Ehizaren fantasia desegiten denean

Drone-operadoreak. Argazkia: AEBetako armada

2024ko apirilaren 24an

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu osotik egindako drone eraso gehienak.

Base militarraren sarrerako atearen gainean ondoko hitzak daude idatzita: "Ehiztarien etxea". Drone pilotuei eta operadoreei ehiztari deitzen diete. Drone pilotu ohien memorietan (Matt J. Martin, 2010), "arratoi", "uso", "oilo", "sagu" eta abarren ehiza deskribatzen dute, pertsonen ordez. Hildakoei bugsplat (intsektuen zipriztina) deitzen diete. Pertsona bat hiltzea askoz errazagoa da biktimari gizatasuna kentzen bazaio eta animaliak hiltzen ari zaren fantasiarekin estaltzen bada. Ikuspegi deshumanizatzaile hori oso presente dago gaur egun ere. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek ondorengoa esan zuen 2023ko urriaren 9an: Gazan, "giza animaliak dira eta horren arabera tratatuko ditugu". Ordutik 33.000 "animalia" ehizatu dituzte Gazan.

Esan izan da droneen bidezko gerrak gerra despertsonalizatzen duela, hiltzailearen erantzukizuna lausotzen delako. Operadoreek indarkeriarekin duten harremana bideojokoekin parekatzen da. Indarkeria esperientzia traumatikoari utzi eta jarduera ia ludiko bilakatzen da. AEBetako armadak bideojokoak erabiltzen ditu errekrutatze-prozesuetan eta entrenamenduetan, eskua eta begia azkar koordinatzeko, aldi berean ataza askoren ardura garatzeko eta ikusmen-azkartasuna lantzeko. Adibidez, Call of Duty joko ezagunaren sortzaileetako bat Pentagonoaren aholkularia da defentsa kontuetan.

Hellfire misilez armaturiko Predator drone bat Creecheko base militarrean. Argazkia: NBC News

Baina egungo gerraren konplexutasuna bideojokoen mailara murriztu nahi duten diskurtsoak errealitatearekin bat ez datozen karikaturak dira. Askok kontrakoa salatzen du. Pilotuek hilabetetan behatu behar dituzte beren helburu militarrak, ezagutzen dituzte, egunerokoan ikusten dituzte, beren familia eta alaba-semeak ezagutzen dituzte, unerik intimoenetan ere behatzen dituzte. Horren ondorioz, askok ezin dio eutsi ehiztari izatearen fantasiari, haren biktimak harrapakin bilakatzen dituena.

Joseba Zulaika Irureta antropologoak gertutik ezagutu eta aztertu du gaia. Ia 30 urtez, 2019ra arte, Renoko Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko irakaslea izan da, eta AEBetako Gobernuaren diskurtso kontraterrorista izan du aztergai. Haren azken liburua da Muerte desde Las Vegas. La Guerra de drones y la resistencia a la fantasia americana (Heriotza Las Vegastik. Droneen gerra eta amerikar fantasiaren kontrako erresistentzia, Hincapie, 2022).

Droneen aurkako protesta, Creecheko base militarraren aurrean. Argazkia: Codepink

Urtean zenbait aldiz Creechen aurrean elkartzen dira drone eta nuklearren aurkako militanteak, eta azken urteetan Hollomango base militarrean ere bai, Mexiko Berriko basamortuan. AEBetako militarismoaren aurka protesta egitea da helburua. 2016 eta 2018 urte artean, Zulaika haiekin bizi izan zen eta bere jardueretan hartu zuen parte. Droneen aurkako ekintzaileak elkarrizketatzeaz gain, Creecheko pilotu ohien esperientziak ezagutu zituen, horien artean zeuden Brandon Bryant eta Cian Westmoreland. Biek parte hartu zuten dronen aurkako taldeen bileretan, eta haien bizipenak partekatu zituzten.

Bryantek 19 urte zituen 2007an institutuan graduatu zenean eta armadan sartu zen unibertsitatean ikasteko zorrak saihesteko. Bryantek misil bat jaurti zuen lehen aldian, bi gizon hil zituen momentuan, eta hirugarren bat bere agonia bizian apurka-apurka hiltzen ikusi zuen. Inoiz ez zitzaion burutik pasa gizarteak, artean nerabe zela, serieko hiltzaile bihurtzea eskatuko zionik. Apaiz batekin hitz egin zuen horri buruz eta esan zion "dena Jainkoaren planaren parte" zela. Zulaikak bere liburuan jaso duenez, Bryantek kontatu zuen behin droneekin txikitzen ari ziren zonalde batean ama bat ikusi zuela bere alaba-semeak zubi batetik behera botatzen, eta, ondoren, bera ere bere buruaz beste egiten.

Creechen sartu eta lau urtera, egun batean, bere dronearen kontrol-estazioan zela, ahotik odola zeriola konortea galdu zuen. Sindrome post-traumatikoa diagnostikatu eta etxera bidali zuten. Bere gorputzak ezin izan zuen gehiago jasan masiboki hiltzen jarraitzearen trauma. Sari gisa, zenbat "etsai" hiltzen lagundu zuen adierazten zuen errekonozimendua jaso zuen: 1.626. Bryant etxerik gabeko arlote eta lur jotako gizon bihurtu zen.

Lau drone-operadore ohi, haien jardun militarra publikoki salatu dutenak: Michael Haas, Brandon Bryant (erdian txapelarekin), Cian Westmoreland (eskuinean) eta Stephen Lewis.

William Westmorelanden aita AEBetako armadako jenerala izan zen Vietnamen, berak zuzendu zituen AEBetako tropak gerra odoltsu hartan. Bere seme Cianek, Creechen egon ondoren, bere burua "gerra-kriminal" gisa definitzen du. Zulaikak jaso duenez, denbora batez drone pilotu lanetan aritu ondoren, Cian Westmorelandek zenbat zibil hil zituzten galdetu zien Creecheko buruzagiei. "Ez nuen erantzunik jaso, orduan nire kabuz ikertzea erabaki nuen eta ondorioztatu nuen 359 zibil hil genituela. Hiltzen lagundu nuen gazte horiengatik nago orain hemen", zioen. Zulaikak ezagutu zuenean 22 urte zituen Westmorelandek, traumatizatuta eta terapian zegoen. Obama presidentearen arabera, bere administrazioaren zortzi urteetan, ofizialki hamar bat mila hildako izan ziren, horietatik zibilak 64 eta 116 artean baino ez zirela izan zioten. Westmorelandek aipatzen dituen 359 zibilak 2009an exekutatu zituzten, bere komandante buru Barack Hussein Obamari Bakearen Nobel saria eman zioten urte berean. Dawn egunkari pakistandarraren arabera, 2009an AEBetako droneek Pakistanen exekutatutako 708 pertsonetatik bost baino ez ziren militante ezagunak.

Baina ustezko "ezjakintasun" hori "terrorismoaren aurkako gerran" funtsezko oinarrietako bat da. Zulaikak azpimarratu duen bezala, ez zaie interesatzen terroristaren subjektibotasuna, hobe dute ez jakitea eta ez ulertzea, pertsona bat zergatik den den bezalakoa, errezagoa zaiela bere giza izaera ukatzea. Ekuazio horretan droneek zeregin garrantzitsua dute, prozesua are gehiago despertsonifikatzen laguntzen baitute. "Soldaduak ezin du egunero-egunero birplanteatu bera soldadua edo hiltzailea den, baina sinetsi duten fikzioa erortzen denean, orduan trauma agertzen da”.

Bryant, Westmoreland eta haiek bezalako ehunka drone piloturen arazoa da, dio Zulaikak, gehiegi ikusi dutela. Horrela hobeto ulertzen da zergatik Nevadan, bi milioi eta erdi pertsonako biztanleriarekin, 300.000 gerrako beterano erroldatuta dauden eta horietatik %20k traumaren bat duela kalkulatzen da.


Azkenak
2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


1.000tik gora sinadura, Donostiako Kristobaldegi komentua Txomiñeneko auzoarentzat izan dadin

Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.


Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]


Eguneraketa berriak daude