GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

  • Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak moratoria ezarri du, bide hori “hobeto aztertzeko”. Ekologisten esanetan, “mega-bonba klimatikoak” diren proiektuok munduko ingurumenari eta herritarren osasunari itzulezinezko kalteak ekarriko dizkiote.

Plaquemines Mississippiko deltan Venture Global enpresa egiten ari den GNL plantaren tanke bateko sabaia jasotzeko momentua. 200.000 metro kubo gas biltegiratu ditzake berak bakarrik. Argazkia: Venture Global
Plaquemines Mississippiko deltan Venture Global enpresa egiten ari den GNL plantaren tanke bateko sabaia jasotzeko momentua. 200.000 metro kubo gas biltegiratu ditzake berak bakarrik. Argazkia: Venture Global

Plaquemineseko parrokia orbain bat bezala luzatzen da New Orleans hegoaldean Mexikoko Golkoan barrena, zer den itsaso zer den lur ezin bereizirik, edo “itsasoak eman digun lurra geure-geurea ez dela konbentzituta”, Oihane Amantegik Cayo Hueso nobelan Floridako artxipelago ez hain urruneko sentsazioak deskribatzen dituen gisan. Baina hau ez da Florida, hau Louisiana da, esklaboen oinordekoen territorioa, jazzaren sehaska, arrantzaleen bizitokia, Katrina-ren hiltokia... eta AEBetan pobrezia eta desberdintasun tasa handienak dituen estatua.

Hemen bizi da Katie Mazarac, Buras herrian, hemezortzi hilabeteko bere haurrarekin. Burasen badakite zer den itsasoaren kontra bizitzea, izkirak harrapatzen dituzte erruz Mississippiren deltako mendebalde honetan. Aspaldion, etxe gehienetan ur gatzatua baizik ez da irteten iturria irekitzerakoan. Kontra dator itsasoa Burasen azken urteetan, klima larrialdiak eta ekaitz tropikalek eraginda. Mazaracek alabatxoa ur botilaratuarekin garbitzen du, ez da fio gatzaz gain partikula kutsagarriak ekar ditzakeen itsasoko ur zikinduaz.

Pasa den urteko abuztutik problema handitan dabiltza plaqueminestarrak: txorrotatik presiorik apenas dago. Lehortea da errudun, baina ez bakarrik lehortea. Izan ere, izkira-arrantza ez da industria bakarra, ezta boteretsuena ere. Hemen lobby petrokimikoak agintzen du, eta horrekin batera, bogan den Gas Natural Likidotuaren (GNL) negozioak.

Pasa den urteko abuztutik problema handitan dabiltza plaqueminestarrak: txorrotatik presiorik apenas dago. Lehortea da errudun, baina ez bakarrik lehortea

Mazaracen berri The Guardian-en jaso dugu, Delaney Nolanek idatzitako "A fossil fuel plant is leaving Louisiana families with ‘barely enough water for your toothbrush'" (Erregai fosilen planta bat Louisianako familiak uzten ari da ‘hortzetako eskuilarentzako urik gabe') artikuluan. Egunkari britainiarrak erregistro publikoetan ikusi duenez, Venture Global enpresak inguruetako ur edangarriaren laurdena erabili zuen 2023ko maiatza eta iraila artean... zertarako? GNL planta erraldoi bat eraikitzeko zementuarentzako.

Venture Global ez da edonor. Qatar bezalako herrialdeekin lehian dabil GNL esportatzaile nagusi izateko bidean, eta Plaquemineseko zingiretan 255 hektarea okupatu ditu –Baliarraingo udalerri osoa kabitzen den eremua–, munduko terminal handienetakoa dena egiteko, horretarako “ehunka baimen urraketa” pilaturik baditu ere, dio The Guardian-eko kazetariak. 21.000 milioi euroko proiektu hori munduko banku handienek finantzatuko dute, eta nola ez, baita BBVAk ere. Gainera, gasez hornituko duen bezero nagusietako bat Repsol multinazional espainiarra izango da, Muskitzeko Petronor findegiaren jabea.

Bahia de Bizkaia Gaseko instalazioak Zierbenan. Itsasontziek hara eramandako gas natural likidotuaren zati handi batek Mexikoko Golkoko plantak ditu jatorri. Argazkia: BBG

Ukrainako gerrak Europan eragindako gas errusiarraren eskasiak akuilatuta, Louisianan ez ezik Texasen eta AEBetako beste hainbat tokitan GNL proiektuak barra-barra ugaritu dira, zizak Urbasako zabaletan bezala. Terminal horietan frackingaren bidez milaka putzutatik erauzitako gasa hoztu, likidotu eta biltegiratzen dute –hartara 600 aldiz bolumen txikiagoa izan dezan– eta metano-ontzietan esportatzen dute Atlantikoan beste aldera, Zierbenan dagoen Bahia Bizkaia Gaseko instalazioetara, esaterako. 2022an Europara AEBetatik inportaturiko gasa %140 hazi zen.

Ikatzezko 440 zentralek adina

Urtarril honen amaieran Joe Bidenen administrazioak iragarri du GNLa esportatzeko baimenak bertan behera utziko dituela. Energia segurtasuna, kutsadurari buruzko kezkak, azterketa ekonomiko zorrotzagoak egin beharra... Argudioak argudio, ekologistek ongi etorria egin diote moratoriari, Amerikako Petrolioaren Institutu ahaltsua crochet-arekin nokeatua gelditu den bitartean. Baina Etxe Zuriaren erabakiak ez die eragiten jadanik onarturik dauden proiektuei... Eta ez dira gutxi.

“AEBetan GNLa ekoizteko 30 planta berri eraiki edo proposatu dira 2016tik, Oil and Gas Watch erakundeak dioenez. Louisiana eta [Mexikoko] Golkoko Texasko kostaldean jadanik bost plantek funtzionatzen dute, eta GNL terminal berri horien bi heren hartuko dituzte orain. Horrek esan nahi du gutxienez 22 GNL planta eraikiko dituztela”. Hala dio Texasekoa den eta New Orleansen bizi den Xander Peters idazle eta kazetariak, ingurumen gaiak jorratzen dituen Environmental Health News atarian. Irakurlea ikaratuko duen beste datu bat ere ematen du: 22 planta horiek eraikiz gero, ikatzezko 440 zentralek bezainbeste kutsatuko lukete atmosfera CO2arekin. Ekologistek “mega-bonba klimatiko” deitzen diete halakoei.  

Ingurumen kutsadura globala eragiteaz gain, inguruko herritarren bizimoduan eta osasunean ere ari da kalteak sortzen gasaren industria, konbinazio fatidiko bat juntatzen baita kostaldeko zingira eta laku emankor horietan. Erreportaje luze zabalean, Petersek kontatzen du nola ari diren GNLa biltegiratzeko tanke erraldoiak Mississippik oparituriko ur geza sikatzen eta lurra okupatzen. Gainera, Louisianako kostaldean dagoen Cameron parrokiako herri arrantzaleak husten ari dira pixkanaka, ekaitz gero eta bortitzagoen eta itsasoko mareen gorakadaren ondorioz. 2020an Laura urakanak zeharo txikitu zuen orain Venture Globalek GNL terminal bat eraiki nahi duen ingurunea. Cameronek duela urte batzuk zituen 10.000 biztanle, erdia baino ez dira orain.

Baina geratzen direnek borrokarako bideari ekin diote, eta aurpegi ezagunenetako bat John Beard dugu. Urte askoan ExxonMobilen lan egindakoa, Texas eta Louisiana arteko mugan dagoen Port Arthur herriko ekintza sarearen sortzailea da eta Sempra enpresak handik gertu Calcasieu lakuan egin nahi duen GNL azpiegituraren aurka dabil buru-belarri. Greenpeacek duela urtebete elkarrizketatu zuen, gasaren auziaz egindako Who Profits From War: How Gas Corporations Capitalise on War in Ukraine (Zein aberasten da gerratik? Nola gas korporazioek kapitalizatzen duten Ukrainako gerra) txostenerako: “Port Arthurrek Beiruten, Iraken edo bonbardatu dituzten beste leku batzuen antza du: etxe hutsak, lur sail mortuak, hondatuta dauden azpiegiturak eta kaleak...”, dio ekintzaileak.

“Port Arthurrek Beiruten, Iraken edo bonbardatu dituzten beste leku batzuen antza du: etxe hutsak, lur sail mortuak, hondatuta dauden azpiegiturak eta kaleak...”

"Utzi lur azpian"

Nahiz eta, lehen petrolioarekin eta orain gasarekin, herritarrei hitz eman aberastasuna ekarriko zutela eskualdera, Port Arthurreko biztanleen %27 eta %30 artean pobreziaren mailaren mugan bizi da: “Honek ez digu batere onik egin. Jadanik airean dagoen kutsadura ari gara nozitzen eta orain GNLak ekarriko duena jasan beharko dugu”. 120 urtez konpainia petrokimikoek pilatutako sufre dioxidoaz, bentzenoaz, formaldehidoaz... mintzo da Beard, eta nola sartzen diren partikula eta molekula horiek guztiak gorputzean, nola gorritzen dituzten begiak, zakartzen eztarriak, minbizia sortzeraino.

John Beardek urteak daramatza gasaren sektorean lanean, eta urteak gasbideek eta halako esplotazioek sortzen dituzten kalteak salatzen: "Europa eroso sentitzea gure gasa erabilita guk frackingaren kalteak sufritzen ditugun bitartean, jarrera oso miopea iruditzen zait". Argazkia: Petrolioaren eta Gasaren Behategia.

Ez dela petrolioa edo ikatza bezain txarra, CO2 isuriak aurreztuko ditugula, gutxiago kutsatzen duela... hori dio gasaren lobbyak etengabe. Baina Beardek badaki karburo konposatu bat hausten deino zenbat karbono, toxiko eta toxina askatzen diren. Badaki, 38 urtez aritu delako horiekin lanean: “Erabilera hori ezabatu behar dugu eta modurik onena nire arreba-anai indigenek esaten dutena egitea da: ‘Utzi lur azpian’. Arrazoiren batengatik dago lurperatuta”.

Eta azken ohartarazpen bat ere badakarkigu louisianarrak, hango miseriaz gure lantegiak piztu eta etxeak berotzen ditugunontzat: “Europa eroso sentitzea gure gasa erabilita guk frackingaren kalteak sufritzen ditugun bitartean, jarrera oso miopea iruditzen zait (...). Denok bizi gara planeta honetan, arrokaz, urez eta airez osaturiko lur zati honetan. Hemen gertatzen dena, zuri gertatuko zaizu”. Klima aldaketa, itsasoaren gorakada eta muturreko meteorologia ekarriko dizkigu ordainetan erosotasun horrek, dio Beardek: “Ezer ez da debalde”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


Euskal Herriko zentral eoliko handiena Urumeako mendietan

Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]


Urumeako Mendiak Bizirik
“Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara”

Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]


2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan

Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]


“Derrigorrezko” makroproiektuak?

Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]


NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana

Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]


2024-10-11 | ARGIA
Desazkundeari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean urriaren 21etik 24ra

Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.


Zaharrak berri

Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]


Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan

Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]


2024-05-23 | Elise Dilet | Enbata
Energia herritarrak

Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]


Statkraften zentral eolikoaren proiektuari helegitea jarri diote Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek

Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude