Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz, lekukotzaren garrantziaz.
Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna, eta Magisteritzan diplomatua, EHUn beti. Irakasle izana lanbidez, antropologiak jarri zuen idaztera. Antropologo natiboaren inguruko hausnarketa zenbait artikulua publikatu zuen 2005ean Sancho el Sabio aldizkarian Aitzpea Leizaola irakasleak gidaturik, eta oraindik oraingoa du memoria historikoaz ari zaiguna: 1936ko Gerra Zibila: trauma, dolua eta memoria lekukotza autobiografikoetan. Juan Azkarate eta Luis Ariznabarreta milizianoak Ipar frontean” (sarean irakurgai). Inoiz José Migel Barandiarani irakasle aleman batek esan ziona berritu du Bego Ariznabarreta Orbeak bere baitarik: “Sakon ezazu zeure herrian, eta unibertsaletara iritsiko zara, guztion iturria bat bera baita”.
Aitaren memorien azterketaren emaitza dugu zure artikulu mardula: Gerra Zibila: Trauma, dolua eta memoria lekukotza autobiografikoetan. Juan Azkarate eta Luis Ariznabarreta milizianoak Ipar frontean.
Sancho el Sabio Fundazioaren webgunean du irakurri nahi duenak. Pandemia garaian izan zen, 2020ko udaberrian. Gurasoen etxeko ganbara garbitzen ari ginela, aitaren eskuizkribuak aurkitu genituen, 1936ko gerrari buruzkoak. Aita zen Luis Ariznabarreta Zubiaurre, Soraluzeko Espilla baserrikoa. Gerran, Amuategi batailoian ibili zen, miliziano, hamabost hilabetez. Aitaren paperetan, berriz, orduko lekukotza zuzena dugu: frontean ibili zen garaiko kronologia, presoaldia, soldadu agiriak, argazkiak, hildako soraluzetarren zerrenda, soldadu kideen izenak, bertsoak... eta bitxikeria bi: Un chino en el ejército vasco, eta Rusos y chinos en el ejército vasco izeneko bi testu.
Aita zenak Espainiako gerrako konturik kontatzen zuen?
Bai, beti! Garai batean, asteburuetan-eta, gure etxean bazkariak luzatu egiten ziren, gurasoek mahaian jarri eta bertan egotera behartzen gintuzten, tertulian. Tarte haietan kontatzen zituen gure aitak gerrako ibilerak, anekdotak-eta. Gerraren gordintasunik eta minik ez zigun zuzenean aipatzen, baina bai zeharka edo lerroartean... Gauza asko isildu zituen, baina esango nuke isiltasun horren bidez bere mina transmititu zigula.
Aitak gerraren gordinkeria handienak ez aipatuta ere, berak bizi izandako mina barneratu zenuten?
Nik uste dut baietz. Esate baterako: gure aita 2003an hil zen, azkeneko urtea gaixorik igaro eta gero, 88 urte zituela, bakean. Memoria historikoaren gaia mende berriarekin hasi zen indarrez lantzen, desobiratzeak-eta. Horien berri izaten nuenean, malkoak etortzen zitzaizkidan, hunkitu egiten nintzen. “Aitaren heriotza eta dolua izango dira!”, pentsatzen nuen orduan, baina orain badakit ezetz, ez zela dolua, berak transmititu zigun gerraren mina baizik. Etxean presente izan da beti gerra, eta gerraren mina.
Aita hil eta gero aurkitutako paperetan, berriz, orduan eta presenteago gerra!
Baina paper haiek irakurri, eta gerra zer izan zen ezagutu nuen arte, ez nintzen ohartu zein traumatikoa zen gerra, Espainiako Gerra Zibilean gertatu zena. Aitarena irakurri ondoren, Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioaren bibliotekara joan eta asko irakurri dut gerraz, eta etxeko liburutegian apal bat osoa dut gerrako liburuz eta informazioz betea. Orain, berriz, Gazan-eta, gerra errepikatu egiten dela ikusten dut, eta gerrak gelditu egin behar direla, ez dakit nola, baina gelditu egin behar direla. Nik, esate baterako, biolentziaren eta gerraren kontra idatzi dut nire artikulua.
Artikuluan irakurri dizut amak ere gorriak ikusi zituela. Hura Rosario Orbea Gallastegi zen.
Gerrako umea izan zen, eta gure etxeko bazkalondo haietan bereak kontatzen zituen, ez zen isilik egoten. Gehiago esango dizut: grabazioa ere egin nion. Zoragarria da, bere bizitzaz ari da eta, besteak beste, gerraz. Gure ama zena oso bizia zen, eta alaia, eta gerrako hainbat abentura kontatzen zituen, gordinak denak. Hiru ahizpa ziren, eta Saint-Etiennen (Frantzia) egon ziren, euren amarekin joanda. Amaz ere idatziko dut, berak kontatutakoa aztertu, eta gure ondorengoentzat idatzita utzi.
"Historia handia du txinatar horrek. Xangai deitzen zioten, hangoa zen eta. Aitak dio eurekin batera egin zuela borroka, eta euren zori bera izan zuela"
Etxe askotan ez da gerra kontatu. Zuenean, bai aitak, bai amak, biek kontatu zuten...
Horrek ez du esan nahi dena kontatu zutenik. Nik ez nekien aitak armak hartu zituela. Inozo samarra izan naiz horretan, gerra horixe da-eta: gerra. Gure aitak-eta erresistentzia eta defentsa egin zuten. Alde batekoek eraso egin zuten, eta beste aldekoek, berriz, erresistentzia eta defentsa. Ñabardura egin behar da. Baina bi aldeek ibili zituzten armak, jakina. Hala ere, aitak ez zigun arma konturik kontatzen. Hainbat istorio grabatu nizkion aitari, baina gerrakorik ez. Ganbaran haren paperak aurkitu genituenean, zeharo interesatu nintzen.
Antropologia ikasketak eginak dituzu, besteak beste. Nola asmatu duzu zeure aitaz idazten, hain pertsona hurrekoaz?
Garai batean, ikertzaileek esaten zuten autorearen eta ikergaiaren artean hurbiltasun afektibo handia denean ezin dela objektibotasunez idatzi. Oraingo antropologian, aldiz, uste da hurbiltasun hori aberasgarria izan daitekeela, ohiko ikerketa batek kontuan hartzen ez dituen elementu asko sartzen direlako jokoan: interesa, emozioak, ñabardurak... Bestalde, objektibotasuna dela-eta, gaur egun badakigu objektibotasuna ez dela errealitate aldaezina, gauza finko bat. Objektibotasuna egilearen asmoen bidea da, besterik gabe. Kontua da hurbileko ikerketa egitea eta, aldi berean, distantzia analitikoa mantentzea.
Objektibotasuna subjektibotasunetik...
Hortxe sartzen da nire subjektibotasuna, eta gure aitaren subjektibotasuna. Inportanteena, hala ere, gauzak zintzotasunez aztertzea da. Nik nire laneko lehen lerrotik esaten dut nor naizen, noren alaba, zein ditudan ikasketak, zein diren nire galderak eta helburuak. Inork nire lana irakurtzen badu, lehen momentutik jakingo du nor ari den idazten, eta zergatik eta zertarako. Inor engainatu gabe ari naiz.
Aitari grabazioa egin zeniola esan duzu, nahiz eta ez zinen gerraz galdetzera heldu. Haatik, grabazioa ere egin zioten.
Franco hil eta gero, 80ko hamarkadaren hasieran egin zion Carlos Blanco Olaetxea taldeak. Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko gidan aurkitu nuen aitaren grabazioaren aipamena. Ezusteko galanta izan nuen, sorpresa pozgarria eta ederra. 90 minutu irauten du, eta Euskadiko Artxibo Historikoan dago. Gure aitak koaderno batean idatzi zuenez, harrituta zegoen, esaten zuen ez zuela sekula uste izango egun hura iritsiko zenik, hainbat urte pasatu eta gero inor gerraz galdezka grabatzera etorriko zitzaionik. Nik uste horrek gerrako trauma gainditzen lagundu ziola, neurri batean behintzat. Eta, bestalde, idazteak ere asko lagundu zion. Baita musikak ere. Gitarra, kantua, bertsoak sortzea... oso terapeutikoa gertatu zitzaion.
Idaztea dela-eta, idaztearen balio terapeutikoaz hitz egiten da gaur egun.
Horixe esaten dute, bai. Nik gure aita beti idazten ezagutu nuen. Txikitan mendira joaten ginenean ere, aitak hartu paper-mutur bat, edo txokolate tabletaren bilgarria, eta zer edo zer idatziko zuen. Batzuetan, gorde egingo zituen papertxo haiek; beste batzuetan, bota. Ez dakit. Baina bai uste dut idaztea oso terapeutikoa izan zitzaiola, taldean ibiltzea bezain terapeutikoa, zeren abesbatza batean kantatzen zuen –horrela euskaraz kantatzen zuen–, eta gudari edota milizianoz osatutako tertulia batean parte hartzen zuen, gerraz eta politikaz-eta hitz egiteko.
"Nik uste kontatzeak gerrako trauma gainditzen lagundu ziola aitari; neurri batean, behintzat. Eta, bestalde, idazteak ere asko lagundu zion”
Lagunartean bildu, eta gerraz hitz egiten zuten. Etxekoei ere hainbat kontu eta istorio kontatu zizkizuen garai bateko bazkalondoetan. Baina gerrari buruz berariaz ezer grabatzera ez zinela heldu esan diguzu.
Egia da. Aita hil zen urtean bukatu nituen Antropologia ikasketak, eta esaten nion neure buruari: “Hau da marka!, ez diot aitari gerraz grabatu!”. Pena handi horixe neukan. Eta penarekin batera, galderak etorri zitzaizkidan: “Aitak inor hil zuen?”. Badakit gerra horixe dela, batak bestea hiltzea, baina gure aitak inor hiltzea... Nik ez nion gerraz zuzenean galdetu, ordea, eta berak ere ez zuen inor hiltzeaz hitz egin eta, beraz, zalantza horrekin geratu nintzen. Grabazioan, berriz, garbi esaten du tiroak bota zituela eta, hori ez ezik, tarte batean dio Lemoatxen sekulako mordoa hil zutela. “Hicimos mucha mortandad”.
Hilkintza handia, alegia.
Bai, baina, segidan: “...pero con nosotros hicieron mucho más”. Harritu egin nintzen, zeren hor bada autore bat, [Ronald] Fraser historialaria, Recuérdalo tú, recuérdalo a otros liburua idatzi zuena. 300 soldadu baino gehiago elkarrizketatu zituen, eta 235 sartu zituen liburuan. Fraserrek esaten duenez, inork inoiz ez zion esan inor hil zuenik. Harrigarria Fraserrek hori esanda, inork inor hil zuela ez esatea eta gure aitak, aldiz, egindako grabazioan garbi onartzea jendea hiltzen parte hartu zuela.
Zure artikuluaren izenburuak bi izen dakarzkigu: Juan Azkarate, eta Luis Ariznabarreta. Luis, zuen aita. Eta Azkarate?
Aitaren laguna. Soraluzekoak ziren biak, adin berekoak. Gerra sartu zenean, hogei urte zituzten. Boluntario joan ziren biak, miliziano, Amuategi batailoian. Juan Azkarateri buruz ez dakigu askorik, gure aitak idatzi zuenaz aparte. Juanen gurasoak ziren Eulogio Azkarate Bustindui eta Victoriana Treviño Azkarate. Bi seme izan zituzten: Alberto, eta Juan. Gure aita eta Juan Azkarate elkarrekin ibili ziren gerrako fronteetan, eta Etxanon zeudela, bata bestearen ondoan, obus batek Juan jo eta burua txikitu zion. Halaxe kontatzen du gure aitak. Zornotzan lurperatu behar izan zuten, eta Aranzadik [Zientzia Elkartea] 2024an Etxanon desobiratzeak egin zituenean, hantxe zeuden 1937ko maiatzaren 16an hil zirenak. Besteak beste, Juanen gorpuzkiak, nahiz eta oraindik gorpuzki horiek identifikatu egin behar diren...
Eta Juanen [Azkarate] familia? Gurasoak eta anaia, alegia.
Juan 1937an hil zuten, frontean. Aita, Eulogio, 1938an hil zen, preso. Egoera horretan, eta herrian frankistek eragin zuten giroaren ondorioz, Victorianak kalera irteteari utzi egin zion. Kontua da Santa Agedara [Arrasateko psikiatrikoa] eraman zituztela ama-semeak. Amak zituen 60 urte, 23 semeak. Bertan bizi izan ziren hil arte; Alberto, esaterako, 1987an hil zen. Biak Santa Agedan bizi izan ziren, baina bananduta, bi toki ezberdinetan, gizonezkoak alde batean eta emakumeak beste batean bizi ziren-eta. Gerrak sekulako hondamendia ekarri zion Eulogio eta Victorianaren familiari. Euren historia gogor eta latza kontatuko zuenik ere ez da egon.
"Etxanon zeudela, bata bestearen ondoan, obus batek Juan jo eta burua txikitu zion. Halaxe kontatzen du gure aitak. Zornotzan lurperatu zuten"
Izugarria!... Aitarena eta Juanena idatzirik ere, beste bi lan ere idatzi nahi dituzu.
Bai. Alde batetik, txinatarrarena. Aitak aipatzen du Xixonen (Asturias, Espainia) zeudela, txinatar bat eraman zutela euren eskuadrara. Historia handia du txinatar horrek. Xangai deitzen zioten, hangoa zen eta. Aitak dio Xangai-k eurekin batera egin zuela borroka, eta euren zori bera izan zuela, edo zori okerragoa, zeren gure aita lau urte egon zen preso, eta Xangai, aldiz, sei! Xangai-ren historia aztertu nuen, haren pausoak segitu ditut, eta osorik idatzi nahi dut haren historia. Horrekin batera, edo beste alde batetik, amarena idatziko dut, amaren bidez, emakumea eta [Espainiako] Gerra Zibila aztertzeko. Eta beste gauza bat, oso inportantea...
Zeuk esan.
Ez zait bando [alderdi] hitza gustatzen. Ni miliziano baten alaba naiz, baina nire asmoa ez da izan bando batekoen edo bestekoen gogoa erakustea, gerrak ekartzen duen sufrimendua azaleratzea, sortzen diren traumak. Ama zenak ere esaten zigun: “Ez nuke nahi zuek gerra bat bizitzerik”. Aitak ezker-eskuin ikusi zituen hildakoak, berak ere hil zituen, eta nik, berriz, gerren kontra idatzi nahi izan dut, sekulako sufrimendua eta traumak sortzen dituzte eta. Uste dugu trauma horiek atzean utzi ditugula, ahaztuta gelditu direla, baina hortxe daude, gure gurasoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik.
* * *
XANGAI-RI EUSKARAZ
“Aitak idatzi zuen Xangai marinela zela, errepublikanoentzat hornigaiak zekartzan ontzi ingeles batean heldu zela Xixonera, eta euren brigadara sartu zela. Chang Aking izena du agiri militarretan, eta aitak-eta Txen, Txan edo Xangai deitzen zioten. Brigada hura euskaldunez osatuta zegoenez, euskaraz hitz egiten zioten, Xangai-rentzat Aitorren hizkuntza edo Cervantesena gauza bera zirelakoan, gure aitak idatzi zuenez”.
EGIA
“Aita kontalari handia zen, herrian ere [Soraluze] kontatzen zituen gerrakoak, baina gezurrak-edo zirela uste zuten. Nire ahizpa batek ere horixe esaten zuen: ‘Kontu asko berak asmatuak izango dira!’. Baina ez! Ohartu naiz gure aitak kontatzen zuena guztiz bat datorrela idatzitako historia ofizialarekin, okerrik ez dago –ohiko nahasteren bat izan ezik–, eta gezurrik ere ez”.
AZKEN HITZA
EMAKUMEA
“Denbora askoan ez dut elkarrizketarik emateko interesik izan, nahiago izan dut ez agertu, baina, bestalde, ohartu naiz emakume gutxik egiten ditugula horrelako lanak, Gerra Zibilari buruzkoak-eta. Azkenean, iruditu zait emakumeok ere agertu egin behar dugula, egiten ditugun ikerketak erakutsi egin behar ditugula. Garrantzizkoa da emakumeok geure buruak erakustea”.
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]
88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]
Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]