EHZ

Hazi berri bat erein da Arberatze-Zilhekoan


2024ko uztailaren 01ean - 14:00
Azken eguneraketa: 2024-07-02 09:18
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kasu! Achtung! “Mezua pasa. EHZra arribatzean alimaleko flika kontrola xakurrekin!”. Kasuen... Amikuzen ere ezin bakean utzi, komentatu du kontrola pasa eta gutxira autoa aparkatu nahian dabilen festibalero batek. Gerora ikusi du Telegramez lepo zabaldu den aurreko mezu hori. Jasoa zuen jakinarazpena, baina mugikorrari erreparatu ez. Gertatzen dira halakoak. Lehenago ikusiko balu, sustoa eta herstura, sikiera, asumitu ahalko zituen aurretik. EHZko laguntzaileak hor zebiltzan hala ere, Arberatze-Zilhekoako ohiko sarreran, Googlen mapek ere bidaltzen duten bidegurutze horretan, beste aldetik sartzeko esaten.

Mezu jarioa goizean hasi da, ordea. Egia esan, egoeraren idiosinkrasiak berak eta astebururako aurreikusitako akontezimenduek ez dute harridurarako tarte handirik uzten. Igandean hauteskunde legegileak egin dira Frantzian, eta ostiral goizez komunikatua atera du EHZko antolakuntzak, eskuin muturra borrokatzeko dei eginez kulturgintzatik eta euskaratik, harremanak sendotuz eta indartuz, elkarrekin. Festibaleko Titau! egunkari satirikoak ostiralez dioen moduan: “Bardella, Bordela, ala biak? Armairu zolan uztea hobe denak”.

Horrez gain, ekainaren 28a festibalaren estreinako eguna izaki, makina bat keinu egon dira Harrotasunaren Egunari, sarrerako bandera kasurako. Baina detaile diruditen bereizgarriok ez dira hor amaitzen: oholtza nagusiko lona Palestinako bandera ikaragarri handi bat da, eta plazako eszenan bada beste lona bat kantatu, maitatu eta dantzatu dionena. Bistan da, festibalak politikoak dira. Festibal oro da politikoa, baita garagardo markak promozionatzen dituztenak ere. Muturrekoa behar du izan, orain, BBK Livera joan eta Vueling eta Idealista enpresa espekulatzaileek haien promozio guneak dituztela ikusteak. Horrelako espekulatzaileek ez dute tokirik EHZn, eta markek, promozioek, ez dute lekurik ezta ere, salbu eta aparkalekuko eta akanpalekuko zintak. Horregatik joaten gara EHZra. Eta horregatik itzultzen da jendea, balio horietan sinesten duelako.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Egokitzapen lanak

Aurtengo berrikuntzetako bat izan da Arberatze-Zilhekoan egin dela estreinakoz festibala, bost urte Irisarrin eman ondoren. Beraz, esperotako moduan, lur-hartzea kostatu zaie festibal zaleei. EHZ zale hegoaldetar fetitxistentzat, gainera, urrunago zegoen gune berria eta nabaritu da hori, jendea ohi baino beranduxeago heldu delako. Bazterrak eta trikimailuak ezagutu behar dira etxe berri orotan.

Igande gauean, Frantziako hauteskunde legegileak zirela eta, antolatzaileek sua piztu zuten eskuin muturraren aurka antolatu behar dela aldarrikatzeko

Autoak ahal bezala aparkatu, instalatzeko gunea atzeman, oihal etxea ahalik eta hobekien muntatu eta orduan hasten da onena, behin gauza guztiak eginda dauzkazula, garagardo lata freskoa zabaltzean. Irekitze une hori berotzen, plazan, Broken Brothers Brass Band txaranga gozo iruindarra. Kosta da plaza betetzea, jendeari kosta zaio heltzea, baina konturatzerako, 20:30ak bueltan Janus Lester kontzertu-gunean ari denerako, sumatu da berotasuna. Haize fin eta freskoa tapatzeko adina jende. Euriak egiten du mehatxu noizbehinka, baina eutsiko diola dirudi. Gaurkoz bai, bederen. Biharko aurreikuspenak zeharo txarrak dira, bereziki goiz partera begirakoak; baina hori bihar etorriko da, eta EHZ zerbait bada, unean bertan sentitutakoa azaleratzeko da.

Kartel dotorea du ostiralak, eta esperotako moduan joan da: fuerte. Lehen eguna izate hutsagatik, fuerte irteteko motiboak asko dira, bereziki musika eskaintzak laguntzen badu. Hein batean horrela izan da, nahiz espektakulu bakar batek ere ez duen erabat birrindu. Pelax eta Bananas donostiarrek kontzertu aski dotore eta indartsua eskaini dute eszenario txikian, baina horrelako taldeei falta zaie punch bat: jende bereziki askok ezagutzen ez bazaitu, eskaintzen duzun kontzertua hain ona izanda ere, ez duzu sekula lehertuko. Zaletuontzat, hori bai, luxuzko bi emanaldi. Gerriak mugiarazi ditu Pelaxek eta gerritik gorako dena Bananasek, lepoak-eta gogortzeraino. Hiru oren laurden edukita, formulan asmatu dute biek: kantu arteetan gutxi hitz egin, oholtza gainean dena eman eta indarra transmititu horixe bera eskatzen ari den zaletuari. Benizzek ere, bere estiloan, ordu txikiagotan eta musika elektronikoaren laguntzaz, bete-betean asmatu du formatuarekin. Eskala txikian ondo-asko lehertu duten hiru espektakulu, alajaina.

Aurrez aipatu bezala, kontzertu handi-handirik ez da egon ostiralean. Belako zen kartel burua, eta kartel buru rola jokatu du, 23:30ean kontzertuari ekinda, baina handi geratu zaio oholtza. Eta sentsazioz, oro har, talde horri handi geratu ohi zaio festibalean kategoria handian jokatzea. Festibaletan jotzeko musika egiten dute, eta oso onak dira, baina gehiago luzitzen dute areto txikiagoetan, azken boladan egin duten areto txikien biran ikusi den moduan. Bada zerbait hor ulertzen zaila dena. Kantu hautaketa izan daiteke akaso, ezagunenak ez baitzituzten jo, erabaki propioz segur; baina bada zerbait hor ulertzen zaila dela, zergatik ez duen jendearekin konektatzen asmatzen oholtza nagusian denean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bakoitza berera

Ostiral poz, larunbat triste. Egunak oso goibel esnatu du Arberatze-Zilhekoan, akaso horrexegatik, gauak luzatu zuelako. Poz dosi faltsua jaso du, baina, goizean goiz mugikorreko eguraldi iragarpenak ikusi dituenak, iragarpenek argiki hitzematen baitute 10:00etatik aurrera atertu eta egun osoan tregua emango duela. Eta, kasualki, 10:00ak pasatxoan atertu eta ostarteak zabaltzen hasi dira. Gutxirako iraun du zorionak. Euri langarrak aterrune batzuk eman ditu egunean, baina kontrolik gabe aritu da botatzen. Horrek markatu du jendearen aldartea.

Festibal batean eguraldia horrelakoxea denean, eta bezperan behar baino gehiago luzatu zarenean, zail da topatzen txupinak botatzeko moduko adina aldarterik. Petralkeria areagotu egin ohi da, gainera, zurekin etorri ez den baina ezagun duzun pertsona horrek, aurpegia botata, kafea, gatza, makarroiak eta zortzi zerbeza lata eskatzen dizkizunean. Aurreko urtean baino gutxiago eskatu dizu, momentuz, baina badakizu muturra okertu gabe ematen badiozu, ezer leporatzen ez badiozu, bihar goizean ere hemen topatuko duzula, beste gauza batzuk eskatzen. Kanpineoa-ren eta laguntasun faltsu baina interesatuen balantza izugarri interesgarria da sozialki aztertzeko, klaseak eta klaseak baitaude, gainera, festibaleroen artean. Batzuk erosketarik-eta egin gabe etorri dira, kanpinarekin eta aldatzeko bi arroparekin, eta bestetzuek urtebete pasatu dute furgoneta mimo handiz mila trastu erabilgarriekin egokitzen. Baina lehenbizikoak aurpegi galanta du, eta bigarrengoak ez daki ezetz esaten. Soziologook, nahi duzuen doinu eta neurrian, bota bertsoa.

Gai hori jartzeko modukoa zen zapatu goizeko bertso musikatuetan. Ordubete pasatu dute euritik justuki babestuta, kantuan, talo eta kafe artean. Ez da bereziki giro, eta pena da hori, eguneko giroa ederra delako EHZn. Anarik jarri behar izan du gindatxoa, egunak daraman aldartea iraultzeko. Bi V, Vesna Vulovic, eta jendea salto betean. Sorpresarik ez du ematen azkoitiarrak: solemneak eta emotiboak ohi dira bere kontzertuak.

Argazkia: EHZ festibala

Aurten sorpresarik eman duen talderik bada, hori RTZ kolektiboa izan da. Larunbat iluntze partera show galanta eman dute rapero lapurtar gazteek, lagun askoren aurrean, eta harri eta zur utzi gaitu asko eta asko. Hegoaldetar gaixoak? Bai. Gerora egon gara tristeki komentatzen talde honek inoiz gutxitan gurutzatuko duela Bidasoa ibaia, salbuespen konkreturen bat kenduta bederen, badirelako bi arrazoi hori ez gertatzeko: Iparraldekoak izatea, lehena; eta rapean aritzea, bigarrena. Odei Barrosok Terapia diskoarekin gutxi bidaiatu badu... Espero, hala ere, horrela ez izatea.

Giroak baretzera egin du gero, baina. Eta ez, propio, musikariek asmatu ez dutelako. Ekitaldi politikoaren ostean, 22:00etan, Gorka Urbizuk hartu du oholtza nagusia, eta 1) ez zara sartu eta logalea eragin dizu, edo 2) malkorik isuri duzu. Musika ederra egiten du Urbizuk, artista handia da, eta ez musikan bakarrik, fenomeno bat bihurtu baita merch-aren munduaren ere; baina melankolia hori ez da larunbat batez 22:00etan entzutekoa musika festibal batean. Joan areto batera, hartu kopa bat eta ikusita ikusi nahi baduzu.

Eskerrak Su Ta Gar etorri den giroa berotzera. Laster 40 urte oholtza gainean, eta ez dute indarrik galtzen. Publikoarekin nahi dutena egiten jarraitzen dute. Orain salto, marru, besarkada, eta giroa baretu. Artista hutsak. Ezbairik gabe, gauerdia izanik, festibalak premiazko zuen salto galanta. Nakarrek eutsi dio gero erronkari, eszenario txikian, eibartarrek bukatu eta berehala. Haien lana egiten asmatu dute, horixe baita eskaintzeko daukatena: 45 minutuz jendea saltoka ipini eta egurra eman. Hor amaitu da gauaren goraldia; handik aurrera behera egin du nabarmen. Sünek ez du ezer berezirik eskaini. Ez da hain zaila goizaldeko 1:30ean jendea dantzan ipintzea, eta lortu du, base dantzagarria ipinita, baina Huntzaren amaieraren fenomenoa beregain hartua du, Gaztea irratiak, EiTBk eta enparauek sekulako bonboa eman diote, eta berari buruz esaten zenaren erdira ere ez da heldu. Esperantzarik zuenak, atsekabea bueltan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ea nork eusten dion nekeari

Beno, zerbait, zerbait... Musikalki giroa apaldu bazen ere, zerbait luzatu dute batzuek larunbat gauean. Eta asmatzen erraza da nortzuk aritu diren luzamenduetan: lokatzak salatzen du. Larunbatean bota duen guztiarekin, lokatzez zikindu samar ginen guztiok –eskerrak Iparraldeko laborariei, hainbat tona lasto ekartzen dituztelako lohia lehortzeko–, baina nor lotaratu eta dutxaratu den eta nor ez, ageri-agerian geratu da igande goizean Arberatzeko plazan. Baina ez dira atzean geratu. Edanean aurrera segitu ahal izan dute barra alboan bazelako giroa, oholtzatik urrun, haur orkestra bat ari baitzen emanaldia eskaintzen.

Ederki asko pasatu dute haurrek EHZko igandean. Giro ederra zeukaten Haurren Txokoan, animatzaile batekin, eta aurpegian ikurrinak margotu dituzte zenbaitzuk. Ez dut imajinatzen Gipuzkoako herri euskaldun batean, 6 urteko haurrak, era masiboan, ikurrinak aurpegian margotzen ikustea. EHZk sustatzen duenaren adierazle argia da hori: euskara, euskal kultura, nazio ikuspegia... eta denentzako lekua dagoela, baldin eta balio batzuen baitan jarduteko bada. Hori guztia ere bada EHZ.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
BTN bideopodcasta, EHZn

EHZn egon denak ziur ikusi duela ARGIAko karpa gorria. Larunbat eguerdian, Zikiroko karpa atarian, E-H-Z egurrezko letren atzean grabatu genuen BTN saio berezia, Kanaldude telebistarekin elkarlean.

Oihana Arana, Haizea Arana eta Aner Euzkitzeren gidaritzan, luxuzko bi gonbidatu izan ziren gurean. Lehenbiziko oren erdian, Kattina Haran EHZko antolatzailea. Festibalaren filosofiaz, antolakuntzaz, ibilbideaz eta taldean darabiltzaten gogoetei buruz hitz egin genuen berarekin; hain justu, bere aita da festibalaren sortzailea.

Ondoren, arratsaldean kontzertua eskaini behar zuen musikari ezagun bat etorri zen platora: Anari. Festibalez hitz egin genuen harekin; EHZn jotzeaz baina baita makrofestibalei buruz ere. Sold out kulturaz mintzatu zen, musikaren zentralitateaz edo zentralitate ezaz, festibalek sustatzen duten giroaz, harremantze ereduez...

Uztailaren 2an, 20:00etatik aurrera, ARGIAn eta Kanalduden ikusgai.

Ikusi hemen Dani Blancoren argazki galeria, ARGIAn, CC BY SA lizentzia librearekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
Badator EHZ: aurtengo berrikuntzak, informazio praktikoa, ordutegiak, erasoen aurkako protokoloa...

Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.

ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
“Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea”

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


2023-07-03 | Ilargi Manzanares
EHZk Irisarri agurtu du

12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.


Irisarrin antolaturiko azken EHZ izanen da aurtengoa

27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".


Badator Irisarrin egingo den azken EHZ Festibala

Euskal musikaren eszenan punta-puntan dauden Liher, J Martina, Willis Drummond, Belako, Zetak eta Kristonak gisako taldeak pasako dira EHZko oholtzatik, datorren ostiraletik igandera. Umorezko saiorik ere izango da, baita bertsoak, rap emanaldia eta gaiteroak ere. Antolatzaileek... [+]


Eguneraketa berriak daude