“Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen”

  • Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite zaitut” kanta eta beste kanta batzuk inprobisatzen zituen, eta zazpi urterekin piano klaseak jasotzen hasi zen. Euskadiko Musikari Gazteen txapelketa irabazi du: “Saria eskolarena ere izan da, herri bateko eskola txiki bat mapan jarri dugulako”.

Argazkiak: Ibai Arrieta / ARGIA CC By SA

Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako gela batean daude. Bata bestearen aurrean elkarrekin egiten ari diren bidea kontatzeko prest. Pianoari bizkarra emanez eseri da Jakes Txapartegi pianista eta eskolako ikaslea. Aurrean, Esther Barandiaran pianista eta piano irakaslea dago. “Txikia nintzenean asko gustatzen zitzaidan etxean genuen teklatua alde batetik bestera zeharkatzea”, kontatu du Txapartegik pianora hurbilduz eta tekla bat kolpatuz. Lau urterekin hasi zen kontaktu musikala egiten, eta zazpirekin pianoa jotzen. Bigarren urtetik aurrera Barandiaranekin ikasten du.

Partiturak braillez ikasten saiatu den arren, Txapartegiren ustez “oso korapilatsua” eta “konplexua” da: “Braillez sinbolo bakoitzak sei puntu ditu, eta letra bakoitzak konbinazio bat dauka. Musikaren hizkuntzan sinbolo pila bat daude, eta konbinazioak oso zabalak dira”. Horregatik, partiturak paperean gorde beharrean, audioan gordetzen ditu. Irakasleak eskuak banaka grabatzen dizkio eta eskuak non jarri behar dituen azaltzen dio. Motelago grabatzen ditu ikasteko errazagoa izan dadin. “Entzumen oso ona eta oso aktiboa dauka”, azaldu du Barandiaranek.

"Estherrek esaten dit bere bizkarra eta sorbaldak ukitzeko, jotzen duen bitartean nik ere mugimendua sentitzeko"

Teknika horrekin gustura dagoen arren, momentu batzuetan ere kezka izan da Txapartegirentzat. ONCEk antolatutako kanpaldi batean braillez musika ikasten zuten Madrilgo bi gazte ezagutu zituen: “Esan zidaten ONCEren arazoa zela edo Euskal Herrian ez zidatela bermatzen braillez musika ikasteko aukera. Oso kezkatuta itzuli nintzen etxera”. Horregatik, Nobuyuki Tsujii –Nobu izenez ezaguna– pianistaren inguruko elkarrizketa bat pasa zion Barandiaranek. Itsua da baita ere, eta audio bidez ikasten du: “Nobuk ere esaten zuen oso konplexua zela, eta horrek asko lasaitu ninduen”.

Horrekin batera, gorpuzkera, hatzen digitazioa, presentzia eta beste lantzen dituzte. Kolokazioa lantzeko irakasle askok ispiluak erabiltzen dituzte ikasleek eskuak non kokatu behar dituzten ikusteko eta eskuen mugimendua lantzeko. Txapartegik teknika sentsorialen bidez ikasten du: “Estherrek askotan esaten dit bere bizkarra eta sorbaldak ukitzeko, jotzen duen bitartean nik ere mugimendua sentitzeko”. Pianoari begira jarri da Barandiaran, eta sorbalda gainean Txapartegiren eskuak dituelarik pianoa jotzen hasi da. “Sentitu nola dagoen nire besoa hemen. Sentitu. Heldu ongi”, esan dio.

Elkarren ondoan jarri, Barandiaranek besoekin inguratu du Txapartegi, eta eskuak Txapartegiren eskuen gainean jarri ditu. Pianoa jotzen hasi dira. Indarra handituz eta txikituz Txapartegiren eskuak gidatzen ditu Barandiaranek. Ostean, atzean jarri, eta hatzarekin bizkarrean presioa egitez gorputz osoko mugimendua lantzen hasi dira. Barandiaranek belarrira xuxurlatzen diolarik pasioz eta mimo handiz jotzen hasi da Txapartegi.

Exijentzia altuko lehiaketa

Ikasleen beharrak, nahiak eta gaitasunak identifikatu, eta horren araberako erronkak proposatzen dizkie ikasleei Barandiaranek. Horregatik, duela bi urte Euskadiko Musikari Gazteen txapelketan parte hartzeko proposatu zion Txapartegiri. Duela bi urte bigarren postua eskuratu zuen, eta aurten lehena. “Aurten lasaiago nengoen txapelketa ezagutzen nuelako. Irabazi nuenean oso kontent jarri nintzen”, kontatu du.

Prozesuaz gozatu duen arren, nabarmendu du horrelako txapelketetan exijentzia eta konpromiso maila “oso altua” izaten dela. Gainera, gehienetan soilik kontserbatorioetako ikasleek parte hartzen dute: “Saria eskolarena ere izan da, herri bateko eskola txiki bat mapan jarri dugulako”. Hiru obra klasiko jo zituen, eta horietako batzuekin zalantzak izan zituen hasieran, baina azkenean hautuarekin kontent dago: “Hasieran bi ez nituen gustuko”. Txapelketako obrak ONCEk antolatzen duen lehiaketa batera aurkeztu ditu.

Beste beldur batzuk ere sentitu zituen, hala nola pianoa ongi egonen zen edo ez: “Gutxi falta denean kezkatzen hasten naiz; eta pianoa ez badago ongi? Eta…”. Hala ere, urtez urte urduritasuna kudeatzen ikasten saiatzen da. Publikoaz gero eta kontzienteago da: “Pianoan asko zentratzen naiz, baina publikoa ere entzuten dut, erreakzioak eta energia sentitzeko”.

Oholtzan dagoenean pianoan nola kokatzen den erakutsi du. Horretarako, pianoari begira eseri, besoekin luzera neurtu, zilborraren parean egon behar den erdiko do nota jo, eta obraren lehenengo akordeak jo, bizkarra kokatu eta melodia jotzen hasi da. Gaineratu du pianoak ekarpen “handia” egiten diola: “Musika orokorrean sendagai bat da arimarentzat. Pianoa konpainia izatea bezala da, ez zara inoiz bakarrik sentitzen”.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

“Hatzak, pianoa jotzeko erabiltzen ditudalako [pianoa jo du], asko gustatzen zaidalako hatzekin laztanak egitea [eskua laztandu du] eta gauzak ukitzea, eta informazio pila bat ematen dutelako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude