“Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira”

  • 25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren hitzetan, mundua aldatzeko errealitateak erakusten.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Iñaki Soto Nolasko. Iruñea, 1975

Gara egunkariaren zuzendaria da 2011z gero. Iruñeko udal ikastolako ikasle izan zen, eta gogoan du garai hura, ezberdinez osatutako ikasgelako giroa eta beste. Filosofia ikasketak egina, unibertsitatetik kazetaritzara –Gara-ko zuzendaritzara, alegia–, egin zuen, eta bertan da harrezkero, erredakzioko lana oinarri, egunero egunerokoa idatziz edota irakurriz, baina begirada herri honen etorkizunean jarrita.

25 urte beteko ditu aurten Gara-k. Handia da, gero!

Mirakulua da gu bizirik egotea. Inork espero ez zuen landarea gaituzu, testuliburuetan agertzen den espezie arraroa, desagertzera doana. Hala ere, 25 urte eta gero, testu liburuetan ez ezik, gu kalean gaude egunero, bizirik, eta hori ospatzekoa da, zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi, ordea, oraindik hedabide “arraro” bat izaten jarraitzen ez dugula. Oso inguru konplikatuan ari gara lanean. Batetik, hedabideen mundua bera dugu konplikatua; bestetik, Euskal Herri zahar-berri hau, eta bertan izan dugun bilakabidea. Mirakulu hutsa da egunkari bat publikatzea.

Are mirakulu handiagoa Espainiatik heldutako haizeak kontuan harturik: 2000. urtean, Baltasar Garzón epaileak emandako autoak Orain-Egin eta EKHE-Gara taldeen arteko enpresa segida zegoela erabaki zuen, eta, ondoren, lehenak Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra bigarrenari ordainarazi zion. Horrek ez dizue lagundu...

Horrek, batez ere, gure lehiatzeko aukerak baldintzatu ditu. Horixe da larriena, nire ustez. Aukera berdintasunik ez da egon. Lehenik, itxi egin gintuzten [Egin egunkaria], eta, harrezkero, hamasei urte zaintzapean eduki gaituzte, egoera guztiz anomaloan. Uste dut Espainiako Estatu osoan gure antzeko beste kasu bat dagoela, Andaluzian, non ontzigintza enpresa batek apokeriaren bat-edo egin zuen. Bestela, Europa osoan ez dago gurea bezalako kasurik: hamasei urtez baldintzapeko askatasunean egon den hedabiderik ez dago. Errepresioari dagokionez, Gara bezalako fenomenorik hedabideen historian ez dut ezagutzen.

Lehiatzeko aukerak baldintzatu dizkizutela esan duzu.

Bai, errepresio horrek publizitatea, laguntzak eta gauza asko baldintzatu dizkigulako. Hamasei urte horietan, baja luzeak izan dituzten lankideak pultsuan ordezkatu behar izan ditugu, ez baikeneukan edozein enpresak jaso ohi duen laguntzarik; Espainiako auzitegien ebazpenagatik, alegia. Gizarte Segurantzarekin hiru milioi eta erdi euro ordaintzeko akordioa egin genuenean, esanez sei hilabetero milioi erdia ordainduko genuela, uste dut askok apustua galdu zutela, pentsatuz ez ginela gai izango dirutza hori ordaintzeko. Hortaz, ospatzekorik badugu, bai horixe!

Zer esan behar du Gara-ren zuzendariak Egin-i buruz?

Nik ezin dut haien izenean hitz egin. Salu [Javier Salutregi] izan genuen azken zuzendari, eta begiratu zer tratu eman zioten, nolako mendekua hartu zuten, bateko epaiketa eta besteko kartzela. Okerrena, hala ere, hari ofizioa lapurtzea izan zen. Ez naiz inor haren izenean hitz egiteko, pudorea ematen dit. Hori esanda, esango dut Gara tradizio baten bigarren edo hirugarren atal bat dela. Tradizio hori eraiki egin da: Francoren heriotzaren aurretik hasi zen eraikitzen, eta eraikitzen segitu genuen ondoren ere. Uste dut herri honetan badugula pultsu sozial bat oso berezia, eta pultsu hori hortxe dagoela oraindik.

Zer esan nahi duzu? Zer da “pultsu sozial berezia” izatea?

Atzerrira joan, eta ikusi dut gainerako herri zapalduek ez daukatela hedabide propiorik. Ez daukate gaitasunik gureak bezalako hedabideak izateko. Gurean, berriz, begiratu zenbat dauzkagun, eta nola heldu diren honaino. Gu ez gara Egin-en jarraipena, baina haren oinordetzaren parte bai, bagara, haren legatuaren atala. Horretan, ondare beraren parte dira Egin eta Gara, eta horixe adierazten saiatu gara beti, jendeak hori ulertu beharra dauka eta. Esate baterako, gurean ari diren kazetari gazteak artean jaio gabeak ziren Gara sortu zenean. 25 urte denbora asko da pertsona baten bizitzan, baina herri baten bizitzan oso gutxi.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Eta nola transmititu oinordetza zera hori Gara sortu zenean artean jaio gabeak ziren oraingo kazetari gazteei?

Askotan aipatzen dut David Simon, The Wire telesailaren egilea. Kazetaria da izatez, eta berari entzun nion inoiz entzun dudan egunkari bateko erredakzioaren definiziorik onena: “Erredakzioa da proiektu periodistiko baten memoria instituzionalaren gordelekua”. Erredakzioko lanean gertatzen da transmisioa, oso modu naturalean ere. Ez dut uste memoria instituzional hori transmititzeko beste modurik dagoenik. Estilo liburuak behar ditugu, eta formakuntza, eta proselitismoa… baina hau ofizio bat da, eta lanean ikasten da ofizioa.

Gara-ren printzipio fundazionaletan irakurri, eta gatazka gainditzeko helburua aipatzen da. Urratsik egin dela ez da dudarik.

Historikoki ezagutu dugun gatazka hori eraldatu egin da. Hein horretan, gainditu da, baina, hala ere, gatazka, egon, hor dago oraindik. Labur esanda, hemen lehen eta bigarren mailako herritarrak ditugu. Ziur asko, jendarte guztietan gertatzen da hori: genero arrakala da, edo klase borroka, edo besterik. Hemen lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea ez da gure herri honen ondare esklusiboa. Hala ere, gure herriaren ezaugarria da batzuek beren proiektu politikoa konstituzionalki blindatua daukatela, eta beste batzuok, aldiz, konstituzionalki debekatua daukagula. Hortaz, gure eta haien bozkek ez dute berdin balio, zentzu horretan dira haiek lehen mailako herritar eta gu, aldiz, bigarren mailakoak.

"Gure helburua ez da izan behar borrokatzea, garaipena lortzea baizik, eta, horretarako, gehiengo zabalak lortu behar dituzu”

Konstituzionalki blindatua, batzuek; konstituzionalki debekatua, bestetzuek.

Lurralde ezberdinak kontuan hartuz gero, esango nuke hemen [EAE], gutxiengoak beto eskubidea daukala. Hortxe duzu gatazka: ez digute esan zein diren gure proiektua aurrera ateratzeko baldintza legalak. Abantaila horixe dute, eta horren kontra, nahiko lan! 1512tik, edo aurretik bizi dugu gatazka, eta gure ondoren ere biziko dute. Gara-ren editorial fundazional horretan esaten zenari lotuta, uste dut gauzak guk esaten genuen bezala gertatu direla. Apustua egin genuen herri honetan fase politiko hura gainditzeko. Independentismoaren barruan, estrategia aldatzea defenditu genuen, kazetaritzatik, guk beste bitartekorik ez dugu-eta: ez dugu alderdien barruan bozkatzen, erakunde autonomoa gara, inork ez du erabakitzen zer egingo dugun, ez zer esango dugun, eta esaten dugunak ez die, berez, inoren erabakiei eragiten.

Gatazka gainditzeko bidean, bestelako fase bat dugu 2012az gero...

Bai, erabaki genuen bazela garaia beste era batera lan egiteko, eta horrek gatazkaren fase historikoaren aldaketa ekarri duela uste dut. Baina hortxe duzu beti gure egunkariaren azala: 140 preso ditugu oraindik, 2024. urtean! Hamarkada baino gehiago igaro da [ETAk armak betiko utzi zituenetik], eta horretan gaude oraindik. Eta editorial hartan esaten genuen bezala, herri aske bat presorik gabeko herria da, eta hori oraindik ez dugu lortu. Gatazkaren ondorioak hor diren bitartean, guk funtzio bat izaten jarraituko dugu. Eta, hala ere, gure helburua ez da izan behar borrokatzea, garaipena lortzea baizik, eta, horretarako, gehiengo zabalak lortu behar dituzu, eta eskaintza sozial, politiko, ekonomiko eta kultural indartsua egin.

Zein hizkuntzatan lortu behar da garaipena? Hitz lauz esanda, zein hizkuntzatan jardun behar du Gara-k?
Jendeak hitz egiten duen hizkuntzetan. Egitura administratiboen arabera sortu dira hemengo egunkariak. Batetik, gobernuen hedabideak; bestetik, berriz, hizkuntza irizpidearen arabera lan egiten duen egunkaria. Gurea animalia mitologiko bat da, euskal herritarra, eta horiek, gutxienez hiru hizkuntza hitz egiten dituzte. Eta esango nuke laugarren eta bosgarren hizkuntzak ere ekuazioan sartu beharko genituzkeela. Jakina, hizkuntza horien egoera ez da bat eta bera eta berdina. Guk badugu, beraz, asmo politiko bat, termino errealetan egituratu behar dena, zeren, bestela, gerta liteke gu pozik egotea, baina gure asmo politikoentzat hori kaltegarria izatea.

Kaltegarria litzateke Gara-k euskara egunero erabiltzea?
Ez. Kaltegarria da ez erabakitzea nola indartu gure egiturak, gure helburuak lortu ahal izateko. Eta kaltegarria da, era berean, afera horren irakurketa moralista egitea. Gure helburua da euskara zabaltzea, indartzea, eta, horretarako, gure politikak ebaluatzea dagokigu. Esate baterako, zein da AEKren hartzailea?… Erdalduna! Nola zuzendu behar zaio AEK bere hartzaileari, AEKn izena eman dezan eta euskaldundu dadin? Erdaraz. Bestela ez dio ulertuko! Horixe gertatzen da gainerako maila guztietan ere. Bai, joan zintezke Gasteizera, adibidez, eta mitina egin hauteskunde kanpaina baten barruan: “Gu euskaldunak gara, eta ez dugu euskaraz baizik hitz egingo!”. Baina, kasu horretan, ez zara jendeari bozka eskatzen ari, jendeari euskaraz jakitea eskatzen ari zara. Nik ez dut euskarari buruzko irakurketa moralistarik egin nahi.

Zer da “irakurketa moralista”?
Nik, neure ibilbide periodistikoan, gehien-gehiena euskaraz egin dut, bai irratian, bai egunkarian neure izenez sinatu ditudan artikuluetan. Editorialak ere egin behar izaten ditut, eta horiek gaztelaniaz egin ditut gehienak. Baina esan dizut, neure sinadura daramaten testurik gehienak euskaraz ikusiko dituzu. Baina Gara ez dago nire gogo partikularrei lotuta, ez dago nik nahiko nukeen munduari begira. Ez gara kibutz batean bizi, herri bat ez da kibutz bat. Herriaren alde lan egiteak ardura eskatzen du, arduraz jokatzea eskatzen dit, ez neure gogoak asetzea. Nire gogo partikularra ezin da egon herri honen errealitatetik aparte. [Arnaldo] Otegik esan zuen bezala, efikazak izan behar gara.

Zer diozu, beraz, euskarazko hedabideen gainean?
Pentsa zenbat energia eta diru inbertitzen ditugun, eta zenbateko esfortzua egiten dugun ETB1en, Euskadi Irratian, Berria-n… Euskaraz egiteagatik dirua jasotzen du Gara-k, jasotzen du Berria-k, jasotzen du ARGIAk eta beste hamaika hedabidek. Hortxe dago inbertsioa, eta, ziur asko, inbertsio handiagoa egin beharko litzateke. Baina, agian, egiten ditugun balantzeak ez dira zuzenak, beste era batera jokatu beharko genuke beharbada. Esfortzua egiten dela dudarik ez daukat, eta, hala ere, uste dut esfortzu horren emaitzak zein diren aztertu beharko genukeela. Euskararen alde lan egiteko elebakarrak izan behar dugu?

Bai eta ez.
Adibidez, arnasguneetan bai, baina gu ez gara arnasgune batean bizi. Gu herri baten egunkaria gara, non hiru hizkuntza ere hitz egiten diren. Ipar Euskal Herriko hedabideak beren erabakiz eta modu autonomoan paratu direnean, frantsesez paratu dira: eta gure bultzadaz, euskaraz ere bai. Beraz, uste dut badela garaia aurreiritziak alboratzeko, premisa faltsuak baztertzeko, eta benetako analisia egiteko egin denaren eta egin ez denaren inguruan. Guk Naiz irratia egiten dugu, euskararen presentzia handia duena, kontsumitzailea ere gaztea delako eta euskaraz dakielako; Gaur 8 astekaria, berdin, euskaraz egiten dugu; bidaiei buruzko hilabetekaria, soilik euskaraz; telebista batean ere parte hartzen dugu, euskaraz…

"'Gara'-k gure herrian jendeak hitz egiten duen hizkuntzetan hitz egin behar du"

Hori zeure alde...
Egin dezagun debate politikoa, premisa faltsurik erabili gabe, eta aztertu ditzagun datuak eta, ondoren, ebaluatu dezagun egin duguna, hil ala bizikoa delako, gure hizkuntzak arriskuan egoten jarraitzen duelako, eta gure herria ere arriskuan dagoelako. Hortaz, gure ikuspegian, historikoki, gure herriaren etorkizuna eta hizkuntzaren etorkizuna batera joango dira, ez derrigorrez aldi berean, baina bai batera, eta ezin da bata bestea gabe salbatu. Agian, tesi politiko  okerra darabilt, baina guk horrela ikusten dugu auzia, uste horretan gaude, eta horren arabera jokatzen dugu. Nire uste pertsonala da, bestalde, gure herria ez dela sekula elebakarra izango. Orduan, “...eta kito!”, gutxi. “...ala hil!”, hobe ez. Ahal baldin bada, bizi; eta ahal baldin bada, luzaz bizi.

Zer diozu publizitate instituzionalaz, eta publizitate instituzional horretatik datorren dirua banatzeko moduaz?
Publizitate instituzionalak bizirauten laguntzen du, eta horixe da tragedia. “Audientzia” da irizpidea, baina herri bateko biztanleak udal igerilekuan bainatzen badira, eta egun batean soroslerik ez bada, herri horretako biztanle guztiek jaso beharko dute informazioa, ezta? Ez, bakarrik, egunkari jakin bat irakurtzen dutenek. Publizitate instituzionalaren helburuak bikoitza izan behar du: alde batetik, herritarrak informatu behar ditu –herritar denak, ez bakarrik egunkari jakin batzuk irakurtzen dituztenak–, eta, bestetik, sektorean berdintasuna sustatzen ahalegindu behar da. Administrazioaren helburuetako bat izan behar du prentsa aniztasuna sustatzea, eta merkatu librea –“publiko-pribatua” eta diskurtso zera hori dena–, baina hori gure sektorean ez da betetzen.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

2011n Gara-ren zuzendari izendatu zintuztenean hainbestekoa zen papereko egunkariaren kontsumoa. Gaur egun, inor ez duzu ikusten egunkaria besapean hartuta.
Aberri Egunean, Iruñeko manifestazioan, neu nintzen egunkaria zeraman bakarrenetakoa. Gara-ren zuzendaria naiz, nire outfit-aren parte da egunkaria eramatea. Askotan entzuten dut: “Nik sakelakoan irakurtzen dut egunkaria”. Barkatu, baina ez dut sinesten. Edo sinesten dut, horrela da, baina ezin genezake pentsatu sakelakoan egiten den irakurketak paperean egiten denaren eduki edo kalitate bera duenik. Sakelakoan irakurtzeko modu horrek gure eztabaida publikoari eragiten dio, eta gure tertuliari, gure etxeko harremanei, belaunaldien arteko konbertsazioari, lerroburuen arabera ezin baita ganoraz eztabaidatu. Irakurtzeko modu horrek ondorio sakonak dauzka, eta ezin dugu hori aztertu duela 30 urteko parametroak erabiliz.

Zertan da kazetaritzaren inportantzia gaur egun?
Uste dut kazetaritzaren funtzio nagusietakoa dela boterearen kontrol lana egitea. Baina botereari ez zaio gustatzen kazetaritzaren kontrol hori. Boterearen kontrakoa da kazetaritza, kazetaria aldendu egiten da kontrola hain inportantea duten instituzio, egitura eta makroegituretatik. Hori da kazetari batzuek egiten dutena, zeren beste batzuek jauntxoen memoriak idatzi besterik ez baitute egiten. Bietarik dauzkagu: batetik, Pablo González bezalakoak, kartzelan, kazetaritza egiteagatik, eta, bestetik, aldiz, gortearen kronistak: “Atzo [EAEko] lehendakaria txakurrarekin paseatzera irten zen, eta emazteari musu eman zion kopetan...”.

Adiskideak egiten zu, orain ere...
Bai, bada! Beste batzuek juzgatu beharko dute nire lana, eta nolako zuzendaria izan naizen esan, baina politikariak epaitzea ere bada gure lana, eta Urkullu oso lehendakari txarra izan dela uste dut, zalantzarik gabe. Askotan esaten dit gure amak: “A ze garaia tokatu zaizun zuzendaria izateko!”. Eta egia da: zuzendari izendatu nindutenean, artean gatazka bete-betean geunden; kontatu dugu Arnaldo Otegiren atxilotzea eta ondoko prozesua, [Espainiako] Audientzia Nazionala eta beste; Cabacas auzia ezagutu genuen, eta epailearen aurrera eraman gintuzten informazio hura emateagatik; armagabetzea dela-eta, Baionan izan ginen, sinatzaileen artean zen Gara, armagabetze haren kargu egiten… Garai ikaragarria bizi izan dugu: feminismoaren iraultza, pandemia, krisi ekonomikoak bata bestearen atzetik, belaunaldi arrakala… Garai intentsuak, guztiz, eta emankorrak. Eta, aldiz, lehendakaria txakurra paseatzen eta andreari kopetan musu ematen. Ez dago eskubiderik.

                                                                             *          *          *

Alternantzia (I)
“EAJk, edo [Joseba] Egibarrek eta [Xabier] Barandiaranek, esaten zuten egun batean ezker abertzaleak hauteskundeak irabaziko zituela, eta hori normaltasunez hartu behar zela. Alternantzia eskema zuten buruan, alegia. Horixe gertatzen da herri normaletan. Baina Gipuzkoan alternantzia gauzatu zenean, EAJ ohartu zen boterea lortzeko modurik onena boterean bertan egotea dela, boterea ez uztea...”.

Alternantzia (II)
“(...) Eta horixe gertatzen da Gipuzkoan: agintzeko mandatua jaso duenak ez du gobernatzen, gutxiengoak beto eskubidea duelako. Alternantziarik ez badago, gutxienez alternatibak asmatu behar dira. Iruditzen zait egoera nahiko larria dela, momentu historikoa bizi dugula, eta herrialdeari buruzko debateak egin behar ditugula, adostasunetara heltzeko. Baina botere tradizionalek beldur handia diote ez bakarrik alternatibari, baizik eta alternantziari berari”.


AZKEN HITZA

Erredakzioko kazetaria
“Oso kritikoa naiz kazetariaren irudi erromantiko-epikoarekin. Niri erredakzioa ardatz duen kazetaritza gustatzen zait, talde-lana. Gerrako berriemaileak ikusten ditugu, baina ez haiek lan egin ahal izateko atzean duten lankide mordoa. Erredakzioko kazetari kultura gustatzen zait, eta ez gerrako kazetariaren irudi maskulino, epiko eta salbatzailea. Kazetaritza idatzia gustatzen zait, eta ondo idazten duten kazetariak, eta badira horrelakoak”.


ASTEKARIA
2024ko apirilaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-11 | ARGIA
Gabonetan oparitu ARGIAko harpidetza, oparitu kazetaritza independentea

Opari hau ez da izango momentuan ireki, gozatu eta egun gutxian bazter batean geratuko den horietakoa. Urte osoan gozatzeko zerbait ariko zara ematen, astero helduko baitzaio etxera aldizkari bat.


ANALISIA
Lanbide eta kriminalizazioaren jatorria

Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]


Iragarkiak

Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Eguneraketa berriak daude