Literaturan behetik hasteko leku bat

  • Idazle gazte batek ba al du espaziorik trebatzeko eta gaitasunak garatzeko? Ba ote dute idazkiek zirkulatzeko aukerarik, lokaztuta ito ez daitezen? Bakarrik egin behar al du bidea idazleak, halabeharrez? Nolako zirkuitu literarioak nahi ditugu? Galdera horien itzalean sortu dute bost idazle gaztek Behe Banda: Irati Oskoz Egiguren (Astigarraga, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Irati Larrañaga Etxebarria (Bilbo, 2004), Harri Diaz de Heredia Matanzas (Gasteiz, 2004) eta Irati Fernandez De Okariz Irureta (Gasteiz, 2004). 2023ko abenduan argitaratu zuten bere lehenbiziko autoekoizpena, 1. Behe izeneko fanzinea.  Baina idatzi bakarrik ez, hausnartu ere egin nahi dute elkarrekin, literaturak har ditzakeen forma eta norabideez.

Urruzuno literatura sariketako irabazleen egonaldian ezagutu zuten elkar, Arantzan (Gipuzkoa). Berezia izan zen egonaldia, sortu zuten laguntasun harremana bezalaxe. Egonaldia bukatu ostean, ordea, etsipena sentitu zuten: idazten, argitaratzen eta ikasten jarraitu nahi baina ezin asmatu nola. Modurik ezin aurkitu. Ez da kasu anekdotikoa, literatura maite duten gazte askok galtzen dute idaztearekin lotura egoera horretan. “Urruzuno saria irabazi duen gazteak idazten jarraitzea espero da, baina aurkeztu daitekeen lehiaketen eskakizunak ezin ditu bete. Zer egin dezake idazle gazte batek? Bestelako aukeren faltatik sortu dugu Behe Banda, hain zuzen”, ohartarazi du Agirrek. Urruzunoko edozein ediziotan gertatzen dela gehitu dio Oskozek, bukatu ostean gazteak galduta sentitzen direla: “Idaztea gustuko duzu, baina ez diozu aterabiderik ikusten”.

Egonaldiko “konexioa” galtzen utzi eta inertzian erori nahi ez, ordea, eta Eibarren elkartu ziren bost gazteak abenduan. Denek sentitzen zuten “zerbait egin beharra”, eta elkarri “aitortu” zioten egun hartan. Ados zeuden, halaber, zentzugabea zela ibilbide literario indibidualari ekiten saiatzea. Ez zuten horretan jarduteko baldintzarik, eta ez zen hori jarraitu nahi zuten eredua. Bigarren hitzordua finkatu zuten Agurainen, eta bertan sortu zen bandaren ideia. Fernandez de Okarizek gogoan du eskariak apuntatzeko tabernaren koadernoan izkiriatu zituztela taldearen mandamentuak, ez baitzuten “koaderno ziztrin bat ere" aldean. Aise darabilte post-ironia, eta umoretik kontatzen dituzte haien ibilbideko une garrantzitsuenak ere.

Idazle taldea
Nola eratzen da literatur banda bat? Ingurura begiratuta, ez dira asko literatura sorkuntza prozesu kolektibo bezala pentsatzeko erreferentziak, baina, jakina, euskal letretan egon da esperientziarik lehenago: Pott eta ITU bandak, batik bat. Literatura banden tradizioa dagoela, beharbada, gehiegi esatea litzatekeela uste du Oskozek, baina horien eredua jarraitu nahi dutela dio edonola ere.“Egin ditugu bromak ere horrekin: Porrott banda izena, Pott banda imitatuz. ITU bandako batzuk ere ezagutzen ditugu. Hamar urte pasa dira ordutik. Iruditzen zitzaigun zerbait egin nahi bagenuen ez zeukala zentzurik lehenago egin dena aintzat ez hartzeak. Eta literatura banden espresioa eman da beste komunitate literario batzuetan ere. Jarraipena eman nahi genion”.

Idazle lanetan joera indibidualista hagitz hedatua dagoela uste du Agirrek, ziurrenik lehiak eta sariketek pisu handia dutelako. Gizarte osoa eta bizitzaren aspektu ia guztietan dela horrelakoa nabarmendu du, bidenabar: “Idazlearengan pentsatzen dugunean, nola irudikatzen dugu? Bere etxean sartuta bakarrik dagoen pertsona, egun guztian idazten. Irudi hori gailendu da”. Mito horrek literaturatik aldendu duela uste du Harri Díaz de Herediak; talde lanak, aldiz, idaztera bultzatu du. Beste adierazpide artistiko batzuetan normaltzat dugu taldean jardutea. Musika da adibide nabarmenena, ziurrenik. Idazle-kolektibo bat musika banda bat bezalakoa dela dio Wu Ming taldeak, baina denek instrumentu bera jotzen dutela.

Literaturak komunitatea behar du
Ez dute idaztea ulertu nahi norbere buruarekin egiten den ariketa gisa. Pentsatzen dugunaren kontra, bakarka idazten denean ere idaztea ez baita ariketa indibiduala, Oskozen irudiko. Komunitatea behar du idazkuntzak eta zirkulatu egin behar dute idazkiek. “Gertatzen da testuak lokaztu egiten direla, ez dutela arnasa hartzen ez badago irakurriko dituen inor. Zeuk idatzi duzun testu bat irakurtzea, irakurtzea da ala errebisatzea?”. Izan ere, azken batean, literatura komunikazio ekintza da, edo hori ere bada, eta soziala, beraz.

Zentzu horretan, isolatuak sentitzen direla gaineratu du Oskozek: “Ezagutzen ditugu idazle gazteak, badakigu zer idatzi duten, irakurri dugu haien lana, baina ez dago hartu-emanik. Ez dugu ohiturarik elkarri idazteko, adibidez, idatzi duenari buruzko iritzia emateko, zoriontzeko. Guk badakigu zeinen garrantzitsua den hori”.

1. Behea fanzineak izan duen harrerari buruz galdetuta, barre algaraka erantzun dute bostek. Feedback-a, kritikak jaso nahi dituztela diote, baina espero zutena baino txikiagoa izan dela orain arte jaso duten erantzuna. Garrantzitsutzat dute literaturaren bueltan dihardutenen arteko hartu-emana indartzea ere. Ahal dela, autore eta irakurlearen arteko bereizketa lausotu dadila bilatzen dute.

Manifestuaren orri bat, lehenbizikoa. Irakurri gehiago: behebanda.eus

Horregatik, hein batean, argitaratu dituzten testuak kontakizun laburrak dira: poemak prosan, oro har. Solte irakurri daitezke, edo irakurleak nahi duen ordenan. Formatu dinamikoa da, irisgarriagoa, eta hartu-emana bultzatzen du, Diaz de Herediaren iritziz. “Ematen du liburu bat hasi eta bukatu egin behar dela, modu oso konkretu horretan irakurri behar dela eta bestela ez zarela behar bezala egiten ari; hori ere arindu egin nahi izan dugu, handinahikeriak uxatuta”, erantsi du Oskozek.
Literatura komertzial edo konbentzionalean gailentzen den generoa nobelarena dela uste du Larrañagak. Idazlea eta irakurlea elkarrengandik bananduak, isolatuak behar al ditu eleberriak, ahozko literaturak edo narrazioek ez bezala? Ezin auzi hori hemen ebatzi, baina beste formatu batzuen aldeko apustua egin dutela agerikoa da. Bestalde, “berehalakotasunaren kultura” gero eta hedatuago dagoela uste du Diaz de Herediak, eta joera horiek ere izan dezaketela eraginik harturiko erabakietan, testu laburrak idaztea kasu.

Ikasteko eta hausnartzeko eskola
Bilbon egin zuten hirugarren bilera. Orduan erabaki zuten banda bezala 1. Behea idatziko zutela, taldekideek idatzitako testuak batzen dituen fanzinea. Batera idatzitako manifestua edo editoriala da aleko lehen testua. Bertan azaltzen dute bandari izena ematen dion ideia: Behe-mailako testuek osatuko duten joan-etorri bakoitza, oinarria sortuz lortzen den bolumenaren ertza, irakurle inozo batek potentzialitaterik antzemango duen asmoz. Satira ala umiltasuna? Agirreren ustez, “agerikoa da euskal literaturan guk atera dugun hau behean dagoela, idazten jarri diren gazte batzuk gara. Baina hori aitortu nahi dugu, barre egin ere bai, eta testu horiek balioa dutela aldarrikatu”.

Banda eskola dela uste du Diaz de Herediak, ikasteko egin dutela. Idazle hasiberrien testuak direla nabarmendu du Agirrek. Zentzu horretan, Oskoz jakitun da zaila egiten zaiola oraindik lengoaia artistikoa kontrolatzea, estilo batera nahita jotzea, “trebetasun mailagatik edo”. Idazketak bera kontrolatzen du, alderantziz baino gehiago. Horregatik, uste du bandak lagundu diola “joera horietan ez erortzen, beti berdinaz eta modu berean ez idazten”. Horixe da hain zuzen ere taldea osatzearen helburuetako bat. “Elkarrekin idatzi, ikasi eta erratu” nahi dute, Larrañagaren hitzetan.

Idazte prozesuak esperimentaziotik asko izan duela nabarmendu dute. Elkarri jarritako ariketak dira pieza gehienak. Adibidez, lehenengoa. “Behetik ikusten ditut nire eskuak”, nork bere ikuspuntutik jorratzeko. “Diskonfort zona, zer ez duzu idazten normalean?”, hurrengoa, hortik tiraka deseroso sentitzen diren tokietatik idazteko. Poema erotiko bat ere badago alean. “Ariketek josi egiten dute bandaren talde izaera, baina idazkiak banaka oso ezberdinak dira. Bandak ematen die batasuna”, Diaz de Herediaren ustez.

Ni-a, gu-a eta mundua
Barne-gatazkek, kezka artistiko, politiko eta existentzialek inpregnatuta daude lehenbiziko aleko testuak, bizipen pertsonal eta, kasu askotan, arras intimoetatik kontatuak, ni-ari uko egin gabe. Artea espresiorako modu bat da Larrañagarentzako, eta barruak husteko ere balio dezakeela dio: “Ni-tik eman dezakegu munduari buruzko iritzia. Hitz egin dezakegu arteaz eta iraultzaz eta, aldi berean, bizipen pertsonalez”.

Alean idatzi duena bere esperientziak direla dio Agirrek, “argi eta garbi”. Bere bizitzan gertatu dena “analizatu eta zabalagoa den zerbaitekin lotzen” saiatzen da, “zentzua ematen norberak bizitakoari”. Zalantza egiten du, ez ote duten auzi edo “gauza handiez” modu esplizituan idaztea ekiditen maiz, “hain zuzen ere, guretzako handiegiak diren beldurrez, eta horregatik idazten ote dugun esperientzia pertsonalen atzean gordeta”. “Horregatik jo dut agian ni-az hitz egitera, benetan eta sakontasunean ulertzen dudan gauza bakarra delako”, hausnartu du Diaz de Herediak.

Nondik eta zertarako idatzi
Elkarrekin idatzi bakarrik ez, hausnartu ere egin nahi dutela adierazi dute aho batez. Oskozen arabera, bildu badira da “iruditzen zaigulako hutsunea dagoela, gutxienez, guk eragin dezakegun literatura munduan”. Bandak aukera ematen du norbere burua kokatzeko eta zer posiziotan dagoen ulertzeko. “Taldean jardutean badakit zer eta norentzako idazten dudan. Kideekin hitz egiten dut idazten dudanaz, idazteaz, irakurtzeaz, literaturaz. Horrek asebetetzen nau”, dio Diaz de Herediak.

“Literaturak nora eraman gaitzaken, nora joan nahi dugun”, hausnartu nahi dute. Hor ikusten du Oskozek potentzialitate handiena, “batera idatzi bakarrik ez, elkarrekin hausnartzean baizik”. Adibidez, zer lan literariori ematen zaion ikusgarritasuna eta zeini ez. “Zirkuitu literarioak berak erraz egiten ditu bereak proposamen batzuk, eta beste batzuk aldiz airean uzten ditu. Ez ditu esplizituki ukatzen baina kontzienteki jartzen du fokua leku jakin batzuetan”, uste du. “Eta zirkuitu literarioaz ari garenean idazleez, argitaletxeez, kazetariez... ari gara”, zehaztu du Fernandez de Okarizek.

Argitaratzearen drama eta abentura
Idatzitakoa maketatuta eta inprimatuta izanik dagoeneko, ezagutzera nola eman, nola plazaratu? Irudimenez egin diote erronkari aurre, bidea ez baitzegoen emana. Bertsolaria da Agirre, eta argi du literaturan ez duela aurkitu bertso mundukoaren pareko komunitate sendorik. Bertsolaritzan ez bezala, oso bakartia egin zaio Behe Bandarekin idatzitakoa plazaratzeko bidea.

Besteak beste, ezagutzera emateko, Durangoko Azokara eraman zuten alea. Urruzunoko begiraleez, Mikel Ayllon eta Itxaro Borda idazleez oroitu dira, animatu egin zituztelako. “Bandalismo ekintza izan zen gure partetik”, aitortu du Agirrek, barrez. Pegatinak eta kartelak jarri zituzten testuetatik ateratako esaldi solteekin. Postuz postu ere ibili ziren, aleak banatzen, Behe Bandaren orri-markatzaileak liburuetan sartzen. Eta batek baino gehiagok erantzun: “A! Zuek zarete! Twitteren ikusi zaituztet”, oroitu Larrañagak. “Eldarnio hutsak diren post-ak baino ez ditugu igo eta! Espresio toki paregabea da sare sozial hori”, egin du barre Oskozek. Izan ere, hainbat sare sozialetan dago Behe Banda, eta web orria ere badute: behebanda.eus.

Durangoko Azokan egin zuten ekintzetako bat.

Aurrera begirakoa
Anekdota artean iritsi gara elkarrizketaren bukaerara. Ezin denak hemen jaso. Hemendik aurrerako bideari buruz mintzatu da Fernandez de Okariz. Gauza berriak prestatzen ari dira. Beste fase bati ekin nahi diote: “Ez dugu lehenengo fasearen jarraipen antzu bat egin nahi”. Grabagailua itzali aurretik, esaldi hau airean utzi nahi izan du Diaz de Herediak: “Zerbait egin omen genuen eta…”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Behe Banda
Barra warroak |
Argazkirik ez, mesedez


Arrats dibertigarria

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia,... [+]


Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza... [+]


Mikel Ayllon
“Poesiaren sozializaziotik bueltatuko da literaturaren balio soziala”

Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioari agur esan dio Mikel Ayllon idazle eta orain arteko saioaren gidariak. Irailetik aurrera jarraituko ez zuela esateaz gain, gogoeta egin zuen sareetan euskarazko literaturaren egoeraz: "Euskal literatura gero eta homogeneoagoa... [+]


2024-07-10 | Lander Arretxea
“Loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditu gure belaunaldiak”

Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


Poesia mailu bat da jaialdia
Literatura ez da ezer arriskutsua, ezta?

Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin... [+]


2024-05-27 | ARGIA
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen

Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.


2024-05-20 | Estitxu Eizagirre
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak

Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]


Eguneraketa berriak daude