“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

  • Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia, amezketarra emazte laguna... Gurean da bisitan, ia urtero.

Argazkia: Zaldiero / ARGIa CC-BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Josu Garritz Ruiz. Mexiko, 1944

Gerra ondoko erbesteratzearen historia. Langile hasi zen, furgoneta gidari. Produkzio-buru izan zen gero Bacardi lantegian eta, hurrena, enpresari. 1993an, Garapenerako Euskal Mexikar Institutuko zuzendari izendatu zuten eta, hamaika urtean, 140 enpresa eraman zituzten hemendik hara. Gero, erakundea Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritza bihurtuta, Kanpoko Harremanetarako Idazkaritzarentzat egin zuen lan. 25 urte inguru jardun du han Jaurlaritzaren aholkulari, 2015era arte, Patxi Lopez lehendakari izan zen garaia salbu.

Pilotari profesionala izan zen, munduko txapelduna pala motzean, Biarritzen 1978an.

Makulua hartuta zatoz...
Horixe du kirol profesionalak, higadura! Gaztetako gehiegikeriak ere hortxe dira beti. Inoiz, hiru futbol partida ere jokatu izan nituen iganderen batean! Pilotari izan baino lehen, futbolean jokatu bainuen. “Liga espainola” izenekoa egiten zen Mexikon, eta nik Athleticekin jokatzen nuen. Maristetan ikasi nuen, eta kolegioko selekziokoa izan nintzen beti. Gero, UNAMera [Mexikoko Unibertsitate Autonomoa] hasi nintzenean, unibertsitateko interliga irabazi genuen, eta gure ekipoko bi Toluca taldeak hartu gintuen. Urte erdia egin nuen han, galarazia bainuen jokatzea, hamalau urte nituela tumore bana izan nuelako tibia-femurretan.

Ezin jokatu izan zenuen, orduan?
Jokatzea galarazi zidaten, baina, jakina, ez nuen kasurik egin! Ezkutuan garbitu behar izaten nuen kirol arropa, gurasoek ez jakiteko. Hiriburuan bizi nintzen, baina Toluca 60 kilometrora zegoen! Entrenamenduak astegunetan izaten ziren, eta, ni, unibertsitatean ikasten, ezin, nahita ere, entrenamenduetara joan, eta entrenamenduetara ez joateak isun bat ordaindu behar nuela esan nahi zuen! Azkenerako, Tolucak niri ordaindu beharrean, neu nintzen klubarekin zorretan! Oso garai ederra! Pare bat partida jokatu nituen lehen mailan, Vicente Pereda (Toluca, 1941, taldeko jokalari izarra, golegilea) lesionatu zenean, eta sekulako ilusioa egin zidan.

Anai-arrebak unibertsitateko irakasle izan ziren. Zu, kirolari...
Bai. Andoni, gradu ondoko zuzendaria izan zen UNAMen, eta Kimika fakultateko buru. Amaia,  historialari ezaguna dugu. Ni, aldiz, pilotari profesionala izan nintzen eta, gero, enpresaria. Plastiko-injekzioko lantegia ireki nuen, eta zortea izan nuen. Kexarik ez. Euzkamex jarri nion enpresari izena, Sabinoren [Arana Goiri] k-rekin, horratik! Izen hori dela-eta, Mexiko hiriburuan kale batek  Euzkaro du izena, kolonia edo barruti batek Euzkadi, ibilgailuetako gurpilak egiten dituen etxe batek Euzkadi...  Anjel Urrazak fundatu zuen gurpil lantegi hori, eta orain ere euskaldunak dira nagusiak: zunzunegitarrak. Hortxe irauten dugu euskaldunok.

Espainiako Gerra Zibilaz gero emigratu zuen familiak hara...
Gure familiaren historia bai, hori da, baina euskaldunak Mexikon askoz lehenagokoak dira. Gure arrebak zehatz-mehatz kontatuko lizuke historia, nik baino askoz hobeto! Kristobal Kolonen garaira joan gabe, XIX. mendearen amaieran kotoi-biltzaile nabarmendu ziren euskaldunak han [San Luis Potosi], [Leonardo] Zuloaga buru zela. Honen andrea [Luisa] Ibarra zen. Nik uste Zuloagak ekarri zituela Basagoiti-eta. Zuloagaren alabarekin ezkondu zen, adibidez, Eneko Belaustegigoitiaren aita. Diruketa egin zuten, jakina. [Espainiako] Gerra Zibilaz gero, denetarik joan zen, baina, gehienak,  ikasiak, kulturadunak, eta Mexikon aurrera atera ziren, hango jendearen formazioa eskasa baitzen.

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

Zuen aita EAJko kide izan zen, baita ELA-STVkoa ere, Euzkadi egunkariko erredaktore –berak idatzi zuen Gernikako bonbardaketaren albistea, adibidez–, bere deserriratzea ere idatzi zuen...
Mexikora joan behar izan zuen, ihesi, eta hantxe ezagutu zuen gure ama, Alizia Ruiz Roteta, Bilboko Elkano kalekoa. 1940an ezkondu ziren. Amaia handik bi urtera jaio zen, ni 1944an, eta Andoni zena 1947an. Gure aita-eta hamazazpi senide ziren, eta anaia nagusi Blasek bere aita, kasik, Toledora-edo [Espainia] eraman zuen larru pirograbatua olioan ikastera. Mexikora heldu zenean, horretan hasi zen lanean, Espainiako Kasinoan, besteak beste. Nonbait, aulkiak-eta armarriz grabatuak zituzten, hondatu samarrak, eta berrogeitaka aulki zaharberritu zituen gure aitak. Baita Moreliako katedraleko ateetako barrualdea ere.

Ibilia, horratik!
Bai... Gu umeak ginen, baina gogoratzen dut aita ezker-eskuin zebilela lan haiek egiten. Gero, heraldikari heldu zion, armarriak egiten hasi zen, ahal zituen guztiak noble bihurtzen Mexikon! Kar, kar... Euzko-Deya aldizkariko zuzendari ere izan zen 1940az gero, Ruiz de Azua Ogoñope-rekin [Antonio Ruiz de Azua Zabalbeaskoa, Elantxobe, 1904 – Mexiko, 1974] batera. Gaur egun, Ogoñoperen ilobetako bat da Mexiko hiriburuko Euskal Etxeko presidente, Julen Ruiz de Azua.

Zure familiaren historiara itzuliz, aitak euskaldun izatea sartu zizuen buruan?
Euskaldun izatea buruan sartzea zen, izatekotan, asteburuetan euskal etxera joatea, hango lagunekin  egotea, eta Mundet kirol klubera joatea. Mexiko erdian hartzen genuen autobusa, hantxe bizi baitziren Espainiako errefuxiatu denak. Bi autobus hartu behar izaten genituen Mundet hartara joateko, ordubeteko bidean. Katalan batek egina zen klub hura, eta igerilekua, pilotalekua eta gainerakoak zituen. Handik, Maderoko euskal etxera joaten ginen, oinez, aitarekin, dantza taldearen entseguetara, asteko egun batean-edo. Egun handiren bat baldin bazetorren, sarriago joaten ginen euskal etxeko entsegu haietara.

Euskal etxeko dantza taldearen garrantzia...
Gure kasuan, horrexek blaitu gintuen, ez etxeko eraginak. “Hauxe dugu etxea!”, esateko moduan. Amaiak eta biok, adibidez, sekula ez genion bide horri utzi. Andoni, berriz, bidean galdu zen, pixka bat: batetik, asturiar jatorrikoa hartu zuelako emaztea, eta, bestetik, berriz, buru-belarri sartu zelako unibertsitateko lanean. Hala ere, beti harrotu zen bere euskal izaeraz! Esan nahi dut euskal lagunartea utzi-edo egin zuela. Nik, adibidez, betiko lagunei eutsi nien: Pedro Menoyo, Javi Urtiaga...

Martin Barinagarrementeria...
Bai, Martin ere bai! 1950ean-edo Santurtzitik Mexikora itsasontzian joandako bederatzi haietakoa, Martin, gure euskal etxeko presidente izandakoa... Ondo ezagutu nuen Martin, eta harekin batera abentura hura egindako batzuk: [Jose Luis eta Manolo] Algorri anaiak, Agustin Palacios... [Jose Luis eta Jose Ramon Bilbatua, Ismael Martin del Rio, Felix San Mames Loizaga eta Gregorio Solano].

Pilotari izan zinen Mexikon, eta munduko txapelduna izatera ere heldu zinen 1978an, pala motzean. Nola egin zinen pilotari?
Gure aita Mundeteko bazkide izan zen 1944az gero. 310. bazkidea, eta kontuan hartu lehen 300ak Mundet familiak beretzat gorde zituela! Aitak pilotan jokatzen zuen, eta Mundeten berriz, aukera haiek denak genituenez, ahal beste kirol egiten nituen: igerian, pilotan, futbolean... Esaterako, mutikotatik hasi nintzen igerilekuan, batean crawl eta bestean jauziak, frontoirako grinarik gabe. Egia esan, ezkondu arte ez nintzen pilotan hasi!

Hara, bestea!
Bai... 27 urte nituela ezkondu nintzen, eta, ordu arte, futbolean ibili nintzen gehienbat, baina, unibertsitate garaian, futboleko selekzioan ez ezik, saskibaloikoan, beisbolekoan, pilotakoan, eta igeriketakoan ere jokatu nuen. Kiroletarako erraztasuna nuen! Zalutasuna! Dantzari nintzen, eta [Agurra dantzatzean-eta] eta belaunak aurpegia jotzeraino jasotzen nuen hanka! Entsegu kontua ere bazen, hainbat ordu ematen bainituen entrenatzen. Pilotan jokatu nuenean ere, inor ez zen ni bezainbeste entrenatzen ibiltzen: frontoian ni bakarrik, hartu 30 pilota eta bata bestearen atzetik erreboteraino bota, eskuinez edo errebesez txapa gainean uzten! Hurrena, pilota erreboteraino botatzen, jasotzen eta zabalera botatzen! Horretantxe jarduten nuen bi orduz, behin eta berriz eta askotan, partidetan jokaldia egin ahal izateko!

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

Zuen aitak ere pilotan jokatzen zuen...
Bai. Eta gauza bat: jokatu behar nuenean, behin ere ez zidan ezer esaten, nire kideari esaten zion! “Aldo, joka ezak ezker paretatik... Josuk pilota halako moldez jasotzeko, tantoa egin dezan”. Niri ezer esan beharrean, nire kideari ematen zizkion aginduak! Pilotari ona izana zen gure aita, Jesús Garritz, aparta zen kantxan kokatzen, eta dohain horixe jaso nuen, ze kontua ez da bakarrik pilota jotzea, kantxan ondo kokatuta egoten jakitea baizik.

1977tik 1986ra pilotari izan zinen...
Erretiratu nintzen arte. Baina esan dizut, berandu hasi nintzen pilotan, 34 urte nituen ordurako! Nire  kideak, Pepe Musik, 21! Ordurako, Musik baino askoz gehiago nekien pilotan! Sekulako errekorra osatu genuen binaka: 165 partida jokatu genituen, larruzko pilotarekin edota pala motzean, eta hiru baino ez genituen galdu, hiru! Haietako bat, munduko finala Mexikon [1977], Argentinaren kontra, baina partida hura galtzeak asko baino gehiago erakutsi zigun...

Zer erakutsi zizuen, adibidez?
Ez dakit esaten, baina zer edo zer erakutsi zigutela, bai, ze harrezkero ez genuen behin ere partidarik galdu! Zer erakutsi zigun, adibidez... inoiz baino batuago egoten. Ez genion batak besteari ezer aurpegiratu, esate baterako. Handik urtebetera, Argentinara gonbidatu gintuzten, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren 50. urteurrenera, eta Mexikoko finala errepikatu genuen Buenos Airesen. Eta irabazi egin genien. Eta hura poza! Handik atzera ez genuen partidarik inoiz galdu!

Zuen aita pilotan jokatzen ari zela hil zen, Mundet klubean.
Bai. Elkarrekin joaten ginen frontoira, pixka bat jokatzen genuen, eta gero gure semea etortzen zen, aitaitarekin binaka jokatzera, gure Josu aurrelari zuela. Ni, orduan, beste kantxa batera joaten nintzen neure entrenamenduak egitera beste zenbait pilotarirekin. Behin, horretan ginela, abisua jaso nuen: “Hire aita zerraldo erori duk!”. Korrika joan nintzaion. Bat-batean hil zen, bihotzekoak jota. Uste dut gure artetik alde egiteko modua ere pentsatua zuela.

Zer esan nahi duzu?
Bi aste lehenago ere bihotzeko murmurioa izan zuela. Medikuak atera zuen atakatik. Hori dena gero jakin genuen, ordea. Ez zigun ezer esan. Murmurioa izan eta ondoko igandean ez zuen pilotan jokatu, atsedeten. Handik astebetera, berriz ere pilotan, hil zen. 77 urte zituen. Azkeneko bi partidak nirekin eta gure semearekin jokatu zituen! Amari esatea izan zen okerrena... Gure aita hil eta hamalau urte egin zituen bakarrik gure amak, 92 urterekin hil baitzen.

Alizia Ruiz Roteta, zuen ama. Haren familian bada fusilamendu historiarik.
Bai, bada! Julián Zugazagoitia Mendieta [Bilbo, 1899 – Madril, 1940], beste abertzale batzuekin batera Frantziatik estraditatu eta fusilatu zuten. Gure ama, Julián Zugazagoitiaren andrearen iloba zen. Gure amamaren ahizpa, Julián Zugazagoitiaren emaztea. Zugazagoitia [Espainiako] Herrizaintza ministroa izan zen Errepublika garaian, Frantziara ihes egin zuen, baina han Gestapok harrapatu, Espainiara ekarri, eta fusilatu zuten.

Argazkia: Zaldiero / ARGIA CC-BY-SA

1940an...
Companys fusilatu zuten garai berean-edo. Jakin zuenean, buruko isuria eman zion Zugazagoitiaren andreari, eta ahizpa gure amamarekin batera-eta, arduratu zen seme-alabez: Fermín, Olguita, José Mari, Jesús eta Julián. Hil ziren denak. Zugazagoitia Ruiz ziren, eta ja ez da inor geratzen Mexikon. Gerrak markatu zuen gure familiaren historia, dudarik gabe! Gure familian, batzuk Argentinara joan ziren, beste batzuk Venezuelara, beste batzuk Mexikora... Mexikoko Garritz bakarrak gara, gure aita hara joan zelako! Aldiz, Iruñera joan eta Garriz mordo bat dagoela ikusten dut! Garriz. Gure aita sabindarra zen ordea, eta Garritz jarri zuen, euskaratuta-edo.

Zertan da euskaltasuna zeure familian, zeure ondorengoetan?
Jainkoari esker, garbi dakite zer den Euskadi, eta nazionalitate horrek zer esan nahi duen, baita beraientzat ere. Euskal lagunartea ere badute, eta dardaraka bizi dute euskal izatea. Askok galdua dute sentimen hori Mexikon, eta Larrasolo deitura izanagatik ere, jatorriaren arrastorik ere ez dute! Familia bakoitzak ahal duena egiten du. Gure arreba Amaiak egina du azterketa, eta lehen belaunaldian euskaldunak euskaldunekin ezkontzen ziren, adibidez. Hurrengoan, euskaldun ez direnekin. Azkenean, euskaltasun hori gero eta urrutiagokoa da. Nik dantza taldeen arabera katalogatzen dut hori. Gu baino talde zaharragokoak, bata bestearekin ezkondu ziren, hamarretik bederatzi. Nire belaunekoetan, Pedro Menoyo euskaldun batekin ezkondu zen; Jauregi ere bai... Neu izango nintzen euskaldunarekin ezkondu ez zen bakanetakoa.

Zure emaztea zenak Valentziakoa (Herrialde Katalanak) zituen gurasoak, irakurri dudanez.
Bai, kolegio berean ikasitakoak ginen biok. Gure seme-alabetan, esaterako, euskaldun izatea ez dago beren lehentasunen artean; alabaren kasuan, bederen. Garai bateko gurasoek euskaldunak elkarrengana biltzen saiatzen ziren, baina aspaldi ez da horrelakorik. Horixe da gure etxekoen kasua, eta horixe ikusten dut hemen bertan ere, nahastu egin dela jendea. Urte asko dira, eta beti da zaila hasierako garrari eustea. Diasporan, euskaldunon seme-alabak eta ilobak gero baino gero gehiago ari dira sakabanatzen, eta identitateari eusten badiote ere, egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta.

  *          *          *

Francoren heriotza
“Jai handia izan balitz bezala ospatu genuen Francoren heriotza. Franco hilda, Mexiko berriz ere harremanetan hasi zen Espainiarekin, eta ia bat-bateko erabaki hura ez zitzaigun euskaldunoi askorik gustatu, artean ez zelako garbi ikusten zer erregimen mota izango zen Espainia. Euskaldunok bagenekien Espainiak ezingo zuela egun batetik bestera bere burua aldatu, diktaduratik demokrazia izatera jo”.

Espainia
“Badut erresumin bat Espainiarekin. Gure gurasoek korrika eta presaka ihes egin behar izan zuten, eta horregatixe jaio ginen gu Mexikon. 30 urte nituela etorri nintzen lehenengoz Euskadira, 1974an, eta egon nintzen Espainian, eta egon nintzen Euskadin. Gero, 1978an, pilotan jokatzera etorri nintzenean, ohartu nintzen niretzat Espainia ez zela Madrilgo aireportua besterik. Mexikotik hona etorri eta nire bizimodua Euskadin dago. Espainia herrialde arrotza zait”.

Zazpiak bat
“Mexikoko Euskal Etxea jarri ohi dut adibide: hura ‘zazpiak bat’ da. Berdin da nafarrak izan, iparraldekoak izan... euskaldunak gara denok, ateak zabalik ditugu. Zoriak nahi izan du gure herrialdea geopolitika arrazoiengatik banatuta egotea, baina bata bestea bezain euskaldunak gara denok. Are gehiago, Nafarroa da gure sehaska! Gure aita nafarra zen, eta oraingo abertzalerik handiena baino amorratuagoa!”.

AZKEN HITZA
Bizitik aulkira

“Gure aitaren garaian, bizia jokatzen zuten Euskadiren alde. Orain... aulkia jokatzen dute! Erosoegi dabiltza!”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude