Gure gauzatxoak


2024ko apirilaren 22an - 10:05
Argazkia: eitb

Anduezak, eztabaidaren batean, zerbait esan zion Otxandianori pankartaren atzean ibiltzeaz. Okurrentziaz harro, espero ez zuen nonbaitetik hasi zitzaizkion erantzuten, ordea, emakume ahotsez, eta pentsatu gabe, “ez dizut zuri esan, Otxandianori esan diot” isildu nahi izan zuen: Gorrotxategiri jarri zitzaion jartzen zaigun neskato haserretu aurpegia “baina nik erantzun nahi dizut”. Amaitu da ezer esan ezin zen kanpaina. Hitz neurtuena. Hitz oso bakanena. Eta ibilbidea gogoan eman dugu botoa, isiltasunak ultzera.

Andueza bezalako tipo baten hautagaitzak lortu du bototan eta eserlekutan gora egitea. Kanpaina diseinatzeko orduan ez zen oztopo izan, gizartea prest dago horretarako. Ideiak ideia, inor ez beldurtzeko hautagaia behar zen, eta segurtasun sosegatu hori industriaz hitz egiten duten hiru gizonek ematen dutela erabaki dute. Horiek ez dira despistatzen, ez dira hasten bat-batean ulertzeko oso lausoak diren kontuez, deserosoak, nahasgarriak eta desbideratzaileak. Aurten argi eduki behar zen igogailuan zein gai aipa daitezkeen bizilaguna etxera lasai itzul dadin, eta zein inoiz ez, lehendik pentsatzen zuena baino gehiago pentsatu beharrik izan ez dezan. Ez legoke gaizki jakitea zein urbanizaziotako igogailua aukeratu duten zentroa markatzeko. Markatzeko nor den herri, “herritarrei interesatzen zaizkien gaiei buruz” hitz egin ahal izateko.

Aurten argi eduki behar zen igogailuan zein gai aipa daitezkeen bizilaguna etxera lasai itzul dadin, eta zein inoiz ez

Hauteskunde gaueko eztabaida-mahai batean, ETBn, Eider Alkortak gogorarazi zuen abstentzioan geratzen direnen arteko talde mardul bat emakume helduena dela (40tik gora). Eztabaida nagusietan, gai-blokeak nahikoa zabalak izan dira talde bakoitzak nahi zuena esateko, eta inori, ezta eztabaida politikoaren maila igotzera zetozenei ere (eta lortu omen dute), ez zitzaien aglutinatzailea iruditu zaintzen gaiari heltzea, edo indarkeria matxistaren biktimak aipatzea… Bazterrean botoren bat geldituta ere, kalkuluek esango zuten ez zirela beharrezkoak. “Jendeak ez du gehiago beldurtzerik behar” entzun diogu Otxandianori: auskalo nongo urbanizazioko igogailuko jendeak, dirudienez, gai sozialei dagokienez, ezin du Osakidetza baino askoz gehiago entzun beldurtu gabe. Eta zertarako hasi esaten proposatutako irtenbide ekonomiko guztiek hegoalde esplotatu bat behar dutela (Palestina galtzaileek aipatu zuten), zabor pixka bat bidaltzeko besterik ez bada, gure arropa josteko, ez dakit, marrubiak biltzeko. Izan ere, hegoalde horietatik iritsitakoek, ziur asko, botorik ezin dute eman, beraz, beraien alde egiteko modu onena, emakumeen kasuan bezala, ahotsik ez ematea da, igogailukoek, gero, gutxienez zerbait asistentzialista onar dezaten. Kanpainak, beraz, igogailuko tontoenak ulertzeko modukoak izan behar dute. Badugu lana hurrengo lau urteetan gure barruko tontoa aurkitzen.

Amaitu da kanpaina, esan daitezke gauza gehiago, baita “independentzia!” oihukatu ere, orain arteko mitinetan ez bezala. Eta, euforia momentuan, hauteskundeetako emaitzei hitzak jartzera igo ziren gizonak oholtzara: mikro aurrean Otxandiano eta Otegi, serpentinak, eta serpentina gehiago. Eta hitza hartu baino lehen, Etxebarrieta pasa da baso bana ur eramatera, eta Otegiri txaketatik serpentinak kentzera. Zaila zait interpretatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude