Zezenketen kontrako estrategiak Sanferminetan

  • Zezenketarik gabeko besten inguruan mintzatu dira zenbait eragile, Zaunk! Iruñerria antiespezista eragileak Iruñeko Laban antolaturiko 'Zezenketen bidegurutzeak' solasaldian. Alternatibak indartzearen garrantziaz, peñen erantzukizunaz eta legeak dituen mugez mintzatu dira, besteak beste.

Argazkia: Aitor Garmendia
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zuri-gorriz jantzi dira Iruñeko karrikak Sanferminen atarian. Dagoeneko entzierroaren hesiak prest dira, eta egunez egun, korrika egitera behartu eta plazan hilko dituzten zezenak Iruñeko Gaseko ukuiluetan daude. Aurreko hilabeteetan zein Sanferminetan ohikoak izaten dira zezenketen kontrako aldarrikapenak, hala nola manifestazioak, prentsaurrekoak, hitzaldiak eta pankartak. Zaunk! Iruñerria antiespezista taldeak, maiatzean, Laban egindako solasaldia horien adibide bat gehiago da. Taldeko Idoia Azkonak, Herri Sanferminak plataformako Aika Martinikorenak, Iruñea Antitaurina taldeko Iban Agerrik eta Bartzelonako UPF-Centre For Animal Ethics zentroko Olatz Aranzeta-Reboredo ikerlariak zezenketarik gabeko bestak aldarrikatu dituzte.

Iruñerriko hainbat kolektiboren artean 2016. urtean sorturiko plataforma da Herri Sanferminak, eta helburu nagusia besta eredua aldatzea da. Jai herrikoiak, ekologikoak, antikapitalistak, anitzak, kulturalak, feministak, parte-hartzaileak eta euskaldunak direla aldarrikatzen dute. Balore horien artean antitaurino hitza agertzen ez den arren, Martinikorenak azaldu du plataformaren “jarrera naturala” zezenketen kontra egotea dela: “Gure jai ereduan ez dute lekurik inongo tratu txarrik ez esplotaziorik”.

Urte berean, zezenketekin amaitzeko asmoz sortu zen Iruñea Antitaurina. “Ezin dugu plazan gertatzen den bortizkeria ahaztu eta beste leku batera begiratu”, esan du Agerrik. Ordutik, bi xede ezarri dituzte: epe laburrean Iruñerriko herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea, eta epe ertain edo luzera, zezenketak amaitzea: “Beste lekuetan gertatu bada, hemen zergatik ez?”.

Bide beretik doa Zaunk! eragilea, eta urrats bat gehiago egiten du gizakiz besteko animalien eskubideen alde. Azkonak nabarmendu du xede nagusia antiespezismoa gizarteratzea eta zabaltzea dela: “Gizakiz besteko animalien askapena lortu nahi dugu”. Zezenketen kontra egoteko bi arrazoi nagusi azpimarratu ditu. Alde batetik, jai ereduari buelta bat eman behar zaiola uste du, eta zapalkuntzarik gabeko jai ereduen alde borrokatu. Horrez gain, nabarmendu du gizakiz besteko animaliak ez direla jaio gizakien nahi eta beharrak asetzeko: “Ez genituzke erabili behar ez elikatzeko, ez janzteko, ez esperimentatzeko… hau da, gure apetak asetzeko”. Gaineratu du, animalia bakoitzak, norbere erara, erresistentzia adierazten duela: “Gizakiz besteko animaliek bizirik mantentzeko interesa daukate, eta min egiten dieten egoeretatik eta sufrimendutik ihes egiteko nahia dute”.

Bat egin du horrekin UPF-Centre For Animal Ethics zentroko Aranzetak. Zentroa 2015. urtean sortu zen, akademian, politikan, iritzi publikoan eta hedabideetan ikuspegi ez espezistak sustatzeko asmoz. Ikerlariak gaineratu du gizakiz besteko animaliek “kontsiderazio morala” dutela: “Praktika hauen guztien kontra gaude, sufrimenduarekin ikuskizuna egiten dutelako eta diru publikoaren erabilera immorala egiten dutelako”. Gaineratu du jende askok ez dituela ezagutzen zezenketen atzean dauden interes ekonomikoak. Zenbait datu eman ditu: zezenketen diru sarreren %75 nekazaritza plan bateraturako dirulaguntzetatik dator; ustiategi bakoitzak 600.000 euro baino gehiago gastatzen ditu urtero, eta horren erdia diru publikoa da; eta 600 ustiategietatik soilik lau dira ekonomikoki errentagarriak. “Diru horrekin beste gauza batzuk egin daitezke; jendeak jakingo balu zezenketen kontra eginen luke”, esan du.

Zezenketei amaiera emateko estrategietan, hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Idoia Azkonak: lurraldetasuna, "indiferenteak" edo "parrandazaleak", eta Iruñerriko "klima militantea"

Peñak, aldaketarako eragile

Zezenketen kontra egotea ez da aski zezenketak amaitzeko. Horregatik, horiei amaiera emateko estrategiaz mintzatu dira. Hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Azkonak: lurraldetasuna, “indiferenteak” edo “parrandazaleak”, eta Iruñerriko “klima militantea”. Lurraldetasunari dagokionez, Azkonak argi dauka tokian toki sortutako diskurtsoek, kanpotik etorritako kritikek baino inpaktu handiagoa dutela: “Iruñeko jendea Iruñetik eta hemengo errealitatea ulertuz eta ñabardunak kontuan hartuz mugitzen hasi denean, orduan hasi da benetan mugitzen”. Iruñea Antitaurina taldearen aldarri nagusia da Iruñea ez dela zezenketa zalea, Sanfermin zalea baizik. Azkonaren arabera, diskurtso hori estrategikoa izan daiteke.

Parranda grina kontuan hartzeko faktorea da, bere esanetan: “Zezenari begiratzen ez dioten, eta soilik parranda egitera, mozkortzera eta txarangen giroaz gozatzera joaten direnei erreparatu behar diegu. Azkenean, parranda bada nahi dutena, alternatiben bidez plazak hustea lortu dezakegu”.

Bat egin dute denek alternatibetan indarra jartzearen garrantziarekin. Herri Sanferminak plataformak, esate baterako, egunero arrats antitaurinoak antolatzen ditu zezenketen orduan; hala nola dantzaldiak, kontzertuak eta beste. Egitarau horren barruan, urtero, uztailaren 7an, 19:00etan, Iruñea Antiraurina eragileak antolaturiko manifestazioa egiten dute 3indarrok elektrotxarangaren erritmoaz girotuta. Horrez gain, badira alternatibak eskaintzen dituzten beste espazio batzuk ere; hala nola Laba eta Matalaz. “Sanferminak geroz eta kapitalistagoak bihurtzen ari dira; horregatik, garrantzitsua da horrelako espazioak babestea”, esan du Azkonak.

Alternatibak eskaintzeaz gain, peñen jarrera aldatzeak eragin “handia” lukeela uste du Martinikorenak: "Peñek betetzen dute plaza. Iruñea berez ez da zezenketa zalea, giroagatik joaten dira”. Halere, uste du peñetan zenbait aldaketa egiten ari direla, nahiz eta “txikiak” izan. Bide beretik jo du Azkonak: “Peñak plazatik irteten direnean agian ikusiko dugu benetan amaiera”.

Legeditik heldu dio parrandazaleen auziari Aranzetak, eta azaldu du zezen plazara sartzeko gutxieneko adina 18 urtera igotzea eta alkoholaren kontsumoa debekatzea neurri eraginkorrak izan daitezkeela: “Nerabeak babesteko neurri bat izateaz gain, parrandazale askok zalantza jarriko dute zertarako joan, ezin izango dutelako parranda bota”. Balear Uharteetan martxan jarri zituzten neurri batzuk dira, baina VOX eta PP alderdiek berriz ere jaitsi dute gutxieneko adina.

Lobbyak eta entretenimendua

Animalien erabilera defendatzen duten lobbyak aztertzen ditu Aranzetak, tartean, zezenketen aldeko zenbait talde koordinatuk politikarien eta instituzio politikoen erabakietan eragiteko hartzen ari diren bideak: “Animalismoari erantzuten dioten talde asko sortu dira, eta oso gauza konkretuak egiten ari dira; adibidez, gezurrak zabaltzeko ikerketak eta tesiak finantzatzen ari dira”. Horrekin batera, salatu du Hego Euskal Herrian legeaz baliatzen ari direla udalei eskualdeko eskumenak kentzeko. Espainiako azaroaren 12ko 18/2013 Legearen arabera, zezenketak ondare kulturala dira; hortaz, zezenketen kontra daudela dioten udalek ondorio ekonomiko eta legal “larriak” izan ditzakete antikonstituzionaltzat hartu daitekeelako kontra egitea: “Zezenketen aldeko kolektiboek zezenketen kontra dauden udalak salatu dituzte, eta horren ondorioz egoera ekonomiko larrian geratu dira batzuk”.

Egoerari horri aurre egiteko, Hau ez da nire kultura lelopean 500.000 sinadura bildu nahi dituzte legea indargabetzeko. Uztailaren 5ean, hiriburuan bi ekitaldi antolatu dituzte sinadurak biltzeko, goizez eta arratsaldez. Agerrik eta Aranzetak legea indargabetzearen alde sinatzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

Aika Martinikorena: "Peñek betetzen dute plaza. Iruñea berez ez da zezenketa zalea, giroagatik joaten dira"

Borroka zabaltzeko beharra

Iruñerriak duen potentzial militantea kontuan hartzea estrategikoa izan daiteke, Azkonaren ustez. Garrantzitsua da eragileen arteko aliantzak sortzea. Hala nola Herri Sanferminak plataformaren bidez edota Zezenketarik ez! sarearekin. Sarea 2022an sortu zen, modu asanblearioan, zezenketen kontra mobilizatzeko, eta sarearen parte dira Zaunk! eta Iruñea Antitaurina. Sorrera urtean, zezenketen kontrako 50 atxikimendu baino gehiago jaso zituzten, Iruñerriko musikariak, gizarte eragileak eta tabernariak tarteko. Iruñerriko Bilgune Feminista, Txirringudariak, E28J plataforma, Haritu Elkarlaguntza Sarea, Matalaz, Katu, Oberena dantza taldea, Aurora Beltran, Maruxak, Tatxers, Saioa Alkaiza, Reymy eta beste askok sinatu zuten.

Aliantzak indartzeko, zezenketen auzia ikuspegi zabaletik landu behar dela uste du Azkonak: “Zer gertatzen da plazan? Zein droga daude? Nork kontsumitzen ditu? Nola? Zein harreman eta jarrera mota daude? Eredu matxistagoak daude barruan? Zer-nolako kultura ari gara betikotzen?”.

Beste borroketan ere arreta jartzea lagungarria dela dio, hala nola mugimendu feministan eta kuir mugimenduan. Izan ere, “eraso kontzeptuaren” definizioa zabaltzea lortu dute: "Lehen normaltzat hartzen genituen jarrera batzuk gaur egun erasotzat hartzen ditu gizartearen gehiengoak eta lortu dute hainbat protokolo martxan jartzea eta jaiak bertan behera uztea erasoengatik”.

Aranzetak gaineratu du Espainiako Haur eta Nerabeen Legea ere inspirazio iturri izan daitekeela, eta “gizartearen pasibotasunaren” aurrean informazioa eta alternatiba herrikoiak ematea beharrezkoa dela: “Lobbyetatik esaten dute animalismoa ezereza dela: kultur eza, existentzia eza, gozamen eza. Horren aurrean, solasaldi honetan parte hartu duzuen eragileen existentziak sekulako pisua dauka, demostratzen duzuelako jendeak horrelako alternatibak bizitzen eta gozatzen dituela”.

Entzierroarekin zer?

Entzierroaz gutxi hitz egin badute ere, eztabaida piztu du gaiak. Iruñea Antitaurina izan da entzierroaz zuzenean mintzatu den bakarra. Taldeko ordezkariak nabarmendu du hasieran taldean entzierroaren inguruan eztabaidatu bazuten ere, soilik plazara mugatzen direla estrategikoagoa delako eta entzierroaren kontra lerratzea oztopo izan daitekeelako: “Beti esaten dugu entzierroek beren erritmoa dutela, eta ezin dugula isilarazi plazan gertatzen dena”.

Ikus-entzule batek galdetu du zezenketak eta entzierroa bi borroka desberdin izango balira bezala lantzeak ez ote dion zilegitasuna kentzen borrokari. Argi erantzun du Iruña Antiraurinak: estrategia da zezenketetara mugatzea. Eztabaidak jarraitu du, eta entzierroa landu edo ez landu, korapilo horretan itxi dute mahai-ingurua.

“Zezenketen bidegurutzeak” solasaldian, ezkerretik eskuinera: Iban Arregi, Idoia Azkona, Aika Martinikorena, Olatz Aranzeta-Reboredo eta Itsaso Jauregi moderatzailea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Animalien eskubideak
Aurten ere zezenketak egingo dituzte Donostiako Aste Nagusian

Zezenak torturatu eta hilko dituzte aurten ere Donostiako Aste Nagusian, hiru egunez. Arte y Cultura BMF enpresak iragarri ditu Illunben aurten egingo dituzten zezenketak, eta Aste Nagusiko bigarren asteburuan izango dira, abuztuaren 15ean, 16an eta 17an (18:00etan).


Zezenketarik gabeko sanferminak posible izan daitezen “laguntza” eskatu die Iruñea Antitaurinak Peñen Federazioari

"Zezenketarik gabeko sanferminetarako trantsizioa errazteko" eskatu die Iruñea Antitaurina kolektiboak Peñen Federazioari. "Festa giroan zezenen presentzia egon behar den edo ez aztertzeko" garaia iritsi dela uste du kolektibo horrek eta ... [+]


Animalien askapena EHUn ikergai

Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Ka… ttuk!

Ez nuen usteko egun batean zozoarekin komunikatzeko gai izango nintzenik. Miraria duela bizpahiru urte gertatu zen. Atarian geundela, zozo bat zalapartan entzun zen baratzean, zer arraio zen begiratzera joan eta erdiko pasabidean katua, ondoan tomate-makila gainetik txoria... [+]


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Sanferminetako zezenketen aurkako protesta egingo dute gaur Iruñean

AnimaNaturalis eta PETA erakundeak antolatu dute protesta, Udal Plazan 12:00etan, festak hasi baino egun bat lehenago. Nafarroako, Espainiako eta Europako aktibistak elkartuko dira. Manifestazioa AnimaNaturalisen “odolik gabeko Sanfermin” kanpainaren barruan dago.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


Donostiako Udalak zezenketak “laguntzen jarraitzen” duela salatu du Eguzkik

Cristina Lage Turismo zinegotziak Urrezko Maskorra saria eman dio berriki Roca Rey toreatzaileari, 2022ko Aste Nagusian faenarik onena egiteagatik. Horren aurrean, Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Donostiako Udaleko zinegotzi batek toreatzaile bati sari bat emateak... [+]


2022-10-26 | ARGIA
Lidl supermerkatuak, animaliekiko tratu txarrengatik jo-mugan

Alemanian oilaskoak hazten dituen etxalde erraldoi bateko irudiak zabaldu ditu Equalia GKE-ak. Bertan irregulartasun ugari atzeman daitezke, bereziki animalien aurkako tratu txarrak eta pilaketak, non bizirik dauden txitoak ondoan hilda daudenak jatera iristen diren. Lidl... [+]


2022-09-07 | ARGIA
Lehen aldiz, animalien erabilerarik gabe ospatu dute Antzar Eguna Lekeition

Iaz erabaki zuen Lekeitioko Udalak Antzar Egunean antzara bizidunik ez erabiltzea, eta 300 urte baino gehiagoko ibilbidean lehen aldiz, irailaren 5 honetan erabilitako antzara guztiak plastikozkoak izan dira.


Eguneraketa berriak daude