Gizon bilbotar zuri bat epaitua izan da bere bikotekidea (emakume migratua) bizirik erre izana leporatuta. Feminizidio frustratu horrek agerian uzten du biktimek bizi duten babesgabetasuna, indarkeria matxista arrazakeriarekin uztartzen denean.
2022ko apirilaren 30ean, Bilboko Atxuri auzoko lonja batek su hartu zuen emakume bat eta haren 2 urteko alaba barruan zeudela. Doribel 54 egunez egon zen ospitaleratuta Gurutzetako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU). Erredura sakonak jasan zituen gorputzaren %18an, aurpegia barne. Aitor B. S. bikotekidearen bisitak izan zituen, Doribelen ahizpa batek (A. deituko diogu) genero-indarkeria kasua zela salatu zuen arte; ospitale-protokoloa aktibatu zuten orduan, eta inputatua behin-behineko espetxealdian egon da geroztik.
Maiatzaren 22tik 27ra bitartean Bilbon egindako epaiketan Fiskaltzak eta beste bost akusazioek (partikularra, Bilboko Udala, Clara Campoamor elkartea, eraikinaren jabeen erkidegoa eta lonjaren jabea) gehienezko zigorra eskatu dute gizonarentzat: 29 urte arteko espetxe-zigorra hilketa saiakeragatik eta lokalean 90.000 eurotik gorako kalteak eragiteagatik. Txosten forentseak baztertu ditu istripuaren zein suizidioaren hipotesiak. Azken hori defendatu du akusatuak, alegia, Doribelek piztu zuela sutea bere buruaz beste egiteko asmoarekin. Forentseek frogatutzat eman dute lesioak bat datozela hilketa saiakera batekin: erasotzaileak substantzia bizkorgarri batekin busti zuen biktima ohean etzanda zegoela, eta su eman zion.
EH Feministak-Nika elkarteak (Nikaraguako etorkin eta errefuxiatuek osatutakoa) Doribel bere herrikidea lagundu du salatze- eta osatze-prozesuan, eta elkarretaratzea antolatu zuen maiatzaren 23an Bizkaiko Auzitegiaren sarreran egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko. Norma Vazquezek, indarkeria matxistan espezializatutako Sortzen aholkularitzako zuzendariak, hartu zuen mikrofonoa: “Doribel fisikoki, psikologikoki eta emozionalki kaltetuta geratu da. Ezin izango du baldintza egokietan lan egin hona ekarri zuen migrazio-proiektua betetzeko”, azpimarratu zuen psikologo feministak. Erasoak, besteak beste, min handia, depresioa eta trauma osteko estresaren nahasmendua utzi dizkio. Erredurengatik eta ebakuntza kirurgikoengatik aurpegia desitxuratzeak, kalte psikologikoaz gain, lan-merkatura itzultzeko aukerak mugatu dizkio.
Erredurengatik eta ebakuntza kirurgikoengatik aurpegia desitxuratzeak lan-merkatura itzultzeko aukerak mugatu dizkio
Estereotipo misogino eta arrazistek blaitutako defentsa
Norma Vazquezek kontzentrazioan azpimarratu zuenez, feminizidio-saiakera ez zen gertaera isolatua izan, indarkeria-espiral baten klimaxa baizik: “Jakin badakigu gizon horrek Doribelen muturreko zaurgarritasuna aprobetxatu zuela eta beste emakume migratuen aurkako erasoen aurrekariak dituela”. EH Feministak-Nikak komunikatuan zehaztu zuenez, akusatuak biktima “manipulatzen, kontrolatzen eta mehatxatzen zuen sistematikoki” elkarrekin bizi izan ziren lau hilabeteetan. El Correo egunkariak argitaratu du akusazio partikularrak epaiketan gaineratutakoa: Aitorrek Doribelen “txartelak, mugikorra eta sare sozialak bereganatu zituen; sexu-harremanak grabatu eta horiek zabaltzeko mehatxua egin zion, eta behar zuena baino medikazio gehiago ematen zion”.
Alabaina, Doribel ez da biktima bakarra izan. EH Feministak-Nikaren arabera, bere beste ahizpa (N. deituko diogu) harrapatu zuen Aitorrek nahita kotxearekin. Kasu hori epaiketaren zain dago. Silvia Zuniga aktibistak ekarri digu Doribelen testigantza: “Aitorrek konbentzitu zuen N.-ren lantokira elkarrekin joateko, N.-k zor zion diru bat erreklamatzera. Kamerarik eta lekukorik gabeko leku batean zain zeudela, esan zion: ‘Ikaratu egingo dugu’. Harrapaketak konplikazio larriak utzi zizkion N.-ri: hainbat aldiz operatu behar izan dute, eta bi urte daramatza errehabilitazioan”. Larrialdi zerbitzuek istripua izan balitz bezala artatu zuten, harik eta N. esnatu eta erasoa salatu zuen arte.
Vazquezek gaineratu du Doribel N.-ren aurkako atentatu batean inplikatzea zela Aitorren asmoa, ahizpen arteko harremana apurtzea xede, biktima bere afektu-saretik isolatzeko estrategia gisa. Doribel hain asaldatuta geratu zen bikotekidearen bortxazko erreakzioagatik, ezen hegazkin-txartelak erosi baitzituen alabarekin Nikaraguara itzultzeko. Sarritan gertatzen den bezala, orduan gertatu zen feminizidio-saiakera, bidaia baino bost egun lehenago, biktimak alde egiteko borondatea erakutsi zuenean.
Akusatuaren defentsa biktima gutxiestean oinarritu da, estereotipo misogino eta arrazistez betetako erretratu bat aurkeztuta, bere bizitza sexualari buruzko aipamenak barne: “Emakume prostituta, drogazale, problematiko, gatazkatsu gisa aurkezten saiatu da Aitor. Esan du bere bekatu bakarra izan dela hainbeste min zuen emakume batekin maitemintzea”, azaldu zuen Vazquezek prentsaurrekoan. Sortzen-eko zuzendariak azpimarratu zuen Doribelek pairatzen dituen ondorio fisiko eta psikologikoei “bere ohorearen aurkako erasoek eragiten dioten kalte izugarria” gehitu behar zaiela.
Protokoloek babesgabe uzten dituzte biktima migratuak
Epaiketan testigantza eman zuten Aitor B.S.-ren bikotekide ohietako batzuk, akusazioak eskatuta, eta adierazi zuten haiek ere amaitu zutela harremana tratu txarrak eta jazarpena jasan zituztelako. Aitorrek izan dituen azken lau lagun sentimentaletatik hiru emakume migratzaileak ziren. Vazquezek ohiko joera bat ikusten du datu horretan: “Gizon zuri matxistek bazterkeria egoeran dauden emakume migratuekin ligatzea”. Akusatuak politologo gisa aurkezten du bere burua, eta Telebilbaoko tertuliakidea izan da. Bertan, Alderdi Popularreko militante gisa agertzen zen.
Aktibistek salatu dutenez, indarkeria matxisten biktimen egoera larriagotu egiten da “genero-biolentzia arrazakeriarekin eta emakume migratzaile batek lurralde horretan bizi dituen errealitateekin uztartzen denean”. Doribel ZIUn zegoen bitartean, haren ahizpa A. bi aldiz saiatu zen Aitorren aurkako salaketa formalizatzen Zabalburuko ertzain-etxean. Poliziek uko egin zioten, zuzeneko biktima ez zela argudiatuta, nahiz eta genero-indarkeria ofizioz salatu daitekeen delitua izan. Zunigak “aurreiritzi misogino eta arrazistei” egotzi dio ertzainen jarrera, hots, “emakume migratuei ematen dieten sinesgarritasunik ezari”. Nikaraguako feministek komunikatuan ohartarazi dutenez, feminizidioaren biktima askok ez dute babesik jaso salaketa jartzen saiatu direnean.
Zunigak berak lagundu zion A.-ri beste komisaria batera, Deustu auzokora, Sortzen-en gomendioz: “Kasuaren instruktoreak eta gainerako ertzainek oso bestelako lanketa egin zuten; agerikoa da indarkeria matxistari buruzko prestakuntza dutela. Bere adierazpen irmoak baliagarriak izan dira kasuari buelta emateko eta genero-indarkeriatzat jotzeko. Ondorioz, ikasi dut polizia-etxe guztiak ez direla seguruak”.
Nikaraguako feministek komunikatuan salatzen duten bigarren utzikeria instituzionala Doribelen alabaren zaintzari buruzkoa da: “Biktima bikarioa da, erasoa ikusi zuelako eta bere amagandik banandua izan delako. Baina ez zaio biktimaren aitortza eman, legez aurreikusten den bezala, eta ez dira aintzat hartu egoerak eragin dizkion kalte psikologikoak. Are gehiago, bere ongizate emozionala lehenetsi beharrean, familia-saretik banandu dute, zainketak bere gain hartzeko prest zegoen arren”, kritikatu dute komunikatuan.
Akusatuaren defentsa biktima gutxiestean oinarritu da, estereotipo misogino eta arrazistez betetako erretratu bat aurkeztuta
Izan ere, larrialdietako udal-zerbitzuek Aitor haurrarekin geratzea galarazi bazuten ere, Bizkaiko Foru Aldundiak tutoretza hartu zuen, umearen amamak harrerako familia gisa onartua izatea lortu zuen arte. Ez zen erraza izan, berriro ere prekaritatea sartu baitzen jokoan: “Amamak harrera-etxea izateko baldintzak betetzen zituen etxebizitza bat lortu behar izan zuen, baina ez zuen beharrezko baliabiderik, eta erakundeek ez zioten etxebizitzarik erraztu”, azaldu du Zunigak.
Salatutako hirugarren oztopoa da, hain zuzen ere, erakundeek ez dutela lagundu “intersekzionalitatearekin zerikusi handia duten egiturazko arazoei aurre egiten: etxebizitza, errolda, lana eta osasun arretari lotutakoak”. Gurutzetako Ospitaletik genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-etxe batera igaro zen Doribel, baina senideei ez zaie inongo baliabiderik eskaini.
N.-k, erasotzailea autoarekin harrapatzeagatik salatu duen ahizpak, ez du biktima bikarioa izateagatik babesik jaso: “Abokatuari galdetu genion ea posible zen bere salaketa feminizidio saiakera kasu bakar bat bezala epaitzea, baina ezetz esan ziguten”, azaldu du Vazquezek. Bi urtez lan egiteko ezgaituta egon ondoren, bere egoera gero eta prekarioagoa da.
Gehiago dira Sortzenek eta Nikaraguako Feministak erakundeek biktima bikario gisa aldarrikatu dituzten senideak: A. ahizpa zaintzeko migratu zen Bizkaira, eta ez zuen non bizi, ezta diru-sarrerarik ere. “Udalei laguntza eskatu diegu, arrazoi humanitarioengatik premiazko erroldatzea eman diezaioten larrialdiko dirulaguntzak eskatu ahal izateko, baina oztopoak jarri dizkigute eta irtenbiderik ez”. Ondorioz, ahizpen seme-alabak ere mantenu-iturririk gabe geratu dira Nikaraguan.
Vazquezek deitoratu du instituzioen inplikazio falta: “Lege autonomikoak ezartzen dituen betebeharrak urratu dituzte: ez dute erakundeen arteko bilera bakar bat ere egin, ezta biktima bikarioak laguntzeko neurririk hartu ere. Ate guztiak jo genituen batzorde berezi bat sortu zezaten. Kasuaren larritasuna onartu eta babesa adierazi zuten. Aitzitik, ‘bihar bertan deituko zaituztegu’ esan, eta deiaren zain jarraitzen dugu”. Irtenbide publikorik ezean, ekintzaileek crowdfunding bat antolatu zuten familiari gastuak ordaintzen laguntzeko. “Elkartasun feminista oso ondo dago, baina biktimek eskubideak dituzte. Sententzia Doribelen aldekoa bada ere, ez da justiziarik egingo instituzioek beren eginbeharrak betetzen dituzten arte”, ondorioztatu du Sortzeneko zuzendariak.
Epaiaren zain, Zunigak bere frustrazioa eta ezintasuna adierazi ditu: “Indarkeria matxistaren aurrean, bizitako gertaera mingarri eta bortitzez gain, gizatasuna ukatzen digun erantzun instituzionalei aurre egin behar diegu biktima eta aktibistok. Gure gain uzten dute presio soziala egitearen ardura, gertatutakoa ahaztu ez dadin”.
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.
1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.
Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]
Bi akusatuek espetxe zigorra berreikusteko eskatu ostean, Felix Taberna presidenteorde lehenak adierazi du ez dagoela zigorra murrizteko baldintza juridikorik: "Zigorrak dauden bezala mantentzeko adinako larritasuna du delituak". Defentsaren abokatuak salatu du bi... [+]
Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.
Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]
Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]
Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]