“Fibromialgiaren okerrena da ingurukoek ez sinistea”

  • Batzuentzat ikusezina eta sinesgaitza bada ere, fibromialgia existitzen da, eta berrehun sintoma baino gehiago daude gaitzari lotuta. Horietako batzuk jasaten ditu Edurne Iribarrenek (Otsagabia, Nafarroa, 1954) eta nabarmendu du eragin “handia” dutela egunerokoan: “Agian energiaz esnatzen naiz, eta zerbait egiteko gogoz, baina berehala nekatuta nago”. Horren ondorioz, bazterkeria jasan du lanean.

Edurne Iribarren. Argazkilaria: Olaia L. Garaialde / ARGIA CC-BY-SA

Min eta neke handia. Horiek dira fibromialgiak eragin ditzakeen sintometako batzuk. Biak sentitzen ditu bereziki Edurne Iribarrenek: “Gaur egun ez dakit zer den adinaren ondorio, zer fibromialgiarengatik, parkinsonarengatik edo beste gauzengatik”. Berrogei urterekin artritis erreumatoidea diagnostikatu zioten. Gaitz kronikoa da, eta giltzaduretan mina, hantura eta zurruntasuna eragiten ditu: “Izugarrizko minez egon nintzen, baina zorionez, urte eta erdi oso gaizki egon ondoren, ez dut agerraldi gehiagorik izan”. Horren ostean, hondarrezko fibromialgia zuela esan zioten: “Ordutik ez dut osasun onik izan”.

Nekeak eragin handia du bere egunerokoan, eta hori dela-eta ezin ditu egin “oso gustuko” dituen gauzak; adibidez, mendira joan. Lagunekin egoteko zailtasunez gain, lan egitea ere “oso gogorra” da. Dagoeneko erretiroa hartu badu ere, urte luzez Iruñeko Iturrama institutuko irakaslea izan da: “Baja asko hartzen nituen ez nengoelako ongi, baina jendeak, ez gaituenez gaizki ikusten, ez du ulertzen. Fibromialgiaren okerrena da ingurukoek ez sinistea”.

Horren ondorioz, lanean “ospea galdu” eta bazterkeria pairatu du: “Baja hartzen duzunean ordezkoa jarri arte egun batzuk pasatzen dira, orduan beste irakasleek lan gehiago hartzen dute. Oso mespretxatuta eta baztertuta sentitu naiz lankide batzuen partetik”.  Gurasoak ere kontra jarri zitzaizkion: “Ni kaleratzea proposatu zioten zuzendaritzari”. Baina ez zuten lortu.

Bazterketa medikua

Fibromialgia pairatzen duten batzuek lanerako ezintasun iraunkorra eskatu behar izaten dute ezinezkoa egiten zaielako lanean jarraitzea. Askok salatzen du traba handiak izaten dituztela eta prozesua oso gogorra dela. “Argi nuen bide horretatik ez nuela deus lortuko. Mediku askok ez gaituzte sinesten eta mespretxuz tratatzen gaituzte. Ea behingoz ikertzen duten”, esan du.

"Depresiora eraman zaitzake, jendeak ez zaituelako ulertzen, oso gaizki zaudelako eta zure gorputza ezinean ikustea oso gogorra delako"

Oztopoak oztopo, Iribarrenek ez zuen lana utzi nahi: “Asko gustatzen zitzaidan, eta nahiz eta orain desberdin ikusi, orduan tragedia bat iruditzen zitzaidan lana uztea”. Hala ere, ezinezkoa egiten zitzaion irakasle izatea, “lan handia” zelako klasea kudeatzea, ikasleen arreta mantentzea, klasetik kanpoko orduak eta beste: “Jendeak ez daki zein gogorra den hogeita hamar ikasle izatea”.

Hortaz, hezkuntzan ez-ohikoa den arren, lanpostuz aldatu zuen institutuko medikuak, eta liburutegian lan egiten hasi zen: “Zorte handia izan nuen”. Bertako lan erritmoa lasaiagoa zen, eta gaizki zegoen egunetan askatasun handiagoa zuen: “Nahiko ahaztuta zeukaten liburutegia; orduan, ez nuen inor atzetik presioa sartzen. Egun txar bat nuenean lasai-lasai irakurtzen egon nintekeen”. Horrekin batera, klasetik kanporatzen zituzten ikasleak liburutegira bidaltzen hasi ziren, eta egunero hamar lagun inguru elkartzen ziren: “Ikasleak orokorrean oso jatorrak dira, baina klasean aspertu egiten dira. Liburutegian oso ongi egoten ziren, eta hautsa kentzen eta liburuak antolatzen laguntzen zidaten”. Hirurogei urterekin erretiroa hartu arte liburutegian lan egin du.

Emozioak eta gaixotasunak

Ikusezina izateak, ez ulertua sentitzeak, bazterkeriak eta bestek osasunean ondorio larriak eragin ditzaketela uste du Iribarrenek: “Depresiora eraman zaitzake, jendeak ez zaituelako ulertzen, oso gaizki zaudelako eta zure gorputza ezinean ikustea oso gogorra delako. Ez dakit nola azaldu, baina bat-batean uzten diozu lehen zinen modukoa izateari”.

Gaineratu du gaixotasunek emozioekin “lotura zuzena” dutela: “Gauza asko ditut eta uste dut dela oso sentsiblea naizelako. Txikitan asko sufritu dut, batzuetan arrazoirik gabe, naizen bezalakoa naizelako”.

Gorputzeko atal bat?

“Burua, bertan gertatzen direlako gauza guztiak. Oso desberdina da baikorra edo ezkorra izatea, pentsamenduek eragin handia dute gure bizitzan. Oso baikorra eta lasaia den gizon batekin bizi naiz, eta ikusten dut nola bizi den. Ni aldiz, kontrakoa naiz, beti kezkatuta eta gauza txarretan pentsatzen. Esfortzu eta lanketa handia egiten dut, eta hobetu eta ikasi dudan arren, nire joera hori da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude