Okzitaniako A69 autobidearen aurkako mobilizazioa: Borroka eredu berrien territorioa

  • A69 autobidearen aurkako mugimenduaren topagune eta borroka gune izan da Okzitaniako Tolosa eta Castres hirien arteko lurraldea ekainaren 7tik 9ra. Dozenaka kolektiboren deiari erantzunez, 6.000 lagun batu dira bertan eta Frantziako Estatuko Barne ministro Gérard Darmaninen debekuaren gainetik pasa dira. Sukar Horia kolektiboko kide batzuk egon dira bertan, azken urteetan Frantziako Estatuan zabaldu den mugimendu ekologistaren borroka molde berriak ezagutzeko gogoekin. Zehazkiago, autobide baten aurkako borroka ezagutzea aberasgarria iruditzen zaielako, Bizkaiko aldundiak Sestaotik Leioara eraiki nahi duen itsasadar azpiko tunelaren aurkako borrokari heldu beharraren testuinguruan.

Frantziako Barne ministroak debekatu arren, 6.000 lagun elkartu ziren A69 autobidearen aurkako protestan. Argazkia: Antoine Berlioz Hans Lucas
Frantziako Barne ministroak debekatu arren, 6.000 lagun elkartu ziren A69 autobidearen aurkako protestan. Argazkia: Antoine Berlioz Hans Lucas

Krisi ekologiko betean, kapitalaren logikari jarraituz lurra suntsitzen duten proiektuak gelditzeko aldarria berretsi berri dute milaka herritarrek Okzitanian. 6.000 lagun elkartu dira ekaineko lehen asteburuan Tolosa eta Castres hirien artean, bertatik iragaitekoa den A69 autobide proiektua oztopatzeko xedez. Lurraren Altxamenduak sareak, Confederation Paysanne laborarien sindikatuak, La Voie Est Libre (Bidea libre da) kolektiboak, Tolosako Extinction Rebellionek, A69ko ZAD gune autogestionatuak eta GNSA zuhaitzen babeserako taldeak luzatu zuten nazioartekoa ere izan nahi zuen deialdia.

Sei hilabetero dabil Lurraren Altxamenduak sarea ehunka lagunez osatutako asanbladetan ondoko urte erdirako ekintzak diseinatzen. A69aren aurkakoa zuten zazpigarren sasoiaren baitan iragarritakoa. Tokiko borrokak babestea eta momentu erabakigarrietan aurkitzen diren borrokei bultzada ematea dute helburu: "Obrak martxan jarri direlako, lurraldearen txikizioaren mehatxua berehalakoa delako eta mobilizatzeko molde jakin batzuk agortu ostean borroka molde ofentsiboak erabiltzeko beharra dagoelako". Helburu horiekin sortu zuten Lurraren Altxamenduak mugimendua 2021 urtean. Mugimendu anitz hori osatzen dute klima aktibistek, nekazariek, sindikalistek, talde autonomo antikapitalistek, borroka lokalekin konprometitutako militanteek, ZAD defendatu beharreko guneek eta okupatutako bestelako lurralde batzuek.

Frantziako Estatuko Barne ministro Gérard Darmaninek A69 autobidearen aurkako mobilizazioa debekatu zutela iragarri zuen hiru egun lehenago, Frantziako Legebiltzarrean. Debekuaren aurrean, Lurraren Altxamenduak sareak mugimenduaren kriminalizazioa salatu zuen, beste akusazio batzuen artean, kontrol polizial aleatorioetan autoetatik jendeari kendutako materiala "armatzat" klasifikatu baitzuten. Material horiek, besteak beste, brikolajea egiteko erremintak, janaria mozteko labanak edo petankan jolasteko bolak ziren. Deialdiarekin aurrera jarraituko zutela irakurri zitekeen agirian, "alaia, umoretsua eta determinazioz betetako mobilizaziorako" deia berretsi zuten. Berehala, Confédération Paysanne eta GNSA taldeek helegitea jarri zuten Barne ministroaren erabakiaren aurka.

53 kilometroko autobide horrek milaka
zuhaitz moztu eta
400 hektarea
lur emankor artifizializatuko lituzke

Puylaurens herrian kanpamentu bat muntatu zuten manifestariak aterpetzeko, proiektuaren aurka ari den laborari batek utzitako lurretan.

Duela hogei urte marrazturiko proiektua

Duela hogei urte baino gehiago jarri zen martxan Okzitaniako Castres eta Tolosa lotzeko A69 autobidearen proiektua. Proiektuaren bultzatzaile nagusia izan da hasieratik lekuko burgesia, Castres hiriko Pierre Fabre farmazeutika laborategia buru. 1962an sorturiko laborategia handituz joan zen, eta hasieratik zuen estrategikotzat laborategiak Tolosarekin eta bertatik Frantzia osoko autobide sarearekin lotzea. Berez, proiektuaren konfirmazioa Garraio ministroarekin eta Europako Garraio komisarioarekin izan zuen bazkari batean jaso zuen Pierre Fabrek, hil arte enpresaren burua izan zenak. Hainbat hautetsik Reporterre komunikabideari esandakoaren arabera, Frantziako presidente François Hollandekin bildu zen hil zen gau berean, proiektuaren garrantzia gogorarazteko.

Egun, Pierre Fabreren tentakuluak eskualdearen bizitza sozialaren aspektu ia guztietara ailegatzen dira: kirol taldeak, komunikabideak, hautetsiak… Hautetsien eta Fabreren arteko harremana oso ondo deskribatzen du autobidearen eraikuntzarako 500.000 euro eman dituen Sor et Agout herri elkargoko lehendakariorde Alain Veuilletek: "Pierre Fabre jaunak bere langile batzuk animatzen zituen udal politikan sartzera [...]. Berak animatu ninduen ni [...] nire herriko zinegotzi bihurtzera. Denbora liberatzen zidan horretara dedikatzeko, eta enpresaren soldata kobratzen jarraitzen nuen".

Obrak oztopatzeko manifestazioaz gain, ekimen andana egon da asteburu osoan zehar. Argazkia: A69 Canal Info

Eskualdeko biztanle guztiak ordea ez daude proiektuaren alde, batez ere proiektuak eragingo lukeen kalte ekologikoagatik. 53 kilometroko autobide horrek milaka zuhaitz moztu eta 400 hektarea lur emankor artifizializatuko lituzke.
La Voie est Libre taldeak autobidearen alternatiba izango litzatekeen proiektu bat landurik du: dagoeneko desjabetuta dauden lurrak erabiliko lituzke bizikletentzako eta autobusei espazioa emateaz gain, agroekologiaren aldeko apustu bat egiteko. Karim Lahiani paisajistak idatzitako proiektu horrek Trantsizio Ekologikoko ministerioaren saria jaso berri du. "Ez al da ironikoa autobidea bultzatzen dabilen gobernu berak honen alternatibari sari bat eman izana?", galdetzen du kolektiboko parte den Laurentek.

Orain arte, hainbat izan dira proiektua gelditzeko mobilizazioak: manifestazioak, gose grebak, oihanaren okupazioak eta bizikleta martxak besteren artean. Frantziako Estatuko beste hainbat lekutan bezala, ZAD defendatzeko gune askeak ere jarri dituzte martxan. Obra baten mehatxupean dauden inguruneak defendatzeko egiten diren okupazioak dira ZADak. Ezagunena 2010 urte inguruan Nantes inguruan aireportu proiektu baten aurka muntaturiko Notre-Dame-des-Landesekoa izan dela esan dezakegu. Urte luzeko borrokaren ostean, aireportu proiektua geldiaraztea lortu zuten 2018an eta oraindik aurrera segitzen du gune askeak.

A69aren kasuan ere osatu dituzte eta gaur egun martxan dagoen erresistentzia gune nagusia Crém'Arbre da. Bertan hainbat ekintzaile zuhaitzetako etxeetan bizi dira otsailetik, Poliziaren zein eskuin muturraren erasoei aurre eginez. Ekainaren 7tik 9ra arteko mobilizazioaren aurreko egunetan Poliziaren presentzia dezente handitu zen bertan, autobidearen eraikuntzarako ardura duen Atosca enpresaren ikerketa arkeologikoen aitzakiapean.

Azken urtean batu da Lurraren Altxamenduak A69 autobidearen aurkako borrokara eta ekaineko deialdia izan zen luzaturiko hirugarrena. Aurreko bi aldietan, mila lagun inguru batu ziren mobilizazioetara eta autobidearen lanen inguruak okupatzea lortu zuten.

Kanpamentua, borrokaren zaintza gune
“Inoiz baino gehiago ikasi behar dugu elkarrekin polizia indarkeriatik babesten eta berrasmatu behar ditugu proiektu ekozidak geldituko dituzten erresistentziak”

Tokiko eta inguruetatik etorritako laguntzaileen lanari esker, egun bakarrean altxatu zuten astebururako mobilizazio eta ekintzen epizentro izango zen Puylaurens herriko kanpalekua. Ostiralerako jada, milaka ekologista bertaratzen hasiak ziren, inguruetan jarritako hainbat kontrol polizial saihestu ostean. Bertara bidean, A69 autobiderako hasitako lanak ikusi zitezkeen errepidetik. Lanen zonalde batean, obretako hondeamakina eta kamioi guztiak eremu batean pilatuta ikusi zitezkeen. Eremua, gau eta egun zaintzen zuten poliziek, armak eskuan. Kanpalekuaren sarreran, traktore batek lursaila asteburuko gertaerarako egokitzen zuen bitartean, militanteek auto etorri berriei aparkatzen laguntzen zieten.

Kontzertuak zein mahai-inguruak jasoko zituzten karpek, kolektibo ugariren stand guneak, komunek, tabernak eta milaka lagunei jaten emateko gaitasuna zuen kantinak osatzen zuten kanpalekuaren gune nagusia. Horietaz gain, mugimenduaren base arrière [atzeko partea] osatzen zuten talde desberdinen erreferentzia guneak aurki zitezkeen: medikuak, zapalkuntza sistemikoen –arrazismoa, sexismoa, queerfobia, kapazitistismoa eta beste– aurkako taldea, laguntza psiko-emozionala emateko gunea eta laguntza juridikorako abokatuen taldea. Bakartzen eta indibidualizatzen duen errepresioaren aurrean, "zaintzaren erantzun kolektiboa" antolatzea da antolakunde horren helburua. Martxoaren 25ean Lurraren Altxamenduak Sainte-Solinen antolaturiko protestako  base arrière-koek honela definitzen dute haien jarduna, On ne dissout pas un soulèvement (Altxamendu bat ez da desegiten) liburuko pasarte batean: "Ez dizkiegu zaintzak erakunde espezializatuei esleitu nahi, gure borroketan zaintza-praktika kolektiboa eraiki nahi dugu. Errepresio egoeren bizitzeko modua bakarra da gutako bakoitzarentzat. Horrek gure bizipenak indibidualizatzera eta isolatzera eraman gaitzake. Hori dela eta, gure espazioetan, gure esperientzia indibidualak testuinguru politiko eta kolektibo batean kokatzeko aukera ematen digu zaintzaren transbertsalitateak".

Haien identifikazioa ekiditeko, estalita zeuden autoen matrikulek eta kanpalekuan aurpegia estalita zebiltzan kide batzuek gogora ekartzen zuten Lurraren Altxamenduak sarearen aurka hasitako kriminalizazio eta errepresio kanpaina. Mugimenduko kideek esaten duten bezala, "Lurraren Altxamenduak-ek hartu duen dimentsioa, eraikitako aliantzak, mobilizazioen zabaltasunak, jai giroko kanpamentuak, blokeoak, okupazioak eta desarmeak –azpiegitura toxikoen aurkako sabotajea jendetsuak izendatzeko erabilitako terminoa– direla eta, mugimendua botere industrial eta Estatuaren politiken aurkako mehatxu bilakatu da". Ildo horretan, gogoratu behar da Poliziak manifestarien aurka erabiltzen duen bortizkeria, kideen atxiloketak eta 2023an Frantziako Gobernuak mugimendua ilegalizatzeko egin zuen saiakera.

Argazkia: A69 Canal Info

Ostiraleko egitarauari dagokionez, tailerrek, mahai-inguruek, ibilaldiek eta proiekzioek osatu zituzten arratsaldea eta iluntzea. Egunari bukaera emateko, kontzertuek eta Drag performance batek alaitu zuten kanpalekua. Gauean oraindik, pixkanaka kanpalekura iristen zihoazenek kanpin-dendak muntatzen zituzten iluntasunean. Estatuko leku desberdinetatik iritsiak ziren milaka lagun, baita Kataluniatik, Italiatik, Sardiniatik eta Euskal Herritik ere.

Mobilizazio eguna, errepresioari aurre eginez

Larunbat goizerako, eguzkiak gogor berotzen zuen kanpalekua. Poliziaren helikopteroak goizetik zebiltzan lursailak zelatatzen. Aurreko gauean, goizaldeko 04:00 aldera, helikoptero batek parte-hartzaileak esnatu zituen, kanpalekutik gertu hegan eginez eta argi foku batekin kanpin dendak argiztatuz.

Errepresioa aurreikusirik, manifestazioetan polizien erasoei aurre egiteko tailer bat eskaini zuten kanpalekuaren izkina batean. Afinitate taldeetan antolatuta, Poliziak jaurtitako granada gas negar-eragile eta GM2L granaden aurrean babesten jakiteko oinarrizko entrenamendua izan zen. Errepresioaren mamua oso presente dago Lurraren Altxamenduak sareko kideen artean. Sainte-Soline hirian Poliziak indarkeria basatiz egindako erasoaren bizipenak ahaztezinak bilakatu dira mugimenduan. 2023ko martxoaren 25 hartan, ura agroindustriarako pribatizatzen duten uraska handien aurka antolatu zuen manifestazioa Lurraren Altxamenduak-ek Sainte-Solinen. 30.000 laguneko manifestazio jendetsu haren aurka 5.000 granada jaurti zituen Poliziak. 200 zauritu eragin zituzten, horien artean 40 larriki eta bi bizia eta heriotzaren artean utzi zituen. Gertakari horien ostean, martxoaren 28an, Darmanin Barne ministroak Lurraren Altxamenduak "ekoterrorista" izendatu eta mugimendua legez kanpo utziko zuela iragarri zuen. Ekainaren 21ean mugimenduaren desegitea dekretatu zuen. Kideen aurkako atxiloketak etorri ziren gero –baita Lurraren Altxamenduak sarearen aldeko elkartasun uholdea ere–. Azkenean, debekua  atzera bota zuen Estatu Kontseiluak 2023ko azaroaren 9an. Hala ere, esan bezala, Estatuko aparatuek mugimendua kriminalizatzen, mobilizazioak Poliziaren indarkeriaz jazartzen eta deialdiak ilegalizatzen jarraitzen dute. Horren froga berria izan zen ekainaren lehen asteburuko mobilizazioan bideratu errepresioa.

“Ez dizkiegu zaintzak erakunde espezializatuei esleitu nahi, gure borroketan zaintza-praktika kolektiboa eraiki nahi dugu”

Antolatutako tailerretatik kanpo ere, granadetatik babesteko aholkuak komentatzen eta birpasatzen ziren parte-hartzaileen artean, akanpalekuan barna. Azalpen horietako batean, "ezagutzen nuen orain dela hamar urte hemendik gertu hil zuten Rémi Fraisse" bota zuen kide batek. 21 urteko militante ekologista hura, Sivenseko urtegiaren eraikuntzaren aurkako 2014ko urriaren 26ko mobilizazioan hil zuten, poliziak gertutik botatako ofentsibarako granada baten leherketarekin. Gertakari lazgarri horren ostean, manifestazioetan granada mota horien erabilpena debekatu zuen Frantziako Estatuak.

Eguerdian, prentsaurrekoa eskaini zuten mobilizazioen antolatzaileek. Filmatzea eta argazkiak ateratzea debekatuta zegoen kanpalekuan: mobilizatutakoen segurtasuna bermatzeko helburuz, kanpalekura sarturiko kazetariek antolakuntzako norbaiten onespenarekin hartzen zituzten irudiak. Mugimendua kriminalizatzen duten komunikabideen eta militante ekologisten arteko tentsioa nabaria zen egun haietan. Asteburuko mobilizazioen "trataera mediatiko lotsagarria" salatu zuen Lurraren Altxamenduak, agiri bidez ekainaren 7an. CNEWS, Le Figaro, Europe 1 edo La Dépêche bezalako komunikabideak Darmanin Barne ministroaren, Tarneko prefekturaren eta inteligentzia zerbitzuen "gezur eta manipulazioak zabaltzen zebiltzala" salatu zuten. Komunikatuan erreferentzia egiten zioten mugimendu ekologistak argitaratutako Premières secousses (Lehen inarrosaldiak) liburuan landutako "espektakulura bideratutako biolentzia" kontzeptuari ere. Horrekin, komunikabideek mugimenduaz egindako trataera azaltzen dute, etengabean mugimendua irudi biolentoekin lotuz.

Blokeka antolaturik

14:30ak aldera abiatu zen manifestazioa, lau bloketan banatuta, bakoitza kolore batekin izendatua. Lehenengoa, bloke horia, nekazari eta ZAD-eko biztanleek osatu zuten. Bigarrena, bloke arrosa, queer feministek gidatutako talde alai eta aldarrikatzailea. Hirugarrena, bloke berdea, bloke urdinak ekintzak burutu ahal izateko Poliziaren atentzioa deitzen ariko ziren, eta azkenik, bloke urdina, beltzez jantzita desarmatze ekintzak egitea helburu zuen talde prestatua. Tekno musikaren burrunba entzuten zen blokeak osatu bitartean. Dena prest zela, bloke bakoitzak bere bidea hartu zuen, "À bas l'état policier" (Estatu polizialaren bukaera) eta "No macadam" (No pasarán eta macadam hitzaren arteko hitz-jokoa) zioten oihuka. Bloke horikoek atoi bat jarri zuten bidearen erdian, konboi blindatu bat bertatik igarotzea ekiditeko eta gainerako manifestariak babesteko asmoz. Gainerako blokeak, bakoitzak bere bidetik, baso eta landetan zehar abiatu ziren. Herritar batzuek manifestariei agur egin eta ura eskaintzen zieten.

Ordu batzuen ostean, bloke arrosa, berdea eta urdina Appelle herriaren inguruetan batu ziren. Inguru horietan burutu behar zen A60 autobidearen aurkako desarmatze ekintza. Poliziak ordea, azkar hartu zuen lekua erasoen bitartez eta ekintzaren helburuak ezin izan ziren gauzatu. Momentu horretan, polizien eta manifestarien arteko enfrentamenduak izan ziren herri ondoko gari soroetan. Antolatzaileen arabera, 40 manifestari zauritu zituzten GM2L granadekin eta horietatik hiruk, ospitalera joan behar izan zuten. Poliziak behin baino gehiagotan blokeatu zituen zaurituak zeramatzaten autoak. Antolatzaileek salatu dutenez, kanpalekura zihoan anbulantzia bat ordu bat baino gehiagoz blokeatu zuen Poliziak. Tarneko prefekturaren arabera, bi polizia zauritu eta hiru ibilgailu polizial hondatu zituzten.

Manifestazioa bukatutzat eman zenean, kanpalekurako bidea hartu zuten manifestariek. Babes gunera iritsita jada, sentsazio gazi-gozoa nabari zitekeen parte-hartzaileen artean. Batetik poza, manifestazioa legez kanpokoa izanda eta aurreko egunetan masa komunikabideek zabaldu zuten errepresioaren beldurra gaindituta 6.000 manifestari elkartu zirelako. Bestetik, frustrazioa, komunikabideek zabalduriko errepresioaren beldur horrek ondorioak izan zituelako eta esperotakoa baino jende gutxiago bildu zirelako.

Beste behin ere, manifestazio ekologista baten aurka Poliziak erabilitako indarkeria salatu zuen Lurraren Altxamenduak-ek, manifestazioa bukatu bezain laster. GM2L granadak gerrarako armak direla azpimarratu zuen sareak, Frantziako Estatuak erabiltzen duen indarkeria polizialari dagokionez Nazio Batuen Erakundeko errelatore berezi Michel Forst-en hitzak gogoraraziz: "Europako herrialdeen artean, Frantziak erakusten du ingurumen aktibisten aurkako errepresio polizialik handiena. Poliziaren biolentzia beste mundu batekoa da. Atzerriko bere homologoek ez dute ulertzen frantsesek nola erantzuten duten manifestazioen aurrean, ez dute ulertzen horrenbeste biolentzia erabil daitekeenik".

"Desarmatze ekintzak" bideratzeko asmoz datorren jende prestatua ere juntatzen da Lurraren Altxamenduak sarearen hitzorduetan. Argazkia: Antoine Berlioz

Berriz ere, kontzertuekin jai giroa nagusitu zen larunbat gauean kanpalekuan. Batzuk festa giroan murgildu ziren, beste batzuk deskantsu hartu zuten. Hurrengo egunerako ere egitarau oparoa zegoen prestatuta: mahai inguruak, formakuntzak, ikusgarriak, ZADera bizikleta martxa eta Lurraren Altxamenduak sarearen tokiko komiteen asanbladak. Kanpalekuan bazegoen ZADekoak laguntzera joateko gogoa: "ZADa askatzera joan behar gara asteburu honetan, Polizia bertatik bota behar dugu", ohartarazi zuen ekintzaile batek.

Asteburuko mobilizazio guztien ostean, antolatzaileek A69 autobidearen eta horrek irudikatzen duen munduaren aurkako borrokekin jarraitzeko garrantzia azpimarratu zuten: "Inoiz baino gehiago ikasi behar dugu elkarrekin Poliziaren indarkeriatik babesten, eta etengabe berrasmatu behar ditugu proiektu ekozidak geldituko dituzten erresistentzia moduak".

Egun horietan topaleku, babesleku eta erresistentzia gune izandako kanpalekua desegin zuten ondoko egunetan. Protesta asteburua bukatu zen, baina A69 autobidearen aurkako borroka bultzada eta indar berriekin atera zen ekaineko lehen asteburutik. Hortik harago, Sukar Horia taldetik, espero dugu lurren, gure bizi-ingurune eta harremanen arpilatze kapitalista gelditzeko helburuarekin sorturiko altxamendu horrek garaipenez betetako etorkizuna izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren Altxamenduak sarea
Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


2024-02-01 | Estitxu Eizagirre
Ostia kolektiboko Hartzea Lopez Adan eta Joana Detchart:
“Lurra, etxebizitza eta elikadura elkar lotuak dira, bai problematikan, bai alternatibetan”

Lurraren aldeko mugimenduak pilpilean dira munduan: borroka moldez eta helburuz anitzak dira, eta Ipar Euskal Herrian indar handia hartu dute, besteak beste, laborantza lurren salerosketa espekulatiboak geldiarazteko laborariek zein hiritarrek batera burutu dituzten okupazioek... [+]


Lurraren Altxamenduak mugimenduaren ilegalizazioa atzera bota dute

Gérard Darmanin Frantziako Barne Ministroak martxoan plazaratu zuen mugimendu ekologista erradikala ilegalizatzeko prozedura, eta poliziaren “indarkeria basatia estaltzeko asmoz” hartutako erabakia izan zen mugimenduarentzat. Ostegunean, Frantziako Estatu... [+]


2023-06-22 | Ilargi Manzanares
Lurraren Altxamendua kolektiboa desegiteko erabakiaren aurka mobilizatu dira Baionan

Asteartean Frantziako Gobernuak lurraren defentsaren aldeko kolektiboa desegitea erabaki du, eta horren aurka Baionako hainbat lagun mobilizatu dira “oinarrizko askatasunen eta demokraziaren kontrako eraso larria” salatzeko.


Hormigoia herri bat balitz... munduko hirugarren herri kutsatzaileena litzateke

"Lafarge eta bere konplizeak [hormigoiaren sektorea] haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero", zioen Lurraren Altxamenduak sareak iazko abenduan egindako ekintza azaltzeko orduan. Mundu mailako lehen hormigoi eta zementu ekoizlea da... [+]


2023-06-13 | Euskal Irratiak
Jakes Bortairu, OSTIA kolektiboa
“Asmo politiko argiak ditu iragan asteko ekintzaile ekologisten kontrako operazioak”

Duela astebete hamabost ekintzaile ekologista atxilotu zituen Poliziak, Frantziako zuzendaritzaorde antiterroristaren aginduz. Horietarik bi euskal herritarrak ziren, baiones bat eta hendaiar bat, biak Tolosan bizi direnak.


Kargurik gabe aske utzi dituzte Lurraren Altxamenduak sareko atxilotuak

Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.


Hendaiar bat ere atxilotu dute Lurraren Altxamenduak kolektiboaren kontrako sarekadan

Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotuak dira atxiloketak. Gutienez hamabost lagun atxilotu ditu Poliziak astelehenean, tartean hendaiar bat eta baionar bat. Sarekada salatzeko elkarretaratzea eginen dute asteazken arratsalde... [+]


Borroka-bide eraginkorrak asmatzen dabilen “lurraren altxamenduak” hats gabe utzi nahi luke Frantziako Estatuak

Martxoaren 25ean izandako gas negargarri eta granada erauntsia gogoan atxikiko dute Sainte-Solineko pentzeetan baturiko 30.000 ekologistek: bi orenez 5.000 granada eta 200 kolpatu –horietan 40 larriki, eta bizia eta heriotzaren artean bi–.  Laborantza... [+]


Lurraren Altxamenduak ilegalizatzeko prozedura abian jarri du Frantziako Barne ministroak

Martxoaren 25eko protesta jendetsuaren ondotik plazaratu du erabakia Gérard Darmanin Frantziako Barne ministroak. Bertan sekulako errepresioa pairatu zuten manifestariek, 200 kolpatu eraginez – bi koman daudenak oraindik martxoaren 30 honetan–. Poliziaren... [+]


Uraska handien aurkako bi aktibista koman direla, Frantziako Estatuaren errepresioa salatuko dute ostegun honetan Baionan

Asteburuan elkartu ziren 30.000 lagun Frantziako Sainte-Solinen, laborantza industrialaren mesedetara eraikitzekoa duten uraska erraldoiaren aurka. Poliziaren errepresio bortitzak 200 kolpatu eragin ditu eta horien artean bik oraindik biziaren eta heriotzaren artean segitzen... [+]


Agroindustriaren eta bere mega-bassine edo uraska erraldoien aurkako mugimendua zabalduz eta gogortuz doa Frantzian

Lurzoruan, erreketan eta euri uharretan pilaturiko urak laborantza intentsiboko bakar batzuei bideratzeko makroproiektuak dira uraska erraldoiak. Bakar batzuk daude martxan, beste andana dago bidean eta guztira milako bat izanen dira hemendik gutxira Frantziako landa eremuetan... [+]


Eguneraketa berriak daude