“Kirolari itsuak gara, eta ez itsuak kirola egiten”

  • Ikusmena galdu arren, partidak irabazten jarraitzen du Aritz Huartek. Eskubaloia utzi eta goalballean jokatzen hasi zen duela hiru urte, Nafarroako Itsuen Kirol Taldean. Espresuki itsuentzat sorturiko kirola da, eta gaur egun, ikusmen desgaitasunen bat dutenek baino ez dute jokatzen. Ezin ikusi, eta ikusezin sentitu: goalballa oso jende gutxik ezagutzen duela deitoratu du Huartek. Hori aldatzeko, ikusmen arazorik ez dutenei ere jokatzen utziko lieke.

“Gauez ez dut ia ezer ikusten, beraz, lagunekin asteburuan ateratzen naizenean, goalballean ikasitako teknikak erabiltzen ditut”. Argazkia: E. Agirrebengoa Apaolaza.
“Gauez ez dut ia ezer ikusten, beraz, lagunekin asteburuan ateratzen naizenean, goalballean ikasitako teknikak erabiltzen ditut”. Argazkia: E. Agirrebengoa Apaolaza.

Eskubaloian ibili zinen garai batean, baina ikusmena galtzen hasi ahala goalballari heldu zenion.
Ikusmen arazoak, hasiera batean, frontenisean nabaritu nituen gehienbat. Pilota galdu egiten nuen, eta konturatu nintzen zerbait gertatzen zitzaidala. 16 urte inguru edukiko nituen. Eskubaloian, artean, ez nuen aparteko trabarik nabaritzen. Nire arazoa da ikuseremua murriztu egiten zaidala, eta frontenisean horrek asko eragiten zidan. Eskubaloian, aldiz, pandemiara arte jokatu nuen. Zailtasunak nabaritzen hasi nintzen paseak hartzerakoan, eta kirola beti gustatu zaidanez, alternatibak bilatzeari ekin nion. Ikusi nuen Nafarroan hainbat aukera zeudela kirol egokituan, baina gehienak bakarkakoak ziren. Ni kirol kolektibo batetik nentorren, eta Iruñean, goalballa zen aukera bakarra ikusmen urritasuna dugunontzat.

Trantsizio horretan nola sentitu zinen? Kosta egin zitzaizun ikusmen arazoak zenituela onartzea?
Hasieran ez zen erraza izan. Nerabezaro betean harrapatu ninduen egoerak. Garai hartan kuadrillako gehienak gidabaimena eskuratzen hasi ziren, baina niri debekatu egin zidaten. Zokoratuta sentitu nintzen. Hasiera batean, alde txarrak baino ez dira ikusten, eta egin ezin nituen gauzetan jartzen nuen arreta. Baina denbora pasa ahala, ohartzen gara gauza asko egiten jarrai dezakegula. Prozesu horretan oso lagungarria da beste kasu batzuk ezagutzea. Jabetzen zara mundua ez dela bukatzen. Eta kirolak ere asko ahalduntzen zaitu.

Zer ematen dizu, zehatz-mehatz, kirolak?
Autoerrealizatzeko modu bat da, beraz, prozesua hobe eramaten laguntzen dizu. Era berean, ikasgai asko ematen dizkizu eguneroko bizitzarako. Goalballarekin abilezia oso baliagarriak lantzen ditut. Jaurtiketak egiterakoan, adibidez, erreferentziak hartu behar ditugu: atea, lerroak, edo dena delakoa. Gauez ez dut ia ezer ikusten, beraz, lagunekin asteburuan ateratzen naizenean, goalballean ikasitako teknikak erabiltzen ditut.

"Gure kirolak jendeak errukiz-edo ikusten ditu: ‘Begira, hor ari dira itsu batzuk kirol pixka bat egiten’. Horri buelta eman behar zaio"

Bereizgarri nagusi bat du goalballak: itsuentzako edo ikusmen murriztua dutenentzako propio sorturiko kirola dela.
Hala da. Beste kirol guztiak kirol egokituak dira, baina goalballa Bigarren Mundu Gerran itsu gelditutako soldaduentzat sortu zen. Hau da, zuzenean gure ezaugarrietara egokituta dago. Kirol espezifiko bat da. Batzuetan itsuentzako futbola dela esaten da, baina ez du zerikusirik. Ez zaigu beste kirolekin lotu behar. Justu kontrakoa egin behar da: gure berezitasuna goratu. Horrekin ez dut esan nahi kirol normatiboak egokitzearen aurka nagoenik. Gauza batek ez du bestea kentzen. Era berean, eztabaida bat dago orain goalballaren inguruan: ea ikusmen arazoak ez dituztenei ere atea zabaldu behar zaien. Denok begi-mozorroa jarrita jokatzen dugu, beraz, baldintzak berberak dira. Nire ustez, ona izango litzateke kirol honentzat. Jende gehiagok ezagutuko luke.

Baina ikusmen arazorik ez dutenak hobe moldatuko balira, tokirik gabe geldituko lirateke itsuak.
Horren harira sortzen da eztabaida. Arriskua hor dago, baina kontrakoa ere gerta liteke; hau da, itsuak hobeak izatea guztiz ongi ikusten duten pertsonak baino. Beste kirol batzuekin ez dago eztabaida hori. Adibidez, atletismo egokitua beti izango da espezifikoa itsuentzako. Baina goalballa berezia da. Eta denentzako ez irekitzeak kalte egiten dio ikusgarritasun aldetik. Gaur-gaurkoz, oso jende gutxik ezagutzen du. Hori aldatu egingo litzateke mugarik jarriko ez bagenu. Eta era berean, erakutsi ahalko genuke ikusmen arazoak izanda ere kirola oso maila onean egin dezakegula. Bestela, gure kirolak jendeak errukiz-edo ikusten ditu: “Begira, hor ari dira  itsu batzuk kirol pixka bat egiten”. Horri buelta eman behar zaio.

Hau da, goalballa kirol normatiboen pare jarri nahi duzue.
Hori da. Goalballa jendearentzat kirol bat gehiago izatea nahi dugu, eta ez itsuen kirol bat. Gure inguruko hedabideetako artikuluetan, kirol hau bigarren mailan utzi izan dute kazetariek. Pixkanaka aldatzea lortzen ari gara, eta gutxienez kirolen atalean sartzen gaituzte. Lehen, ordea, gizarte gaietan sartzen gintuzten. Gure kasuan, inklusioa bultzatzeko modu onena da kirol lehia azpimarratzea, eta ez bakarrik gure egoeraz hitz egitea. Bestela, kirola oso ezkutatuta gelditzen da. Eta kirolaria ere bai. Gure filosofia esaldi bakarrean laburtzen dugu: kirolari itsuak gara, eta ez itsuak kirola egiten. Alde handia dago batetik bestera. Gure borroka hor dago: nagusiki kirolaz hitz egin dadila nahi dugu, eta bestelakoak bigarren mailan gelditzea.

Argazkiak Aritz Huartek utziak.

Bada, jar dezagun arreta kirolean. Zertan datza goalballa, eta zer abilezia behar da jokalari ona izateko?
Hiru jokalariko bi talde izaten dira aurrez aurre, eta helburua baloia aurkariaren atean sartzea da. Lehenik eta behin, arreta maila handia behar duzu. Oso kirol azkarra da: hamar segundo baino ez dituzu baloia hartzen duzunetik jokaldia bukatu arte. Eta defentsan oso txikia da erreakzionatzeko tartea. Baloiak kanpaitxo bat dauka barruan, soinua atera dezan, eta ezin duzu airetik bota. Jaurtiketa egitean, lehen botea sei metrora eman dezake gehienez, eta bigarrena hamabi metrora. Gauzak horrela, hamar metro inguru egoten da jaurtitzailearen eta defentsaren artean. Baloia nahiko astuna da, 250 gramo ditu, eta jokalari on batek jaurtitzen duenean 60 kilometro orduko abiadura har dezake. Beraz, erreakzionatzeko pare bat segundo dituzu, besterik ez. Horretaz aparte, taldeko hiru jokalariek oso koordinazio ona izan behar dute, eta teknikak, mugikortasunak eta orientazioak ere garrantzi handia dute.

Zelaiak hemezortzi metroko luzera du, eta bederatzi metroko zabalera. Soilik hiru jokalarirekin oso zaila izango da hutsune guztiak betetzea.
Bai, eta alde horretatik, oso garrantzitsuak izaten dira entrenatzaileak. Haiek aurkarien defentsan hutsuneak non dauden esaten digute. Baloia jokoan dagoenean ez, baina zelaitik ateratzen denean gurekin hitz egin dezakete. Eta hutsarteak ere badaude, eskubaloian bezala, adibidez. Aurkariak modu jakin batean mugitzen dira defentsan, eta eremu bat beste bat baino hobe defendatuko dute. Hau da, beti hutsune bat egoten da, eta entrenatzaileak esaten digu non dagoen. Gero, ordea, zuri dagokizu baloia bertara bidaltzea.

Dimentsio aldetik, ez duzue espazio handi baten beharrik. Ordea, ate bereziak erabiltzen dituzue, eta goraguneak dituzten marrak. Eta isiltasun osoa behar duzue jokatu ahal izateko. Hots, ezin zaitezkete edozein kiroldegitan aritu.
Espazioa nahiko erraz egokitu dezakegu gure beharretara; zintak, adibidez, entrenamendu bakoitzaren aurretik jartzen ditugu. Baldintzarik zailena isiltasuna izaten da. Kiroldegian pista erdia ematen dizute, eta beste erdian eskubaloian edo saskibaloian aritzen dira. Zarata horrekin guk ezin dugu jokatu; baloia entzun ezean, ezinezkoa da. Gaur egun, ikastetxeetako gimnasioetan baino ezin dezakegu jokatu, Iruñean behintzat. Bidean zenbait traba izan ditugu. Adibidez, martxoan entrenatzeko lekurik gabe gelditu ginen, erabiltzen genuen espazioan eszenatoki bat jarri zutelako. Orain Mendillorriko eskola batean jokatzen dugu. Hemen ondo egon arren, sentitzen dugu kili-kolo gaudela beti: araudiak dio guraso elkarteek dutela lehentasuna, beraz, gure ordutegian ekintzaren bat programatuko balute, beste norabait joan beharko genuke.

"Espainiako telebista publikoak dirutza ordaindu du Olinpiar Jokoak emateko, baina paso egin du hasiera batean Paralinpiar Jokoez. Lotsagarria da"

Gasteizen kiroldegi espezifiko bat dago kirol egokitua egin nahi dutenentzat. Iruñean ere halako azpiegitura egon beharko lukeela aldarrikatzen duzue Nafarroako Itsuen Kirol Taldean.
Iruñea hiri inklusiboa dela esan ohi da, baina kirolaren kasuan hutsune hori dauka. Gertuko hiri batean alternatiba on bat daukagu; zergatik ezin dugu guk ere gune espezifiko bat eduki kirol egokiturako? Atletismoko federazioak ere urte asko daramatza pista baten eskean. Guk eskatzen duguna da gutxienez kiroldegi bat egotea non guk izango dugun lehentasuna. Eta gure beharretara egokituta badago, ba are eta hobeto. Gasteizen entrenatzeko erraztasun guztiak dituzte, eta kirol askotako txapelketak antolatzen dituzte. Guretzat, ordea, oso zaila da; iaz goalballeko jardunaldi bat egin genuen Iruñean, eta oso nekagarria izan zen. Aurten, berriz, behin ere ez dugu jokatu etxean. Horrela oso zaila da kirol hau jendeari ezagutaraztea.  

Zuek lehen mailako ligan aritu zarete aurten. Zenbatero eta non jokatu dituzue partidak?
Bi itzuliko liga da, eta partida guztiak hiru asteburutan jokatu ditugu. Oso nekagarria da. Gehienbat Bartzelonan eta Madrilen aritzen gara, eta larunbat goizean bidaiatu ohi dugu. Hiruzpalau partida jokatzen ditugu arratsaldean, eta beste horrenbeste biharamun goizean. Azkeneko neurketa bukatu eta jarraian hartzen dugu itzulerako trena; porru eginda bukatzen dugu.  Aurrenekoz aritu gara lehen mailan, eta ezin izan dugu jaitsiera ekidin. Ea laster itzul gaitezkeen. Gaur egun, gizonezkoen bi talde ditugu. Bere garaian eduki genuen emakumezkoena ere, baina desagertu egin zen. Era berean, atzerritarrak aurkitu nahi ditugu goalball talderako eta, oro har, gure elkarterako, uste baitugu asko lagun diezaiekegula.  

Kirol eskaintza zabala duzue. Lehen hitz egindakoaren harira, zeri ematen diozue garrantzi handiagoa, inklusioari ala lehiakortasunari?
Bi alorrak lantzen saiatzen gara. Kirolak, noski, badu alde sozial bat. Normalean, desgaitasuna duten pertsonak oso bakarrik sentitzen dira, eta kirolak talde baten parte sentitzeko aukera ematen die. Horretarako, mendizale eta dantza talde bat daukagu, eta urtean zehar beste ekintza puntual batzuk egiten ditugu. Baina alde lehiakorra ere lantzen dugu, eta gure kirolarietako batzuk punta-puntan dabiltza. Paralinpiar Jokoetara lau nafar joango dira, eta horietatik bi gure klubekoak dira: Izaskun Oses atletismoan eta Ivan Salguero igeriketan. Alderaketak egiten hasita, Osasunak ez dauka kirolari olinpikorik. Guk bi ditugu, eta oso harro gaude haietaz, ondo baitakigu zer nolako ahalegina egin duten dauden tokira iristeko. Profesionalak dira dedikazio aldetik, Osasunako jokalarien pare.

Alde handia dago, ordea, batzuek eta besteek jasotzen duten soldatan, baita komunikabideen aldetik jasotzen duten arretan ere. Zentzu horretan, ikusezin sentitzen zarete kirolari itsuak?
Bai, eta adibide bezala balio du Espainiako telebista publikoak Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen artean egin duen bereizketa. Salagarria eta lotsagarria da. Olinpiar Jokoak emateko eskubidea 55 milioi euroren truke erosi du, baina Paralinpiar Jokoez paso egin du, kanona askoz ere merkeagoa izan arren. Espainiako kirol kazetari ezagun batek ordaindu du, bere Twitch kanalerako. Pentsa kirol paralinpikoari nolako kaltea eragiten dion irudi aldetik ekitaldi nagusia soilik Twitch kanal batean eskaintzeak [elkarrizketa egin eta gero RTVEk paralinpiarrak emateko eskubidek erosi zituen].

Iaz bigarren mailako golegile nagusia izan zinen, eta Espainiako selekzioak deitu zintuen. Inoiz ikusiko zaitugu Paralinpiar Jokoetan?
Amets hori daukat. Espainiako Estatuko selekzioarekin aritu izanak hobetzeko aukera eman dit, onenekin ikasten baita gehien. Oraindik denbora gutxi daramat goalballean, eta uste dut hazteko tarte handia dudala. Horren azkar nabarmendu izanak ez du esan nahi erraza denik: ezagutzen ditudan jokalari gehienak umetatik ari dira kirol honetan, baina gutxi batzuk iritsi dira gorenera. Ni jada hasia naiz selekzioarekin jokatzen, beraz, Paralinpiar Jokoak ez ditut horren urrun. Ordea, azken urteetan Espainiako selekzioa ez da sailkatu; zortzi selekziok baino ez dute jokatzen. Erreferenteak Brasil eta Txina dira. Tira, ea hemendik lau urtera haien aurka joka dezakedan, eta hala, amets olinpikoa bete!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Gorputz hotsak
“Desgaitasunaren eta eskiaren mundua deskubrimendu bat izan da”

Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]


Euskal Pilotan euskal selekzioa aitortzearen alde kokatu da Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakaria

Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]


2025-03-20 | Gedar
“Ertzainek aita jipoitu zuten nire alboan, 65 urte ditu eta elbarria da”

Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]


Guraso elkarteek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ezin dituzten ikasleak

Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]


2025-03-15 | Jabi Elorza Antia
Txapela buruan

Iazko udan ere Alacant aldera hurbildu ginen eguraldi hobea aurkitu nahian eta, urtero bezala, egun batez, Benidorm erraldoian sartu ginen hango giroan murgildu, zerbait hartu eta seme-alabekin izozki edo gofre bat dastatzeko asmoz.

Hiri bitxia da, denetarik aurki dezakezu... [+]


2025-02-28 | Gedar
Adin txikiko neska bati eraso dio Sarako kirol entrenatzaile batek

 15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Iñigo Cabacas Herri Harmaila
“Jazarpena azken urte eta erdian areagotu da”

Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldea eta Athleticen arteko harremana nahaspilatuta dago azkenaldian. Iñigo Cabacas Herri Harmailako Iñigorekin hitz egiteko aukera izan dugu astelehenean.


2025-01-29 | Leire Ibar
Maccabi-ren Gasteizko partida eragozteko ia 200 sinadura bildu ditu Palestinarekin Elkartasunak

Saskibaloi talde israeldarraren eta Baskoniaren arteko lehia bertan behera uztea exijitzeko manifestua aurkeztu du Palestinaren aldeko mugimenduak. Euskal Herriko 40 saskibaloi klub, talde zein Baskoniako zaletuen taldek, kirol munduko 91 pertsona ezagunek eta Gasteizko 65... [+]


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


2025-01-15 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa
Ofizialtasuna lortzeko bidean, zirrikitua zabalik?

Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzera bidean urratsa eman du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartuta. “Lorpen historikoa da”, zioen Euskadikoak pasa den abenduaren 28an, baina zuhurtziaz mintzo zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude