Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean, "txikikeriatxo" bat ahaztu zitzaion: euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatuko zirela ziurtatzea. Nik, Steilas sindikatuaren babesarekin, uko egin nion mediku-azterketa gaztelaniaz egiteari eta, hiru bider planto egin ostean, azkenean Hezkuntza Sailak hanka-sartzea onartu eta mediku euskalduna jarri zuen: Bilbotik ekarri behar izan zuten, Gasteizen, nonbait, Hezkuntza Sailak ez daukalako mediku euskaldunik: ez zuzenean kontrataturik, ezta azpikontrataturik ere.

Udaberri honetan konpondutako auzi horretatik hainbat ondorio atera behar direla iruditzen zait.

Lehenengoa, Hezkuntza Sailak ziurtatu beharra dauka berarekin egin beharreko izapide guztiak euskaraz egin ahal izango direla. Berdin dio ahoz zein idatziz, berdin dio arreta zuzenekoan zein azpikontratatutakoan. Aukera paregabea dauka plantillako mediku euskaldunak kontratatzeko eta, azpikontratatu behar izango balu, baldintza-pleguan hizkuntza-klausulak sartzeko. Hau da, aukera ederra dauka iazko hanka-sartzea ez errepikatzeko.

Funtzionario izendatu berri dituzten irakasle euskaltzaleek: gure eskubideak geuk defendatzen ez baditugu, nork? Planto eginez ez bada, zelan?

Bigarrena euskalgintzak atera beharko luke. Iaz inork garrantzirik eman ez bazion ere, printzipio kontua da Eusko Jaurlaritzari euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespeta ditzala exijitzea. Askoz hobe, gainera, urraketa salatu beharrean, eskubidea gauzagarria izango dela ziurtatzea. Hilabete bi pasa geratzen dira mediku-azterketak egiten hasteko; hasi lanean Hezkuntza Sailak oraingoan berma dezan duela sei hilabete bermatu ez zuena: hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea.

Hirugarrena, funtzionario izendatu berri dituzten irakasle euskaltzaleek: gure eskubideak geuk defendatzen ez baditugu, nork? Planto eginez ez bada, zelan? Ondo dago euskarari egiten zaizkion erasoen kontrako manifestazioetara joatea, baina askoz eraginkorragoa da herritar garelako dagozkigun hizkuntza-eskubideak irmotasunez defendatzea.

Izan ere, administrazioak –edozein administraziok– hizkuntza-eskubideak ukatzen dizkigun bakoitzean euskaldunok salaketa idatzia egingo bagenu, euskara gutxiesten duten epaileek errazago ulertuko lukete geurea, gure korner honetan, hizkuntza ofiziala dela. Ofiziala, ez koofiziala.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude