“Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik”

  • Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten arriskuez, herritarron uste faltsuez eta klima aldaketaren nahiz gizakion esku-hartzeen ondorioez galdetu diogu.

Aitor Cevidanes. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY SA

Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko kidea da Aitor Cevidanes Miranda, Animalia Osasun saileko ikertzailea. Naturan hezi EHUren udako ikastaroetan entzun dugu eta berarengana gerturatu gara, hainbat zalantza argitu diezagun.

Zer jakin behar dugu kaparrei buruz eta zein mota eta non aurki ditzakegu Euskal Herrian?

Artropodoak dira, ez intsektuak, eta araknidoen familiakoak dira. Euskal Herrian gehienbat ditugunak Ixodidae edo akain gogorrak dira: odolaz elikatzen dira, odolez bete ahala puztu egiten dira eta tamaina asko handitzen dute. Larba, ninfa eta heldu dira bere parasitazio zikloko faseak, eta fase guztietan behar du animalia baten odolaz elikatu.

Euskal Herrian hemeretzi espezie ditugu, eta Euskal Herriko erregina, mendira goazenean topatzen duguna, Ixodes ricinus da (euskaraz nola izendatu oraindik ez dugu erabaki). Pertsonoi zizta egiten digutenen %90 Ixodes ricinus da, ohikoa da basoetan, larre inguruetan… eta askok uste duenaren kontra, ez zaio eguzkia gustatzen, hezetasun handia behar du eta horregatik basoak ditu gustuko, ez zelai zabalak. Inguruan ez badu animaliarik elikatzeko, hor ere ez duzu akainik topatuko. Gizakiez gain, animalia asko parasitatzeko gai da, izan etxabere (txakurrak, ardiak, behiak…), ugaztun basati (orkatzak, oreinak…), hegazti edo narrastiak.

Espezie honen ziztak larritu behar al gaitu?

Espezie honek Lyme gaixotasuna kutsatzen du, horregatik Euskal Herria zonalde endemikoa da gaixotasun honekiko (penintsula hegoaldeko beroa ez du gustuko Ixodes ricinusak). Beraz, aintzat hartzeko arriskua da, baina izutu gabe, zeren egin ditugun azken ikerketen arabera, kapar mota honen %1-2 inguruk baino ez darama gaitza kutsatzen duen Borrelia bakterioa bere barruan. Gainera, beste bi faktore ditugu alde: batetik, gaitza kutsatzeko (bakterioa gure odolera igarotzeko) akainak gutxienez 24-48 ordu pasa behar ditu zizta egiten, hortaz menditik bueltatu eta egunean bertan kentzen badugu, ez dago arriskurik. Bestetik, Borrelia bakterioaren sintomak erraz identifikatzen dira: ziztatu eta hurrengo egun edo asteetan azalean eritema migratorioa agertzen da (zirkulu formako arrasto moduko batzuk larruazalean) edota sukarra, eta halakoetan medikuarenera joan eta antibiotikoak hartuta erraz sendatzen da. Okerragoa da gaitza garaiz ez atzematea, zeren kroniko bilakatuz gero zaila da bai gerora diagnostikatzea, bai tratatzea.

Ohitu behar dugu mendira galtza luzeekin edo azala ahalik eta estalien joaten, nahiz eta uda izan, batez ere baso eremuetara eta halakoetara.

"Euskal Herrian dugun akainak Lyme gaixotasuna kutsatzen du, baina %1-2 inguruk baino ez darama gaitza kutsatzen duen Borrelia bakterioa bere barruan"

Menditik bueltan gorputza ongi begiratu eta kaparra kentzearekin arriskurik ez, beraz. Nola kendu kaparra?

Inoiz ez da olioa edo baselina erabili behar, edo pospoloarekin erre behar, nahiz eta halakoak entzun izan ditugun. Izan ere, horrelako ekintzen ondorioz akaina estresatzen badugu, ahotik dena botatzen du eta bakterioa gure odolera sartzeko arriskua areagotzen dugu. Kaparra lasai utzi, aho estuko pintza batzuekin ondo hartu eta pixkanaka tira eginez atera. Gero zauria xaboiaz garbitu eta kito.

Baina badago halako beldur bat, akaina ongi ateratzea lortzen ez badugu zati bat barruan gera daitekeela eta arriskutsua dela…

Mito asko dago, burua barruan gelditzen bada gure gorputz barruan arrautzak jarriko dituela eta halakoak. Baina ez, nahiz eta osorik ateratzen saiatu behar dugun, zatiren bat barruan geratzen bazaigu ere, ongi desinfektatu eta garbituta printzipioz ez du arazorik sortuko. Burua gure gorputz barruan gelditu dela? Zauria infektatu daiteke eta horregatik ongi garbitzea eta desinfektatzea komeni da, baina ez du gaixotasunik kutsatuko.

Bestelako gaitzik kutsa dezake Ixodes ricinusak?

Alfa-Gal sindromea kutsatu dezake, ugaztunak odolean duen Alfa-Gal molekula ondoren gizakiaren odolera pasatzen badu. Ondorioa litzateke haragi gorria jaten dugunean erreakzio alergikoa sortuko ligukeela, horregatik deitu izan diote “begetariano bihurtzen duen akaina”. Beste bakterio batzuk ere kutsatu ditzake, baina ez da ohikoa. Hainbat hedabidetan orain oihartzuna izan du Krimea Kongoko sukar hemorragikoak; Espainiako Estatuko leku batzuetan agertu da, baina hemen hori kutsatzen duen akaina ez dago zabalduta, Araba hegoaldean baino ez dago, eta ez dakigu Euskal Herrian gaitza ba ote dagoen.

"Mito asko dago, kaparraren burua barruan gelditzen bada gure gorputz barruan arrautzak jarriko dituela-eta, baina ez da hala"

Udan alarma gorriak piztu ohi dira, edo hedabideetan oihartzuna izaten du behintzat.

Urte guztian aurki daiteke Ixodes ricinusen faseren bat, larba ez bada ninfa edo helduaroan, beraz ez dugu udan bakarrik aurkituko, baina egia da udaberrian ugaritzen hasten direla, larben leherketagatik eta ninfa askoz gehiago dagoelako, eta udaberrian eta udan ohikoagoa dela mendian akainen batekin topo egitea.

Egia al da azken urteetan ugaritu egin direla?

Pertzepzioa hori da, kontzientzia ere handiagoa da herritarren artean eta arreta handiagoa jartzen dugu, baina oraingoz ez dago datu zientifikorik gehiago dagoela adierazten duenik. Justu proiektu bat hasi dugu Pirinio inguruko beste hainbat lurralderekin batera, duela 20 eta 30 urte datuak hartu genituen leku berdinetan berriz ere laginak hartu eta ikusteko kopurua aldatu egin den ala pertzepzio kontua baino ez den. Azterketak balioko du baita ere bakterioa daramaten kaparren prebalentzia eta transmisio potentziala aldatu ote den ezagutzeko.

Bestalde, klima larrialdiak aldaketak ekar ditzake, beroak eraginda zikloak azkarrago osatzea eta abar, baina gure kasuan, akain espezie honek hezetasuna eta freskotasuna bilatzen duenez, beharbada klima aldaketak kontrakoa ekarriko du eta gutxitu egingo dira. Ikusteko dago. Bai izan liteke klima aldaketaren ondorio kaltegarri bat, ordea, Krimea Kongoko sukar hemorragikoa kutsatzen duen akaina Euskal Herrian zabaltzea, klima mediterraneoa eta beroa dituelako gustuko.

Bioaniztasunaren, kate trofikoaren edota parasitazio zikloaren ikuspegitik kaparra eskolan lantzea interesgarri ikusten duzu.

Batetik, gertutasunagatik. Inguruan ditugun animaliak dira eta ez dugu sabanara joan beharrik kate trofikoa ikasteko. Eta bestetik, bioaniztasuna modu osoan eta bere konplexutasunean ulertzeko eredu egokia direlako, bai animalion arteko harremanari dagokionez, bai gaur egun hainbeste aipatzen den osasun bakarraren kontzeptuaren ikuspegitik. Ekosistemen osasuna, animaliena eta gizakiena elkar lotuta daudela dio ideia honek, ekosistemetan eragiten ditugun aldaketek gero guregan eragin dezaketela, eta akainak horren adibide dira. Hainbat ikerketak erakutsi du ekosistema jakin batean dauden animalien dentsitatea aldatzen bada, adibidez espezie batzuk desagertzen badira, akainen eta patogenoaren zikloan eragina izan dezakeela, esaterako kaparrak ugaritu daitezkeela eta hori gizakioi bueltan etorriko litzaigukeela.

Animalia espezie batzuk gutxituta, kaparrak ugaritu?

Akainak bakterioa kutsatzen du, baina patogenoaren gordailua edo ostalaria beste animalia bat da, eta badira oso gordailu onak diren ostalariak (bakterio asko sortzen duten animaliak) eta beste batzuk okerragoak; gure ekosistema sinpletzen bada, espezie batzuk desagertu eta aldiz gordailu hobeak diren animaliek eusten badiote, kapar positibo gehiago izango ditugu eta ondorioz guk arrisku handiagoa izango dugu.

Diptikoa egin duzue, bai kaparren bai eltxoen inguruko informazio baliagarriarekin, besteak beste baso-eskolara joaten diren ikastetxeetan irakasleei banatzeko. Eltxoek ere kezka sortzen al dute ba herritarron artean?

Eltxoetan eszenatoki berri batera egin dugu salto. Euskal Herrian ez ditugu inoiz oso kontuan hartu, arazo bihurtzen ziren Mediterraneora kanpinera edota furgonetarekin auskalo nora joaten ginenean. Hemen, noizean behin eltxoren batek zizta egiten zigun, gauez, leihoa irekita genuela… Baina paradigma aldaketa egon da azken urteetan: gauean enbarazu egitetik egunean zehar ziztada ugari jasotzera igaro gara. Eltxo tigrea da horren arrazoia. Espezie inbaditzaile hau duela hamar urte iritsi zen Euskal Herrira, Behobia eta Irun aldetik, eta asko ugaritu da hiri inguruetan, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako hiriguneetan, eltxo honen ezaugarrietako bat delako oso hiritarra dela.

Espezie hau ez da gai distantzia luzeak hegan egiteko, 200-500 metro asko jota, beraz eltxo ziztada jaso dugun gunetik gertu egongo dira eltxo hauen haztegiak, edo beste era batera esanda, hazteko behar duten ur pilatua. Oso ur bolumen txikia behar dutenez, aurkituko ditugu loreontzi-plateren inguruan, lorategia ureztatzeko bidoien eta ureztagailuen bueltan, baratzeko ur barrikaren alboan… Eltxo tigreak hazteko lekuen %70-80 inguru zonalde pribatuak dira, gure lorategi, balkoi eta abarrak, eta horregatik, prebentzioan herritarrok lan indibidual asko dugu egiteko, ura duten edukiontzi artifizial horiek kendu behar ditugu.

"Eltxo tigreak hazteko lekuen %70-80 inguru zonalde pribatuak dira, gure lorategi, balkoi, baratzeak; saihesteko, ura duten edukiontzi artifizialak kendu behar ditugu"

Eltxo tigreek arriskurik ba al dute?

Bai, badute. Eltxo tigreak daukan ezaugarri nagusietako bat da elikatzeko oso gizaki-zalea dela, ziztada asko jasotzen ditugu eta ziztada horiek azkura dezente eta erreakzioak eragiteaz gain, gaixotasunen kutsatzaile dira, batez ere dengea, zika eta chikungunya birusak. Euskal Herrian, ordea, ez ditugu birus horiek eta beraz hemengo eltxo tigreek ez dute birusa barruan, baina urtero egon ohi da kasu inportaturen bat edo beste, bidaian atzerrira joan eta han gaitza hartu duena. Bueltan odolean oraindik birusa baldin badu, arriskua dago eltxoak zizta egin eta beste norbait kutsatzeko, eta orduan hitz egin beharko genuke kasu autoktonoez, ez soilik inportatuez. Frantzian eta Italian, adibidez, azken hiru urteetan ehundik gora kasu autoktono izan dituzte, dengez kutsatuak. Denge kasu gehienak, gainera, sintomarik gabekoak dira eta horregatik zaila da atzematen.

Kezkatu beharko gintuzkeen beste eltxo espezierik?

Euskal Herrian 31 eltxo espezie detektatu ditugu eta horietako bi dira inbaditzaileak (eltxo tigrea eta antzeko beste bat). Espezie gutxi batzuk baino ez dute gizakien odolaz elikatzeko joera eta nabarmendu behar da eltxoek funtsezko eginkizuna dutela kate trofikoan. Aranzadirekin batera proiektu bat dugu, eskoletako urmael sarean, ikertzeko mikro-hezegune horietan, putzu natural eta artifizialago horietan, ea eltxoak dauden, bertako anfibio eta odonatuek jaten dituzten eta abar; oraingoz ez dugu eltxo tigrerik aurkitu halako ekosistemetan, eta aurkitu daitezkeen beste eltxoen kasuan, bertakoetan, kopurua oso erregulatuta egoten da harrapakari naturalak dituen ekosistema batean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


Jaurlaritzaren proposamenak Lehen Mailako Arreta “are gehiago prekarizatzea” ekarriko lukeela adierazi du Espainiako Osasun Ministerioak

EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Eguneraketa berriak daude