“Sionistek palestinarrak erreserba batzuetan edo beren lurretatik kanpo nahi dituzte”

  • Maulen eta Baionan egon berri da Pierre Stambul, Palestinaren alde dabiltzan kolektiboek gomitaturik. Judu laikoa eta nazien genozidioa hurbiletik ezaguturikoa da, bere amaren alde guztia deuseztatu zutelako. Erresistente komunistak zituen gurasoak, aita Manouchian talde iraultzailean aritu zen eta Buchenwald kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Hortik mamitzen du bere judu identitatea eta sionisten aurkako bere borroka. Frantziako Bakearen Aldeko Juduen Batasuna elkartearen bozeramailea da. 

Hizlari lanetan arituriko Pierre Stambul, judua eta antisionista.

Hitzaldiz hitzaldi, proiektu sionista, Israelen politika eta palestinarren desagerpen programatua pedagogia handiz azaltzen dabil Pierre Stambul: "Israel jendartezidioa bideratzen dabil, hau da, jendarte baten desagerpena. Hori dugu sionismoaren oinarrian: AEBetako amerindioen edota Australiako aborigenen gisara erreserba batzuetan metaturik edo beren lurretatik kanporaturik eta eskubideak aldarrikatu ezinean nahi dituzte palestinarrak". 2023ko urriaren 7az geroztik areagotu egin den "antisemitismoaren instrumentalizazio" arriskutsua bideratzen dabiltzan honetan, gauzak argitu beharra ezinbestekoa zaio: "Gazan ez dabiltza bakarrik palestinarrak sarraskitzen, judaismoa hiltzen dabiltza, genozidioaren memoria hiltzen dabiltza, antisemitismoaren memoria hiltzen dabiltza". Sionismoaren eta Israelen inguruan zabalduriko ideia faltsuen gezurtatzea ezinbestekoa dauka eta horrekin abiatu zuen bere hitzaldia.

Baga: gezurra da erratea juduen itzulera Palestinara legitimoa dela. Kultura, herri, hizkuntza eta erlijio nahasketen lurraldea izan da betidanik Palestina, hiru erlijio monoteisten leku santuak bertan dira eta sionisten etorrera aitzin, guti ala asko, beti posible izan dute musulmanen (%80), kristauen (%15) eta juduen (%5) arteko elkarbizitza. 70. urtean, Titus erromatarrak eta bere armadak Jerusalem harturik, milioika judu kokatu ziren munduan barrena eta gertakizun horretan oinarritzen du sionismoak exilioaren eta etorreraren sinesmena. Baina, Israelgo Gobernua Bibliako pasarteetan oinarrituriko programa politikoa garatzen dabilen honetan, garrantzitsutzat dauka oroitaraztea liburu sakratu hori ez dela Historiako liburu bat. Hain zuzen, geroz eta historialari gehiagok dute urte horretako exilioaren kontakizuna gezurtatzen. "Garai eta eskualde ezberdinetan birkokaturiko juduen ondorengoak gara juduok, eta antzinaroko hebrearren ondorengoak, oro har, palestinarrak dira".

Biga: gezurra da erratea arrazoi erlijiosoengatik dutela sionistek Palestina bereganatu. 1960ko hamarkada arte behintzat judaismoa ez da lurralde bati loturiko erlijioa izan eta, gainera, erlijio mesianikoa ere bada –Mesias itzuli bitartean ezin daiteke Israel deitu lurraldera bertaratu–. Hots, Palestina lapurtu eta palestinarrak haizatu nahia ez da helburu erlijioso bat, baina bai 1960ko hamarkadan abiaturiko Zisjordaniaren kolonizazioarekin garaturiko pentsaera sionista nazionalista erlijioso fanatikoa. Sionismoak ekarri zuen ordura arte ez zegoen "Palestinaren fetitxizazio" hori.

“1969ko Olinpiar Jokoetatik Hegoafrika kanporatu zuten, boikotak bultzaturik.
Parisen ditugu Jokoak aurten, zer egin badakizue:
boikota sustatu”

Higa: argi utzi nahi du nazien genozidio garaian izan ezik, sionismoa eta antisemitismoa beti ibili direla eskuz esku. Hain zuzen, jatorrian Theodore Herzlek teorizaturiko sionismoa "banaketaren teoria" da, juduak eta judu ez direnak elkarrekin bizitzea ezinezkoa den ustean oinarrituriko ikuskera. Adibidetzat du 1897ko Sionismoaren Sorrerarako Kongresuari oztoporik ez jartzeko manua zabaldu zuela Guillaume II enperadore antisemitak –"Ez jarri oztoporik juduak lekutuko dizkigun horri"–. Etsenplutzat du Haavara Hitzarmena ere, Hitler boterera heldu eta sionistek eta naziek 1933an izenpeturikoa, juduen Palestinarako emigrazioa errazteko asmoz gauzaturikoa. 1939a arte iraunen zuen eta horri esker 60.000 judu alemanek emigratu ahal izan zuten Palestinara. Arthur Balfour ministro britainiarra, berdin, antisemita eta sionismoaren defendatzaile sutsua izan zen –1917ko Balfourren adierazpena dugu Israelgo Estatuaren sorreraren oinarrian–.

Laga: Israelen sorrera nazien genozidioari emandako erantzuna izan zen. Ez, palestinarren kanporaketa bideratuko zuten instituzio nagusiak genozidioa aitzin sortu zituzten: Juduen Banku Koloniala 1898an; palestinarren lurrak lapurtuko zituen Fondo Nazional Judua 1901ean; Histadrut sindikatu sionista 1920an, eta beste. Sionismoak "etnikoki garbia den estatua" du helburu eta horregatik dituzte arabiarrak –palestinarrak– haizatu behar. Ordezkapen-kolonizazio hori usaindurik, 1920ko hamarkadan hasiko zituzten lehen matxinadak palestinarrek. Eta horri loturik, boga: nazien genozidioagatik duten errua ttipitu nahian du munduak Israelen sorrera sostengatzen. Hori ere gezurra dela dio Stambulek. "Europak ardura ikaragarria du antijudaismo kristauan eta antisemitismo arrazialean. Kulpa sentitu izan balute mugak irekiko zizkien 1945ean, baina ez zen horrelakorik gertatu. Kulpaz bereizi dira, arduradun ez ziren palestinarren bizkar utziz guztia".

Sega: Israelen baitako adar politikoen osaketa ere argitu beharra dagoela uste du. Hasteko, Israelgo ezkerrak ere eskuak zikindurik ditu, "ez dago krimenik sozial-demokraten ardurarik gabekoa". 1948ko Nakba edo 700.000 palestinarren ihesaldi behartua laboristek "aurrez pentsaturikoa eta programaturikoa" izan zen, eta gauza bera 1967ko gerrarentzat. Nola ez, 1993ko Osloko Hitzarmenaren izenpetzaile Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroa ere laborista zen. Aitzin, Defentsa ministro gisa berak bideratu zuen OLP Palestinaren Askapenaren Aldeko Erakundearen buruzagien aurkako bonbardaketa 1985eko urriaren 1ean eta, ondotik ere, berak erreprimitu zuen 1987-1993ko Lehen Intifada. Logika berean doa Osloko Hitzarmena: "Zer dio hitzarmenak? Okupatzaileak bermatu behar du okupatzailearen segurtasuna. Presoak, estatu palestinar bat, errefuxiatuen itzulera… horretaz hitz egin zuten, baina ez zuten deus izenpetu". Bestalde, argitu nahi du eskuin sionista ere ez dela gauza berria: "1920tik aitzina garatuz doa, tartean dugu Vladimir Jabotinskyren mugimendua faxistekin ariko zena eta Benito Mussolinik berak "gure faxista judutzat" zeukana. Europako eskuin muturreko arduradun guztiak Israelen egon direla ohartarazten dabil Stambul: "Modelo bat da haientzat, lorturiko birkonkista kolonial baten adibidea da, arriskutsutzat daukaten herri bat preso atxiki ahal izanaren adibidea, puntako teknologia garaturik daukanarena".

Eginbeharrekoa: boikota eta presioa

Urriaren 7az geroztik Gazatik bideraturiko palestinarren genozidioa dela eta, egin daitekeenaz galdetu zioten entzuleek: herritar gisa, zer? Eta nazioarteko instituzioek zer? Eta AEBek? Argi dauka: "Herritar gisa, batetik, palestinarrei laguntza bideratu behar diegu, gaurdanik eta gerora berreraikuntzarako, eta bestetik, gure gobernuak presionatu behar ditugu, politikaz aldatu eta okupatzailea zigortu dezaten". Israelen irudi demokratikoa gezurtatzea lortu behar dugula dio. Bide horretan, Hegoafrikaren salaketak eragina izan duela uste du. Boikotarena ezinbesteko tresnatzat dauka. "1969ko Olinpiar Jokoetatik Hegoafrika kanporatu zuten, bere apartheid politikagatik zegoen boikotak bultzaturik. Olinpiar Jokoak dauzkagu Parisen. Beraz, badakizue zer egin behar duzuen: palestinar banderak atera eta boikota sustatu".

Lerroak mugitzen ari direla sinetsiz, ez du esperantza galdu nahi. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi António Guterresen jarrera aldaketa dauka adibidetzat. Hala ere, estatuen kritikek eta AEBen salaketek ez dute oraingoz eraginik, Stambulen arabera: "Benetako zigorrik ez deino Israelek ez du jarreraz aldatuko; baina historiak erakusten digu benetako zigorrak izanez gero Israelek atzera egiten duela". Zer egin beharko litzateke? Armen bidalketa bukatu.

“Negoziaketei dagokionez, Netanyahuk badaki
su-etena onartuz gero erortzen dela,
Trumpen garaipena arte iraunarazi nahi du kontua”

Inguruko estatu arabiarren presioan ere ez du sinesten: ez dituzte inoiz sostengatu palestinarrak –kasu, gobernuez ari da, ez herritarrez–. Ez ziren mugitu 1948an eta Jordaniak gerra abiatu bazuen ere, hain zuzen, izan zen sionistekin adosturiko Palestinaren banaketari buruzko hitzarmena ez zelako errespetatu. 1970-1971 urteetako Irail Beltza ere gogoan du, zeinetan Israelen armak esku artean milaka palestinar hil zituen Jordaniak. Egiptok ere postura bera duela dio: "Egipto, adiskide-herri bat izan ezik, beste guztia da Palestinarentzat". Gazaren blokeoan parte hartzen duela nabarmentzea inportantea zaio.
Azkenik, Hamas eta Israelen arteko negoziaketetatik ere gauza gutxi daukagu lortzeko, bere ustez: "Bahituen askatasunaren alde kalean direnek partidua galdu dute. Netanyahuk badaki su-etena onartuz gero erortzen dela, beraz, Trumpen garaipena arte iraunarazi nahi du kontua. Ez dut uste gauzak aldatuko direnik… edo bai, agian armen salmentak gelditzeko mehatxua eginez gero AEBek, eta kasu horretan Netanyahu eroriko litzateke. Bizkitartean, hilotzen gainean bideraturiko negoziazioek ez dute ezertarako balio".

Gaurko egunean, su-etena lortzea da premiazkoena, eta ondotik hitz egingo da aterabide politikoaz. Bere iritzia dauka Stambulek: bi estatuen soluzioa ez da bidea –"Osloko Hitzarmena aipatu dizuet. Ezinezkoa izateaz gain, ez da desiragarria. Bereizketaren teoria da sionismoa eta bereizketak kolonialismora, faxismora eta arrazakeriara garamatza. Bereizketa mantenduz gero, faxismoa mantenduko genuke". Estatu bakarra? Utopikoa bihurturiko aterabidea dela dio.

Horiek horrela, nazioarteko zuzenbidearen errespetua aldarrikatzen du Frantziako Bakearen Aldeko Juduen Batasunak: kolonizazioaren eta okupazioaren bukaera, presoen askapena, harresiaren desegitea, Gazako blokeoaren bukaera, eskubideen berdintasuna, errefuxiatuen itzulera eta gerra krimenen erantzuleen epaiketa. Tamalez, Frantziako Bakearen Aldeko Juduen Batasuna ez da Frantziako Estatuan dagoen juduen egitura indartsuena eta eragin guti du gobernuarengan. Baina berri ona: urriaren 7az geroztik bikoiztu da elkarteko kide kopurua. Harrotasunez baino gehiago, itxaropen iturri daukalako zehaztu zien datu hori entzuleei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Trumpek Gazarako proposatutako garbiketa etnikoak hautsak harrotu ditu nazioartean eta AEBetan

AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]


Trumpek berriz esan du palestinarrak Gazatik kanporatu behar direla: “Zergatik nahiko lukete itzuli?”

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-27 | Leire Ibar
Dozenaka mila palestinar Gaza iparralde suntsitura itzultzen ari dira

Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Gazarako su-etena adostu arren, akordioaren bozketa gibelatu du Israelek

Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]


2025-01-15 | Axier Lopez
Bilboko Portua blokatu du LAB sindikatuak, Gazako genozidioarekin negozioa egin ez dezaten aldarrikatzeko

Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.


Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


2025-01-14 | Leire Ibar
Israelek Gazan zuzenean hildakoak 64.260 izan direla estimatu dute The Lanceteko ikerketa batean

Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Eguneraketa berriak daude