“Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke”

  • Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek jota, gaztetxo zelarik sexu abusu larriak egin zizkion gizona hiltzeko. Patricia López Arnaiz da emakume hori, Nina, Cocóren ama 20.000 especies de abejas-en edo Anerena Ane filmean ere. Barne indarra eta hauskortasuna begi pare batean bilduta.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Patricia López Arnaiz. Gasteiz, 1981

Aktorea. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen EHUn, Leioan, eta 25 urte zituela antzerki eta interpretazio ikastaroak egiten hasi zen Gasteizko Ortzai Antzerki Eskolan. 2010ean 80 egunean filmean parte hartu zuen eta 2017tik aurrera Baztango trilogian Amaia Salazarren ahizparen papera egin zuen. Geroztik ez da geldirik egon. 2021ean Goya saria irabazi zuen Ane-rekin eta aurten hautagaia izan da 20.000 especies de abejas lanarekin. Denera hogei filmetan parte hartu du eta zortzi telesailetan. Antzerkian La casa de Bernarda Alba egin berri du Alfredo Sanzol iruindarraren zuzendaritzapean eta beste iruindar batekin, Andrea Jaurrietarekin, lan egin du Nina filmean. Malagako Zinemaldian estreinatu eta Kritika Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ostean, maiatzaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara.

Interpretazio maratoi moduko bat izan da Nina-ren filmatzea?
Zalantzarik gabe. Oso lan gogorra izan da. Zauri ikaragarria duen pertsonaia da. Etengabeko sufrimendu horretan une kritiko batera iristen da non mendekurako grina bizia sortzen zaion, ezer galtzekorik ez duelako jada. Herrirako itzulera horrek jendearekin eta lekuekin berriz jarriko du harremanean. Ez dira soilik oroitzapenak, lotura fisikoak baizik. Herrira itzultzen denean Pandoraren kutxa zabaltzen da. Sekuentzia bakoitza zauriaren gainean berriz piko egitea da.

Bost minutuko tentsioz beteriko lehen eszenak jada erakusten du nolakoa izanen den filmaren estiloa…
Lehen planotik oso goian hasten gara. Normalean pertsonaien aurkezpen bat izaten da eta gero tenperatura emozionala igotzen joaten da pelikulak aurrera egin ahala, baina hemen ez.
Andrea Jaurrieta zuzendariak eta biok asko landu genuen hori, lehenago zer gertatu zen argi edukitzeko eta emozioekin konektatzeko.

Testu gutxirekin gauza asko kontatzen duzu, ezta?
Gure lana da pertsonaiaren uneko egoera bizitzea, testua izan ala ez. Nire pertsonaiak ez du atsedenik film osoan. Oinazea eta odola beti daude presente. Ez dago zauri hori ukitzen ez duen plano bakar bat ere.

Iazko maiatzean amaitu genuen sei asteko filmazioa. Oso gustura izan nintzen lan talde zoragarriarekin, Mundakan, baina emozionalki oso lan sutsua izan zen eta horretaz ohartu nintzen bukatutakoan. Etxera iristean faktura iritsi zitzaidan. Bat-batean bajoi itzela izan nuen. Beste filmaketa batzuk izan ditut gogorrak, baina ez hau bezainbestekoak. Egunero hamaika ordu ematen baduzu sexu abusuen egoera horretan sartuta, iruditegi hori elikatzen, higadura emozionala oso sakona da. Sendatze tarte bat behar izan nuen hori dena garbitzeko.

Nola prestatzen duzu pertsonaia?
Lehenik gidoiaren analisi zehatz eta sakona egiten dut. Ideiak idazten noa hainbat zutabetan eskema bat eginez. Gero sintetizatzen dut, zer gertatzen den ondo ulertzeko eta hori dena egin ondoren testua ikasten dut.
Analisi denbora horretan guztian irudimenarekin lanean aritzen naiz aldi oro. Autoa gidatzen edo txakurrarekin mendian nabilenean ari naiz horrekin bueltaka. Gustatzen zait lasaitasun aski izatea sare moduko bat hedatu eta han biltzeko pertsonaia eraikitzeko balio dezakeen guztia: irakurgaiak, musika...

Entseguetan hasi baino lehen dena prest izatea eta proposamen bat eramatea gustatzen zait. Gero hasten da zuzendariarekiko elkarlana eta hor lengoaia komun bat aurkitzea da garrantzitsuena. Giza izaeraren arabera idatzita dagoenean, testu batek ez ditu soilik egoerak eta gertaerak kontatzen, baizik eta pertsonaien bizipenak modu koherentean. Hori dena oso garbi ez badago, zuk zeuk, aktore moduan, falta dena asmatu behar duzu.

Argazkia: Josu Santesteban / CC BY-SA

Nina-ren kasuan jantziek laguntzen dute.
Jakina! Andreak badu oso gustu ona eta alde horretatik niri oso originala eta desberdina iruditzen zait film hau. Badakar proposamen estetiko oso berezia eta indartsua. Oso piktorikoa da. Kolore gorriak, adibidez, berebiziko garrantzia du. Odolaren eta jantzien gorria. Oso zinematografikoa da eta pertsonaia ikoniko bat lortu du. Paisaiak ere ikusgarriak dira. Zineman ikusteko pelikula da argi eta garbi.

Pelikulan oso ongi ikusten dira abusuak zuritzeko patriarkatuaren zenbait justifikazio mekanismo: gu biok oso maiteminduta geunden... gure amodio historia oso polita izan zen…
Hala da. Nire ustez, hemen oso agerian gelditzen da bortizkeria kasu bat dela. Kontsentimenduaz hitz egin daiteke baldintza berdintasuna dagoenean, baina pertsona bat haur edo gaztetxo bat denean, adibidez, harremana erabat asimetrikoa da, adingabe batek ez baitu bizi-ibilbide bat egina aski baliabide emozional izateko eta erabaki libre bat hartu ahal izateko. Eta are hauskorrago bihurtzen da abusua egiten duena figura boteretsu bat denean adin, eskarmentu, estatus sozial edo intelektual handiagoak dituelako.

Espero dut film honek balio izatea delitua zer den identifikatzen laguntzeko. Zorionez, aurrerapausoak ematen ari gara eta gauzak aldatzen ari dira azken urte hauetan. Hori oso ongi ikusten da, adibidez, duela hiru urte Vanessa Springora idazle frantziarrak plazaratu zuen El consentimiento (Onespena) liburuan. Hor kontatzen du nola Gabriel Matzneff 50 urteko idazle ospetsuak seduzitu zuen berak 14 urte zituenean. Pederasta ospetsua zen, jendaurrean eta bere liburuetan neskatila eta mutikoekin oheratzen zela kontatzen zuen harro, eta bere prestigioagatik dena baimentzen zitzaion. Pelikula honetan ere neska oso maiteminduta sentitzen zen, hasieran behintzat, baina horrek ez du justifikatzen abusua.  

Herriaren isiltasun konplizea ere kritikatzen da film honetan.
Bai. Denek egia jakin arren inork ez zion neskari lagundu eta inork ez zuen ezer esan gizon ospetsuaren aurka. Horrek adierazten digu zenbat bortizkeria kasu baimentzen dugun nahita edo nahi gabe. Horregatik, garrantzitsuena da erasotzaileak eta erasoak identifikatzen ikastea.
Ingurune artistiko kulturaletan batzuetan gertatzen da liluramenduak zaurgarritasuna sorrarazten duela.

"Kontsentimenduaz hitz egin daiteke baldintza berdintasuna dagoenean, baina pertsona bat haur edo gaztetxo bat denean, adibidez, harremana erabat asimetrikoa da, adingabe batek ez baitu bizi-ibilbide bat egina aski baliabide emozional izateko eta erabaki libre bat hartu ahal izateko"

Espainiako zinemagintzan jazarpenik sumatu duzu inoiz?
Salaketak agertzen ari dira. Zinemagintzaren alorrean hierarkia nabarmena dago eta, horretaz gain, lan egiteko behar handia. Horrek guztiak leku zaurgarri batean jartzen ditu emakume asko. Hala ere, duela 40 urte normaltzat hartzen ziren portaera batzuk orain ez dira onartzen eta biktimek, ausardia handiz, salatzen dute, haien lan etorkizuna jokoan jarri arren.

Zein da film honen mezu nagusia?
Hau western bat da. Mendeku gosea da protagonista mugiarazten duena. Gertatzen dena da mendekua beti gizonek bereganatu duten zerbait dela. Nina José Ramón Fernándezen izen bereko antzezlanean oinarrituta dago, eta hori, aldi berean, Chejoven Kaioa-n. Lan horietan barkamena eta maitasuna lehenesten dira, eta film honetan, ordea, mendekua da helburua. Erakusten du emakume batek ere mendekua har dezakeela. Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke. Ahalduntze ariketa bat da, finean.

Duela gutxi Angustiasen papera egin duzu La casa de Bernarda Alba antzezlanean. Loturarik ikusten duzu bi pertsonaien artean?
Bai. Biak dira sexu-indarkeriaren biktimak. Tragedia hau erraietatik ateratzen zaio Lorcari. Muturreko egoera da. Angustiasentzat Peperekin ezkontzea etxe itogarri horretatik ateratzeko bere azken aukera da, Ninarentzat bezala. Bernarda eta bere alabak dira sistemak bortxaz moldatutako pertsonak, sistema bera betikotzera kondenatuta.

Bernardaren etxeak sistema irudikatzen duen mikrokosmos bat da eta Angustiasek handik eskapatu nahi du, baina ohartu egiten da kanpoan dagoena ez dela askoz hobea. Emakume izanda, ihes egiterik ez dago.

Argazkia: Josu Santesteban / CC BY-SA

Mundu hobe bat ezin daitekeela lortu pentsatzea frustragarria da ezta?
Jakina, baina hori da pertsona askok munduan bizi duten egoera esklabotza, pobrezia, prekarietatea edo indarkeriarengatik. Hori hala da eta ez da beste alde batera begiratu behar.

Gogorik zenuen antzerkira itzultzeko?
Bai, handia. Azken finean, nire jatorrira itzultzeko aukera bat izan da eta honetan zergatik nagoen birpentsatzen lagundu dit. Oso hilabete politak izan dira otsailean estreinatu genuenetik, baina amaitu dugu jada. Madrilen bi hilabetez aritu gara eta beste bost hiritan egon gara, tartean Iruñean, bertakoa delako Alfredo Sanzol zuzendaria. Oso ederra izan da dena eta orain berriro zinema egiteko beharra sentitzen dut.

Oso pertsonaia intentsuak egin dituzu, bereziki azken sei urte hauetan. Zergatik bilatzen zaituzte, zure ustez?
Hori zuzendariek esan beharko lukete. Andreak esan zidan hauskortasuna eta indarraren arteko nahasketa zela nahi zuena. Niri western bat egitearen ideiak harrapatu ninduen. Kode hori esploratzea oso interesgarria izan da, bereziki kode hutsean ez garelako gelditu. Western bat egitera jolastu gara, baina protagonista den pertsona horri barrutik zer gertatzen zaion ikusiz.

Erabaki gogorra izan zen zuretzat aktore profesional bihurtzea?
Antzerkia ikasten 25 urterekin hasi nintzen, baina nire asmoa ez zen profesionala izatea. Nik publizitatea ikasi nuen Leioan, baina ez zitzaidan gustatu eta bukatu nuenean joan nintzen taberna batean lan egitera. Hainbat tokitan aritu nintzen, besteak beste ikastola bateko jantokian monitore gisa. Beti izan dut barruan dudana erakusteko beharra eta horretarako hainbat bide arakatu izan ditut.

Gaur egun nire agentea denak eskolako antzokian ikusi ninduen eta proiektu batean lan egiteko deitu zidan. Horrela Moriartiren 80 egunean filmean parte hartu nuen, baina gero lanean eta ikastaroak egiten jarraitu nuen. Tarteka iristen zitzaizkidan gauzatxoak, esaldi bateko pertsonaiak. Egiten nituen, baina ez nuen bereziki gozatzen. Ez nekien lanbide gisa gustatuko zitzaidan ala ez. 36 urterekin, duela zazpi urte, bat-batean Baztango trilogiarako egin nuen proba bigarren mailako pertsonaia baterako eta hor konturatu nintzen lan hau benetan gustatzen zaidala. Pertsonaia bat egin behar nuen eta ikusi nuen ikasitako guztiak balio zidala horretarako. Eskatu nuen eszedentzia lanean, badaezpada ere, baina hainbat lan eskaintza hasi zitzaizkidan etortzen eta azkar utzi nuen. Orduan bidali nuen mezu bat baja boluntarioa eskatzeko eta hura une gogoangarria izan zen. Atzera bueltarik gabea.

Oso urte biziak izan dira. Ordura arte niretzat lana diru iturri bat izan zen eta orain, aldiz, nire bizitzaren erdigunean dago. Dena antolatu behar duzu ardatz horren inguruan. Dena aldakorra da. Errutinarik ez dago.

" Euskal Herriko zinemagintzan kalitate handia dago eta euskararen presentzia ari da normalizatzen pantaila handian”

Eta zer moduz daramazu aldaketa?
Uste dut nire izaeran ba dela zerbait horrekin zerikusirik duena, baina badago ere iturrira itzultzeko beharra. Arabako herri batean bizi naiz eta, lan eta lan artean behar dut etxera itzuli eta familiarekin eta nire jendearekin egon. Tarteka erretiroa behar izaten dut. Kanpora ateratzen zarenean estimulu asko dago. Esposizioa ikaragarria da. Zaila da imajinatzea zinemaldietara joatea edo promozio lana egitea zein nekagarria den. Errodaje batek baino gehiago higatzen zaitu askotan. Egia esan, gainezka egiten dudanean herrira joan eta han sendatzen naiz. Bestalde, oso lan polita da eta berehala pizten zait ilusioa proiektu berriak iristen zaizkidanean.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko zinemaren egoera?
Momentu oso onean dago. Filmazio piloa egiten dira eta, horretaz gain, sortzen ari den hemengo zinema mugimendua oso interesgarria da. Kalitate handia dago eta euskararen presentzia ari da normalizatzen pantaila handian. Horrekin muga handi bat gainditu da. Azkenaldi honetan bistan da kanpoko jendeak gogoa daukala hemen egindako zinema ikusteko. Talentu itzela dago.

Etorkizun hurbila nola dakusazu?
Maiatzaren 20an pelikula berri bat hasiko gara filmatzen Euskadin eta Madrilen, eta horretan protagonista izango naiz. Eta udan atseden hartzeko asmoa dut.

                                                                                             *           *            *

AZKEN HITZA

Western bat
"Marmitako edo Matxitxako western deitu diote Nina filmari. Mundakan filmatu da, baina existitzen ez den herri batean kokatzen da istorioa. Nahasketa bat da. Gidoia irakurri nuenean Errioxako Cenicero, nire aitaren herria, etorri zitzaidan burura. Kasinoa, orkestra, prozesioa... txikitako udak gogoratu nituen. Baina Andreak kostaldean kokatu du. Itsasargiaren argi-sorta hori, aldika gauzak erakusten eta ezkutatzen dituena, irudi polita da. Metaforaz betetako filma da, pertsonaia nolakoa den eta zer bizitzen ari den irudien bidez erakusten duena".      


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Eguneraketa berriak daude