Pastoral bat Iruñearendako

  • Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean bertan, baina honen prestaketa lanetan ezinbestekoak diren beste batzuk ere badira, hala nola idazlea, jostunak edota logistika kontuez arduratzen direnak. 2015ean ikusi zuen Iruñeak bertako jendeak sorturiko lehen pastorala, Joxemiel Bidador. Bigarrena da aurtengo hau, Julia Fernandez Zabaleta sujet duelarik.

Argazkia: Ivan Aguinaga
Argazkia: Ivan Aguinaga

Burgoen Plaza hartu zuen Joxemiel Bidador, Iruñeko Euskaldunak pastorala gogoan, pentsa daiteke duela ia hamar urteko haren jarraipena dela 2024ko Julia Fernandez Zabaleta. Zerikusirik izan bai, baina bere horretan jarraipena dela ez lukete esanen aurtengo pastoralaren lanketa-prozesuan buru-belarri dabiltzan Ihitz Iriartek eta Irantzu Fernandezek: “Lau elkarteren artean antolaturiko pastorala izan zen Bidador. Lau horien artean bazen Zaldiko Maldiko –Iruñeko Alde Zaharreko Kultur Elkarte bat da–, eta lehen pastoral hark jende multzo handia bildu zuen. Gero, egia da ere, horren ostean segituan hasi zela kantu tailerra Zaldiko Maldikon eta pastoraletik ere jende bat etorri dela kantu tailerrera, baina jadanik pastoral horretan zegoen jende batek bazuen bere kantu tailerra edo dena delakoa”.

Irantzu Fernandez iruindarrak gorpuztuko du Julia Fernandez Zabaleta, eta Ihitz Iriart taula zuzendari izanen da. Xiberotarra da sortzez Iriart, baina Iruñean bizi da duela zazpi urte. Zaldiko Maldiko elkarteko bazkide da, eta berak gidatzen du aurrez aipaturiko kantu tailerra, 2024ko pastoralaren sorburuan dagoena: “Beste jarraipen punturik balitz da agian jendearen imajinarioan lehen pastorala ikusi zuela, eta agian bigarrena ikusiko duela; beraz, jarraipen bat bada zentzu horretatik ere”. Hala ere, bigarrena denez, ohitura denik ezin esan oraindik, Iriarten iritziz.

Argazkia: Ivan Aguinaga

Bada, nolanahi ere, berezitasun aipagarririk, Iriarten esanetan: “Bidador pastoralaz oso proposamen desberdina izanen da, idazlez aldatu baitugu [Jon Alonso izan zen lehenengo hartan; Mikel Taberna da oraingoan] eta kantatzen den garaia ere desberdina da, baita aktoreak eta musikariak ere. Taularatzeko momentuan ere pentsatzen dut denak desberdin gaudela, urteak pasatu baitira. Kasik hamar urte beranduagoko pertsonez egina da; bada salto bat.”

Bidador pastoralean Iruñeko bestelako pertsonaia euskaldunak ere agertu ziren taula gainean eta Julia Fernandez Zabaleta izan zen horietako bat, beraz, aurtengo sujetaren hautuak ere badu aitzindaria. Kasualitatez edo kausalitatez, duela bederatzi urteko pastoraleko Julia Fernandez haren ahotik bezalaxe, aurtengoan ere Irantzu Fernandezek eginen du kantu.

Argazkia: Ivan Aguinaga

Zergatik Julia Fernandez Zabaleta?
1898an Iruñean jaiotako emakumea izan zen, Dormitaleria karrikan zehazki. Aita katedraleko organo-jotzailea izanki, hortxe parean bizi ziren. Gazte zelarik euskaldundu zen, urtebetean uste denez, eta segituan hasi zen han-hemen hitzaldiak ematen. Doneztebera gonbidatu zuen halako batera, adibidez, Euskaltzaindiak berak. Horrez gain, pedagogikoki ere aitzindari izan zen, Iruñeko Udalaren beka bat lortuta joan baitzen Bartzelonara Maria Montessorirekin ikastera. Bertatik itzuli, ikasitakoa egokitu eta irakasle lanetan hasi zen. Emakume Abertzaleen Batzako (EAB) kide aktibo ere izan zen eta ez zen sekula emakumearen presentzia aldarrikatzeaz nekatu. Juliaren pertsonaia bere egin duen Irantzu Fernandezek zera dio: “Ildo pedagogiko berritzailea alde batetik, abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna bestetik eta horri aldarri feminista gehituta… eta hori dena bizi izan zuen garaian… Holako figura bat hemen izatea eta horren ezezaguna izatea… baina nola liteke? Niri iruditzen zait benetan pastorala eta edozer gehiago merezi duela emakume honek”.

Erbestera ere joan behar izan zuen: “Ez da bakarrik egin behar direla gauza horiek eta beraz egiten ditu, ezta? Hor bada benetako arrisku bat… Beti zetorrenari aurre egiten”.

Jendez bete zen lehen saioan Iruñeko San Frantzisko eskola. Argazkia: Ivan Aguinaga

Eta zergatik pastoral formatuan?
Hori zelako helburua. Kantu tailerrean kantuak ikasi eta ikasi eta errepertorioa handitzen zihoazela ikusten zuten parte-hartzaileek, baina kontziente ziren Iruñean ikuskizun moduan izan ezean, ez dela sobera leku kalean kantuan gustura aritzeko. Bazkalburuetan-eta tarteka sortzen dira kanturako momentuak, baina kalean kantuz aritzeko ohitura handirik ez dago, ez bada data puntualetan, Eguberrietan edo Sanferminetan kasu. “Garai batean debekatu zen, eta beno, horrek uste dut ongi funtzionatu duela. Orain musika tabernetan besterik ez dago, eta horrek ekartzen du gurea bezalako kantu tailer bat ez dagoela egina ikusgarri formatuan aritzeko, baizik eta helburua zela tailer horretan dagoen pertsona bakoitzak ikas zezan euskal kantuan gehiago, jabetu zedin daukagun ondare zahar eta berriaz”, azaldu du kantu tailerreko gidariak.

Gauzak horrela, proposamena eraman zuen Iriartek kantu tailerrera: “Ariketa bat eginen dugu: pastoral bat”. Buruan izanda ere, hastapenean helburua kanpora ematea izan gabe, pastorala landu eta behar bezainbeste denbora hartuko zutela argi zuten. Kanpora emateko aukera mahaigaineratuta, baiezkoa ematera animatu ziren parte-hartzaile gehienak.

Argazkia: Ivan Aguinaga

Zer ematen dio pastoralak Iruñeari?
Hiriari ematen dionaz ez du hainbeste pentsatu Fernandezek, baina ziurtatu du iraupenaz beldur izanda ere, etorriko denari ez zaiola damutuko: “Bakarrik emakume hau ezagutzearekin baduzu zerbait irabazia”.

Bertako jendeak egindako kontua izatea azpimarratu nahi izan du, aldi berean, Juliaren rola jokatuko duenak:  “Bistan da ez garela profesionalak, eta horrek badu xarma, etxeko pastorala da. Jelkaldi edo jalgialdi batean agertzen dira, adibidez, zazpi apaiz. Eta esaten duzu, nola lortuko dugu? Bueno, ba… txukun. Jostunak-eta baditugu, ez da holako muntaia izugarria, baina gure xumetasunean, txukun”.

Iruñeari ekarri diona ikusleak esanen duela erantzun du Ihitz Iriartek, baina “oroitzapen polit bat, Bidador izan den bezala, buruetan dagoen zerbait, egiten dakigun zerbait…” ziur.

Taldea, batuta
Zaldiko Maldikoko kantu tailerragatik elkar ezagutzen zuen jendeak orain beste modu batean ezagutzen duela gehitu du taula zuzendariak: “Bada etengabe hartu-eman bat, behar-beharrezkoa dena denak ongi funtzionatu dezan, ulertzea taldean funtzionatu behar dela, zuk zurea ongi egiten baduzu ez dela nahikoa, badira hor balore batzuk nahi eta nahi ez integratzen direnak… Ez dut esan nahi horrek bizi guztirako balioko diela, baina beharbada bai”.

Horretaz gain, musika eta kantu idazleen hautaketa ez da ausaz egin: “Agian pastoralean inoiz aritu ez den jende bati egin zaio proposamena, ez dadin gehiago pastorala horren urruti izan haiendako”. Iriartek defendatu du parada eman zaiola bertako pertsona gazte, emakume edo pastoralerako sekula idatzi ez duten pertsona batzuei, eta garrantzia berezia duela horrek.

Argazkia: Ivan Aguinaga

Iruñekotua
Walter Benjaminen artearen autentikotasuna-ren definizioari erreparatuta, autentikotasuna-ren existentzia bere aura-ren araberakoa izanen dela aipatzen du. Hau da, arte espresioa autentikoa izanen da, baldin eta aura baldin badu, hots, baldin eta hemen eta orain bati erantzuten badio. Modu horretan eutsiko dio bakarrik arte adierazpenak bere funtzio sozialari.

Ildo horretatik mintzatu da Iriart: “Beti ber gaia, ezta? Pastoral bat egin hemen, baina balio dezan hemengo jendearentzat, hemengo erreferentziekin. Hori bada ere pastorala jendeak hurbilago eta bereago sentiarazteko modua, ze beti lotzen zara gehiago zurea den mundura-edo”. Zuberoako “ohiko” pastoraletako zenbait ezaugarri moldatzeko lizentzia hartzeko arazorik ez du izan aloztarrak: “Ez dugu funtzionatu Xuberoan bezala jelkaldi bat = melodia bat, baizik eta ideia baten inguruan mantentzea musika berbera. Deliberatu da ere jolastea musikalki soinuekin. Hori ere ez da ohikoa berez, baina bada tresna bat baliatu duguna. Fanfarre batek eginen ditu urdinen, beraz, onen sarrerak eta gaitek joko dituzte gorrien, gaiztoen, sarrerak. Denak elkarrekin daudenean, denek joko dute”.

Bide horretatik, azaldu du Iriartek, bertako jendeari euren errituala sortzeko proposamena dela honakoa: “Jendeari etengabe ematea da informazioak eta kodeak, gero erreferentzia horiek berriro ematea erritu bat bilakarazteko”.

“Jakina, ohituta gaude aktoreak Zuberoan musika jakin batzuekin sartzen eta ateratzen ikustera. Hemen dena dago gurera egokitua eta hori oso gauza polita da”, gehitu du Fernandezek. Pastoralean zehar kantatzen dituzten kantu denak, melodiaren bat salbu, espresuki sortuak izan dira pastoralerako eta horrek emanaldia bera aberastu egiten duela bat datoz bi partaideak.

Ebidentziak azaltzen
Hamar urterekin hartu zuen lehen aldiz parte pastoral batean Ihitz Iriartek Atharratzen, eta beste hainbatetan aritu izan da gerora ere, rol desberdinetan. Taula zuzendari edo errejent gisa, aldiz, ez du sekula izan harremanik Zuberoako pastoralekin. Ez daki inoiz eginen duen, proposamena izan baitu, baina zalantzati dago: “Justuki kontraesan asko dauzka nik pastorala ikusteko dudan manerarekin eta ez lidakeelako emanen ere, adibidez, pastoral honetan lan egiteko modua: parte hartzaile gutxi, baina aktiboak”. Pastoral honetan parte hartzen duen edozein aktiboa dela aldarrikatzen du Iriartek: “Noski, bada taula zuzendari bat azken hitza duena, hori hastapenetik esan nuen, ezin gara 30 egon dena negoziatzen. Zuberoan ehun aktore daude, ezin duzu ber moduan parte hartu, hauei tokatu zaie jadanik Zuberoako herriko pastoral bati konparatuz agian beste forma batez pastorala ezagutzea”.

Horren erraza izan ez dena imajinarioaren lanketa izan da. Julia Fernandez Zabaleta pastoraleko arizale gehienak lehen aldiz ari dira pastoralean: “Horrek esan nahi du kode asko esplikatu behar direla:  makila nola ibiltzen den, zein den melodia, zein den kantatzeko modua, zein diren baseak ongi funtzionatu dezan, zer den pastorala… Ate gorria, ate urdina, nondik sartu behar duzun, nondik ez… Pastoralak txikitatik hurbil izan dituenarendako ebidenteegiak direnak azaltzen ibili da Ihitz Iriart azken urte eta erdian.

Aldi berean, ezezagutzak abantaila batzuk ere badakartza eta proposamenak muga gutxiagorekin egiteko aukera izan dute aktoreek: “Gauza batzuk inuzenteak direnak, baina bederen, proposamenetarako iturria irekia da eta proposatzen diren ideia batzuek balio dute aplikatuak izateko hemen”.

Publikoaren aurrean, bi aldiz
Erreportajea argitaratu aurreko astean egin zuten lehen saioa eta maiatzaren 12an emanen dute bigarren aldiz. Artean lehen saioa egin gabe zutela, urduritasun puntu batekin baina oso gogotsu mintzatu zaigu Irantzu Fernandez: “Bidadorrekin izan genuen esperientzia, hori nik ez nuke aldatuko deusengatik. Holako subidoirik ez dut izan nik…”. Eta Iriartek, barre artean: “Bai, Korrika eta Pastorala”.

“Publikoarekin ohartuko dira hauek ere ze lan egin duten”, aipatu du pastoraleko errejentak. ”Publikoak bere jarrera ere aldatu eta egokitu beharko du. Pastoral luzeagoa izanen da aurrekoa baino eta hori ere bada oso interesgarria. Parte hartzen ahalko dute, noski, ze erreakzioak-eta pastoralaren parte dira, baina haiek ere egokitu beharko dute pastoral berri honetara. Ez da publikoa hezten dela, baina zentzu batean bai, horregatik da hau politikoa”.

Emaitza kalitatezkoa izan dadin, pertsonaiari eta testuari eman diote, batez ere, garrantzia parte-hartzaileek. “Saiatu gara beharrezkoa ez zena bazter uzten. Pastorala xumea da eta ez goaz Iruñea petatzera, baina bagoaz kalitatezko lan polit batekin esku artean eta gogoz jendeak lan horren guztiaren ezagutza izan dezan”.

Bidador pastoraleko bertso eder bi kantatuz eman nahi izan dio bikoteak amaiera solasaldiari:

Ezin gintezke engaina
Xumetasuna gu gara
bizirikan gaude baina
egin dezagun algara.

Hemen jaio, hemen hazi
hemendik kanpo ezin bizi
Eta duena merezi
euskaraz adierazi!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pastorala
2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


‘Inesa de Gaxen’ pastoralak beste bi emanaldi eskainiko ditu irailean

Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]


Irantzu Fernandez eta Belen Ausejo
“Arlo askotan aurrekaria izan zen Julia Fernandez Zabaleta, nortasun handiko emakumea”

Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.


2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


2022-09-06 | Jon Torner Zabala
‘Pastorola’: Handituz doa euskarazko rol jokoen eskaintza

Rolariak elkarteko kide Pello Gutierrezek sortu du Pastorola rol joko kolaboratiboa, Zuberoako pastoralen narratiba eta egitura oinarritzat dituena. Euskaraz jokatzea helburutzat hartuta, pasa den urtean Adur rol jokoa aurkeztu zuen elkarteak. Bide horri eutsi dio... [+]


Xaretan pastoral bat emango dute lehenengoz

Urriaren 15ean eta 16an izango dira emanaldiak, Zugarramurdiko leizeetan; Xareta eskualdean lehenengoz egingo da pastorala.


Eguneraketa berriak daude