Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin dute: “Artea gure garaian kokatu eta literatura izatea nahi dugunari buruz hausnartzeko elkargune izan da”.
Ekainaren 6a da, osteguna. Goizeko 11:30ean gaztetxean ez dago oraindik arratsaldean egongo den jendetzarik, asteguna da izan ere, baina hasi dira pixkanaka gerturatzen eta hogei bat lagun bildu dira atean Poesia mailu bat da letra larriz idatzita duen pankarta handiaren azpian. Aurpegi ezagun asko, Azpimarra irakurle taldearen ikasturteko saioetan elkar ezagutu den jendea.
Itzulpengintza eta ahozko tradizioko literatura
Irakurle taldeko bi kidek prestatu dute goizeko saioa, itzulpengintzari buruzkoa. Mahaigainean jarri dute itzulpena ez dela auzi teknikoa bakarrik. Asko du sormenetik eta erabakitik; ondoko galderak izan dituzte mintzagai: zer literatura mota itzultzen da? Zer autore? Hizkuntza garatzeko ere balio du itzulpenak, eta funtzio literarioa ere badu bere horretan. Literatura bezalaxe, ezin da ulertu huts-hutsean, auzi sozial eta politikoek gurutzatzen baitute. Hizpide izan dituzte irudiak eta erreferentziak beste kultura batera eraman edo ekartzeak duen lana, hizkuntza gutxituen arazo partikularrak, eta, besteak beste, testuaren intentzioa ulertu eta hori itzultzeko prozesua.
Berriro gaztetxea ireki denean, arratsaldean, Azpimarrako kide Aratz Fernandez de Pinedok hitza hartu du irakurle taldea eta jaialdia aurkezteko: “Irakurtzeko denborarik ez genuelako, elkartu eta geure burua bultzatzeko sortu dugu taldea, eta interesatzen zaigun literaturaz hausnartzeko ere bai, mundua ulertu eta eraldatzeko. Jaialdi hau ere horretarako antolatu dugu”.
Ahozko tradizioko literaturak ere izan du tokirik. Onintze Goitiz ipuin-kontalariak Mundu Berriko Mamuak deitu dien bi istorio kontatu ditu, askatasunari, jabetzari eta lukurreriari buruzkoak. Julen Ormaetxearen erruina baten istorioa gertuago egon da antzerkitik edo bakarrizketatik.
Literatura eta politikaz hausnartzeko parada
Irakurle taldea bai, baina literaturaz, politikaz eta idazlearen konpromiso sozial eta politikoaz hausnartzeko espazioa ere izan da bai jaialdia eta bai Azpimarra irakurle taldea, sortu zen unetik. Ez da harritzekoa, hortaz, jaialdian bertan ere tamainako mahai-ingurua antolatu izana horretarako. Agerikoa da auziak interesa piztu duela, ehun lagunetik gora etorri baitira entzutera, belaunaldi ugarikoak. Eli Irazuk gidatuta, Martin Bidaur, Uxue Apaolaza eta Joseba Sarrionandia idazleak gaztetxeko oholtzan eseri dira jende ugari so dutela.
Anekdota bat bota die Irazuk hasteko: “Irakurle taldeko bi kide jaialdi honetxen kartelak jartzen ari ziren unibertsitatean, eta segurata etorri zitzaien oldarkor. Kartela zer zen ikusita, harrituta, esan zien: “Ah, literatura, pero esto no es nada malo, no?” (Ah, literatura, baina hori ez da ezer txarra, ezta?).
Martin Bidaurren arabera, idazten diren gauza iraultzaileak kaltegabeak suertatzen badira, giharra emango dion mugimendurik atzean ez dutelako da. “Pertsona batek bere gelan idazten duenarekin agian zerbait aldatuko du, baina muga handiak izango ditu”. Literaturaren gaitasuna azpimarratu du “esploratzeko, sentipenak, ideiak arakatzeko”. Konplexutasun horrek ematen dio potentzialitatea ideia berriak sortu eta jendearengan eragiteko.
Literaturak existentziaren aukerak zabaltzen dituela gehitu du Apaolazak: “Ez dut uste izan behar duenik norbere burua islatzeko edo identifikatua sentitzeko, azkenaldian hori asko entzuten bada ere; balio behar du erakusteko mundua esaten dizutena baino konplexuagoa dela”.
Komunikazioa eta translazioa al da literatura azken buruan? Joseba Sarrionandiak asko jardun du horretan. Bi atsekabe, bi helburu politiko zituzten bere belaunaldiko euskal idazleek: euskara estandarra eta hizkuntza literarioa sortzen laguntzea, eta erdaretako literatura euskarara ekartzea. Gaur egun, baina, egoera eta errealitate soziolinguistikoa bestelakoak dira: hizkuntza eta kultura zapalduei azken faseetan gertatzen zaien bezala, hiztun elebakarrik jada ez dago eta euskarak ez du normala den espaziorik, esaterako.
Sarrionandiaren ustez, egitekoa orain hizkuntza literarioari aniztasuna ematea da, erregistro gehiago, ahozkotasunetik gertuagokoak finkatzea: "Egun, gazteak eta nerabeak hizkuntzarekin ez identifikatzearen motiboetako bat izan daiteke hizkuntza bera, euskara, formalegia ikustea”.
Euskal literaturaren ekosistemaz, oso txikia eta prekarioa bada ere, “gutxi gorabeherako egonkortasuna duen argitaletxe, sari eta azoka sarea” lortu dela aipatu du Bidaurrek. Ez du uste sistema sano baten erreferentzia gisa hartu behar direnik hizkuntza hegemonikoetako merkatuak. “Badago ideia bat, merkantilizazioaren bidetik etorriko dela salbazioa, literaturarena, euskararena. Nik uste dut azken urteetako Euskal Herriaren, euskal literaturaren eta euskalduntzearen historiak erakusten digula borondate militantea egon delako egin duela aurrera; borondate politizatua eta konprometitua egon delako euskararekin, literaturarekin eta politikarekin oro har”.
Itzulpenetan ere nabari da. Apaolazaren ustez, joera dago euskal idazleek itzulpenean pentsatzen idaztekoa eta horrek “hil egiten du literatura”. “Ustezko publiko unibertsal bati idazten badiot, ez diot inori idazten”, gehitu du. Euskal literaturaren autonomia indartu behar delakoan dago Sarrionandia, ez dadin baloratu soilik Espainiako sistema literariora itzultzen denaren arabera.
Kapitalismoak langileei inposatutako bizi-baldintzek eta erritmoak garapen literarioan duen eragin bortitzaz aritu dira bukatzeko, denboraren garrantziaz batez ere. Apaolazaren hitzetan: “Pentsamendua lapurtu digute, ideia konplexuetarako denbora eta gaitasuna. Denbora duina aldarrikatu behar dugu”.
Gau epela, giro alaia
Musika berriro eta apur bat bareago dago gaztetxea. Poesia mikro irekian irakurtzeko prestatu da jendea. Biharraren hegietan (Maiatz, 2024) argitaratu berri duen Maddi Sarasua izan da oholtzan, bat aipatzearren.
22.00ak aldera, eguna ordurako ilunduta, kantaldia eman du Aurki taldeak. Tradizio iraultzaileko abesti ezagunak kantatu dituzte gitarra, teklatu eta zeharkako txirulak lagunduta. Entzuleak kantari, dantzan, txaloka eta oihuka aritu dira.
Bukatu da eguna, Dervishen musika elektronikoa gaztetxeko tabernan, eta udako gau giroan oraindik etxera joateko gogorik ez duen jendea dantzan eta solasean.
Biharamunean zer aje, zer ideia utziko ditu airean, Gasteizko Gaztetxean sorturikoak? Literatura hutsala al da? Artea antolamendu sozialetik at dago? Estetikaren arauek gidatzen dute soilik? Ala izan daiteke arriskutsua ere? Geuk nahi dugun funtzioa eman? Beharbada hurrengoan Campuseko segurtasun indarrek debekatu egingo dituzte literatura jaialdiko kartelak. Zaindaria begira ez dagoenean jarri beharko dituzte. Seinale ona izango da agian, literatura mailu den seinale.
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]