Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko borroken kontakizunean sumatzen duten "hutsuneari beraien alea jarri" nahi diote, emakume ahotsean: "Euskaldun eta emakume gisa zapaldu ninduten, eta gehien min ematen zidan moduan, alabarengandik bereizita eta berarekin euskaraz komunikatzea zigortuta", adierazi du Txapartegik bete-betea zegoen Asteasuko Udaletxeko aretoan. Apirilaren 23an egin dute aurkezpena, Txapartegiren amaren egunean: "Ama-alaben artean era askotako harremanak daude. Denbora askoan egon zen gure zain eta gu itzuli ginenean joan zen bera". Borroketan bizi izan diren harremanak, minak eta elkartasuna "beti kolektiboak" direla azaldu du. Izaro Lizarragak bide berean adierazi du: "Egoera bera bizi duten ume asko eta asko daude herri honetan, libururik ez dutenak. Haiek izan ditut gogoan ilustrazioak egiterakoan". Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian egingo dute hurrengo aurkezpena, ostegun honetan 18:00etan.
2016ko apirilean atxilotu zuten Nekane Txapartegi, Suitzako kartzelan. "Orduan egin ginen ikusgarri", seinalatu du; izan ere, erbestean jaio zen alabari "piraten bizitza" zeramatela azaldua zion ordura arte. Egoera gordinenetan ere "haurrei ez zaiela gezurrik esan behar" aldarrikatu du, "egoerak azaltzeko moduak" bilatu behar direla eta haurrek "ulertzeko hitz gutxi" behar dituztela: album ilustratu hau erreminta izatea nahi luke, hainbat gairi buruz helduak eta umeak elkarrizketan jartzeko eta hausnarketak egiteko. Ordura arte 24 orduz elkarrekin bizi ziren ama-alabak bereiztea ekarri zuen Suitzako kartzelaldiak, eta Zenbat lo liburuak tarte hori jaso du: ama-alabak bereizi zituztenetik berriz elkartu ziren artekoa.
Asteasuko eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonez bete-bete egin zen Udaletxeko aretoa, eta Nekane Txapartegik aitortu zuen alabari kartzela barrutik idatzi zion lehen gutunean zer esateko beharra sentitu zuen: "Nik ez zaitut abandonatu". Kartzelak amatasuna bere aurkako zigor modura erabili zuela azaldu zuen: "Alaba umerzurtz etxera eramango zutela esaten zidaten eta berarekin nituen bisitak kristal bat erdian genuela ziren. Oso gutxi hitz egiten da emakumeen borrokaz eta gure umeen kontra ere zuzenean jo dute, haienak ez dira kalte kolateralak". Gizartean "zigor soziala" ere badagoela salatu du: "Kartzelan dagoen ama, ama txarra, bere lekua utzi duena".
Inkomunikazio zorrotza ezarri zioten Txapartegiri eta egoera horretan barrutik espero ez zituen arte adierazpideak atera zituela gogoratu du irribarrez, alabari bidaltzen zizkion gutunak, poemak, irudiak eta komikiak gogora ekarrita. Horien artean, pirata banda baten komiki bidezko istorioak nabarmendu ditu. Horrela zioen alabari idatzitako gutun batean: "Espetxeko zuzendariari idatziko diot alferrik dabilela esanaz, ez duela lortuko gure arteko maitasuna itzaltzea".
Ama-alaben arteko harremana zerbait pertsonala izanik ere, "dena dela kolektiboa" zehaztu du Txapartegik: "Ama eta alaba asko daude, min asko daude. Min kolektiboak dira eta horiei denei leku egin behar zaie, inor ordezkatu gabe. Pertsona bakarrek ez dute ezer egiten, denok elkarrekin egin dugu bidea. Bai Euskal Herrian eta bai Suitzan piztu zen elkartasun sareari esker ere eusten zen alaba eta bion harremana. Nik banekien bera ongi zainduta zegoela kanpoan, hori gabe zailago egingo zitzaidan barruan eustea". Izan ere, elkartasun handia sortu zen Suitzako gizartean eta Free Nekane kanpaina izan zen guztiak batu zituen ardatza. "Free Nekane, bai, baina free amatxo. Zu nire ama ere bazara", aldarrikatu zuen bere lekua borroka kolektiboaren barruan orduan 7 urte zituen alabak.
Izaro Lizarragak eta Iraitz Lizarragak adierazi dute argi zutela historia "ez zutela biktima posiziotik kontatu nahi, subjektu aktibo izango zirela album ilustratuko bi protagonistak".
Amaia Agirrek dotore gidatu zuen aurkezpena. Bertso bidez eman zuen liburu honek egiten duen ekarpenari buruzko bere iritzia, eta Amaren bularra, haurraren janari kantu ezagunaren doinuan berariaz jarritako bertso sorta hunkigarria kantatu zuen. Liburuaren irakurraldi laburrak entzun ziren audioz eta ilustrazioen sortze prozesua erakusten zuen bideo baten bidez ere bai. Agirrek egin zizkien galderak Lizarraga artistei eta Txapartegiri, eta hau izan zen horietako bat: zergatik atera duzue euskaraz eta alemaneraz?
Txapartegik bere "minen hizkuntza" euskara dela esan zuen eta liburu hau euskaraz egitea "hautu politikoa" dela: "Preso gisa nire hizkuntza politizatua izan zen. Euskaraz idazten banion alabari gutuna beranduago iritsiko zitzaion, etengabe hautatu behar nuen bi ondorioen artean". Historia Zurichen gertatzen delako eta "han piztu zen mugimenduari aitortza egiteko" alemaneraz ere idatzia dago album ilustratu hau, baina Txapartegiren hitzetan, "ez alemanera jasoan, guk erabiltzen genuen kaleko alemaneran baizik. Umeek ulertzeko hitzetan kontatu nahi genuen. Baina konturatu naiz izenburua, Zenbat lo, oso euskarazko moldea dela, oso zaila beste hizkuntzetara itzultzeko".
18/98 makrosumarioan atxilotu eta torturatu zutenetik 23 urtera, espetxeari ihes egin zionetik hamabostera, apirilaren 5ean bueltatu zen etxera Nekane Txapartegi asteasuarra. ARGIAren Lasarteko egoitzara bisitan, hitz egin digu erbesteaz, euskaraz, torturaz, feminismoaz,... [+]
Astearte goizean Auzitegi Nazionalean aurkeztu eta gero, arratsalderako Asteasu sorterrian zen. Dokumentu faltsutzea leporatuta epaituko dute Madrilen, baina ez diote kautelazko neurririk ezarri. ARGIAko kolaboratzailea da Txapartegi.
Nekane Txapartegik salatutako torturak aipatu ditu Nils Melzer NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak elkarrizketa batean: “Goi instantziek esan zidaten: ‘Ezin dugu publikoki salatu espainiarrek torturatzen dutela, Madril lagun inportantea baita guretzat... [+]
Arratsaldeko 19:00etan plazan egin da elkarretaratzea. Bertan irakurri dute Nekane Txapartegik Suizatik bidalitako eskutitza (hemen osorik irakurgai).
Suitzan idatzitakoa eta Asteasun, azaroaren 20 iluntzean egin zen elkarretaratzean irakurritako gutuna.
Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]
Espainiako Audientzia Nazionalak deklaratzera deitu du Nekane Txapartegi, eta abokatuek eta bere inguruan sortu den mugimenduak egindako lanari esker, bideokonferentzia bidez egin ahal izango du Bernatik.