta konplikatua behar da”, berretsi du Gutierrezek.

Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC BY SA

Zer gertatzen da inguruko pertsona batek adierazten dizunean sexu abusuak sufritu zituela? Prest gaude hori kudeatzeko? “Ingurua desorekatzen du, eta abusuak pairatu dituen pertsonak badaki hori –aitortu du Minguellek–. Nik ulertzen dut ingurua oso urduri jartzea, ez baitira robotak. Lagun batek kontatzen badizu egin diotena, gogoa ematen dizu hori egin dion tipoa topatu eta aurpegia txikitzeko. Baina lagunak ez badu horrelakorik nahi, izan daitekeela, bada, lehenbizi daude abusatua izan den pertsonaren beharrak”. Jakitun da egoera horien aurrean ingurukoei karga emozional handia esleitzen zaiela, eta proposatzen du laguntza hori aurrez ondo pentsatuta izatea, are, kanpo laguntza eskatzea ere egoki ikusten du.

Terapiatik haragoko espazio partekatuak

Sexu erasoak salatzen –judizialki nahiz sozialki– dituzten pertsonak prozesu terapeutiko batera bideratzen dira, oro har, bizitakotik osatzeko. Dena den, Susanna Minguellek irudipena du beharra dagoela terapeutizaziotik eta patologizaziotik harago joateko eta pertsonen artean hitz egiteko espazioak sortzeko. Berak izandako esperientziek fruituak eman dituztela baieztatu du. 2018. urtean hasi zen bere prozesua jendarteratzen, errezitaldi, erakusketa, tailer eta abarren bidez, eta urtez urte berretsi du jendeak beharra duela beste ikuspuntu batetik hitz egiteko auziaz.

Tolosan antolatu zuen lehenbiziko tailerra, 2021ean, Tolosako Berdintasun sailak lagunduta. Inoiz ahaztuko ez dituen saioak izan zirela dio, eta onartu du bereziki harritu zuela jendeak konfiantzazko eremu seguru horietan biltzeko zuen beharrak. Parte hartzaile ugari ziren haurrak zirela sexu erasoa jasandakoak ala haien gertukoak; intimitate eta segurtasun sentsazioko momentuak eraikitzen zituztela dio. “Pertsonak hitz egiteko beharra dute, baina entzutekoa ere bai, batik bat beste ikuspegi eta kontakizun batzuk ezagutzeko”. Era berean, tailerretan ikusi zuen profesionalek ere hitz egiteko beharra zutela, “eta hori oso polita da”. Minguell saiatzen da testigantza hutsetatik haragoko kontakizunak osatzen saioetan, eta ikuspegi sozialagoa ematen umezaroko sexu erasoei, zabalagoa; norbere kontakizuna edo ikuspuntua ere zalantzan jarri dezake horrek, eta aitortu du “arriskatua” dela parte hartzera animatzea.

“Saihestu dezakegu sexu abusuak egotea? Ez dut uste. Saihestu dezakegu guk sexu abusua egitea? Bai, hori bai”, Asier Gutierrez

Saio horiek burutu zituzten Norena da isiltasuna erakusketa antolatuta, Tolosako Topic-en, eta Minguellekin batera Maialen Sarasola, Cristina Hernandez, Miren Atxaga eta Maddi Ane Txoperenaren lanak jarri zituzten erakusgai, haurtzaroko sexu erasoen lanketa jendaurrera zabaltzeko. Ordutik pare bat urtez aritu da hitzaldiak eta tailerrak ematen Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait herritan. Nahiz eta azken urtean amaren heriotza dela eta guztia gelditu behar izan duen, iragarri digu 2024ko urrirako zerbait antolatzen ari dela.

Sexu erasoetatik babestu ditzakegu haurrak?

Gaia landu edo bizi izan duten guztiek aipatzen dute prebentzioaren garrantzia, baina errealitatea da ez dagoela formula magikorik sistema heteropatriarkalak sostengatzen duen indarkeria mota hau saihesteko. “Gure gizartean botere harremanak dauden heinean indarkeria egongo da eta jasan beharko dute haurrek ere bai”, argitu du Gutierrezek. “Saihestu dezakegu sexu abusuak egotea? Ez dut uste. Saihestu dezakegu guk sexu abusua egitea? Bai, hori bai. Gure baitan geratzen da hori eta eskatzen du hausnarketa oso egiturazkoa, gure jokabideen eta haur-guraso harremanen ingurukoa”. Sistemak sortzen dituen indarkeria guztiengandik haurrak eta nerabeak babestea ezinezkoa dela dio, are gehiago, umeak ere horren jakitun egitearen alde dago. “Autonomia hori landu behar dute eta jakin behar dute familiatik kanpo ere badagoela gizarte bat indarkeria dagoena, eta eduki behar dituzte erremintak hori ekiditeko edo gutxienez beraien buruak babesteko”.

“Lortu beharko genuke abusua jasan duen haurra kontziente izan dadila edo gutxienez laguntza eskatzen jakin dezala”, Susanna Minguell

Minguell iritzi berekoa da, alegia, haurrei problematika hori dagoela helaraztearen aldekoa. Horrek ez du esan nahi sexu erasoak ez gertatzearen ardura euren gain jartzen duenik: “Ez dugu guk zerbait egin behar adin txikiko pertsonak erasotzaileei ezetz esan diezaieten, baina gutxienez lortu behar duguna da ez daitezela sartu disoziazio egoeran, gertatzen ari zaiena ezin dutelako aguantatu eta ulertu. Ez naiz ausartzen esatera sexu abusuak min gutxiago ematen duenik disoziatuta egonda kontziente izanda baino. Kontua da lortu beharko genukeela pertsona hori kontziente izan dadila edo gutxienez laguntza eskatzen jakin dezala”. Laguntza eskatzeko, Gutierrezen arabera, adin txikikoei azaldu behar zaie espazio batzuk daudela non beraiek esan dezaketen nola sentitzen diren, eta hor konfiantzazko pertsonak egongo direla. Erakutsi behar zaie emozioak atera behar direla, eta ondo egoteko eskubidea dutela.

Haurrak lortzen badu adieraztea zer gertatzen ari den, Minguellek dio lehen urratsa dela “eskandalizatzeari uztea”. Garrantzitsua deritzo umea horizontaltasunetik entzutea, hitzek eta gorputzak esaten duena ondo entzutea. Eta erasoa jasan duenaren erritmoa errespetatzeko eskatu du, haietako batzuek ez baitute unean bertan salatu nahi izaten, adibidez. “Ez sartu botere logiketan, esanez nola sentitu behar duten, zer egin behar duten... logika horiek guztiak laguntzeko egiten dira, baina besteari bere buruarekiko boterea kentzen diote”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Haurra zela jasandako sexu erasoak kontatzen dituena heldu bat denean, modu berean jokatzeko esan du Minguellek. Ez biktimizatzearen ideia errepikatu du: “Batzuetan topatu dut pena begirada hori, oso hierarkizatzailea dena eta zapaltzen dizuna. Lehenbizi, esaten dizu, nahi gabe bada ere, gutxiago zarela, eta gainera, esaten dizu zuk bizi izan duzuna ez duela mundu guztiak bizitzen, eta ez da horrela. Beraz, kasu pena begiradari”. Egokiena entzuketa eta akonpainamendu papera da: “Pertsona horrek jakin dezala zu hor egongo zarela, baina ez esan zer egin behar duen. Imajinatu kontatu dizula lagun batek sexu abusuak pairatu zituela, eta gero izaten du garai bat hipersexualizaziora jotzen duena; bada, zu alboan egon, akonpainatu”.

Datuak ez dira esperantzagarriak, eta ezikusiarena egin ordez, kontzientziatzeko eta sexu erasoen auziaren ardura hartzeko eskatzen dute Susanna Minguellek eta Asier Gutierrezek. Izan ere, haurren ipuinetan “ezezagun arriskutsu” bezala irudikatzen duten otsoa, ia beti, gertuko norbait izaten da. Bi elkarrizketatuek ez dute uste arazoa erraz konponduko denik, baina jendartean ematen ari diren pausoak baloratzen dituzte. “Lapurtutako haurtzaroei” eskubideak bermatzea denei dagokigula argi utzi dute.

Sexu erasoei buruz haurrekin hitz egiteko sortu dute Lolaren bizikleta liburua. Argazkian, Alba Barbé i Serra, egileetako bat hitzaldia ematen. / @labicidelalola
Ipuinen bidez komunikatu

Haurrei helarazten hain konplexuak diren gaiak era pedagogikoan eta ulerterrazean azaltzeko, Lolaren bizikleta (Edicions Bellaterra, 2023) ipuin ilustratua sortu dute Laia Pibernat i Mir antropologoak, Alba Barbé i Serra gizarte hezitzaileak eta Judit Piella ilustratzaileak. Egileek diote “aukera paregabea” dela pertsonaien emozioak ikasi eta ezagutzeko, eta lexiko emozional eta afektiboa garatu eta aberasteko baliagarria dela. Lola protagonistari osabak sexu abusuak egiten dizkio, baina hain esplizitua izan gabe, hainbat elementu eta pertsonaiaren bidez adierazten da hori ilustrazio koloretsuz betetako istorioan. Esaterako, sexu abusuaren unea azaltzen zaila bada, Lolaren bizikleta erabili daiteke bitarteko gisa, kontakizunean ere sinbolotzat erabiltzen baitute. Egileek pedagogia lana egin nahi izan dute, eta liburua argitaratzearekin batera –jatorrizkoa katalanez, eta euskarara eta gaztelerara itzulita jarraian–, hitzaldiak eman dituzte. Euskal Herriko hainbat herritan izan ziren 2023ko urrian. Film labur bat prestatzen ari dira orain.

Irakurketa errazteko, webgunean argibide ugari jarri dituzte: “Egokitu hizkuntza istorioa irakurtzen ari zaren umeei eta esan gauzak beren izenez. Argi eta erraz adierazi mezuak, ulertzeko norberaren gorputzerako eskubidea, ongizate- eta ondoeza-egoerak ezagutzeko. Mezu horiek izango dira ezagutzeko edozein indarkeria mota, eta bereziki, sexu indarkeria prebenitzeko komunikazio-estrategiak”. Egileen helburua da haurraren eta helduaren artean naturaltasunez hitz egitea gaiari buruz, horrela, gertatuko balitzaio, umeak erremintak izan ditzan gertatutakoa kontatzeko.

Istorio guztia horri begira egina dago: umeen begiradatik, abenturazaletasunetik, sexu erasoa gertatutakoan izan beharreko jokabidea iradokitzen du, eta pertsonaia guztiek dute euren eginkizuna edo tokia. Haurrarekin gaiaz hitz egiteko mezu argi batzuk proposatzen dituzte:

- Zure gorputza eta berarekin egiten duzun guztia da zeuk parte hartu, erabaki eta aukeratu dezakezun esperientzia baten parte.

- Esperientzia horretan beti negoziatu dezakezu.

- Gorputzean badira pertsona heldu batek ukitu ezin dizkizun atal intimoak (bulba, zakila...).

- Zaintzen zaitugun pertsonok bakarrik ukitu dezakegu, garbitzen laguntzen dizugunean edo ume izanda bakarrik egin ezin dezakezun zerbait egitean.

- Pertsona heldu batek ere ezin dizu eskatu zuk bere bulba edo zakila ukitzea.

- Garrantzitsua da zure gorputzari edo gorputzarekin egiten dituzun jolasei buruzko sekreturik ez gordetzea (beste pertsona batzuekin egiten dituzun laztan sekretuak, adibidez!).

- Pertsona heldu batek deseroso sentiarazten bazaitu edo beldurra sentiarazten badizu, garrantzitsua da beste pertsona heldu bati esatea.

- Garrantzitsua da beste umeekin zuk nahi ez duzun ezer ez egitea.

- Nahi duzun guztia galde diezadakezu!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren eskubideak
2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


2024-07-16 | ARGIA
12 urteko mutikoa bortxatzea leporatzen diote Betharramgo ikastetxe katolikoan lanean ari den begirale bati

Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


2024-05-29 | Nekane Txapartegi
Zenbat lo?

Palestinako umeek ere galdera hori buruan ote duten pentsatu dut gure liburua eskuartean dudala. Zenbat lo falta ote diren genozidioa amaitzeko. Zenbat haur hil ote behar dituen oraindik Israel estatu sionistak munduko estatuen konplizitatearekin.
Beraien amei luzatuko ote... [+]


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


Urte beteko espetxe zigorra, adimen artifizialaz institutuko bi ikaskide biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik

Iruñerriko 18 urteko mutil bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, adimen artifiziala erabiliz institutuko bi ikaskide, bi neska, biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik.


Inozente

"Ume irlandar baten erantzuna, handitan zer izan nahi ote duen galderari: Preso ohia". Harkaitz Cano, 2023.

Behin eta berriz itzultzen ohi den lanbideak gaia suertatu da ikasturte hartan eskolan. Maistrak, betiko gisan, bat-banaka galdetu die... [+]


2023-12-18 | ARGIA
Gehiago Gara ekimena sortu da, “haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez” lantzeko jarrera zabaltzeko

“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]


2023-11-27 | Ahotsa.info
Mendillorriko, Printzearen Harresiko eta Donibaneko haur eskolak euskaraz izan daitezen eskatu dute familiek Iruñean

Elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udal Plazan datorren ikasturtean Donibane, Mendillorri eta Printzearen Harresi Udal Haur Eskolak murgiltze ereduan (euskara hutsean) bilakatzeko eskariarekin.


Haurren lagun diren hiriak aldarrikatu dituzte 150.000 herritarrek

Iruñean errepide bat moztu eta jolasleku bilakatu dute hainbat orduz, Getxon klaseak eman dituzte parkean, beste leku batzuetan bizikletek hartu dute kalea; mota horretako 500 ekitalditan 150.000 lagun bildu dira han-hemenka, nagusiki Europan, asteburu honetan: haurrak... [+]


Eguneraketa berriak daude