Maiatzean Elena Quispe Tincuta (El Alto, La Paz, Bolivia, 1998) eta Cecilia Llusco Alaña (El Alto, La Paz, Bolivia, 1985) txolita eskalatzaileak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren Cholitas dokumentala aurkezten Alboan, Entreculturas eta Oxfam GKEen ekimenez. 2019an estreinatu zuten Aconcagua mendiko igoera kontatzen duen pelikula, baina pandemiarengatik aurkezpen bira atzeratu behar izan zuten. Emakume indigenen ahalduntzea, aimara kulturaren defentsa eta naturarekiko errespetua dira Boliviako txolitek zabaldu nahi dituzten mezu indartsuak, beren pollerak (gonak) eta aguayoak (oihalezko fardel koloretsuak) soinean dituztela mendian gora. Harro bezain apal.
Zer moduz doaz aurkezpenak?
Elena Quispe: Oraingo honetan oso ongi. 2018 eta 2019 artean grabatu genuen dokumentala Jaime Murciego madrildarraren eta Pablo Iraburu iruindarraren zuzendaritzapean. 2019an filmeko bost protagonistak Bilbon izan ginen eta hurrengo urtean bi kide Madrilera joan ginen aurkezpen bira bati ekiteko asmoz, baina pandemiarengatik saio bakarra eginda itzuli behar izan genuen.
Orain oso pozik gaude pelikula aurkezteko aukera dugulako Europan. Hiri batzuk ari gara ezagutzen eta esperientzia oso politak ari gara bizitzen. Oso pozik sentitzen gara jende askok eskatu digulako etortzea honetaz hitz egiteko. Film hau mugarri bat da. Emakume indigena aimara eta nekazariok pairatzen dugun bazterkeriaren aurrean, geure buruari mugarik jarri behar ez diogula erakutsi nahi izan dugu. Helburu bat ezartzen dugunean lortu egiten dugu eta modu horretara joaten gara gailurrak konkistatzen. Gu ez gara gure jatorriaz lotsatzen eta garen bezala erakusten gara. Gure identitateaz harro gaude.
Cecilia Llusco: Guretzat harro egoteko modukoa da emakume nekazari indigenen pollera gona janztea. Guk aimara hitz egiten dugu eta ez gara lotsatzen. Polleradun emakumeok mendiak igotzera joan gaitezke eta gonek ez digutela trabarik egiten erakusten ari gara. Batzuk kritikatu gaituzte horrela joateagatik eta beste batzuek esaten zuten elurrik eta euririk ez zuela egingo gure erruagatik. Ez zaie gustatzen emakumeok gizonen gauza berdinak egitea. Hala ere, belarriak estali ditugu eta aurrera jarraitu dugu.
"Orain klima aldaketaren ondorioz nabari da gure mendietan elur askoz gutxiago dagoela eta honek gure lanean ere eragin handia du. Elurrik ez badago, zer gertatuko da gurekin? Nik negar egiten dut hori ikustean”
2015ean eratu zenuten lehen txoliten taldea. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Llusco: Txolita taldeko kideak herri desberdinetakoak gara. Elkar ezagutu genuen denak turismoaren inguruan ari ginelako lanean. 6.088 metroko altuera duen Huayna Potosi izan zen gure lehen gailurra. El Alto, gure bizilekutik gertu dagoen mendirik garaiena da. Hamaika emakume joan ginen eta denok lortu genuen. Orduan erabaki genuen jarraitu behar genuela eta hala egin dugu. Geroztik Acotango (6.050 m), Parinacota (6.350 m), Pomarape (6.650 m), Illimani (6.462 m) eta Argentinako Aconcagua (6.960 m) Hego Amerikako tontorrik garaiena, igo ditugu.
Bazterkeriaren aurka borrokatzen duzue. Nolakoa da bazterkeria hori?
Quispe: Lehen matxismo handia zegoen gure herrietan eta horren aurka borrokatu nahi genuen. Polleradun emakumeek ezin zuten institutuan ikasi, edota enpresa batzuetan, bankuetan edo administrazioan lan egin. Ez ginen ongi etorriak izaten. Horregatik esan genuen “aski da”. Bortizkeriaren eta feminizidioaren aurrean aski dela aldarrikatu nahi genuen. Orain gauzak aldatzen doaz poliki-poliki eta jada polleradun emakumeak toki askotan ikus daitezke. Orain gauza asko egin dezakegu.
Llusco: Lehen bizitza oso tristea zen emakumeentzat. Ezin genuen futbolean aritu, adibidez, eta niri asko gustatzen zait. “Zuek sukaldean kozinatzen eta garbitzen eta amari laguntzen egon behar duzue” esaten ziguten eta egoera horrek indar handiagoa eman digu txoliten taldean aritzeko, bazterkeria amaitu behar dugulako.
Batzuek kritikatu gaituzte txolita normalean ezkondu gabeko neska gaztetxoei esaten zaielako, baina guk esaten diegu izena gustatzen zaigula eta nahi duguna izan gaitezkeela.
Zuen inguruko gizonek zer esaten dizuete?
Llusco: Gure senarrek hasieratik lagundu ziguten. Esaten ziguten “zuek indartsuak zarete, nekazariak zarete, ordu luzez ibiltzen zarete muinoak igoz eta jaitsiz eta lor dezakezue Hego Amerikako mendirik altuena, zergatik ez?”.
Quispe: Hori egin dugu eta orain gure ametsak betetzen jarraituko dugu. Horregatik esaten diegu haiek haurrekin gelditzeko eta etxea zaintzeko guk mendira joan behar dugulako eta hala egiten dute.
Zer aurkitzen duzue mendi tontorretan?
Llusco: Oso polita da hor egotea. Han sentitzen den askatasuna eta isiltasuna, aire garbia, ikuspegi ederra.... asko gozatzen dugu. Niri asko gustatzen zait mendia eta han bizi ninteke beti. Ez dut hirian egon nahi. Beti zama garraiolaria izan naiz turistentzat, eta orain oso ederra izan da emakume talde bat osatzea denak batera mendiak igotzeko.
"Guretzat plazer handia litzateke munduko zortzimilako guztiak igo dituzten emakumeak ezagutzea. Oso pozgarria litzateke Edurne Pasaban, emakume handi hori ezagutzea”
Zein da zuen ekimenaren eragina, zuen ustez?
Quispe: Txoliten kolektiboaren lanari esker emakume batzuk askatzen ari dira. Oso garrantzitsua da, adibidez, haurrak haztea beren ametsak betetzen ahal dituztela sinetsiz. Oso pozgarria da guretzat. Taldean irakasle bat dago eta hori da haurrei, neska eta mutilei, transmititzen ari zaien ideia: gure ametsak betetzeko aukera dugula. Haiei bezala, munduko pertsona guztiei helarazi nahi diegu mezu hori. Guk mundu osoari ematen diogu gure mezua.
Llusco: Hemen, Europan eskerrak eman dizkigute etsenplu hau emateagatik. Gu orain ahalduntzen ari gara asko eta ikusten dugu aldaketa txikiak gertatzen ari direla. Bolivian ideia hauek pixka bat zabaltzen ari direla nabari da.
Jende asko aho zabalik gelditu da lortzen ari garena ezagutzean. Filma ikustean esaten digute emakume ausartak garela eta emakume indigena aimarak ordezkatzen ditugula. Gu oso harro gaude, gure emakumeak eta munduko emakume guztien izenean, ausartak eta indartsuak garela eta geure buruari mugarik ez diogula jartzen erakusten ari garelako.
Orain zer helburu duzue?
Quispe: Emozio eta gogo handiz ari gara espedizio bat prestatzen 8.848 metroko altuera duen Everest, munduko mendi altuena, konkistatzeko. Guretzat munduko sabaira iristea gure identitatea eramanez, harro egoteko modukoa da. Gure pollerak eta Boliviako bandera eraman nahi ditugu. Bolivia maite dugu, nahiz eta gure gobernuaren sostengurik ez dugun inoiz jaso.
Jainkoaren laguntzarekin nahi genuke 2025ean joan eta polita izango zen beste dokumental bat egitea: ‘Txolitak Everesten’. Horretarako lanean jarraitu behar dugu gogor, baina amets egitea ez da ezer kostatzen.
Nola ari zarete dirua biltzen?
Llusco: Txolita talde bat baino gehiago dago. Kolektibo bat gara. Ona da egotea hainbat txolita talde.
Talde bat Everestera joateko espedizioa ari da prestatzen eta beste batean lanean ari gara lehenbizikoz beste zortzimilako bat egiteko. Asegurua oso garestia da eta hori gabe enpresek ez dute diru-laguntzarik eman nahi, horregatik ari gara dirua biltzen.
Ametsetan hasita pentsatzen dugu “eta zergatik ez zortzimilako guztiak?”. Guretzat plazer handia litzateke munduko zortzimilako guztiak igo dituzten emakumeak ezagutzea. Oso pozgarria litzateke Edurne Pasaban, emakume handi hori ezagutzea. Nik ezagutu nahi nuke, eta harekin solas egin, eta zoriondu.
Quispe: Gure taldean, adibidez, Everestera joateko dirua biltzen ari gara Instagram bidez. Enpresa batzuek ere laguntzen digute. Milioi erdi dolarreko aurrekontua dugu hara joateko eta lau txolita baino ez gara joango, edo agian baten bat gehiago diru aski lortuz gero.
Orain arte Europa, AEB, Txile eta Peruko jende askoren laguntza jasotzen ari gara eta poliki-poliki aurrera goaz.
Zertan datza mendia igotzen hasi aurretik egiten duzuen errituala?
Quispe: Mendi bat igotzen dugunean beti errespetuz joaten gara. Gure amona-aitonek beti esaten digute Pachamama (Ama Lurra) dela jatekoa ematen diguna eta Achachilak (ispiritu babesleak) mendiak direla. Haiei baimena eta babesa eskatu behar dizkiegu. Horregatik beti eramaten ditugu alkohola eta koka hostoak eta mendi bat igo baino lehen baimena eskatzen diegu zailtasun eta arazorik gabe igotzeko. Zerbait ordaintzea bezalakoa da. Mendiarekin dugun zor bat kitatzen ariko bagina bezala.
"Oso harro gaude, gure emakumeak eta munduko emakume guztien izenean, ausartak eta indartsuak garela eta geure buruari mugarik ez diogula jartzen erakusten ari garelako”
Gaizki tratatzen dugu natura?
Llusco: Oso gaiztoak gara eta ingurumena kutsatzen dugu etengabe. Guk beti esaten dugu mendian ez dela zaborrik bota behar, adibidez. Bolivian askotan aurkitzen dugu zikinkeria ugari, gaizki ohituta gaudelako. Hemen, Europan, ikusi dudana da kaleak eta tokiak oso garbi daudela, eta zaborra botatzen dela zabor-ontzietan ongi berezitua. Bidaia batetik Boliviara itzultzen naizenean beti esaten diet beste herrialde batzuetan nola jokatzen duten, nola zaintzen duten ingurumena eta nola ez duten zaborrik uzten kalean. Gu oso txarrak gara. Mendian zaborra botatzearen aurkakoa naiz eta zerbait ikusten dudanean biltzen dut, nahiz eta fardel pisutsua eraman bizkarrean. Denok egin dezakegu zerbait ingurumenaren alde.
Gure errituetan, adibidez, urtarrilean eta abuztuan eskaintzak egiten dizkiogu Pachamamari suak piztuz, eta saiatzen gara egur gutxi erretzen, baina ez plastiko edo arroparik, airea ez kutsatzearren, hain zuzen ere.
Orain klima aldaketaren ondorioz nabari da gure mendietan elur askoz gutxiago dagoela eta honek gure lanean ere eragin handia du, gu goi mendietako gidariak garelako. Elurrik ez badago, zer gertatuko da gurekin? Nik negar egiten dut hori ikustean.
Nola erabiltzen dituzue koka hostoak?
Quispe: Mendia igotzen hasi baino lehen sei bat hosto jartzen ditugu lurrean, harritxo batez tapatuta aireak ez eramateko, eta Achachilei eta Pachamamari baimena eskatzen diegu. Senar-emazteak dira. Pachamama ama da, bera baita jaten ematen diguna. Honetaz gain, hostoak murtxikatzen ditugu koka medizina oso ona delako altuerako gaitzik eta sabeleko minik ez izateko.
"Gure pollerak eta Boliviako bandera Everestera eraman nahi ditugu. Bolivia maite dugu, nahiz eta gure gobernuaren sostengurik ez dugun inoiz jaso”
Nolako garrantzia du erritualak zuentzat?
Llusco: Batzuetan akatsak egiten ditugu. Federik gabe bazoaz, mendiak ez zaitu ongi hartzen. Ni, adibidez, Aconcaguako gailurrera ez nintzen iritsi eta itzuli behar izan nuen. Agian okertu nintzen eta ez nuen eskaintza ongi egin. Beharbada horregatik ez zidan igotzeko baimenik eman. Hori dena pelikulan agertzea ongi dago, oso mezu egokia delako: bizitzan dena ezin da gailurra izan. Ni beti lehena izaten naiz gauza guztietan eta irabaztea gustatzen zait, baina ordukoan egokitu zitzaidan buelta ematea. Oso zaila izan zen, oso triste nengoen. Porrota ez zait batere gustatu izan eta orain ikasi dut zer sentitzen den eta zergatik nire bezeroak haserre etortzen diren helburua lortzen ez dutenean. Gailurra zanpatu gabe itzultzea erabaki zaila izan zen, baina nire kideek esan zidaten talde osoaren izenean egingo zutela gailurra. Ez nien kalterik egin nahi, ez nuen neurekoia izan nahi eta horregatik jaitsi nintzen. Elkarri lagundu behar diogu. Txolitak iritsi behar ziren tontorreraino eta nik ez nuen traba izan nahi. Pozik nengoen paisaiaz disfrutatzen, eta gainera, “mendia beti egongo da hor” pentsatzen nuen. Handik gutxira beste talde batekin joan eta lortu nuen. Mundu osoko bederatzi emakumez osatutako talde bat zen, esperientzia ederra.
MENDIA DENONTZAT
Quispe: Guk beti esan dugu mendia denontzat dela. Nire familiak beti lan egin izan du turismoan. Gure eskualdea, El Alto, oso turistikoa da eta betidanik igo nahi izan dut mendietara. Galdetzen nion neure buruari: “Zergatik itzultzen dira turistak horren pozik? Zer egongo ote da gailurrean? Urrea agian?” Baina emakume polleradunak ezin ginen igo. Ez genuen ekipamendurik ere. Guretzat oso zaila zen botak aurkitzea, adibidez, gure oinak oso txikiak direlako. Nik 33 zenbakia dut eta botetan 36, eta asko borrokatu behar izan dugu materiala lortzeko. Baina mendiak deitzen zaitu, naturak deitzen zaitu, eta “hemen nago, zure zain” esaten dizu.
Nola dago aimara kulturaren transmisioa gaur egun?
Llusco: Estereotipo asko ari gara apurtzen, zorionez, eta polleradun emakume asko ikusten dira lehen pentsaezinak ziren postuetan administrazio eta zerbitzu batzuetan.
Oso polita da gure ohiturak izatea eta ez ahaztea. Orain badira neska gazte gehiago mendira etorri nahi dutenak eta hau dena ikasi behar dute. Nire alabak, adibidez, fede handia du. 20 urte ditu eta 13 urte zituenetik nirekin eskalatzen du. Bera ere pollerarekin joaten da, ni bezala. Bere aitarekin txikitatik hasi zen eskalatzen baita izotzean ere, eta orain zortzimilako batera etorri nahi du. Egunen batean aukera iritsiko zaio.
Quispe: Aimara hizkuntza eskolan irakasten dute gaztelaniarekin batera, baina idazteko zaila da. Komunikabideetan nolabaiteko presentzia du. Badira polleradun emakume batzuk elkarrizketak egiten hainbat hedabidetan eta oso harro gaude.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon Olasagasti kazetariak argitu dizkigu zalantzak: "Alex Txikon alpinistaren... [+]
Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]
Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]
Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.
Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]
Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]
2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]
57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.
Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.
Iratiko eski estazioa, 1968an inauguratua, iraupen eskia egiteko aukera eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko bakarra, itxi egingo dute datorren denboraldian, larrialdi klimatikoa dela-eta.
Aralarko goi mendietako paisaia zoragarrietan paseatzea maite dutenek –udaran larre eta neguan elur– edo mendizerrako basoak zaintzen dituzten abeltzain eta herritarrek, orban zarpail bat ikusiko diote hemendik ez gutxira, Nedgia Navarra SA enpresak gasbide bat... [+]
Arabako toki ezezagun bezain ederrean kokaturik, Azazeta errepideko bortu baten izena delako etorriko zaio askori burura, irratian neguan kateak behar direlako bakarrik entzuten dugun toki bakarti horietakoa. Baina Azazeta hori baino gehiago da. Eta orain ezagun egin zaigu... [+]
Urmuga zeharkaldiak hirugarren edizioa izango du aurtengo udan, uztailaren 12tik 30era. Ekimenaren antolatzaileetako bat da Felipe Uriarte mendizale eta mendi gidaria (Pasai Donibane, 1944). Ur-mugaren ertzetik Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute aurten ere,... [+]