Eragin esferak eta soberania

Europako Parlamentuko hauteskunde kanpainan geundela, Iñaki Galdosek Berria-n artikulu interesgarria idatzi zuen azalduz EH Bilduk iragarri zuela Hego Euskal Herriak 1986ko erreferendumean NATOri emaniko ezetza defendatuko zuela Europan. Ondoren, Galdosek herrialde neutraletan eta ezker soberanistetako alderdietan gertaturiko aldaketa pragmatikoak gogora ekarri zituen. 2012an Eskoziako SNP NATOren aurka egotetik aldeko jarrera izatera pasatu zen. Logika horrekin, Galdos prest agertu da txuleta bat jokatzeko balizko euskal errepublikak independentzia lortuko balu, “gobernatzen duenak gobernatzen duela (...) NATOko kide izaten jarraituko genukeela txintxo-txintxo”.

Txintxo-txintxo horrek esan nahi du asumitzea gure erabakitzeko eskubidea eta soberania mugatuta daudela: ezin ditugu zenbait erabaki hartu Washingtonen borondatearen aurka, adibidez, NATOtik ateratzea nazioarteko harremanetan autonomia irabazteko. Askotan pentsatzen da sezesioa errazteko bidea dela jatorrizko estatuak dituen nazioarteko aliantzak eta menpekotasunak propio bezala mantentzeko borondatea agertzea.

Kontua da NATOko kideen artean, deskolonizazio prozesuak alde batera utzita, ez dela inoiz independentziarik gertatu. Ez zaude munduko lehenengo aliantza militarrean gero etxean sezesioak pairatzeko. Estatu berrien jaiotzak egintza geopolitikoak dira eta, horregatik, potentzien arteko lehiek zerikusi handia dute. Horrek ez du esan nahi sezesio-prezioa merkatzea ez denik estrategia bat, Euskal Errepublika posibleagoa litzateke baldin eta Europako integrazio prozesua sakonduko balitz demokratizatuz eta federalizatuz. Horrek esan nahiko luke Brusela Washingtonengandik autonomo egitea. Orduan bai, euskal errepublikak independentzia baino desanexio bat lortzeko aukera gehiago izango lituzke EBeko federazioan.

Mendebaldearen gainbeheraren eta ahuldadearen seinale da Washingtonek eta Bruselak beraien eragin esferako estatuak motzean lotu nahi izatea

Aipaturiko agertokia ez da erraza. Horregatik, Euskal Errepublika lortzeko bigarren agertoki posiblea ezin da baztertu: Mendebaldearen gainbeherak jarraitzea, sezesioetarako aukerak sortuko dituen anabasa geopolitikoa egon arte. Gainbeheraren eta ahuldadearen seinale da Washingtonek eta Bruselak beraien eragin esferako estatuak motzean lotu nahi izatea, adibidez, nazioarteko harremanetan autonomia nahi duten gobernuen kontra joz. Irakli Kobakhidze-k, Georgiako lehen ministro eta 2022ko Sabino Arana sariaren irabazleak, ondo daki. Ezer gutxirako balio izan die NATOn eta EBn sartzeko helburua konstituziora eramateak. Izan ere, Georgiako Gobernuak bultzatu du atzerritik dirua jasotzen duten GKEak eta hedabideak kanpoko interesen zerbitzura lan egiten duten erakunde bezala erregistratzera behartzen dituen legea. Mendebaldeko herrialde askok antzeko legeak dituzten arren, Washingtonek eta Bruselak ez dute gustuko Kaukasoko estatu txiki horrek hori egitea, beraien esku-hartzea herrialdean oztopatu dezakeela pentsatzen dutelako. Ondorioz, Mendebaldeko gobernuetako zenbait kidek legearen kontrako manifestazioetan parte hartu dute Tbilisin eta agintari georgiarrak kritikatu, mehatxatu eta santzionatu dituzte. Are gehiago, Olivér Várhelyi-k, Europako Batzordeko komisarioak, Kobakhidzeri telefonoz esan zion lege onarpenarekin aurrera jarraitzen bazuten georgiar gizartea gehiago polarizatu zitekeela eta horrek kontrolik gabeko egoerak sortu ditzakeela, egun batzuk lehenago Robert Fico-ri, Eslovakiako lehen ministro sozialdemokratari, gertatu bezala, tirokatu zutenean.

1980ko hamarkadatik EBko lehen ministro batek ez du horrelako atentatu garrantzitsurik pairatu. Baina, hedabideak Ficoren kontrako atentatua ia justifikatzera iritsi ziren, eta politikoki biktima jipoitu zuten. Fico ez baita txintxo portatzen, Ukrainako gerran negoziazioak eskatuz eta Israel palestinarren aurka egiten ari den sarraskia salatuz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


Gustua nirea da

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Pascual Serrano kazetari eta idazleari irakurri nion ez dagoela hori baino gezur handiagorik. Duela hamar urte pasa idatzi zuen hori, irudiak berba osorik jan behar zuela ikusten hasiak ginenean. Tira, gezurtatu daitezkeela... [+]


Izendatzea

Sexu-langileen Nazioarteko Egunaren harira, sexu-langilea den kide batek estigma apurtzeko tailer bat eskaini zuen ekainaren 2an. Kideak oinarrizkoa den eta agian horregatik horren presente ez dugun auzi bati heldu zion: gauza bat dela zerbait baimenik gabe egin diezazuten eta... [+]


Bizitzaren legeak

Etorkizun laburrekoak kezkatuago gaude etorkizunarekin etorkizun luzekoak baino. Bizitzaren CCCLXIX. legea da. Aho-korapiloa ematen du, bizitzaren legeak, ordea, ez ditut nik idazten, bizitzak berak baizik.

Lege horrek, taxuzko lege guztien antzera, salbuespenak baditu, baina... [+]


Metaketa

Lehengoan mezu bat idatzi nion METAri. Di-da, pentsatu eta egin. Mark Zuckerbergek ez du lorik egin ordutik, ez baitzen edozelako mezua izan, lehor samar idatzi nion. Borde, ia. Instagrameko bideo baten bidez jakin nuen METAk bere erabiltzaileek partekatutako informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude