Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa sexualik jaso. Gabezia horrek eraman du gaian espezializatzera.
Hamazazpi urterekin izan zuen istripuaren ondorioz, muineko lesio bat dauka Igor Nabarrok. Ordutik, lesiotik behera ia ez dauka mugikortasunik, ezta sentsibilitaterik ere. Istripuaren ostean arreta psikologikoa eta medikua jaso zuen, eta eguneroko gauzak egiteko bide berriak ikasi behar izan zituen. Hala ere, salatu du bazter batean gelditu zirela erotika eta genero identitatea: “Inork ez badizu erotikaz edo sexualitateaz hitz egiten, barneratzen duzu sexualitatea hirugarren, laugarren edo bosgarren plano batean geratzen dela eta ez dela zuretzat, ezin duzulako orain arteko eredu erotikoa jarraitu”.
Istripuaren aurretik “oso barneratua” zuen zer den gizon bat izatea eta zein zen “jarraitu beharreko” eredu erotikoa: “Argi neukan zer espero zuten nitaz maila erotikoan, zer eskaini behar nuen eta zer egin behar nuen”. Gaineratu du “eredu normatiboan” hezi dela; hau da, genitaletan, penetrazioan, orgasmoan eta erekzioan zentratutako ereduan: “Horretan ezin bazara sartu, sentitzen duzu sexualitateari soilik nostalgiatik begiratzeko aukera izanen duzula”.
Ospitaletik atera baino lehen, bisitan joan ziren lagun batzuekin hasierako eredu erotikoa erreproduzitzen saiatu zen: “Denoi gertatzen zaigun zerbait da, eta horrek frustrazio handia dakar”. Ospitaletik atera ostean, lehenagotik ezagutzen ez zituen pertsonekin hasi zen harreman sexualak mantentzen eta eredu horretatik urruntzen: “Zaila izan zen, eta frustrazio handia nuen, baina ikasiz joan nintzen nola bilatu nire plazera besteen plazera ahaztu gabe, nola hasi gozatzen nire gorputzaz, besteekiko loturaz…”.
Prozesu horretan, ikusi zuen sexualitatea uste baino “zabalagoa” eta “aberasgarriagoa” dela; are gehiago, “amaigabea” dela, etengabe ikasten eta deskubritzen direlako gauza berriak: “Eredu normatiboek mugatzen gaituzte, barneratzen dugu zer den egin behar duguna eta zerk emanen digun plazer gehien; hau da, atarikoak, penetrazioa –plater handia– eta ikaragarrizko orgasmoa”. Gaineratu du “produkzioan” eta “errendimenduan” oinarritutako eredu bat dela, etengabe bilatzen delako irautea, zakila dutenen kasuan tente eta gogor mantentzea, eta plazera ematea: “Inposatutako eredu bat da. Horrek ez du esan nahi plazenteroa ez denik, baina erotikan ere, ez dugu lortzen produkziotik ateratzea”. Ezarritako bide horretatik “askatzeak” eraman du maskulinitatea eta genero identitatea beste era batera sentitzera: “Azkenean, ikasi nuen gizon izatea ez dela estereotipo eta mandatu batzuk betetzea, baizik eta nik sentitzen dudan identitate bat”.
"Ez bagaituzte ikusten desiragarri eta desiratzen dugun pertsona gisa, informaziorik ezak bazterketara eramango gaitu"
Heziketa sexual zabala
Prozesu horretan guztian ezereza aurkitu du, ez erreferenterik, ez informaziorik. Zer gertatzen da pertsona baten erotika bazter batean geratzen denean? Nola ikasten dira mugak? Nola lantzen dira norberare gorputzarekiko eta beste gorputzekiko harremanak? Nabarroren arabera, bi mezu kontrajarri zabaltzen dira: alde batetik, gizarteak jasotzen duen mezua da desgaitasuna daukaten pertsonek ez dutela desirarik eta ez dituztela harreman gozagarriak; eta bestetik, iradokitzen da “inpultsiboak” direla –bereziki desgaitasun intelektuala edo kognitiboa dutenak–, ez direla gai bulkadei aurre egin eta besteen gorputzak ez ukitzeko. “Ez badago heziketa sexualik, infantilizatzen bagaituzte, eta baimenik eskatu gabe eta zergatia azaldu gabe nire gorputzetik etengabe pasatzen badira pertsona ugari, hala nola medikuak, senideak eta zaintzaileak, zergatik ez dut barneratuko nahi dudanean edonor ukitu eta biluztu dezakedala?”.
Heziketa sexuala pertsona guztiei zabaltzea garrantzitsua dela azpimarratu du: “Heziketa sexuala ez da nerabezarora mugatzen; bizitzako etapako guztietan egon beharko litzateke, gure biografia sexuala aldatzen doalako. Gure gorputzak ez dira berdinak 7 urterekin, 17rekin, 35ekin, 60rekin edo 80rekin”. Horrez gain, uste du heziketa sexuala ez dela inoiz inklusiboa izan, eta nabarmendu du desgaitasuna daukaten pertsonen sexualitateak ez duela lekurik: “Ez bagaituzte ikusten desiragarri eta desiratzen dugun pertsona gisa, informaziorik ezak bazterketara eramango gaitu”. Hala ere, poliki-poliki aldatzen ari dela uste du.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
"Sexualitateaz hitz egiten dugunean bi gauza geratzen dira bazterrean: azala bere horretan eta burmuina. Gorputzeko atal batzuk erogenoak dira, baina azala bere horretan organo sexual erotiko bat da. Bitxia da muineko lesio bat daukan norbaitek hau esatea, baina lesiotik gora ere azal sentsible ugari dago, eta horrek egiten du intentsitatea handitzea. Burmuinari dagokionez, denok dakigu organo sexual nagusia dela, sentsazioak burmuinean hasi eta amaitzen dira. Hori da landu behar duguna sexualitatea zabaltzeko".
Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]