Euskararen konplizeak Gasteizen

  • Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal hiztun komunitatearen egoera ulertzeko tresna gehiago al dituzte eskura? 

Soumia Berkani Marokoko iparraldekoa da, Nador herrikoa. Tamazigha hitz egiten du. Marokon hiru milioi hiztunen hizkuntza da. Gasteizen alabak euskaraz ikas dezan ahalegintzen da. Argazkia: Dos por Dos.
Soumia Berkani Marokoko iparraldekoa da, Nador herrikoa. Tamazigha hitz egiten du. Marokon hiru milioi hiztunen hizkuntza da. Gasteizen alabak euskaraz ikas dezan ahalegintzen da. Argazkia: Dos por Dos.

Gasteizen bi hizkuntza ofizial daude, euskara eta gaztelania; eta horiez gain, eskoletan ingelesa eta frantsesa ikasteko aukera ere badago. Baina hirian hizkuntza gehiago hitz egiten dira. Udalak egindako inkestek erakutsi dute Gasteizko kaleetan, gure familien artean, 50 hizkuntza baino gehiago entzun ahal direla. Inkestak eta zenbakiak, bere horretan, hotz samarrak izaten dira, ez dute sentimenduen berri ematen, edota indar harremanak zeinen alde dauden abisatzen, munduko hizkuntza honek ala besteak zein historia dakarren. Hizkuntza guztiak ez dira berdin tratatuak, badira hizkuntza hegemonikoak edo gehiengotuak, eta hizkuntza gutxituak; eta horren ondoren, badira nazioartean begirune handiagoa jasotzen duten kulturak, erraz identifikatzen direnak, eta badira beste batzuk, jatorrizko lurraldean bertan gutxietsiak izanik, gure kaleetan oharkabean, ikusezinago igarotzen direnak.

Erreportaje hau sinatzen duen kazetariak jakin nahi izan du ea Euskal Herrian dagoen errealitate soziolinguistikoa, euskararen erronkak eta diskriminazio egoerak errazago eta hobeto ulertzeko modua duten hizkuntza gutxituotako hiztunek. Euskara aurrera ateratzeko konplize bila atera gara, eta Gasteizko herritar arruntekin hitz egin dugu. Ez dute zenbakirik eman: norbere esperientzia eta ikuspuntu pertsonalaz aritu dira. 

 Soumia Berkani, amazigera hiztuna: “Hemen gertatzen den eran, gure hizkuntza defendatzen duen jendeak sorturiko elkarte batean [ikasi nuen tamazigha]". 

Elkarrizketa horien emaitzak mundua zein zabala eta aberatsa den gogorarazten du; baina ez hori bakarrik, euskararen egoerari parean jartzeko moduko ispilu zatitxoak ere badira, beharbada, eta, balio lezakete euskaldunon hizkuntza komunitatea hobeto ulertzeko.

Mundu asko kabitzen diren hirian
Soumia Berkani Ben Yahiaren etxean tamazigh hizkuntza hitz egiten dute. Tamazigha, Wikipediaren arabera, amazigeraren aldaera bat da, Marokoko Erresuman hiru milioi hiztun inguru dituena. Horrela azaldu digu bere herriko egoera soziolinguistikoa: "Maroko iparraldekoa naiz, Nador hiri txikikoa. Marokoko hizkuntza ofiziala arabiera da, baina eremu batzuetan hainbat hizkuntza hitz egiten dira; adibidez, nire etxean tamazigha hitz egiten dugu. Oso hizkuntza desberdina da, eta oso zaila, hemen euskara bezala... ia gauza bera da".

Toni Cid galegoa da. Galegoak ere hiru milioi hiztun inguru ditu. Portugesarekin batera, sistema linguistiko bakarra osatzen du, galego-portugesa, bi hizkuntza horien arteko antzekotasunak handiak baitira. Ez pentsa halere, Cidek galegoz Galizian ikasi zuenik. Venezuelan jaio zen, migratzaile galegoen komunitate handi batean. "Venezuelan jaio nintzen, gurasoek hara emigratu baitzuten. Amak eta aitak galegoz hitz egiten zidaten. Etxean galegoz eta kalean gaztelaniaz. Hala ere, Venezuelan galiziar asko zegoen eta bazen zentro galiziar oso garrantzitsu bat, eta harreman handia genuen gure artean".

Alfat Hussain Pakistan aldeko Kaxmirrekoa da. Mirpuri hizkuntza hitz egiten du, eta ez daki ez irakurtzen ez idazten bere hizkuntzan. Bere ustez, hizkuntza ez dago galtzeko arriskurik, ez du uste urduerak ordezkatuko duenik. Argazkia: Dos por Dos.

 Altaf Hussain duela urte batzuk etorri zen Gasteiza. "Pakistan aldeko Kaxmirrekoa naiz, Azad hiriburukoa. Azad hitzak 'Kaxmir librea' esan nahi du. Independentzia eskatzen duen herrialdea da; Pakistan, India eta Txinaren artean zatituta dago. Duela 70 urte gobernu propioa izan zuen. Dena den, orain lasai gaude, ez dago gatazkarik, borondatea bakarrik".

Hussainek lau hizkuntza ekarri ditu bere herrialdetik: "Mirpuriz hitz egiten dut familian; gure herrialdeko hizkuntza da. Punjabera ere hitz egiten dut. Bi hizkuntzak kalean ikasi nituen, txikitan. Gero eskolan urdua ikasi nuen, Pakistango hizkuntza ofiziala. Eskolan ingelesa ere ikasi nuen, baina nire etxeko hizkuntzak, ez. Gure hizkuntza ez dago debekatuta, baina ez da irakasten".

Hussainekin hitz egin eta gero, berak aipatutako hizkuntzari buruzko datuak bilatzen aritu gara, eta kosta egiten da zerbait aurkitzea. Azkenean, jakin dugu adituen arabera mirpuri hizkuntza pahari-pothwari hizkuntza taldean sartzen dela, eta, mirpuri barietatea kaxmir identitateari oso lotuta dagoela; han ere, lurraldea eta hizkuntza elkar hartuta doaz. Zenbat hiztun dituen kalkulatzea gaitza da. Esaterako, Ingalaterrara Pakistandik joan den emigrazioaren jatorri nagusia lurralde hori da eta mirpuria da Ingalaterran gehien hitz egiten den bigarren ama hizkuntza, ingelesaren ondoren.

Altaf Hussain, mirpuri hiztuna: “Ez dit penarik ematen nire hizkuntzan ezin irakurtzeak; familiarekin hitz egiteko balio dit. Egunero hitz egiten dut haiekin”.

Gasteizko Arana parkean, paraguairren artean oso hedatua dagoen boleibol mota berezi samar batean aritzen dira arratsaldetan, eta parkea komunitate paraguaiarraren topagune bilakatu da. Paraguai oso herri berezia da Hego Amerikan hizkuntzei dagokionez, zeren eta han, gaztelaniarekin batera, guarani hizkuntza ere ofiziala baita. Jatorrizko hizkuntza bat ofizialtzat duen Hego Amerikako estatu bakarrenetakoa da. Arana parkean, Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero ahizpak, guarani hiztunak, ezagutu ditugu. "Gu Paraguaiko landakoak gara, campiñakoak, han esaten den bezala, eta guaranieraz hitz egiten dugu. Herrietan batez ere guaranieraz hitz egiten da. Hirian ez hainbeste". Hizkuntza horrek Paraguain bertan sei milioi eta erdi hiztun ditu, eta Paraguaiko mugez harago joz gero, beste bi milioi eta erdi konta omen daitezke. 

Hizkuntza gutxituak hezkuntzan
Elkarrizketa guztietan izan da hizpide hizkuntza nola ikasi duten, zein baldintzatan eta alfabetatzeko zein aukera izan duten eta zein ez; eta denetan antzeman daiteke norberaren herrialdean hegemoniko den hizkuntzaren aldeko diskriminazioa. Berkanik, adibidez, tamazigha idazten herri elkarte batean ikasi zuen, ez eskolan: "Hemen gertatzen den eran, gure hizkuntza defendatzen duen jendeak sorturiko elkarte batean izan zen. Eskolan arabiera eta frantsesa ikasten dira, baina nire garaian behintzat ez zen tamazigha ikasten; orain irakasten den, ez dakit". Kaxmirreko Hussainek ez daki bere hizkuntzan ez idazten ez irakurtzen: "Guk gure hizkuntzan ez dakigu idazten, ezta nire gurasoek ere. Aitona-amonek bai, Kaxmir herrialde independentea zenean eskolan ikasten zelako".

Cid galiziarraren ustez, orain gauzak hobeto daude Galizian, bera han bizi zenean baino: "Bi ikasgai genituen galegoz, literatura galegoa eta gizarte zientziak, eta kalean ez zen orain bezainbeste hitz egiten. Orain bai, aldaketa bat izan da. Hizkuntza-politikek, azkenean, funtzionatu dute. Hemen funtzionatu duen bezala, esfortzu eta diru askorekin, Galizian ere bai... askoz ere esfortzu gutxiagorekin eta askoz diru gutxiagorekin". 

Paraguain ere guarania ikasten da eskolan, baina beste leku batzuetan gertatzen den bezala, ez da aski hizkuntza hegemonikoaren parera altxatzeko. Sonia Godoyk horrela eman digu egoeraren berri: "Eskolan ikasgai gisa ikasi genuen. Gogoan dut garai batean guaranieraz ere ikasgai gehiago eman izan zirela, baina gero kendu egin zuten, jende bat kexatu egin zelako... baina alderantziz izan beharko luke, gure hizkuntza da. Gasteizko gure herrikide batzuek ere ez diete beren seme-alabei guaranieraz hitz egiten, hizkuntzari uko egingo baliote bezala da". Eta Delcyk, ahizpa gazteak, ondorengo hau gogoratu du: "Gaztelania hirira joan ginenean ikasi genuen, 6 eta 12 urterekin. Hara joan ginen bizitzera, eta gogoratzen naiz hango lehen graduan sartu nintzenean nik ez nekiela espainolez hitz egiten, eta mundu guztiak barre egiten zidala. Nik negar egiten nuen".

Sonia eta Delcy Godoy Paraguaikoak dira eta guaraniera hitz egiten dute. Landa eremutik hirira eskolara joan zirenean hasi ziren gaztelania ikasten, eta gogoan dute barre egiten zietela. Argazkia: Dos por Dos.

Partekatzen ditugun minak
Gutxituriko hizkuntzetako hiztunekin aritzerakoan, antzekotasunak saihestezinak dira; mespretxuak, diskriminazio egoerak, edota haien memoria ez dira aldatzen kontinente batetik bestera, antza. Cidek dio Galizian "lehen, galegoz hitz egiten bazenuen, herriko astoa zinen, eta hori aldatu egin da".

Godoy ahizpak eremu publikoko hizkuntza ofizialaz mintzo zaizkigu: "Ez da hemen bezala; hemen eremu publikoan aritzeko euskaraz jakitea eskatzen da. Han, adibidez, aita banku batera joaten da, guaranieraz hitz egiten dio, eta han lan egiten duenak ez dio erantzuten, edo esaten dio, "ez diot ulertzen jauna; nik ez dut guaranieraz hitz egiten”. Afrika iparraldeko bere herrialdeko egoeraz, berriz, hala dio Souimak: "Ez nago kanpotar bat nire hirira etorri eta bertan lan egitearen aurka, baina izan dezala gutxienez oinarrizko maila bat jendearekin hitz egin ahal izateko; adibidez, nire ama, postetxe batera joaten denean, ez dago itzultzaile lana egingo duen inor, eta haiek baino gutxiago sentitzen da, gogorra da hori. Behinik behin, errespetatu andrea, ez hitz egin horrela, ez iezaiozu pentsarazi zu baino gutxiago dela. Medikuarenera joaten denean ere, kosta egiten zaio min zerk egiten dion ulertaraztea; imajinatzen duzu egoera? Oinarrizkoa da herritar bati min zerk ematen dion ulertzeko gai izatea".

Hussainek beste jarrera batekin bizi du bere hizkuntzaren egoera. Nahiz eta mirpuriz ezin irakurri edo idatzi, pozik dago: "Nik uste dut gure hizkuntzaren egoera ona dela; jendea ez da murpuria urdueragatik ordezkatzen ari. Arazorik gabe hitz egin dezakegu; gehienek ez dakite idazten, baina kalean oso pertsona gutxi entzungo duzu urdueraz. Gehienek mirpuriz edo punjaberaz hitz egiten dute. Ez dit penarik ematen nire hizkuntzan ezin irakurtzeak; familiarekin hitz egiteko balio dit, gure artean hitz egiteko. Egunero hitz egiten dut haiekin, oso harreman estua daukagu. Orain gaztelania ikasi nahi dut, hemen bizi behar dudalako".

Sonia eta Delcy Godoy, guaraniera hiztunak: “Gasteizko gure herrikide batzuek ere ez diete beren seme-alabei guaranieraz hitz egiten, hizkuntzari uko egingo baliote bezala da”

Soniak eta Delcyk, aldiz, bere herrian gutxiespenak pairatu dituzte: "Gaztelaniaz ondo hitz egiten ez baduzu, ez duzu aukera berdintasunik. Amak, adibidez, zera esaten zigun: "Pentsa nik eskola amaitu izan banu!". Oso azkarra zen, baina 5. mailara arte bakarrik ikasi zuen eskolan. Bikaina zen matematikan, hizkuntzan... kontua da ez zuela oso ondo hitz egiten espainolez".

Aldaketa
Delcy pozik dago Gasteizen: "Lehen aldiaz gogoratzen naiz... Madrildik iritsi nintzen eta belaunetarainoko elurra zegoen. Eta oso ondo gogoratzen dut ahizpa autobusen terminalera joan zenean erori egin ginela, ezinezkoa zen oinez ibiltzea. Paraguain egiten duen hotzik handiena 16 gradukoa da, gehienez ere. Dena zuria zela gogoratzen dut. Niri asko gustatzen zait hemengo klima, hotza gustatzen zait. Paraguain bero handiegia egiten du, etsigarria da". Delcyri bezala, Berkaniri ere gustatu egiten zaio hemengo eguraldia: "Hasieran kostatu egin zitzaidan eguraldira ohitzea, baina orain alderantziz; esnatzen naizenean eta iluntasuna ikusten dudanean, zeru grisa, gustatzen zait! Euria entzutea, euripean ibiltzea... Babestuta zaudela sentitzen duzu, Gasteiz oso abegikorra da".

Hussaini, aldiz, Europan lehenengo hilabeteak zailak gertatu zitzaizkion: "Han ez genuen bizimodu txarrik. Ni ez naiz familia txiro batekoa, lur asko ditugu. Hona datozenak ez dira pobreenak. Gehiago nahi nuelako irten nintzen nire herritik. Han esaten dugu 'begiek ez dutela betetzen'. Lehenik Ingalaterrara etorri nintzen. Ingalaterratik, gero, Bartzelonara, eta pentsatu nuen, 'ez dakit nora etorri naizen': hilobia zirudien leku batean bizi ginen. Herri txiki batetik nentorren, zaratarik gabekoa, lasaia... eta Bartzelonako Ravalen nengoen. Han zarata dago 24 orduz".

Seme-alaba gasteiztarrak
Soniak, Berkanik eta Cidek Gasteizen jaiotako seme-alabak dituzte. Berkanik pena du alabari ez diolako tamazigha irakatsi: "Nik alabarekin arabieraz bakarrik hitz egiten dut, pixka bat kostatu baitzitzaion hitz egiten hastea, eta beldur nintzen nahasmena sortuko ez ote nion. Eta pena ematen dit berberea [tamazigha] irakatsi ez izanak. Horregatik, hemen, hizkuntza bat duen edonori esaten diot: 'heldu iezaiozu, ez utzi galtzen'.  Euskara, adibidez. Eta galdetzen didate, zergatik egiten duzu euskararen alde? Beren hizkuntza delako, eta hemen zaudelako, horien artean zaudelako... hori ere nire hirian gertatzen da, ulertzen dut".

 Berkanik ahal duena egiten du bere alabak euskaraz ikas dezan, baina Gasteizen ez da erraza. "Medikuarenera joan nintzenean, zera esan nion: 'Ez mindu, baina ahaztu hemen nagoela, eta nire alabari euskaraz galdetu'. Eta harrituta geratu zen. Komentatu nion nire alabaren irakasleari ere: 'Zuek, hemen, komunitatean, ez duzue laguntzen'. Nire alabarekin topo egiten badu kalean, hitz egin diezaiola euskaraz! Katalunian, nire ahizparekin ibiltzen naizenean, katalanez hitz egiten dute, medikuarekin, supermerkatuan... Asko gustatzen zitzaidan! Hango haurrek, haien artean, katalanez hitz egiten dute! Nire ustez, eskolatik kanpo oso lagungarri dira euskaraz egiten diren jarduerak. Ni beti saiatzen naiz euskarazko jarduera batean apuntatzen umea, nahiz eta berak esaten didan, 'ama, lasaiago aritzen naiz gaztelaniaz'. 'Ez, alaba, hitzik aurkitzen ez baduzu ez da ezer gertatzen, esan gaztelaniaz, baina saiatu euskaraz hitz egiten', esaten diot".

Toni Cidek guraso galegoak ditu. Venezuelan jaio zen eta gurasoengandik jaso zuen galegoa. Gasteizen euskara ikasi du eta haurrak D ereduan matrikulatuak ditu. Argazkia: Dos por Dos.

Cidek ere oso garbi izan du beti: "Estatuko funtzionario-plaza bat atera nuen, eta hona etorri behar izan nuen. Hemen ezagutu nuen nire emaztea. Haurdun geratu zenean, euskara ikasten hastea erabaki nuen. Eskolan lagundu nahi diodalako sentitu dut beharra. Bost urte egin nituen euskaltegian, B2 atera nuen, eta horrekin nago, ez dut jarraitu. Gero, lanez aldatu ahal izateko balio izan zidan. 2020an atera nituen oposizioak Foru Aldundian. Primeran etorri zait". "Beti izan dugu argi gure seme-alabak D eredura eraman nahi genituela. Izan ere, ez genuen euskara oinarri onik eta ezin izan genien asko lagundu; hizkuntzaren gaia indartu behar zela eta, D ereduan sartu behar genituela erabaki genuen”.

Soniak ere bi seme ditu, bata txikia da, baina besteak 6 urte ditu, eta Gasteizko eskola publiko batean dabil: "Bai, euskaraz hitz egiten du, eta bere lehengusuarekin euskaraz ere egiten du, [irribarrea du ahoan] eta bere lagun minarekin, arabieraz!".

Ciden ustez, hemengo hezkuntzak oso ondo funtzionatzen du, eta bere seme-alabek euskara maila ona dute horri esker. "Nire ustez, hizkuntza-politikek funtzionatzen dute. Eta datorren belaunaldietan, haurren ia %100ak euskara jakingo du, ulertu egingo du". Are gehiago, harrituta dago zein maila ona duten: "Nabaritzen da ikastolan landu egiten dutela, erabili egiten dutela... Eta hezkuntzarekiko jarrera ona dute. Neskak hobea du. Haurrak, dagoen tokiaren arabera, euskara onartzen du, ala ez. Ikastolan arazorik gabe hitz egiten du euskaraz, edo gizarte-etxean. Nik uste nuen hizkuntza hautua pertsonaren araberakoa zela, hau da, nik semeari gaztelaniaz hitz egiten badiot, beti gaztelaniaz hitz egin beharko diot, ez baitu onartuko euskaraz hitz egitea, baina ohartu naiz hemen ez dela horrela, tokiaren arabera baizik. Ikastolaren barruan banago, euskaraz hitz egin diezaioket, eta ondo erantzuten dit; baina kalean banago esaten dit, 'aita, hemen ez da euskararik egiten'. Bitxia da, bai, hemen espazioak hizkuntza batekin erlazionatzen dituzte. Galizian gehiago lotzen nuen pertsonarekin, norbaitek galegoz hitz egiten bazidan, galegoz; gaztelaniaz egiten bazidaten, berriz, gaztelaniaz egiten nien".

Toni Cid, galego hiztuna :“Bitxia da. Hemen espazioak hizkuntza batekin erlazionatzen dituzte. Galizian gehiago lotzen nuen pertsonarekin”.

Gurean nahi
Guztiek gelditu nahi dute gurean. Berkanik lan on bat bilatu nahiko luke, baina beloagatik iruditzen zaio aurreiritziak pairatzen dituela, eta horregatik lan aukera mugatuagoak dituela. Tristetu egiten du horrek. Hussainek ere hemen gelditzeko asmoa dauka, bizimodu duin bat eraiki duelako, bere familia ia osoa Europan dagoelako, eta ez zaiolako lanik falta.

Soniak eta Delcyk ere garbi dute. "Hemen etorkizun hobea duzu, bizi-kalitate hobea...", dio Soniak, eta gehitu du: "Ez dugu dirurik, baina bizi-kalitatea daukagu". Eta bere ahizpak ere garbi dauka: "Begiratzen diozun lekutik begiratzen diozula ere, zentzu guztietan, hemen hobeto bizi da jendea".

Cid ere ados dago, eta sakondu du: "Nire familia hemengoa da, eta hemengoak sentitzen dira, eta ez dit penarik ematen. Ni galiziarra naiz, galegoa sentitzen naiz, baina nire jendea hemen dago. Bizi-maila hobea dagoen leku batera bazoaz, hobeto zaudenez, erraza da egokitzea. Eta niri horrek erabakia argitzen dit, Galizia okerrago dagoelako, askoz atzeratuago dagoelako, eta emigrazio handia dagoelako; ni horren isla naiz, gurasoak Venezuelara joan ziren, aitona Kubara... Baina ni ez naiz itzuliko, leku hobean nagoelako. Maila guztietan, nik uste". 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Mister Spanishen ehorzketa

Marfa (AEB), 1954. Texasko basamortuko herri horretako Blackwell lehen hezkuntzako eskolan haurrak zeremonia berezi batean parte hartzera behartu zituzten. Irakasleek paper zatiak banatu zizkieten eta bertan zera idazteko eskatu: “Ez dut espainieraz hitz egingo, ez... [+]


Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Judith Bilelo Biachó
“Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu”

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-05 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Marginaliak


María del Pilar Casamachin Yule eta Luis Evelio Velasco Nuskwe
Nasayuwe ekintzaileak Kolonbiako Caucan

Hizkuntzaren aldeko aktibistatzat aurkeztu dituzte bere buruak Casamachin Yulek eta Velasco Nuskwek, nasa herriko indigenak biak ere. Nasayuwea biziberritzeko taldean ari dira lanean, Kolonbian, Cauca eskualdeko Toribío udalerrian. 37.166 biztanle dira eta, horietan, %96... [+]


Carlos Santiago Moreta Cachiguango. Kitxua hiztuna
“Zer identitate da norberaren hizkuntzarik gabeko hori?”

Carlos Santiago Moreta kitxua hiztuna da gaur egun. Ekuadorreko Otavalo herrian jaio zen, Imbabura probintzian. Gaztetxo zela sartu zuen muturra Imbaburako Kitxua Gazteen Elkartean. Han jabetu zen hizkuntzaren garrantziaz. Indigena bai, baina ez zuen etxeko hizkuntza hitz... [+]


2023-11-06 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Okzitania (I): kantuak eta bertso arinak

Okzitania, Europa modernoaren sorrera garaian, zulo beltz baten gisakoa iruditzen zait. Eta zalantzan izaten naiz ea ez ote garen zulo beltz horretan behera oraindik ere erortzen eta erortzen ari. Joxe Azurmendik duela gutxi argitaratu duen Europa bezain zaharra liburuan atal... [+]


Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Eguneraketa berriak daude