1959. urtea mugarri izan zen jazzaren bilakaeran: Miles Davisek A Kind Of Blue grabatu zuen martxoan eta apirilean; disko horretan parte hartu zuen John Coltranek Giant Steps plazaratu zuen maiatzean; eta, azkenik, Ornette Colemanek The Shape Of Jazz To Come argitaratu zuen, hori ere maiatzean. Hirurek inflexio puntu bat osatzen dute: lehenengo biek aurretik nagusitutako bebop eta hardbop azpigeneroen heriotza iragarri zuten, eta hirugarrenak laster etortzear ziren soinu berri eta transgresoreen oinarriak finkatu zituen.
Obra monumentalak ez ezik, gehiegi zuritutako jazzari loturiko erantzunak ere izan ziren, batez ere Colemanena, zeinak Afrikako musikei begiratzen dien, hausturaren bidez; hots, disko hori dela medio, free jazz azpigeneroaren zimenduak eraiki zituen Colemanek. Madrilgo Sormenezko Musika Goi Mailako Zentroan Jazz Historiako irakasle Marian Peyrou (Buenos Aires, Argentina, 1970) hain justu ere hiru disko horietatik abiatu da oraintsu Anagramak plazaratutako Free jazz. La música más negra del mundo (Free jazz. Munduko musikarik beltzena) saiakeran abangoardiako jazz estilo horren nondik norakoak azaltzeko.
Argentinarraren aburuz, estilo bat baino, free jazza ikuspegi musikal bat da eta bertan bi estetika uztartzen dira: abangoardiak eta Afrikako kulturak, alderdi kontrajarriak erakutsi arren. Peyrouren esanetan, aurreko jazz-musikariak saiatzen baziren beren lana ez zela gauza primitiboa erakusten, instintiboa eta irrazionala, basatiena, abangoardiek gaitzetsi egiten dituzte instituzioak eta Europa, eta, hain zuzen ere, primitibotasunean –fauvismoak, espresionismoak edo kubismoak nola–, instintuan eta irrazionaltasunean –kontzientzia-fluxuaren teknika literarioan edo lotura libreko ikerketa surrealistetan bezalaxe– bilatzen dute. “Free jazzak inkontzienteko prozesuak bideratzeko modu bat ere ematen duela uler daiteke”, dio.
Horiek horrela, free jazza gizakiaren alderdi intuitiboari eta espiritualari lotzen ahalegintzen da, eta hortik hazten da musika sortzeko. Ornette Colemanen taldean jotzen zuen kontrabaxista Charlie Hadenek esana: “Musikan benetan inplikatuta zaudenean, pentsamenduaren prozesuak ez du lekurik. (…) Pentsatzen hasten zarenean, musika eten egiten da”.
Hala, musikari berriek –hasieran New Thing (Gauza berria) izenez izendatu zuten free jazza–, Afrikan paratu zuten sen sortzailea, beren arbasoen kulturetan sustraitutako musiken ezaugarriak bereganatzeko, eta, era berean, jazza Europako tradizioko elementuetatik askatzeko; hau da, melodietatik, soloetatik eta armonietatik urruntzeko, arreta soinuan eta erritmoan jartzeko asmoz. Payrou: “Free jazzean, sekzio erritmikoak solistek beste laguntzen dute tinbre-aniztasunean, ehunduretan, dinamiketan, soinuaren moldaketan, energia dosifikatzen eta atmosferak sortzen. Eta hori da garrantzitsuena estilo horretan, eta ez melodiak, ezta melodia horietaz arduratzen direnak ere”.
Mariano Peyrou: "Free jazzean, sekzio erritmikoak solistek beste laguntzen dute; hori da garrantzitsuena estilo horretan, eta ez melodia"
Halaber, tradizio afrikarreko zertzeladen artean hauexek azaleratu ziren: egituren malgutasuna, desordena, bat-bateko interakzioa, hierarkien suntsipena, sormen kolektiboa, disonantziak, afinazio-jolasak, nota luzeak edo soinuarekiko interesa.
Horiek horrela, free jazzak estiloaren loraldi berri, aske eta efimeroa ekarri zuen, bere itzala hamaika estilotan islatzen den arren, baita egun ere.
Berrikuntza kaotiko horiek guztiek puristen gaitzespena jaso zuten; free jazzak establishment-arekiko eta, ondorioz, kapitalismoarekiko agertu zuen jarrera kritikoak ez zien batere lagundu musikari beltz ipurterre eta politizatuei. Cecil Taylor musikariak zera dio: “Muturreko ironia izan zen sasoi hartan egiten ari ginen musikari buruzko artikulua agertu izana Down Beat aldizkarian. Argitaratu eta gutxira, nik platerak garbitzen egiten nuen lan, baina ordurako nik banekien zergatik garbitzen nituen platerak”.
Peyrouren iritziz, free jazza ez da batere erakargarria ikus-entzuleen gehiengoarentzat, dituen ezaugarriak tarteko, nagusiki, zintzotasuna, introspekzioa eta laztura. Onarpen eskas horren harira, oso esanguratsua da Taylorren baieztapena: “Artista baten lehen ardura norberarekin komunikatzea da”.
Nazionalismo beltza
Free jazzaren hastapena beltzen eskubide zibilen aldeko borrokarekin lotzen da, ezinbestean, 1960ko hamarkadan, afroamerikarren atsekabea nabarmen hedatu baitzen, hala nola, Martin Luther King eta Malcolm X pentsalari eta liderren eskutik. Dena dela, aldarrikapen horiek XIX. mende amaieran piztu ziren, gerora areagotzeko. Mugimendu hori erabat gauzatu zen 1960ko urteetan gertatutako deskolonizazioarekin batera, zeina nazioarteko fenomeno bilakatu zen, eta askapenerako prozesu horrek, halaber, bat egin zuen free jazzaren loraldiarekin. Malcolm Xren heriotzak, gainera, integrazioa aldarrikatzen zuen mugimenduaren alderdi “ahularen” aurkako erreakzioa ere eragin zuen, Stokely Carmichael aktibistak jarrera erradikalagoen aldeko aldarria egin zuenean, 1966an, bai eta Black Power terminoa zabaldu ere; urte berean, Pantera Beltzen Alderdia ere eratu zen. Horrek guztiak nazionalismo beltza areagotu zuen, eta agerian jarri zuen afrozentrismoa. “Ohikoa da free jazz musikariak balio zuriekiko beren gaitzespena agertzen ikustea, eta beren identitate kolektiboa adieraztea tuniken, turbanteen, txanoen, dashikis-en (batez ere Mendebaldeko Afrikan erabiltzen den jantzi koloretsua), eta abarren bidez”, dio Peyrouk.
Haatik, free jazzaren aurretik hainbat jazz musikarik agertu zituzten beren ikuspegi eta jarrera politikoak; esaterako, 1960an, Max Roachek We Insist! Max Roach´s Freedom Now Suite diskoa argitaratu zuen, zeinetan oihu askatzailea grabazioaren azaletik nabarmentzen den. Lan horretan, halaber, laster loratuko zen free jazzaren trazak dituzten doinuak entzun daitezke, besteak beste, inprobisazio kolektiboen bitartez. Horren erakusle, Tears for Johannesburg.
Hala, oso ohikoa zen free jazz musikariak mitinetan eta elkartetan parte hartzen edo mugimenduaren aldeko kontzertuak ematen ikustea. Haatik, Peyrouren aburuz, musikari horien dimentsio politikoa ez da islatzen esaten edo egiten duten horretan, baizik eta haizatzen duten soinuan: “Tenkatua, biolentoa, merkantilizazioa gaitzesten du (abestu daitezkeen melodiarik gabe, ehundura lakar batekin eta irratiek onartu ezin zuten iraupenarekin), eta, beraz, kapitalismoa, publiko handiaren gustua gaitzesten ditu. (…) Free jazzak, hartara, ez du 'musikalki onartzen' jazzari emandako posizioa, eta nolabait esatearren, gatazka adierazten du, bertan paratzen du begirada, eta soinu bat ematen du, ezaugarri hauekin: Afrika, zuriaren eta beltzaren arteko topaketa odoltsua, sufrimendua, etsipena, itxaropena, norberaren onespena, frustrazioa, amorrua eta gorrotoa”.
Horiek horrela, pentsa daiteke free jazza bere testuinguruan baino ezin dela ulertu, eta Black Power mugimendua ahuldu zenean, musika ere makaldu egin zela. Ondorioz, askoren aburuz, hizkuntza musikal hori agortu egin zen. Horrekin batera, komunitate beltzak bizkarra eman zion estetika berriari: musika intelektualtzat hartu zuten afroamerikarrek, publiko gehiena zuria eta unibertsitarioa baitzen, eta Afrikako tradizioetan oinarrituta musika izanagatik ere musika beltzaren esentziaren kontrakotzat jo zuten.
Testuinguru politikoa eta historikoa gorabehera, free jazza musika urratzailea eta eraldatzailea izan zen. Peyrouren hitzetan, “entzuterakoan, gauzak gertatzen zaizkigu, eta esperientzia horretatik energia jakin bat erauzi dezakegu. Bere energia iraultzailea eta espirituala da”.
• Ornette Coleman – The Shape of Jazz to Come (Atlantic, 1959)
• Ornette Coleman Double Quartet - Free Jazz A Collective Improvisation (Atlantic, 1961)
• Albert Ayler – Spiritual Unity (ESP, 1964)
• Eric Dolphy – Out To Lunch! (Blue Note, 1964)
• John Coltrane - A Love Supreme (Impulse 1965)
• Cecil Taylor – Unit Structures (Blue Note 1966)
• John Coltrane – Ascension (Impulse, 1966)
• Archie Shepp – The Magic of Ju-Ju (Impulse, 1967)
• Pharoah Sanders – Karma (Impulse, 1969)
• Alice Coltrane - Journey in Satchidananda (Impulse, 1971)
Maurice Ravelen distira eta jazzaren erritmoak saio berean batzeak erakargarritasun berezia zuen, zalantzarik gabe. Baina emaitza entzun ondoren, non Marco Mezquida Ziburuko musikaren mundu onirikoan barneratzen den, eta bere musika beste eskema batzuetara eramaten duen, bere... [+]
Nubya Garcia da uneko musikari interesgarrienetako bat. Jazza gustatu ala ez, bere musikalitate eta erritmo biziek, sentimenduz beteriko piezek, milaka pertsonen arreta bereganatu dute jada. Londresko musikari gazteak lehen lan luzea kaleratu berri du: Source. Benetan... [+]
Astelehenero izaten dira Jam Sessionak Iruñeko Intermezzon, Nafarroako musika kontserbatorioko tabernan. Jazz ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendua da gehienbat espazioa eta, jazzaren munduan ohikoa den bezala, hau ere espazio maskulinizatua da erabat.
Larunbata izan da Gasteizko Jazzaldiko egun handietako bat, Ambrose Akinmusire, Makaya McCraven eta Kamasi Washingtonekin. Mendizorrotzan, afroamerikar aldarrikapenez josita, jazzaren punta-puntako musikariak ikusi ditugu bi aldaeratan: McCraven eder eta Washington aspergarri.
Londresko jazz eszenari buruz ezer ez duzula entzun? Musikari eta publiko gaztea izateaz gain –edo hain zuzen horregatik– zeresan itzela ematen ari da mundu osoko jazz panoraman. Eta hiru izen hautatzekotan horietako bat da, dudarik gabe, asteazkenean Gasteizen jo... [+]
Asteartea da eta Iruñeak ez du kultur eskaintza handirik gauerako, ohiko moduan. Urrun geratu dira egunero rock eta pop kontzertuak aditzeko aukera zegoen garaiak, diotenez, guk ez baititugu ezagutu. Arratsaldez lan egiten dugunok ez dugu arazo handiegirik astean zehar... [+]
Duela hamaika urte ekin zioten taberna batzuek Jazzaharrean jaialdiari. Aurtengo edizioa ekainaren 28tik uztailaren 8ra izan da eta 20 emanalditik gora egin dira.