Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu gara harekin. Zarautzen, hondartzatik metro eskasera.
Mundu zitalaren kontra da zure lehen eleberriaren izena. Manifestu baten izenburua dirudi.
Proiektua aurkeztu nuenenean Itzalkinak eguzkitan zuen izena, baina Ainara Alkorta margolariak azala bidali zidanean, motibo oso biziekin eta abar, iruditu zitzaidan kontrastea egiten zuen zerbait behar zuela. Uste dut bi pertsonaiek dutela halako jarrera bat munduaren kontra. Ez dakit mundu hori zitala zenbateraino den, biak bizi direlako mundu gutxi-asko eroso batean. Baina biek dute kontra egiteko jarrera hori, batak bere kioskoa den negozioaren biziraupenaren alde eginez, eta besteak harremanek eragindako barne gatazkatik.
Zarautzen gaude orain, eta ingurura begiratuta, hau ere izan zitekeen Benidormen kokatu duzun kiosko horren kokalekua. Zer izan da lehenago: Benidorm edo istorioa?
Uste dut nobelaren lehenengo bulkada paperezko edukien eta digitalizazioaren inguruan hitz egiteko nahia izan zela. Gai horrekin bueltaka ari nintzela egin nuen kioskoarekin topo, eta hori izan zen lehen kokaleku fisikoa. Gero, Martin Parrek Benidormen egindako argazkiek jarri zizkidaten begiak bertan. Koka nezakeen Donostian, Zarautzen edo gure kostaldeko edozein herri turistifikatutan, baina iruditzen zait Benidorm toki nahiko antiliterarioa dela, ez oso erromantizatua, eta ematen duela umorerako helduleku bat. Denok daukagu Benidormen irudi bat, baita Benidormen egon gabe ere. Sinbologia horretaz baliatu naiz.
Artean, modan edo bideoklip musikaletan badago gustu txarrekotzat edo zatartzat jo izan diren elementuetan edertasuna bilatzeko joera. Benidormek ere badu zatartasun erakargarri hori?
Egon da, bai, horrelako joera bat esanahi berriak emateko kokaleku batzuei, badago edertasun kutre baten bilaketa bat azken urteetan. Eta uste dut horrek ere erakarri nauela. Prozesuan Benidormen historia ere deskubritu dut. 1950eko hamarkadan izan zuen boom turistikoa, baina aurretik herri arrantzale xume bat izan zen. Bat-batean sortu zen orain dagoena, Pedro de la Hoza alkatearen eskutik, eta hor gelditu da, Disneyland itxurako toki bat, kartoizkoa. Eszenografia horretan kokatuta, kioskoa beste hainbat ideiarekin gurutzatu da.
Bi narratzaile ditu eleberriak. Familiaren negozioa den Benidormeko kioskoari eusten dion Pilar, eta izenik ez duen gazte bat, Euskal Herritik doana kioskoan lan egitera. Buruhausteak ekarri dizkizu bi ahots garatu behar horrek?
Digitalizazioa eta paperezko prentsaren arteko kontraste hori metafora gisa erakusteko baliatu dut. Bi belaunaldien arazoak agerraraztea baimendu dit, eta kontrastea etengabe erakustea, nahiko modu simetrikoan eta paraleloan, nobelan zehar. Baina pertsonaia gehiagoren haragitan sartzeak lana biderkatzen du. Menturatu nintzen horrela ekartzera bi identitateak, baina konturatu naiz lan nekeza dela: bakoitzari bere fisikoa eta bere barne mundua sortu behar dizkiozu. Egia da Pilar Colomen pertsonaiarekin gehiago sufritu dudala. Beste belaunaldi bateko identitate batean sartzeak irudimen gehiago eskatzen du.
Hitz-totela da, besteak beste.
Nahi nion eman halako ezaugarri bitxi bat. Ni beste eduki batzuen hartzailea izan naizenean, dela filmak, liburuak… pertsonaiek nortasuna, eta nortasun fisikoa izateak, gehiago erakarri izan naute. Horregatik esleitu nion ezaugarri hori. Uste dut eman diola zerbait, eta aitzakia izan da irakurleari gehiago hurbiltzeko.
Pilarren bidez, zaintza lanen gaiak ere tokia du eleberrian.
Bizipen pertsonaletik hartutako haria da hori. Alzheimerrarekin nire amamaren bilakaera bizi izan dugu oso gertutik, eta ekarri nahi nuen halako pertsonaia bat. Nire ama zaintza lanetan ikusi dut eta harreman hori ere badago Pilar eta bere ahizpa Doloresengan. Beste belaunaldi bateko emakume baten azalean jartzeko bidea izan da, nik ikusi eta bizi izan dudan horretatik.
Gazteak ere badu gertuko beste pertsonaia bat: Pau, maitasuna eta harremanak modu oso desberdinean bizi dituena.
Bi pertsonaiei eman nahi izan diet bigarren pertsonaia bat ondoan, bai. Gaztearen kasuan, behar nuen beste identitate makarrago bat, maitasunari beste nonbaitetik begiratuko ziona. Pauk ekartzen du izaera basatiago eta muturrekoago hori. Haren bidez aipatzen da Tinder, norbait ezagutu eta gero desagertzea bezalako fenomenoak…
Pauren pertsonaiak ez du genero identitate definiturik.
Liburuari buruz idatzi diren testuetan, bi emakume langileren kontakizuna dela esaten da, baina nik ez dut esaten ez gaztea ez Pau emakumeak direnik, eta hautu konsziente bat izan da hori. Emakume modura izan dira irakurriak oro har, baina nahi nuen hori horrela sartu, zehaztu gabe, ez exotismotik, baizik eta badelako presente dudan beste kezka bat.
Protagonisten haurtzarora ere jo duzu.
Keinu bat izan da, edo maniobra bat, osatzeko pertsonaiak, eta nik neuk ere gehiago ezagutzeko pertsonaia horiek. Nahiko bihotzetik idatzitako pasarteak izan dira; nire oroimenetik asko dago pertsonaia gaztearen iraganean. Gozatu dut horretan, izan da idazketan plazera bilatzeko modu bat. Memorian arakatzea asko betetzen eta hunkitzen nauen zerbait izan da. Gero, behar den edo ez, funtzionatzen duen edo ez, ez dakit, baina gozatu dut hori idazten.
Zure belaunaldiaren nolabaiteko lekukotasuna jaso nahi izan duzula esan duzu. Zerk ezaugarritzen du belaunaldi hori?
Nik uste aurreko belaunaldiarekiko apurketa bizi duen jende multzoaz ari naizela, adin tarte batez baino gehiago. Aurreko belaunaldien ideologia batetik gurera salto bat egon da. Gu agian ez gara ezkonduko, ez dugu biziko maitasuna modu berean… Gure belaunaldiak planteatu ditu aurrekoek mahai-gaineratu ez zituzten gauza batzuk, eta hurrengoek beste zerbait planteatuko dute. Uste dut badagoela kolektibo zabal bat, nolabaiteko ezegonkortasun batean bizi dena, ez dena ezeri lotzen.
"Distantzia fisikoak handitu dira, baina beti gaude hor, presente"
Zenbat du horrek askapenetik, eta zenbat indibidualizaziotik?
Ezberdina izateak edo gauzak beste modu batera egiteak ez du esan nahi hobeto egiten ditugunik. Eman lezake apologia egiten dela, edo aldarrikatzen dudala maitatzeko beste modu bat, baina ez nago horretan. Uste dut gure moduetan ere badaudela arazoak, traketsak garela askotan. Ez gara ezkonduko, baina agian ez dugu jakingo inoiz zer nahi dugun, eta galduta egongo gara beti. Ardura horretatik ekarri dut gai hori nobelara. Zertan ari gara orain? Zein alde on ditu eta zein alde txar? Galderak horiek jorratu nahi izan ditut, erantzun definitiborik eman gabe.
Digitaltasunak ekarri dituen aldaketekiko kezka da nobelaren abiapuntuetako bat. Harremantzeko ditugun moduetan eraginik izan du horrek?
Baietz uste dut. Denbora asko ematen dugu pantailei lotuta, eta ukaezina da digitalitateak nola edo hala inpaktua eragin duela gure mundu ikuskeran oro har; tartean, harremanetan. Denok gaude online, hemen eta orain, bestearentzat irisgarri. Paradoxa handi bat bizi dugu: bakarrik gaude, baina jendez inguratuta, distantzia fisikoak handitu dira, baina beti gaude hor, beti nolabait presente. Bakardadearekiko intoleranteagoak gara agian, eta akaso loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditugu.
Aipatzen duzun "ezeri lotu nahi ez izate" horrek esango nuke baduela zerikusirik aurrean dugun errealitate digitalarekin. Paralelismo polita iruditzen zait musikarena. Album oso bati eustea gaitza egiten zaigu egun. Abesti solteak entzuten ditugu, agian ez osorik. Saltoka ibiltzen gara autore batetik bestera, batzuetan egilea nor den jakin gabe ere, eta zerbaitek badiosku abestia ez dela ona, esaterako melodia baten nota bakar batek ez bagaitu konbentzitzen, aldatu egiten dugu. Abaniko osoa dugu eskura, eta "beti dago hobea den zerbait" mantra daramagu tatuatuta. Horrek sortzen duen plazer eta antsietate guztiarekin.
Gaztearen pertsonaiak badu kezka edo galdera bat buruan: nolakoa izango da gure belaunaldiaren zahartzaroa?
Hor badut beste har txiki bat. Nola kontatuko dugu guk gero hau? Zer kontatuko diegu guk hurrengoei? Eta hurrengoek nola irakurriko gaituzte? Misterio bat da oraindik. Batzuetan pentsatzen dut ez garela hain ezberdinak izango, aurrekoen erreplika bat izango garela azkenean. Baina beharbada ez, agian lortuko dugu zerbait desberdina sortzea.
Digitalizazioaren beste albo-kalte ustezko bat: ez omen dugu irakurtzeko denborarik. Zure belaunaldikideei parez-pare begiratuta, kezkatzen zaitu horrek?
Arduraz bizi dut. Baina ardurak ez du esan nahi txarra denik. Analizatu egiten dut. Egia da, ni hurbiltzen naiz irakurle taldeetara, eta hurbiltzen den jendea eta interesa duen jendea ez da nire adin tartekoa. Eta berdin gozatzen dut, hori ez da kontua. Galdera da: nire ahotsa ez da iritsiko nire lagunengana? Edo nire adinkideengana? Musika egiten dutenek agian badute publiko zabalago bat, baina literatura… Neurri batean dekadentzian dago, paperezko prentsarekin batera.
Zuk zure belaunaldiari idatzi diozu, hala ere.
Frustagarria da nik darabilkidan hizkera badelako nire bealunaldiarena. Ez da publiko hori espero dudala, baina pena ematen dit entzuna ez sentitzea gure belaunaldian. Badakit neurri batean baietz, baina ez da araua. Neurri batean badago komunikazio nahi bat, eta horregatik idazten dut nik. Baina apur bat burbuilan sentitzen naiz.
Instagram baliatzen duzu zure zutabeen edo zure liburuaren kritiken berri emateko. Instagram da kiosko berria?
Neurri batean bai. Kioskoak dira prentsa eta bestelakoak saltzeko. Gaur egun nundik jasotzen dugu informazio hori? Edo nondik hartzen dugu aktualitatearen ideia bat? Gure adineko zenbat jende doa kiosko batera edo denda batera egunkaria erostera? Oso gutxi. Zer da egiten duguna? Twitter edo Instagram arakatu, eta hor sortzen dugu munduaren irudi bat. Batzuek albisteetara joko dute agian, eta beste batzuek informazio bonbardaketaren baitan sortzen dute irudi hori. Ni ere hor nago, eta parte hartzen dut aktiboki.
"Aurreko belaunaldien ideologia batetik gurera salto bat egon da. Gu agian ez gara ezkonduko, baina agian ez dugu jakingo inoiz zer nahi dugun, eta galduta egongo gara"
Igartza bekaren bidez idatzi duzu eleberria, eta epe-muga jakin batekin aritzea dakar horrek. Akuilua izan da?
Bai eta ez. Alde batetik, uste dut betiko presio horrek lagundu dezakeela. Bestela agian ez nukeen amaituko. Egia da sufritu ere egin dudala, gehienbat azken hilabeteetan, ez nekielako nola amaitu, hainbeste modu daude amaitzeko… Baina uste dut muga fisiko eta denborazko batek eman didala aitzakia horretarako. Sufritu dut, baina lagundu dit.
Bi poema libururen ostean, lehen eleberria izan duzu hau. Asebete zaitu egindakoak?
Distantzia behar dut oraindik hori esateko. Nabari dut harrera askoz handiagoa izan duela honek beste bi liburuek baino, genero kontuagatik ziur asko. Baina apur bat beldurrez eta lotsaz bizi dut oraindik. Dena den, uste dut bihotzetik idatzi dudan zerbait izan dela. Saiatu naiz nire ahotsa bilatzen, nire hurbileko errealitatetik tira egiten eta ez idazten nigandik oso urrun, nahiz eta kokalekua arrotza izan. Uste dut barneko kontuak hurbilekoak direla, zintzotasunez idatziak, eta alde horretatik lasai geratu naiz.
Hasierek eta amaierek badute bere garrantzia zure lanetan. Gepardo japoniarrak poema liburuan hasierari amaiera zantzua eman zenion, eta amaierari hasierarena. Orain, bi protagonistek determinazioz hartutako erabaki banarekin itxi duzu eleberria.
Uste dut prozesuan oso kaotikoa izan naizela. Idazketa prozesua izan da alde batera eta bestera, gidoirik jarraitu gabe, eta trama ere ez dut oso buruan izan. Gehiago izan da apurka-apurka eszenak sortzen joatea. Hasiera eta bukaera lotzeak lagundu dit itxiera ematen. Ez dudanez kontrolik izan prozesu osoan, amaieran behar nuen bokadilloa ixteko bigarren tapa bat, eta uste dut pertsonaiek halako klimax bat behar zutela.
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.