Ernest Hemingwayk mendea egin du Euskal Herrian

  • 1923ko sanferminetan ezagutu gintuen, eta urtebete geroago Irati aldera jo zuen atseden bila. Baiona, Garazi, Donostia, Iruñea, Gernika, Bilbo... guztiak izan ditu aipagai bere literatur lanetan. Uztail honetan 100 urte dira Irati ibaia eta inguruko baso eta bazterrak ezagutu zituela, eta gerora ohiko bisitaria izango zen gurean. Iratiko egonaldiak hainbat pasarte hartzen ditu 1926an argitara eman zuen Fiesta (Festa) nobelan.

    [Artikulu nagusi honen pean beste bi artikulu ere idatzi ditugu. Bata, gerora frankisten eskuetan eroriko zen Hotel Burgueteri buruzkoa, bertan hartzen baitzuen ostatu Hemingwayk; eta Koro Navarrori elkarrizketa, Fiesta liburua itzultzearen harira]

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Jardunaldiak antolatu dituzte Donostiako Kursaalen eta Bilboko Carlton hotelean uztailaren 14tik 20ra: EH eta EH –Ernest Hemingay eta Euskal Herria–, Ernest Hemingway conference. Topaketatxoa ere egingo da Auritzen, Orbaizetako fabrikan eta Aribe artean, uztailaren 28an: Ernest Hemingway eta Irati.

Iñaki Sagarna historialari eta irakaslea aritu da, hasiera-hasieratik, EH eta EH konferentzia antolatzen: “Kasualitate multzo handi baten azken katebegia da kongresua Euskal Herrian egin izana. 2019an hasi zen guztia, master ikasketak Boisen burutu berri nituenean eta Idahoko The Community Library elkarteak hiru hilabetetarako beka bat eskaini zidanean, Ketchumen”. Hemingwayek bere buruaz beste egin zuen etxea kudeatzen du aipaturiko elkarteak, eta Sagarnak jasotako bekak bere etxean geratu ziren objektuak sailkatu edo ikertzeko helburua zuen, berez. “Hasiera batean objektuen katalogazio lan bat besterik ez nuela egingo uste nuen. Dena den, hara heldu bezain laster, Idahon bertan, Hemingway eta bertako euskaldunen arteko harremana batere ikertu gabe zegoela jabetu nintzen. Baimena eman zidaten katalogazioaren ordez ikerketa hori burutzeko. Hiru hilabeteko egonaldia bukatzerako, hogei bat erlazio azaleratu nituen Idahoko euskaldun eta Hemingwayren artean”, dio Sagarnak. Euskaldunen eta Hemingway idazlearen arteko harremana ikertzen hasi orduko, Edorta Jimenez eta Javier Muñozekin jarri zen harremanetan; bi horiek Basque Route delako proiektuan ari ziren lanean ordurako.

Jimenez ere aspalditxotik ari da Hemingway eta euskaldunen arteko harremana ikertzen eta horri buruz idazten. Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan liburua argitaratu zuen Susa argitaletxearekin, eta SanFermingway Txalapartarekin. Horrela mintzo da Jimenez, gaiari buruz galdetzean: “Gai honi ekitean izan nituen bihozkadak badirudi azkenean ere zuzenak izan direla. Horren lekuko argiena Hemingway eta Euskal Herria erakusketa izan da. Sagarnak eta biok atondu genuen, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Gero hor zehar ibili da, eta uda honetan Donostian dago, Aieten, Hemingway Society delakoaren urterik behineko biltzarra han eta Bilbon egingo dela baliatuta”. Sagarnak AEBetako artxiboetan zein bertokoetan topatu dituenak inportanteak direla dio Jimenezek.

Iñaki Sagarna, historialaria: "1920 eta 1930etako hamarkaden bueltan gurean ibili zen Hemingway hura benetan idazle emankorra zen"

AEBetan antolatu zuten konferentzia batean hizlari aritu zen Sagarna. Antolatzaileei gustatu zitzaien eta harreman horretatik etorri da orain berak Donostiako eta Bilboko nazioarteko halako topagunean murgildu izana. Kongresu horien balioa azpimarratu du Sagarnak: “Marko akademikoaz gain pisu sozial handiko kongresua da; bost bat otordu handi, bizpahiru 250 pertsonakoak, eta kontzertu pare bat ere antolatu behar izan ditut”. Kursaal eta Carlton hotelean, 180 ikerlari eta idazleren hitzaldiak, Arabar Errioxara irteera bat, zesta punta partida Bilboko Deportivo frontoian, eta konferentziako lehen egunean Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsotan, Xabi Payaren bat-bateko itzulpenarekin, euskaratik ingelesera.

Aipaturiko konferentzian, Josu Jimenez Maia, Edorta Jimenez, Ibai Iztueta eta Iñaki Sagarna. / Patxi Gaztelumendi

Konferentzian, euskaraz
Euskal idazleak ere izan dira hizlari nazioarteko konferentzia honetan. Eta euskaraz parte hartu dute. Edorta Jimenez eta Josu Jimenez Maia mahai inguru batean aritu ziren. Hemingway eta Gernikaz aritu zen lehena, eta bigarrenak, itzultzaile eta poetak, Heminwayren poesia hartu zuen hizpide. Ibai Iztuetak Pio Baroja eta Hemingwayren lanak konparatu zituen eta Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua liburuko pasarteak hautatu, non, besteak beste, Manu de la Sota eta Ernest Hemingwayren arteko gutun bidezko harremanaz solastatu zen. David Rio EHUko katedradunak, berriz, Robert Laxalten eta Hemingwayren lanen arteko konparaketa egin zuen, ingelesez. Hizkuntza anglosaxoiaren ostean, euskara izan da kongresuko bigarren hizkuntza garrantzitsuena. Hori ez da beti gertatzen.

Edorta Jimenezek lau hitzetan eman digu bere hitzaldiaren laburpena, zeina gerora argitaratzea ere espero duen: “Ernest Hemingway ez zen Gernikan izan bonbardaketaren egunean, eta hala ere hari buruzko informazio zuzena eta aberatsa bildu zuen; tartean, haren testiguen lekukotasuna ere badaukagu. Andres Untzain han izan zen, esaterako. Hemingwayren hirugarren emazte Martha Gellhorn, gainera, Gernikan gertatuaz munduari jakinarazten ahalegindu zen”.

Middlebury College Library / Archive.org

Estereotipoak hausteko daudelako
Josu Jimenez Maiari ere zalantza sortzen diote Hemingwayri buruz dauzkagun estereotipoek: “Beti irudikatzen dugu sanferminetan mozkor, alkoholarekin gehiegikerietan... eta nik uste dut badagoela beste Hemingway ezezagun bezain interesgarria, bere literatura eta bere izaera ongi ulertzeko”. Bere esanetan, funtsezkoa da Hemingwayk Iratin eman zituen garaien berri izatea, egin zituen ibilaldiak ezagutzea, paisaiak, bizipenak eta lagunak. “Sanferminen atarian, komunikabide gehienek beti transmititzen diguten Hemingwayren gaineko irudia estereotipoz betea da, aski komertzializatua, kontsumismoa bultzatzen duena. Eta niri gehiago interesatu zait Hemingway literaturaren ikuspuntutik”.

Edorta Jimenezek ere badu arrangura Hemingway idazlea hemen zelan ezagutzen dugun galdetzean: “Patu petrala Hemingway harena. Sanferminak masifikatu ei zituen, bene-benetan izenezkoa zena, bide batez esanda. Laido hori dela eta, Nafarroa Garaian, nork irakurri du Fiesta liburua? Nork daki Donostiaz idatzi zuena? Edo Uda lanjerosa, idatzi zuen azkena, Bilbon hasten dela? Edo ‘euskaldun hauek miragarriak dira’ idatzi zuela Nafarroako menditarrez, eta ez Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako euskaldunez. Ezagunena da, dena dela, Ernest Hemingway II. Errepublikaren laguna eta antifaxista osoa izan zela”. Argi mintzo da Edorta Jimenez, zuzen, aho bizarrik gabe; ikertu, sakondu eta asko irakurrita, eta ostean idatzita ere bai.

Sagarnarentzat ere Hemingwayz saldu diguten irudia eta berak ezagutu duena arras ezberdinak dira. “Frankismoak saldu nahi izan zuen agure ileurdin, zahar, mozkorti festa-zale... hori baino askoz ere gehiago izan zen Hemingway. Zoritxarrez, gure inguruetan, frankismoan zehar ondu zen Hemingwayren irudi hori besterik ez zaigu heldu, baina 1920 eta 1930etako hamarkaden bueltan gure inguruetan ibili zen Hemingway hura benetan idazle emankorra izan zen”. Ez dela asko irakurtzen gaineratu du Sagarnak, haserre samar: “Eleberrien izenak gutxienez ezagutzen dira. Baina ipuin idazle bikaina izan zen, eleberrigile ona baino gehiago”. Zorionez, 2011n Xabier Olarrak bere ipuinen bat edo beste itzuli zuen euskarara, eta Koro Navarrrok, Fiesta: Eguzkia jaikitzen da ere itzuli du aurreko urtean.

Lehen Mundu Gerraren ostean, gerraren aurkari amorratu bilakatu zen Hemingway. Sagarnak azpimarratzen duenez, argiki ikus daiteke hori A Farewall to Arms (Armei agur) eta idatzi zituen hainbat poemetan –horietako batzuk euskaratu ditu dagoeneko Josu Jimenez Maiak–. Gerrarteko garaian gerra arbuiatu arren, Sagarnaren esanetan, argi ikusi zuen Espainiako gerran faxismoari aurre egin behar zitzaiola: “Hori guretzeko ikaskuntza on bat izan daiteke”. Horrez gain, zera zehaztu du: “Hemingway amerikar inperialismoaren aldeko sinbolotzat dauka jende askok, baina uste denaren aurkara, ez da horrela. AEBetako Gobernuarekin oso kritikoa zen, esaterako, eta Kubatar iraultzaren alde publikoki lerratu zen hil aurreko urteetan”. 

Hemingway eta Juan Duñabeitia itsasgizonaren erretratua. Adiskideak ziren. Jose María de Ucelay y Uriartek egina. (Bilboko Museoa)

Narratibak kateatuta
Josu Jimenez Maiak aitortu du Hemingwayren ipuinek harrapatu egin zutela. Francis Macomber eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxeak plazaratutakoa, biziki gozatu zuen berriozartarrak: “Niretzat aurkikuntza bat izan ziren, beste literatur mota bat ekarri zuen Hemingwayk hor. Iradokitzailea, esaldi laburrak, menpeko esaldi gutxi, zuzena eta asko kontatzen duena”. Eta poesiara heldu zen gero. “Berak ez zuen poesia anitz idatzi, baina bere bizitza osoan idatzitako 88 poema horiek ematen dizkigute bere narratibaren gaineko eta bere bizitzaren gaineko bizipen ugari”. Josu Jimenez Maiak Ernest Hemingwayren hainbat poema euskaratu zituen eta Maiatz aldizkarian argitaratu. Aurtengo uztailean bertan, Hemingwayren efemeridearekin bat eginez, Armiarma.eus literatur sarean paratu dituenak.

Edorta Jimenez ere Hemingwayren atzetik munduko txoko askotan izandakoa da, Urdaibaitik Kubara, besteak beste. “AEBetatik Nevadako ortziaren irudi ahaztezina ekarri nuen. Eta hango unibertsitate sistemaren ezagutza gain-gaineko bat. Hango euskaldunen mundua ere ezagutu nuen. Batik bat etxean hartu ninduten Joe Gerrikagoitia eta haren emazte Hellenen aldetik”. Baita beste lekuetako oroitzapenak ere: “Kuban, hara lehenengoz joan nintzenean, Nevadara baino lehen, 2000an, Joseba Sarrionandiarekin eta beste aterpetu batzuekin topo egin nuen. Sakoneko esperientzia izan zen hango gureen bizimoduaz jakitea. Kubara beste hainbatetan joan nintzen, nahiz ikertzera nahiz lagunak bisitatzera”.

"Beti irudikatzen dugu sanferminetan mozkor, baina bada beste Hemingway ezezagun bezain interesgarria"

Zer esan Kubaz? “Behin joan eta iritzi batekin itzuli, beste behin joan eta lehengoaren kontrako beste batekin itzuli, ez dakit ba orain balantzerik egiteko gai naizenik. Ez naiz ahaleginduko”, bota digu azkenik Edorta Jimenezek, gaitik aldendu gura balu lez.

Iratin topaketa
Donostiako eta Bilboko konferentziari, Iratiko topaketak hartuko dio lekukoa. Kultur Olan egingo dira ekitaldiak, Nafarroako Kultur Ateneoak lagunduta.

Uztailaren 28an, Hotel Burgueteko nagusia izan zen Victoriano Urdiroz omenduko dute lehenik, goizean. Ibilaldia egingo dute gero Auritzetik Orbaizetako fabrikara, oinez, bidean Fiesta liburuko pasarteak irakurrita. Orbaizetan, Hemingwayren iturrian bere omenezko irudi bat paratuko dute, eta bazkalostean hitzaldiak eskainiko dituzte Iñaki Sagarnak, Edorta Jimenezek, Ibai Iztuetak eta Cira Crespok. Il untzean, Joxe Miel Bidador poesia taldearen eskutik, Hemingwayren poema irakurraldia eginen da Aribeko balnearioaren inguruetan, Irati ibaiaren ertzean. Udazkenetik aitzina, Auzperrin Mikel Antza idazlearekin hilero batzen den irakurle taldeak Fiesta: eguzkia jaikitzen da liburua mintzagai izanen du.

[Irakurri ondorengo bi artikulu hauek ere: Hotel Burguete, errepresio frankistaren lekuko Auritzen eta Fiesta liburuaren itzultzaile Koro Navarrori elkarrizketa.]


ASTEKARIA
2024ko uztailaren 21
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-03-07 | Iker Barandiaran
Bizirik eta bidean gaudela ospatu

Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024

--------------------------------------------------

Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu... [+]


Dramaturgoen ‘herstory’-rako

Rosvita. Teatro-lanak
Enara San Juan Manso
UEU / EHU, 2024

---------------------------------------------------

Enara San Juanek UEUrekin latinetik euskarara ekarri ditu X. mendeko moja alemana zen Rosvitaren teatro-lanak. Gandersheimeko abadian bizi zen idazlea zen... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-07 | Euskal Irratiak
Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak bere 90 urteak ospatuko ditu

"Entseatzen gira arnas gune bat sortzen Donibane Lohizunen, hain turistikoa den herri honetan". 250 kiderekin Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak 90 urte bete ditu aurten. Lau emaztek sortu zuten talde hauetan eramaile izan zen Madeleine de Jauregiberri... [+]


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


Ravel jaio zela 150 urte
Eta zuk, egin duzu inoiz Boleroarekin?

Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko... [+]


2025-03-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Desgaia gai

Desgaitasun fisikoa duen arkitekto baten alabaren etxea bisitatu ondoren idazten dut honako hau.

Desgaitasun fisikoa duten pertsonen taldeek ez dute arkitektoa maite, beraien bizitza zailtzen duen gaizkile bat kontsideratzen baitute. Gorrotoa ulerkorra da: arkitektoaren lanak... [+]


Animaziozko Film Onenaren Oscarra software librearekin sortutako ‘Straume’ pelikulak irabazi du

Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.


'Errealitatearen harribitxiak'
Arreta galdu barik

ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]


EHZk aurtengo leloa eta lehen taldeak jakinarazi ditu

Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude