“Hildakoak erreskatatzera eta berpiztera etorri naizela sentitzen dut”

  • "Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana. Estefanía, Tefi, haren azalean sartu da, hezur-muineraino, artista handi haren izena berreskuratzeko. Eta grina berarekin sartu da Olvido Floresen soineko beltzean ere, 1936ko uztailean Lodosan zegoen Anastasini Zirkuko troupe-ko kideak nola errepresaliatu zituzten kontatzeko. Antzerkia edo esperientzia sentsorial hunkigarriak, nahi bezala deitu.

Argazkia: Zoe Martikorena

2024ko maiatzaren 29an
Estefanía de Paz Asín (Iruñea, 1981)

Arte eszenikoen diziplina anitzetan trebatutako artista da. Antzerkigile, aktore, zuzendari eta ekoizle izateaz gain, zirku artista, dantzaria eta abeslaria ere bada. Cabaret paranormal izan zen bere lehen ekoizpena. 2021ean Remigia Etxarren funanbulista iruindarraren bizitza kontatzen duen La reina del Arga Argako erregina euskarazko bertsioan– plazaratu zuen eta aktore lan onenaren Feten saria irabazi zuen 2022an. Iaz Olvido Flores estreinatu zuen Anastasini Zirkuaren historia gogoratzeko: 36ko gerra hasi zenean Lodosa herrian zegoen zirkuko kide gehienak desagerrarazi zituzten tropa frankistek eta soilik gutxi batzuek Portugalera ihes egitea lortu zuten. Bi antzezlan hauek ele biz  jaso ditu antzerkigileak, Reikiavik argitaletxearekin kaleratutako irudiz betetako bi liburu ederretan.

Zergatik diozu hildakoak erreskatatzera heldu zarela sentitzen duzula?
Santu Guztien egunean jaio nintzelako eta desagertutako pertsona berezien oroitzapena gal ez dadin zerbait egin behar dudala sentitzen dudalako. Izan ere, Remigia Etxarren, Argako Erregina, inoiz baino biziago dago orain, jaio zenetik 171 urte igarotakoan.

Modu berean, Olvido Flores lanarekin asko sufritu duen jende asko erreskatatzen ari naiz, Anastasini Zirkukoak ez ezik, gerran errepresaliatuak izan ziren milaka pertsona ere bai.

Nola hasi zinen arte eszenikoetan?
Beti izan naiz nahiko geldiezina. Eskolak ez ninduen gogobetetzen. Betidanik izan naiz dislexikoa eta asko kostatu zait irakurtzea eta idaztea. Artistok beste inteligentzia mota bat dugu. Gure burmuinak beste modu batez ulertzen du mundua. Kezka artistikoa izan dut gaztetatik eta 17 urterekin antzerkian eta zirkuan aritzen diren Banda Teatro taldeko kideak ezagutu nituen. Malabaretara eta zirkuko tekniketara hurbildu nintzen lehenbizi Oreka Zirku Eskolan, eta gero Nafarroako Antzerki Eskolan antzerkian murgildu nintzen. Niri pertsonak eta alor soziala interesatu zaizkit beti eta horregatik, aldi berean, Gizarte Laneko ikasketak egin nituen. Animatzaile soziokultural moduan aritu nintzen lanean antzerkigintzan buru-belarri sartu aurretik. Beti izan dut sentsazioa agian zirkuan beranduegi hasi nintzela. Zer tristea den gure gorputzaren urte onenetan denbora guztia ikasgela batean eserita egon behar izatea!

Oso pailazoa naiz eta zirkuaren munduan kluna da gehien gustatzen zaidana. Nik figura hori irmoki aldarrikatzen dut. Oholtza da libre senti zaitezkeen leku bakarrenetakoa. Nahi duzuna egin eta esan dezakezu. Askatasun eremua da.

"Remigia Etxarren aitzindari bat da, Gayarre eta Sarasateren garaikidea, Europako zirku artista kotizatuena, baina emakumea izateagatik ezezaguna”

Nolakoa izan zen Remigiarekiko bat-bateko maitemintzea?
2017an estreinatu nuen Cabaret Paranormal. Dirua, energia eta maitasuna jarri nituen lan horretan eta oso ongi atera zen. Gero Eo izeneko lana prestatu nuen, baina pandemia iritsi eta katastrofe bat izan zen. Nik garai arraro hori probestu nuen Remigia bilatzeko. Bere historia bizirik mantendu da aho-belarriko komunikazioari esker eta han-hemen haren berri hartu izan dut aspalditik. Zirku eskolan nengoela, adibidez, omenaldi bat egin zioten emakume funanbulista hari. Ero bat zen, aitzindari bat. Sarasate eta Gayarreren garaikidea izan zen eta Europako zirku artistarik kotizatuena izatera iritsi zen arren, ezezaguna da soilik emakumea izateagatik.

Oilo pikorrak jartzen zaizkit berari buruz hitz egiterakoan, baita gaur egun ere.

Estefanía de Paz  ‘Olvido Flores’ antzezlaneko eszena batean. (Argazkia: Estefania de Pazek utzia)

Nor zen?
Remigia Etxarren Iruñean jaio zen, 1853an. Funanbulista zen eta gaztetan burdin hariaren gaineko lanak egiten hasi zen. 1882ko sanferminetan zezen plaza zeharkatu zuen alde batetik bestera. Hurrengo urtean, 1883an, Iruñeko Arga ibaia gurutzatu zuen hari fin baten gainean eta horregatik esaten zioten Argako erregina. Europa osoan ibili zen Mademoiselle Agustini goitizenarekin eta horrela deitzen da orain ofizialki Arga gaineko zaldaina, nik antzezlanaren estreinaldian proposatu nuen bezala.

Pandemian Remigiak zartako moduko bat eman zidan. Bere heriotzaren mendeurrenerako hamar hilabete gelditzen zirela ikusi nuenean pentsatu nuen hau zela unerik egokiena zerbait egiteko. Buru-belarri hasi nintzen ikertzen. Udal Artxiboan berak idatzitako eskutitzak aurkitu nituen, grafologo batengana jo nuen bere letra aztertzeko, hitz egin nuen historialari eta antikuarioekin eta horietako batek istorio oso polita kontatu zidan: garai batean Iruñeko kateme ia guztiek Remigia izena zutela, bera bezala teilatuetan ibiltzen zirelako. Horrela hasten da nire ikuskizuna. Hori jendeari esker mantendu da bizirik.

Informazio baliotsua aurkitu nuen Paco Roda eta Ana Diez de Ure historialarien lanetan eta orain berriki agertu da bere argazki bat, duela 140 urte egindakoa eta oso pozgarria izan da, azkenean aurpegia jarria ahal izan diogulako. Gordeta eta ilunpean egon da denbora horretan eta horri esker iritsi da gaur egunera arte. Javier Azketa historia zaleak aurkitu zuen Zaragozan. Remigiaren balentria handiak biltzen dituen aurkezpen txartel moduko bat da.

Nolako zen?
Ero bat zen: Aulki arriskutsua, Mahai arriskutsua eta Bermut arriskutsua numeroak egiten zituen soka gainean, errebolberrak disparatzen zituen, Alpeetako itsuaren saioan zaku bat jartzen zuen buruan eta erokeriak egiten zituen, batere sare edo segurtasun tresnarik gabe...  Martxoaren 27 batean egin zuten orain agertu den argazkia eta hori jakin gabe, justu egun horretan, kaleratu genuen liburua. Sentitzen dut Remigiak seinaleak bidaltzen dizkidala eta hemen dagoela, harro. Gauza asko bizi izan dut emakume horri esker. Kaletik Remigia deitzen didate eta buelta ematen dut. Dagoeneko batzuetan ez dakit Estefanía edo Remigia naizen.

Nola amaitu zen bere artista ibilbidea?
Hamar urteko urrezko aro bat izan zuen harik eta 1892an istripu bat izan zuen arte. Kalean loteria saltzen bukatu zuen, oso modu prekarioan. Erroldan bilatu nuenean eskale gisa agertzen zen. Izar bat zarenean mundu guztiak maite zaitu, baina gainbeheran zatozenean inork ere ez. Egia da aldamenean komeni ez zitzaion eta galbidean eraman zuen gizon bat izan zuela, baina horretan ez dut sartu nahi, ematen duelako beti emakumeen historietan gizonak aipatu behar direla, eta nik Remigiaren bizitza kontatu nahi dut, besterik ez.

Argazkia: Zoe Martikorena

Eta nola sortu zen Olvido Flores pertsonaia berria?
Argako Erregina-ren emaldi baten ostean, Barañainen, Paco Roda historialariak Anastasini Zirkuari buruz hitz egin zidan. Ileak tente jarri zitzaizkidan eta une horretan berean jakin nuen Anastasini Zirkukoak nire bizitzaren parte izanen zirela. Hasi nintzen ikertzen eta informazioa bilatzen. Harremanetan jarri nintzen horretan hamar urte lanean daramatzaten hiru historialariekin: María José Sagasti, Jesús Nieto Eme, eta Javier Ayape. Hau guztia nire belarrietara iritsi zenean, zirku artista bezala sentitu nuen zerbait egin behar nuela. Gure etxean birraitona desagertu zen gerran eta faltan sumatzen dugu. Iruditu zitzaidan polita zela nire odol familiaren historia, zirkuko nire familiakoarekin lotzea. Birraitona Eloko hilobi komun batean agertu zen eta urrezko hortzengatik ezagutu ahal izan zuten. Anastasini Zirkukoak ez ziren hemengoak eta inork ez zituen bilatu. Omenaldia egin nahi izan diet joan zirenei eta hemen gelditzen garenoi, beti gelditzen delako norbait dolu-minez. Oso polita iruditzen zait Olvido Floresek haiei lo kanta bat egitea betiko atsedena har dezaten. Familia askotan oraindik bizirik dagoen oinazea ikaragarria da.

Zer gertatu zen zirku horrekin?
Anastasini Zirkua italiar jatorriko zirku handia zen, 1936ko uztailaren 18an Lodosan lanean ari zena. 50 laguneko zirku-taldea arrastorik utzi gabe desagertu zen, magia-zenbaki batean bezala, karpa, zaldiak eta Lodosako kale estuetan noraezean geratu zen elefante bat utzita. Asko desagertu egin ziren, eta badirudi fusilatu egin zituztela. Larraga eta Mendabia artean aurkitutako gorpuzki batzuk berenak direla uste da. Batzuek Portugalera ihes egitea lortu zuten eta handik Amerikara. Bizirik atera zirenetako batek, Renatok, orduan 3 urte zituenak, Floridako Anastasini Zirkuarekin jarraitzen du gaur egun. Bere bi seme, Giovani eta Luciano, 2023ko abenduaren 4an etorri ziren Lodosara eta Larragara eta omenaldi txiki bat egin genien. Iragarri dutenez, 2025eko uztailean itzultzea gustatuko litzaieke, 1936an bukatu ezin izan zuten emanaldi hura amaitzeko. Eme Nietok eginiko monumentua bisitatu genuen Larragako Memoriaren Parkean eta obra egin nuen haientzat. Oso hunkigarria izan zen.

Nor da Olvido?
Objektu galduen bulego batean dagoen narratzailea da. Loreak eramatea ahazten zaigun pertsonen metafora da. Pertsonaia hau Catrina, Mexikoko heriotzaren, besteen hildakoengatik negar egiten duen negar-kantari baten eta umore beltza egiten duen pailazo aurpegi-zuri baten nahasketa da.

Bere mezua oso zuzena da: bizitza laburra da eta mundu honetatik ez dugu deus eraman behar, beraz aprobetxa dezagun.

La reina del Arga antzezlana.
Agenda bete-betea
Remigiarekin 300 emanaldi baino gehiago egin ditugu 2021ean estreinatu genuenetik. Horietako batzuk euskaraz,  Lorena Arangoa artista handiarekin. 2022an Feten azokan sari bat eman zidaten eta horrek ate asko ireki dizkit. Estatuan barna ibili naiz eta badirudi laster Alemania eta Argentinara joateko aukera ere izanen dudala. Remigia Europa osoan ibili zen eta gustatuko litzaidake bera ibilitako tokietara joatea, baina ez da erraza.
Ekainaren 2an, liburu ferian, Katakrakek antolatuko saio batean ibilaldi berezia eginen dugu Iruñean Remigiak egin zituen balentriak gogoratzeko. Amaieran “bermut arriskutsua” hartu eta Olvido Flores liburua aurkeztuko dugu.

Maravillas de Júpiter izeneko karabana batean egiten dituzu emanaldiak?
Bai. Barrutik hilkutxa moduko baten itxura du. 22 pertsona sartzen dira barruan, 22 izan zirelako zirku honetatik desagertutako pertsonak. Polita iruditu zitzaidan ikusleak espazio itxi eta estu horren barruan sartzea historia hau kontatzeko. Emanaldia laburra da, 25 minutu baizik ez. Labur eta trinkoa. Xaflada moduko bat.

Badut beste bertsio bat areto handiagoetan egiteko eta horrek ordu beteko iraupena du, informazio gehiago ematen dudalako.

Nola bururatu zitzaizun karabana hori moldatzea?
Errioxako Nalda herriko ferietako salerosle batzuei eginiko omenaldia da. Haiek barraka bat zuten eta hainbat musika tresna jotzen zituzten egurrezko automata batzuekin, herriz herri joaten ziren harik eta tonbolak modan jarri ziren arte. Haiena Las maravillas del teatro de Júpiter zen eta hortik hartu nuen izena ere bai. Istorio miragarriz betetzeko asmoa dut. Olvido Flores da lehena, baina beste ikuskizun txikiak egiteko espazioa edo film laburrak proiektatzeko zinema-areto ibiltaria ere izan liteke.

Bi lan horietako liburu bana plazaratu duzu Reikiavik argitaletxearekin. Pozik?
Oso pozik. Nik ez dut Remigia eta Anastasinikoak hiltzea nahi eta liburu horien bidez hilezkor bihurtu dira. Liburu ederrak dira, irakurterrazak eta irudiz beteak. QR bidezko loturak ere badituzte zenbait ikus-entzunezkotara bideratzeko. Ikerketa prozesuetan aurkitu ditudan agiri eta argazkiak eta sorkuntzan parte hartu duten artistak eta haien lanak ikusarazi nahi izan ditut. Antzezlanen testuak ere ageri dira, gaztelaniaz eta euskaraz, Nerea Balda idazle handiak itzulita. Oso garrantzitsua iruditzen zait informazio hori guztia jendearen esku jartzea. Oraintsu, adibidez, deitu didate Iruñeko institutu batetik esateko Olvido Flores irakurriko dutela gelan gerra zibilaren inguruko gaiak ematen ari direlako eta izugarrizko ilusioa egin dit.
Reikiavik, orain Iruñean kokatu den argitaletxe berri hau, zoragarria da. Ikustekoa da zeinen maitasun eta gustu handiz landu dituzten liburu hauek. 

Eta hemendik aurrera?
Oso pozik nago, besteak beste Olvido Flores-ekin Max sarietarako hautagaia naizelako. Uztailaren 1ean izanen da finala, baina hautagaia izate hutsa itzela da. Gainera, Estatuko Antzokien Sareak gomendatutako ikuskizunen artean daude bi lan hauek eta hori oso garrantzitsua da, casting erraldoi moduko bat delako. Izan ere, badira kultur eragileak soilik ziurtagiri hori duten ikuskizunak programatzen dituztenak. Lorpen politak dira.

Baduzu buruan beste hildakoren bat erreskatatzeko?
Baliteke, bai. Zentro Dramatiko Nazionalak Drama walker izeneko ekimen bat egin du Gayarre Antzokiarekin batera, bertako antzerkigileen obrak aditu ahal izateko hiriko hainbat tokitan eta nik lan bat prestatu dut gerra ondoren Iruñeko autobus geltoki zaharreko erlojuan sei hilabetez ezkutatu ziren bi errepublikazaleren inguruan. Zortzi minututan ez dizu aukerarik ematen gauza gehiegi kontatzeko, baina gai horren inguruan hainbeste ikertu dudanez, uste dut agian etorkizunean zerbait egiteko aukera izanen dudala. Nik uste dut hori izanen dela nire hurrengo istorioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Miren Gaztañaga
“Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”

Askotariko lanak egin ditu Miren Gaztañagak antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu... [+]


Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra

64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.


Zubiburu mahai ingurua. Daniel Landart eta Arantxa Hirigoen
“Antzerkia emana izateko da, gordetzeko baino”


‘Lurrez estali’, laborarien errealitatea oholtzara eramango duen Axut! kolektiboaren obra berria

Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko... [+]


2024-05-13
Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-02 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Irantzu Fernandez eta Belen Ausejo
“Arlo askotan aurrekaria izan zen Julia Fernandez Zabaleta, nortasun handiko emakumea”

Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: “Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana”

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


Eguneraketa berriak daude