“Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen”

  • Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia pertsonal harrigarria abiaburu harturik.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Anne-Marie Lagarde (Liginaga, 1944)

Anne-Marie Lagarde (Liginaga, 1944) Frantses irakasle izan du ofizio. 50 urte zituela, berriz, Euskal Ikasketak ere egina ordurako Baionako unibertsitate campusean, euskal matriarkatuari buruzko doktore tesia egin zuen 2000. urtean, eta laburturik argitaratu hiru urte geroago: Les Basques, société traditionelle et symétrie des sexes. Hurrena, Le matriarcat basque (Arteaz, 2002) idatzi zuen. Baditu bi eleberri idatzirik. Lehena, Nine Goihenetxe izenez sinatu zuen, Eguzki amandrea (Maiatz, 2004) –Jüje Etxebarnek euskarara itzulirik–, eta bigarrena, berriz, 2019an publikatua, nobela hunkigarri bat, autobiografia oinarri, Au chemin de Maia (L’Harmattan, 2019) gure hizkuntzara ekartzea merezi duena.

Euskara Pariseko metroko bide bihurrietan galdua, Maulen berreskuratu zuen, nola berreskuratua baitute alabak eta bi arrasemeek, eta –“amiñi bat”–, semeak.

Zer diozu, akulturatua zarela? Akulturazioa da geurea ez dugun kulturaz jabetzea, geurearen kaltetan. Zu, akulturatua?
Bai, hala naiz, oso akulturatua… Gaizki mintzatzen dut euskaraz, ez ditut aditzak ontsa menperatzen, huts anitz egiten dut… Badakit, bai! Behin, ene ttanttak erran zidan: “O, nik pentsatzen nuen zu gau-eskolarat joanik izigarri ontsa mintzatuko zenuela euskara, baina zinez gaizki mintzatzen duzu!”. Eta beste behin, Atharratzen, Maddi haur ttipiak ere hori bera erran zuen. Euskaraz mintzatzen ari ginen, eta erran zien aita-amei ene aitzinean: “Ninek –ene haur denborako izena duzu ‘Nine’, eta Zuberoan oraino hala naiz–, zinez porrokatzen duzu euskara!”. Hori erran zuen lau urteko Maddik: “Ninek zinez porrokatzen duzu euskara!”.

Errateko manera pollita, baina oker errana, ene ustez.
Euskara irakurtzen dut, baina enetako aisago da lan bat irakurtzea antropologiaz edo linguistikaz, eleberri bat irakurtzea baino: aisa galtzen naiz metafora eta gisakoen artean. Denbora anitz behar dut nobela bat irakurtzeko. Amaiur Epherren liburua [Profeten iruzurra, Maiatz, 2021] irakurri dut. Zinez ontsa idazten du Amaiurrek, baina denbora anitz eman dut haren liburua irakurtzen! Baizik, Maddi Anne Txoperenaren Ene baitan bizi da zalu irakurri dut… Bestalde, egunkaria irakurtzeko ere badut traba anitz, zenbait aldiz ez dut batere entelegatzen, behar dut joan hiztegiaren xerka! Hortakotz erraiten dut akulturatua naizela! Badut sentimendu handia Euskal Herriarendako, euskararendako, baina ez dut euskal kultura bat ukan ahal. Akulturatua!

Zuberoan sortua zaitugu…
Liginagan, Atharratze gainean. Ezagutzen duzu lekua?

Han sortu zen Dominique Laxalt, AEBetako Robert Laxalt idazle famatuaren aita…
Liginaga ondoko Astuen sortuak, laxaltarrak! Ameriketarat joanak.

Liginagan sortua zu, ez zizuten euskara transmititu?
Bai, baina zinez goizez galdu nuen. Kasualitatez sortu nintzen Liginagan, aita eta ama bizi baitziren Pauen, ezkondurik. Ene aita biarnesa zen. Aita-amak 1942an ezkondu ziren, iragan mendean. Aita jokalaria zen –poker eta abar –, eta eztei-egunean jendarmeak jin ziren ene aita arrestatzeko. Aitak bazuen ofizio on bat, Paueko hegazkin lantegiaren administrazio zuzendaria zen eta, ama, berriz, idazkari. Baina jokalari baitzen, aitak zorrak egin zituen, eta, bere lanarengatik, [lantegiko] kutxatik sosa hartu ahal zuen. Horrela, eztei-egunean jendarmeak jin zitzaizkion arrestatzera. Baina ene axaitak eta amaren kusi batek zorra pagatu zuten, eta ez zuten arrestatu.

Jokoa ez da errenta, diote.
Zinez ez da! Baina aita jarraiki zen jokalari izaten. Ama ez zen kontent, zeren bazuen errespontsabilitate anitz lanean. Ez dakit aitak zer gezur erraten zion amari, baina badakit ama zazpi hilabeteko izorra zelarik, aita berriz arrestaturik izan zela, eta lau hilabete eman zituela presondegian. Oro hartu zion amari, zorra pagatzeko. Kolpe handi bat izan zen harentzat, eta hortakotz joan zen Liginagako sorlekura, Goihenetxera, eta hortakotz sortu ninduzun ni Liginagan, anartean. Irakurtzen duzu frantsesa aisa?… Idatzi dut liburu bat duela lau urte-edo, kontatzen dut amiñi bat ene historia [Au chemin de Maia], baina ez dut nahi zuri denbora galarazi ene liburu hori irakurtzen...

"Zinez galdu nuen euskara! Liginagara arrajin nintzelarik, osaba Battistak erran zidan:
‘O, baina orain frantsesez mintzatzen zara!’”

Gogo onez irakurriko dizut. Eta etxeko egoerak nola eragin du zure bizian?
Sorlekuan egon ginen sei urte. Eskolako lehen urtea –bost urte nituelarik–, Liginagan egin nuen. Geroztik, ama Atharratzerat joan zen. Bazuen han adiskide handi bat, Felixi; oraino bizi da, Atharratzeko ospitalean, zahar-etxean. Felixiren amak tuberkulosia hartu zuen, eta sanatorio batean sartu zuten. Tabako denda zuen, eta ene amak hango lana egin zuen urte batez. Hola joan ninduzun eskolara Atharratzerat. Geroztik, amak bazuen kusina bat Maulen, alarguntsa. Senarra zenak bazuen espartin usina handienetarik Maulen, baina gazte hil zen, eta amaren kusinak deitu zuen ama, idazkari baitzen, lagungoa emateko. Hiru urte bizi gintuzun amaren kusinaren etxean. Gero, amak galdatu zuen dibortzioa ene aitari, eta arra-ezkondu zen beste gizon batekin.

Zenbat urte zenituen garai hartan?
Hamar. Anartean, lau urtetan ene aita ikusi dut hamabost egun edo hiru aste, ez haboro. Aita presondegitik irten eta Indotxinara joan zen, engaiaturik. Lau urte egon zen han, eta arrajin zenean, Liginagara jin zen gu ikustera, baina axaitak eta axamak ez zuten ikusi nahi, eta osabak eta izebak ere ez, eta orduan Astuera joan ginen, Xuritegira, non sortua zen axaita. Liburuan [Le matriarcat basque] bada argazkia… Axaita Astueko kadeta zen [etxeko bigarrena], axama, berriz, Liginagako etxeko prima [oinordea]. Axaita axamaren etxera ezkondu zen, dotea eramanik, eta axamaren etxearen izena hartu zuen. Hor duzu matriarkatua! Osaba Johañe Parisera joan zen guarda errepublikano lanera, eta osaba Battista Liginagan zen.

Osaba Battista egin zen etxeko premu?
Bai. Izatez, ene amaren ahizpa Madalena zen prima, baina joan zen Parisera lanera eta utzi zuen etxea. Hortakotz bihurtu zen premu osaba Battista. Oroitzen naiz ttipitan, nik hiru urte, ama eta biok Madalenarengana joan ginela Parisera hilabeterendako, eta ni amarekin eta ttanttarekin, metro barnean galdu ninduten! Ez nuen euskaraz baizik mintzatzen, eta ttipi ninduzun, hiru urte! Metroan bazen bide anitz, eta ni jarraiki nintzen ene ttanttaren bidean, eta bazen afixa bat txakur handi batekin, eta hor eklatu ninduzun, eta negarrez hasi nintzen: txakur handi hura, eta ni ama xerkatzen, eta ama eta ttantta ez ziren hor! Eta emazte bat eklatu zen ene kantian [kantoian, ondoan] eta galdatu zidan ez dakit zer, ez bainion deus konprenitzen! Eta horrela galdu nuen euskara.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zer erran nahi duzu, euskara galdu zenuela?
Zinez galdu nuen! Liginagara arrajin nintzelarik, osaba Battistak erran zidan: “O, baina orain frantsesez mintzatzen zara!”. Hola! Hilabete baizik egin genuen Parisen! Uste dut metro barnean galdurik izateak traumatismoa ekarri zidala, eta galdu nuen euskara. Gero, 30 urte-edo nuela, gau-eskolarat joan nintzen Maulen, baina, anartean, frantsesa izan zen ene hizkuntza, eta akulturatu nintzen. Frantses irakaslea izan ninduzun, hori zen ene lana. Frantzian bada irakasleendako konkurtso nazionala erraten dena, eta igorria izan ninduzun Poitiers herrira. Baizik urte bat egin nuen han. Poitiersetik landa, Bordele kantian, Braud-et-Saint-Louisen ere izan nintzen lanean, zentral nuklearra den lekuan; sekula ez nauzu ikusterat joan! Kar, kar…

Baina Euskal Herrira jin zinen noizbait…
Bai, zeren Bordeleko akademiako [hezkuntza departamendua] nagusiak, ikusten zuelarik irakasleak postua beren etxetik urrun zuela, laguntzen zuen herrira edo ingurura itzultzen. Hortakotz izan nintzen Donapaulen, Sohütan, Biarnoko Oloroe eta Nabarrenkoxen… Frantses irakasle. Maulen bizi ninduzularik, nahi nuen euskara barneratu, eta hasi nintzen Mauleko gau-eskolarat. Allande Sokarrosekilan-eta ikasi nuen, Junes Casenaverekilan-eta. Alabadereko irakaslea, Allande! Umore handia ere bazuen! Oroitzen naiz momentu hartan arrestaturik izan zela, IK-koa zelako. Gau-eskolakoak joan gintuzun haren etxera, Etxebarren, eta Allanderen aita negarretan zen: “Gu euskaldunak ephanxin [soberan] gaituzu!”. Erran nahi zuen euskaldunak ez duela lekurik Frantzian.

Nik, berriz, usten nuen unibertsitate irakasle izana zinela. Matriarkatuaz doktore tesi gaitza egina zara, Txomin Peillen zena tesi zuzendari harturik.
Unibertsitateko irakaslea ni? Ez, batere! Doktore tesia egin nuen matriarkatuaz, bai. Txomin Peillen erran duzularik, banituen bi direktore ene tesian. Gure mundua esplikatu nahi nuen, berdintasuna, sexuen simetria, herentzia, kojabetasuna… baina [Claude] Levi-Straussen obra hartu eta ez nuen aski tresna gure mundua esplikatzeko eta, psikoanalisiaz biziki interesaturik bainaiz beti, [Jacques] Lacan jarraiki nuen. Lacanek jakitate handia duela eta psikoanalista ere handia dela pentsatzen dut, eta bera baliatu nuen nire gaiaren beste zenbait alderdi esplikatzeko. Hortakotz, Txominez [Peillen] landa, bigarren direktore bat ere ukan nuen, Tolosako unibertsitateko irakaslea eta psikoanalista ber denboran: Marie-Jean Sauret.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Frantses irakaslea, ofizioz, Maulen bizi zinen, ezkondua eta bi haur… eta, guztiarekin, doktore tesia egin zenuen.
Baina berant egin baitut ene tesia! Banuen 50 urte! Mauletik Baionara jiten nintzen hirugarren graduko kurtsoak jarraikitzeko. Txomin Peillen, Maite Lafourcade… izan ziren ene irakasle. Ordu arte ez nuen sekula pentsatu zer zen gure munduko egitura. Maite Lafourcaderen lanak irakurtzez ohartu nintzen ene axama etxeko prima zela gure Liginagako etxean, axaita joan zela ezkontzera harekin. Maite Lafourcadek ikerketa handi bat egina zuen, mila kontratu baino haboro estudiatu zituen, eta haiek agerrarazten zuten gure gizartean bazela zerbait ezberdin, Europan ez zela halakorik, coseigneurie [gizon-emazteen jabetza komuna] eta abar. Gure mundua interesatzen zitzaidan, anitz.

"Goettner-Abendrothek erraten zuen Europan aspaldi desagerturik zela matriarkatua eta nik hortakotz arrahartu nuen luma, hemengo matriarkatua erakusteko"

Heide Goettner-Abendroth filosofo alemanaren izena ematen duzu matriarkatuaz publikatu duzun liburuaren hastapenean.
Bada jende anitz matriarkatuaz okupatua, eta horietarik da Goettner-Abendroth. Berak erraiten du munduan anitz direla formula matriarkalak, egin zituen inkestak Afrikan, Asian, Amerikan eta Ozeanian, eta unibertsitateko dogma anitz desmuntatu zituen. Levi-Straussek erraten du sexuen tratamendu ezberdina gizartearen oinarrian dela, baina horrek ez du erran nahi emaztea inferiora dela. Goettner-Abendrothek frogatzen du. Horrekin batera, filosofo horrek erraten zuen Europan aspaldi desagerturik zela matriarkatua eta nik hortakotz arrahartu nuen luma, hemengo matriarkatua erakusteko, eta esplikatzeko nola posible izan zen. Adibidez, etxearen inportantzia gaitza. Ene amarena zen Goihenetxe, eta zen axamarena, eta arra-axamarena… eta denak izan ziren prima! Arra-axaita jina zen Etxebarretik, hura zen Zabaletxekoa.

Errana duzu hikak, toka eta nokarekin, esplikatzen duela hobekien sexu identitatearen konstrukzioa, eta sexuen arteko berdintasuna…
Uste dut, bai. Bada berdintasuna gizon eta emazteen artean, eta jenerazioen artean ere, eta uste dut hori gure munduan hizkuntzaren bidez egina izan dela, toka-noka horrek egin du konstrukzio hori. Izan dira hikaren kontrako iritziak ere, apezenak-eta, erranik toka-noka satanen formak zirela. Agian hortik ere jin da nokaren kontrako iritzia, baina egia da emaztea elizan zinez porrokatua izan dela. Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen. Gizonak ez du emaztea dominatzen, ez emazteak gizona menderatzen: bada berdintasuna, sexuak maila berean jartzen dira. Gauza anitz badira hor, ezkontza erritualak, premu eta primak izatea, kadetak kanporat joatea, dotea edo ezkonsaria… Gauza anitz!

                                                                                        *          *          *

Euskara
“Zenbait aldiz traba handiak ditut euskara batua irakurtzeko. Eta, bestetik, Zuberoako euskara maite dut. Beste euskarak ere bai! Ama hil zelarik, bada orain hogeita hamar urte-edo, Lekeitiorat joan ninduzun haren ehortzetatik landa. Banituen bakantzak, eta hara joan ninduzun, euskara baizik entzuteko. Ttipi nintzelarik ama euskaraz mintzatu zitzaidan, baina gero frantsesez mintzatu ginen. Lekeitiorat joan nintzen, bainuen beharra joatea toki batera non jende orok mintzatzen zuen euskara”.

AZKEN HITZA
Lehoiaren mendia zuberoa
Lepo gotorrean gima gorria
sütan txütitü zira
leinürü zaharreko
ürrezko Lehua, Zubero, kexürik orroaz.

Argi gitzazü otoi
otoi orhit zite
sü horreki
zer diozün?

Mendi hegian
sortü nündüa
Orhi mendiaren hunaindian.
Ene orroa ederrez,
ene aztapar zorrotzez
züen aüzoko etsaiak
hürrüntü beharrez nindabilan
züek nahi ala ez.

Ene haziaz horra zaizie
ene ahogozoz gorriturik
oldar hitzen indarrean
eüskara zahar honen garratza.

Züek harri gogorretan
ediren ez düzüen mezüa
ene südürraz senditürik
gordatzen düt gogoan.
(...)

(Txomin Peillenen poemaren zatia, Anne-Marie Lagardek haren hiletan irakurria)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-11-20 | Leire Ibar
Eguberriko merkatu euskalzalea antolatu dute Baionan

Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Elgarretaratzea deitu du EHEk Gorka Torreren sustenguz

“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Iparraldeko eskola publikoen %66 elebiduna izanen da ikasturte honetan

Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


2024-07-24 | Euskal Irratiak
Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


Eguneraketa berriak daude