“Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”

  • Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du: “Haurrentzako erreferente izan behar gara, ikusteko etorkizuna dutela, eta diska-k ere gure gorputzak aldatu gabe existitzen eta zahartzen garela”.


2024ko maiatzaren 27an

Ruptura y reparación de la máquina. Escritos desde un cuerpo lisiado (Makina haustea eta konpontzea. Gorputz elbarri batetik idatzita) liburua argitaratu du. Hilaren 25ean Donostian izanen da, 17an Getxon eta 18an Bilbon.

Bi urterekin eman zioten diagnostikoa, eta txikitatik “desberdin” pertzibitu du jendeak: “Ez dakit ongi edo gaizki, baina desberdin”. Haurreskolan toki batetik bestera kaxoi bat eramaten zuen oinak jartzeko; kaxoia kentzen zioten eta jolasten hasten ziren haurrak. Horrez gain, etengabe klasetik ateratzen zuten fisiora joateko, gorputz heziketan aparte jartzen zuten eta lekuz kanpoko iruzkinak egiten zizkioten. Gaztetatik argi zuen diskurtso medikoan zentratzen dela desgaitasuna. 17-18 urterekin kapazitismoa salatzen zuten Erresuma Batuetako testuak aurkitu eta hitzaldiak ematen eta desgaitasuna politizatzen hasi zen: “Barneratutako kapazitismoa deseraikitzeko prozesu bat egiten hasi nintzen. Gainera, nire bizipenak indibidualak izan beharrean, kolektiboak eta egiturazkoak zirela ikusten hasi nintzen”.

Guerrak “disca” terminoa –gaztelaniazko discapacitado-a-e hitzaren laburpena– aldarrikatzen du pertsona desgaituak ahalduntzeko, diska hitzari karga politikoa atxikitzen baitio. Izan ere, 17-18 urte bete arte, behin eta berriz ukatu izan dute bere gorputza: “Maila indibidualean, neure gorputza ukatzen nuen esanez ez nuela diska izan nahi. Horrez gain, medikuek, fisioek eta beste luze batek, esaten zuten nire gorputza ez zela baliozkoa izanen, aldatu arte”. Guerraren arabera, medikazioaren bidez desgaituen gorputzak “konpontzea” bilatzen dute sistema kapazitistak eta kapitalistak: “Gorputz diskak apurtuta dauden eta erreproduzitu ezin duten makinak dira sistema kapitalistarentzat. Horregatik, gure gorputzetatik errentagarritasuna ateratzen saiatzen dira medikazioaren bidez dirua lortu edota lan egiteko funtzionalitate eta errentagarritasun handiagoa bilatuta”. Horrek zaurgarritasuna ez erakustearekin zerikusi handia duela uste du.

Gaineratu du desgaitasuna ezabatu nahi izatearekin lotura zuzena duela; horregatik, luma diska aldarrikatzen du: “Gure helburua da ikastea zergatik izan daitekeen polita luma diska. Lagun batek esaten zidan asko gustatzen zitzaiola audioak bidaltzen dizkiodanean, joten erritmora bidaltzen dizkiodalako. Azkenean, oso polita iruditu zitzaidan errena izatea artetik ikustea”. Horretarako, lagunez inguraturik, poliki-poliki eta gorputza aldatu gabe, gorputz “bizigarria” duela sentitzeko prozesu “mingarri” bat egin du: “Jende diskarekin elkartu, eta beti ezabatzen saiatu direna elkar balioztatzeko eta harrotzeko prozesu bat egin dugu. Hala ere, sarerik ez baduzu zaila da luma mahaigaineratzea”.

Harrotze prozesu horretan, haurrak ere kontuan hartzea eta haurrak babestea beharrezkoa dela uste du; izan ere, eskoletan “oso diskurtso kapazitistak” jasotzen dituzte: “Haurrentzako erreferente izan behar dugu, ikusteko etorkizuna dutela, eta diskak ere gure gorputzak aldatu gabe existitzen eta zahartzen garela”.

"Jende diskarekin elkartu, eta beti ezabatzen saiatu direna elkar balioztatzeko eta harrotzeko prozesu bat egin dugu"

Bidiska

Sortzez Madrilgoa den arren, Cerdedon (Galizia) bizi da. Herri txiki bat da, eta bertan, luma diska erakustea “oso dibertigarria” dela azaldu du: “Horrelako herrietan mundu guztia da diska, horretara hurbiltzen diren señora zahar asko daudelako”. Zumba klaseak hartzen ditu herrian, eta ez dago definituta nola dantzatu behar den; hau da, ez dago ongi edo gaizki egiteko modu bat, dantzatzeko modu asko daude: "Bakoitzak nahi duen bezala dantzatzen du, eta irakaslea saiatzen da klaseak irisgarriak egiten jendeak parte hartzea nahi duelako”. Madrilen horrelako jarduera batean parte hartzea “askoz zailagoa” eginen zitzaiola nabarmendu du: “Herrietan lumek lekua daukate, edo, behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”. Hala ere, lan faltarengatik, pertsona sexu-genero disidente eta gazte gutxi dagoelako eta beste gauza batzuengatik, herrietan bizitzea “zaila” dela uste du.

Beste borroka askorekin lotzen du antikapazitismoa Guerrak, hala nola antiespezismoarekin, antikapitalismoarekin, anarkismoarekin eta kuir mugimenduarekin: “Oso zaila da definitzea zer pairatzen dudan diska izateagatik eta zer kuir izategatik. Dena da bidiska naizelako”. Horregatik, nabarmentzen du kuir identitatea diska identitatetik irakurtzearen garrantzia: “Gure genealogia onartzea da; duela gutxi arte kuir jendea diska moduan irakurri gaituzte. Kuirra diskatzat hartzeak funtzionalitaterekin zerikusia duten arauekin apurtzea da”.

Gaineratu du lotura “handia” duela ez-binario izatearekin eta maskulinitatea eta feminitatea performatzeko moduekin: “Emakume diskak ez dituzte emakume gisa irakurtzen, aurreikusten dutelako ezin dutela familia bat osatu, ez direla sexyak eta desiragarriak eta ez dutela desiratzen. Horrek kolokan jartzen du zer den emakume izatea”. Uste du borrokak kolektibizatuz eta saretuz sistema erasotzeko tresnak garatu daitezkeela; adibidez, siesta.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Ipurdia perreatzeko, eta eskuak maite-maite egiteko".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude