“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

  • Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu zuten ekitaldia: emakume migratzaileenak, Euskal Herriko emakumeenak eta emakume transenak. Bertan izan ziren ikertzaile eta lekuko gisa Karla Guevara Colectivo Alejandriako kidea, eta ikertzaile eta lehenengoaren laguntzaile gisa Alejandra Burgos, Colectiva Feminista para El Desarrolloko kidea. Biak salvadortarrak. Hauteskunde osteko testuingurua izaki, Euskal Herrira ekarri zituen arrazoiak beste galdera sortu zituen euren herrialdeak. Bi kontu horiek ardaztu dute elkarrizketa.

Alejandra Burgos, Colectiva Feminista para El Desarrolloko kidea: "Gure eskubideak ez dira beti izan ziurrak, horregatik ez dugu estatuan jartzen gure esperantza osoa: gure esperantza dira kolektibitatea eta gizarte sare komunitarioak". / Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA.

Epaimahai sinboliko baten parte zaretelako etorri zarete Bilbora. Zer dela eta hartu duzue horretan parte?

Alejandra Burgos: Colectiva Feminista Para El Desarrollon, Mugarik Gaberekin batera, urtebetetik gora daramagu babes integral feminista lantzeko prozesu batean murgilduta. 2013 inguruan horrelako beste epaimahai batean hartu genuen parte, abortuagatik kriminalizatutako emakume salvadortar baten kasuan. Aurten, El Salvadorko emakume transen egoera plazaratzeko aukera ikusi dugu, jasaten dituzten indarkeriak osatzea garrantzitsua dela uste baitugu; baina El Salvadorren ezin dezakegu egin. Horregatik, hemen egin nahi dugu, justiziari ekarpen hori egiteko. Proiektu honek hainbat lan ildo ditu, babes integral feminista da euretako bat. Hemen gaude proposamen honetaz ikasteko, eta ni, batez ere, Karla laguntzeko etorri naiz, bera lekuko baita.

Karla Guevara: Beti esan izan da emakume transek ez dugula indarkeria matxista jasaten, gurea bazterkeria edo estigma baizik ez dela. Baina ez da horrela, jaiotzatiko indarkeria jasaten dugu. Emakume transak indarkeria sistema amaigabean bizi gara. Sistema patriarkal horrek, Erdialdeko Amerikako herrialdeetan are konplexuagoa denak, gorroto du femeninoa den oro. Emakume zisgeneroek jasaten duten indarkeria emakume izateagatik jasaten dute; emakume transok jasaten dugun indarkeria sistema patriarkalaren transgresore garelako jasaten dugu, gizon izendatzearen “pribilegioa” eman zigulako. Transgresio hori barkaezina da gure sisteman. Ez da bullyinga, indarkeria instituzionala da. Hona etortzearen ideia da, hain zuzen ere, indarkeria horiek erakustea eta osatzea, era sinbolikoan.

Urtebetetik gorako prozesua izan da. Zelakoa izan da?

K. Guevara: Prozesuaren parte izan da emakume transak elkarrizketatzea, beraiek jasandako indarkeria matxistak aztertzea eta patroi komun bat zehaztea. Elkarrizketa asko egin dizkiegu emakume transei, horietako bat neu izan naiz. Ni nire lekukotza ematera nator, baita nire kideena ere.

A. Burgos: Lehenengo bakarkako elkarrizketak egin genituen, eta gero kolektiboak. Bertan izandako kide askok sekula ez dute pentsatu zer izango litzatekeen erreparazioa eurentzat. Oso eskertuta nago aukera honengatik eta Karlak bere istorioa kontatu nahi izan duelako, ez baita erraza izan. Eta oso pozik nago erreparazioa zer den pentsatzen hasi gaitezkeelako.

“2022ko abuztuan epaimahaiak izen eta genero aldaketak onartu zizkidan. Hiru urte horiek indarkeriaz betetakoak izan ziren”

Zer da, bada? Zertan lagundu dezakete epaiketa sinbolikoek?

K. Guevara: Indarkeria matxistek eragina dute bizitzako hainbat eremutan. Lehenik eta behin osatzea behar da. Estatua osatzearen arduraduna denean eta ez duenean hori ziurtatzen, mota honetako epaiketek egiten dute erreparazioa: esaterako, hil zituzten emakume transen izenean egindako eskulturak edo izendatutako kaleak. Sinbolikoa da, baina eragin handia du gizartean eta komunitatean.

A. Burgos: Guk egin ditugu horrelako saiakerak. Iaz egin genuen Manuelarentzako Justizia Herrikoia Jaia izena eman genion ekimena. Emakume hori kriminalizatu zuten abortuarengatik, ondo diagnostikatu gabeko minbiziaren ondorioz gertatu zena, eta estatuaren zaintzapean hil zen. Erdialdeko Amerikako Giza Eskubideen Epaimahaiari aurkeztu genion kasua eta El Salvadorko estatua zigortu zuen. Baina, hori horrela ere, estatuak ez du publikoki onartu injustizia hori. Horregatik, guk bere familia lagundu nahi genuen. Estatuaren errua izan zela publikoki onartzea osatzeko bidea izan da familiarentzat. Marko horretan, hemengo epaimahaian parte hartu nahi genuen, El Salvadorko emakume transen justizia osatzailea lortzeko.

El Salvadorko Gobernua aipatu duzue. Momentuotan, egoera politikoa konplikatua da: bi urtez salbuespen egoeran egon ostean, Nayib Bukele presidenteak bigarren aldiz irabazi ditu hauteskundeak, gehiengo absolutuz. Zelan dago egoera?

A. Burgos: Emaitzek ez gaituzte harritu, baina bai sumindu. Denbora asko da El Salvadorren ez dagoela oreka demokratikorik. Eskubideen arloan aurrerapauso batzuk egon ziren mugimendu askoren lanari esker, baina azken urteetan atzerapen demokratikoak egon dira, eta hori gure agendetarako, agenda feminista eta LGTBIrako, txarra da. Horregatik, guretzat garrantzitsua da egoerari buruz berba egitea: bisita aprobetxatzen ari gara erakunde askorekin batzeko eta gure kezkak azaltzeko, baina baita deialdi bat egiteko ere, mugimendu internazionalistak ez dezan El Salvador atzean utzi.

K. Guevara: Datuek kontakizuna hiltzen dute, eta gobernuak eraiki duen narratiba deseraiki behar dugu. Feministek, LGTBIQ+ komunitateak eta ekologistek daramagu borroka honen gidaritza, guk daukagu hau salatzeko boterea. Hauteskundeen emaitza irregulartasun askoren ondorio da: diputatuen kopurua aldatu dute, botoen zenbaketa sistema ere aldatu dute, udalerriak 262tik 44ra murriztu dituzte... eta horrek alderdi nagusiei laguntzen die. Horrez gain, kanpainan ere egon dira irregulartasunak: gainontzeko alderdiek ez dute finantziaziorik izan, Nuevas Ideasen finantziazio bideak ez dira ezagutzera eman, funts publikoak erabili dituzte –janariz betetako saskiak banatu dituzte, 2021eko diputatuen hauteskundeen aurretik ere egin bezala–.

Baina hori guztia alde batera utzita, 2,7 milioi pertsonak eman diote botoa: bertan zein atzerrian bizi direnek. Horrek esan nahi du Bukeleren alderdiak salvadortarren %30en babesa izan duela, eta horrek aldatzen du kontakizuna. Atzerriko boto asko dago El Salvadorren, hain zuzen ere, kanpaina oso handia egin duelako atzerrian, horretarako baliabideak izan dituelako. Bukele esportaziorako produktu bihurtu da: dena aldatzen ari dela dio, horixe sinetsi dute erbestean bizi direnek ere. Baina El Salvadorren muturreko pobrezia 4 puntu igo da: %8tik gorakoa da. Igoera ekonomikoa ez da gauzatu: iaz %2 ingurukoa izan zen, Erdialdeko Amerikako baxuena.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA.

Hauteskundeak salbuespen egoera betean izanda, eraso ugari salatu dituzte giza eskubideen defendatzaileek.

A. Burgos: Salbuespen egoerak giza eskubideen krisia eragin du: indarkeria soziala izatetik estatala izatera pasatu da. Emakumeen aurkako indarkeria eta indarkeria sexuala ez dira ezer berria, komunitateen memorian idatzita daude Gerra Zibiletik; iraganera itzultzea da. Mugimendu ekologista, feminista eta LGTBIaren aldekoa emakume aurpegia duten gizarte mugimenduaren hiru adar gara: ez da kasualitatea estatuaren erasoetako asko emakumeen aurka izatea. Hain zuzen ere, salbuespen egoera mugimenduotako kideak mehatxatzeko erabiltzen ari dira. Gutxienez 1.176 eraso egon dira defendatzaileen aurka, 39 defendatzaile eta hamazazpi sindikalista atxilotu dituzte. Estatutik estrategia batzuk daude martxan giza eskubideen defendatzaileak nekarazteko. Oztopoak daude eta biltze askatasunaren aurkako mehatxuak. Horrek erakusten du komunitate mailako elkarteetan desmobilizazioa eragingo duela.

El Salvador nazioartean ezaguna da abortuaren erabateko penalizazioa duelako. Zelan dago egoera momentu honetan?

A. Burgos: Abortuak guztiz zigortuta egoten jarraitzen du. Ez dago boterearen aurkako pisu bat herrialdean, eta horregatik ez dira lege proposamenak martxan jarri. Lege proposamen bat sartzen saiatu ginen azken aldian barrikadak izan genituen zain. 2018an pertsona defendatzaileen defentsarako proposamena babestu genuen eta zuzenean artxibatu zuten. Zaila da pentsatzea El Salvadorren aurrerapausoak eman daitezkeenik abortuaren zigorrak kentzeari dagokionean, gero eta posizio kontserbadore eta fundamentalistagoak dituen gobernua dagoenean.

2013tik nazioarteko mugimendu feministak El Salvadorko Beatrizentzako justizia eskatu zuen, abortatzeko eskubideari lotuta. Kasu hori gaur egun Giza Eskubideen aldeko Gorte Interamerikarrean dago, eta espero dugu aldeko sententzia jasotzea, berriro errepikatu ez dadin. Colectiva Feministatik horretan dihardugu lanean: sentsibilizazioa egiten dugu abortuaren penalizazioa zentzugabekoa dela erakusteko. 17entzako askatasunaren [Libertad para las 17] aldeko kanpainan ere hartu genuen parte: abortuagatik 30 eta 40 urteko kartzela zigorrak zituzten hamazazpi emakume ziren. Gaur egun bat ere ez dago kartzelan, eta borrokaren ondorio da hori. Ez da posible bizitzaren, emakumeen eta haurdunen gorputzen gain erabakiak hartzen jarraitzea erlijioan oinarritutako ideiekin.

“Zaila da pentsatzea aurrerapausoak eman daitezkeenik abortuan, gero eta posizio fundamentalistagoak dituen gobernua dagoenean”

Nazioarte mailan, agian, ez da hain ezaguna, baina gorroto delituen aurkako legea onartu zuten, eta genero identitatearen legea prozesuan dago. Karla, bi lege proposamen horien parte izan zinen. Zelakoa da egoera LGTBI komunitatearentzat?

K. Guevara: El Salvador herrialde matxista eta ultrakontserbadorea da. Gobernu hau ere lehengoa baino askoz kontserbadoreagoa da, alderdia finantzatzen duten gehienak kontserbadoreak direlako. Ez dute onartuko kontu hauetan aurrerapausorik egoterik.

2015ean zigor kodeari erreforma batzuk egitea onartu zuten, urte oso basatia izan zelako: Francella Mendez [trans aktibista] hil zuten urtea izan zen. Horrek bultzatu zuen zigor kodeak gorroto delituak tipifikatzea. Genero identitatearen legearen proposamenarekin 2018an hasi ginen, baina 2016tik genbiltzan intzidentzia egiten saiatzen: ez genuen alderdi bakar baten erantzunik jaso. Ezkerreko alderdiak, FMLNk, argi esan zigun abortua eta LGTBIQ+ herritarren kontuak ez zituela ukituko. Alderdi horrek diputatu kopuru handi bat galdu zuenean erabaki zuen lege proposamena onartzea. Baina gaur egunera arte, lege horren inguruan egon den mugimendu bakarra izan da artxibatzea. Emakumeen eta LGTBIQ+ herritarren defentsen aldean zeuden lege proposamen guztiak bertan behera geratu ziren.

Momentu horretan, genero aldaketako eskaera asko geratu ziren artxibatuta. Tartean, zeurea.

K. Guevara: Gu geure kontura hasi ginen epaitegietan izen aldaketa eskaerak egiten. Lau eskaera egin genituen, lehenbizi, bertan behera utzi zituzten, gero, errekurtsoa jarri eta hiru onartu zituzten. Izan ere, El Salvadorren izena aldatzeko legerik existitzen ez bada ere, nazioarteko legedia egon badago, eta horiek ere badira El Salvadorko lege. Berriz esan ziguten ezin zutela hori martxan jarri, ez genuelako frogarik eskaini; berriro egin genuen errekurtsoa eta orduan onartu zuten. 2022ko abuztuan epaimahaiak izen eta genero aldaketak onartu zizkidan. Hiru urte horiek indarkeriaz betetakoak izan ziren, azterketa psikologikoak egitera bidali gintuzten, baita sozialak ere.

Epaileak agindutakoa tramite administratiboa zen San Salvadorko Udalarentzat, baina genero aldaketa ere bazegoenez, udalak esan zuen ez zutela aldaketa egingo. Orduan, nahiz eta nik nire izen eta genero aldaketa irabazi nituen, ezin ditut aldatu San Salvadorko Udalak ez duelako hori egin nahi, sinesmen erlijioso eta moralengatik. Linbo juridikoan nago.

“Inoiz ez dugu pentsatu izan migratzea, eta orain buruan daukagu. Estatu baten aurka zaudenean guztiz babesgabe zaude, oso desorekatua da borroka”

Biok aipatu dituzue fundamentalista erlijiosoak. Horien gorakada dago herrialdean?

K. Guevara: Izan daiteke. Nik sententzia irabazi nuenean sare sozialetan jarri nuen eta birala bihurtu zen. Talde erlijioso asko hori salatzen hasi ziren: presidenteari idazten zioten salatzeko, funtzionario publikoei... Bukelek botere osoa duenez, udalera deitu zuen, eta horixe blokeatzea erabaki zuen. Ez dago instituzionalitaterik, fiskaltza ere bahituta baitago. Talde horiek eragin handia dute politika guztietan.

A. Burgos: Nik uste dut baietz, gero eta gehiago ikusten dira espresio erlijioso fanatikoak. Ez dut uste El Salvadorren soilik gertatzen denik, mundu mailakoa dela esango nuke: krisi egoeran joera kontserbadoreenak areagotzen dira. Gure kasuan, analisiek diote aliantza neokontserbadore batzuk daudela talde katoliko eta ebanjelikoen artean, gure agenden aurka. Euren asmoa da politikan eragitea. Bukelek boterea hartu zuenean artzain ebanjeliko batek bedeinkatu zuen. Eta jakina da badaudela aliantzak sektore ebanjelikoekin, Bukeleren alde daudela. Fedearen eta herri sinesmen erlijiosoen instrumentalizazio handia dago.

Eta orain, datorren bost urteetan zer espero duzue?

K. Guevara: Inoiz ez dugu pentsatu izan migratzea, eta orain buruan daukagun kontua da. Estatu baten aurka zaudenean guztiz babesgabe zaude, oso desorekatua da borroka. Ez dugu baztertzen errepresioa egotea, hori gerta daiteke haserrea areagotzen denean. Baina, era berean, ekonomia ahul dago, eta prekaritateak haserrea areagotu dezake. Ez dugu uste hobetuko denik, alderantziz. Boterearen kontzentrazio bat dago, eta ez du uzten estatuko botereak funtzionalak izan daitezen. Orduan, ustelkeriak gora egiten du eta horren aurrean ez dago inolako kontrolik. Nik egoera konplexua ikusten dut, batez ere gizarte eragileentzako.

A. Burgos: Lehen esan dut badaudela mugimendu neokontserbadoreak, baina badago aldaketa bat belaunaldietan eta hori ere ikusten da kaleetan. Guk orain arte egin duguna egiten jarraituko dugu: lurraldeak, emakumeak, gazteria, LGTBI komunitateak... lagundu. Giza eskubideen urraketak dokumentatzen jarraituko dugu, etorkizuneko justiziaren esperantzarekin. Badakigu boterea ez dela betiko, eta guk ametsetan jarraituko dugu gizarte justu eta berdinzalea lortzeko bidean. Errealitate feministak sortzen jarraituko dugu, badakigun arren hori ez dela inoiz borroka erraza izan: LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran. Gure eskubideak ez dira beti izan ziurrak, horregatik ez dugu estatuan jartzen gure esperantza osoa: gure esperantza dira kolektibitatea eta gizarte sare komunitarioak, horixe da bidea. Gizarte eta herrialde gisa ditugun erronkak zehaztuko ditugu, eta gure ahotsak eskaintzen jarraituko dugu borroka justu honen alde. Isiltzea ez da aukera bat, boterean daudenen alde egitea konplize izatea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: El Salvador
Nayib Bukeleren atzaparretan katigatuta

Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere... [+]


2024-02-02 | Gedar
Milaka preso lanera bidali dituzte El Salvadorren, “kartzelako egonaldiaren kostuaren truke”

"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.


Preso pilaketak eta indarkeriarako deia eragin ditu El Salvadorreko “megakartzela” berriak

“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]


Isabel Aleman. Amaiur-El Salvador-Amaiur
“Duela ehun urte Amaiurren egon ziren lau diputazioak, ez dakit aurten etorriko diren”

Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.


PODCAST 2x3 | Bitcoina moneta ofizial bihurtu du El Salvadorrek

Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]


Burbuila lehertu daitekeela jakin arren, bitcoina moneta ofizial bihurtu du El Salvadorrek

Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]


El Salvadorretik dator berria

El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi... [+]


Oasi kolektiboa

Etorkizun beltza iragarriko lioke askok Erdialdeko Amerikako herrialde txikienari. Azken ehun urtean apenas ezagutu dute bakerik El Salvadorren, armak hartu eta azala tatuatzea da gazte askoren irtenbide bakarra. Bide horrek, ordea, kartzelara edo lurrera bueltan eramaten du... [+]


“Gu ez gaitu koronabirusak hilko, gu goseak hilko gaitu”

Koronabirusak eragin duen krisiari askotariko erantzunak eman dizkiete gobernuek, baina gehienek etxean geratzera derrigortu dituzte herritarrak. Zenbait gobernuk erabili duten hizkera belikoari jarraiki, “etsaia” kanpoan dago, eta norbere burua babesteko erarik... [+]


Eguneraketa berriak daude