ETB

Ardatz bertikala, erabakien adierazle

  • 40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista, erreproduzitzaile gisa, antenaren emisioarekin konektatzeko baino.

    Urtzi Urkizu Berria-ko kazetariak ETBren historia aztertu eta etorkizunari buruzko gogoeta egin du Txoria hodei artean (Berria, Elkar eta Jakin, 2024) liburuan, eta 35 elkarrizketatuei, sektoreko aditu, aritu eta agintariei, galdera bera luzatu die: ikus-entzunezkoen munduan bidegurutze batean egonik, etorkizun horretan behar al dugu euskarazko telebista?

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Iritzi-bilketa soila egitetik harago, euskal gizartean gailentzen den kezka bati erantzuten dio liburuak, Urtzi Urkizu egileak aurkezpen-ekitaldian azpimarratu zuen gisan. Hau da, liburuak ez du egiten euskal telebistaren 40 urteko ibilbidearen azterketa, edo ez hori bakarrik, behintzat. Horretan sakondu du ARGIAri eskainitako elkarrizketan: “Etorkizunari begiratzeko premia ikusten genuen bai nik eta bai editoreek, telebistaren etorkizunaz oro har, ez bakar-bakarrik ETBz. Ikus-entzunezkoen mundua bidegurutze batean dago, gauzak asko aldatu dira azken urteetan, eta gehiago aldatuko dira datozenetan. Etorkizun horretan, behar dugu euskarazko telebista? Ziur aski, elkarrizketatu gehienek diotenez, ikuspegi soziologikotik beharko dugu euskarazko telebista, ahal bada publikoa eta sendoa. Zein leihotan, zein formatutan garatuko den, Primeran plataformaren bidez izango den edo Apple-ren zein betaurrekoren bidez ikusiko ditugun edukiak... Horrek izango du garrantzia, baina ez da hori egin behar den galdera; auzia da ea ETBk lehentasuna eman nahi dien euskarazko edukiei ala ez”.

Nagusiki, bi ataletan bereiz daiteke muina: bata, euskal telebistaren jarduna, kazetaritza jardunbideetan eta euskararen normalizaziorako lanean; eta bestea, euskal telebistaren beraren kudeaketa, Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea eta antolatzeko eredua. Bigarren horretatik hasiko gara, horretan dagoelako ETBk egin eta ematen duenaren ernamuina.

Urtzi Urkizu, liburuaren aurkezpen egunean, Donostian. (Argazkia: Gorka Rubio / Foku)

Agintean nor, emaitza hor
Zenbaitetan ez da alferrik esaten Teleberri=Telebatzoki, agintean dagoen alderdiak erabakitzen baitu nork gidatzen duen euskal irrati telebista publikoa, eta nork horretan, ziurrenik nola ere sar daiteke. Hiru urte eskaseko salbuespenarekin, alderdi batek soilik eduki du agintea, baina besteren bat egon balitz ere gerta zitekeen gauza bera, antolaketa- eta erabakitze-ereduak horretarako ahalbideak ematen dituelako.

Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren kontrolpean dago EiTB. Garai batean Jaurlaritzak hautatzen zuen EiTBko zuzendaria, baina eskumena Legebiltzarrera aldatu zen, gauzak argiago egiteko asmotan-edo. Baina praktikan ezer gutxi aldatzen da, ez bada Jaurlaritzan dagoen alderdiak edo koalizioak gehiengorik ez daukala Legebiltzarrean. Behin zuzendaria aukeratuta, pertsona horrek berak osatzen du bere lantaldea. Ez da hor amaitzen alderdi politikoen esku hartzea: Gasteizko ganberako gehiengoa, mimetikoki, Administrazio Kontseilura ere pasatzen da.

Bi arazo daude aterki beraren pean, Urkizuren esanetan: “Batetik, goitik ez dago organo independenterik; eta bestetik, Administrazio Kontseiluak ez du erabakimen errealik. Beraz, dena dago alderdi batek hautatu duen pertsonaren eta bere ingurukoen menpe”. Galdera egin eta gogoetarako tartea utzi du: “Horrelakoxea izan behar al du euskal irrati telebista publikoak? Eztabaida horrek egon beharko luke gizartean, baita alderdi politikoen artean ere”.

Urrunegi joan gabe bi adibide ekarri ditu, Valentziakoa eta Kataluniakoa. Erkidego horietako telebista autonomikoetan lehiaketa publiko bidez hautatu dituzte zuzendari nagusiak. EH Bilduk horixe bera proposatu du iraungitzear den legegintzaldi honetan, baina egitasmoa ez zen aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk nahi izan ez zutelako.

EAJk zuzendari nagusia aukeratu ez zuen aldi bakarra 2009tik 2013ra izan zen, Patxi López lehendakari zenean. Alberto Surioren garaia izan zen hura. Ondo gogoan du Urkizuk, besteak beste, Deia egunkariak argitaratzen zituen artikuluengatik: “Egunero-egunero sekulako egurra ematen zion EiTBri”. Garai hartan bertan, ez da ahantzi behar, makina bat aldaketa egin zituela zuzendaritza hark; tartean, haurren entretenimendu zen Goazen fenomenoaren etena. 2009ko urtarrilean estreinatu zen pelikula, eta izandako ospea medio telesaila prestatzen hasi ziren, udazkenean emateko. Martxoan izan ziren hauteskundeak, López izendatu zuten lehendakari, eta telesailaren lehen denboraldia eskaini zuten –audientzia datu onekin–, baina ez zuten berritu. 2016an berreskuratu zen.

Zuzendari nagusiaren hautaketa ereduaz hitz eginda, liburuko elkarrizketatu askok dioten gisara, egileak ere honelaxe dio, aldatu behar da jarduteko moldea. Alderdikerietan jausteko aukerak daudelako, bestela. Ikus-entzunezko Kontseilua sortzea izan daiteke aukeretako bat –EH Bilduk proposatu zuen, baina hori ere atzera bota zen; areago, Bingen Zupiria sailburuak esan zuen “organo nahikoa” daudela–. Urkizuk proposamen hauxe egiten du: “Interesgarria litzateke profesionalez eta aditu independentez osatutako erakunde bat egongo balitz. Nire proposamena bide horretan doa, eta era berean, Euskal Herri osoari ere begiratzea, ez soilik hiru lurraldeei; Ikus-entzunezko Kontseilua zazpi lurraldetakoa izatea, Elkargoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin landua”.

Urtzi Urkizu: "Dena dago alderdi batek hautatu duen pertsonaren eta bere ingurukoen menpe"

Egon daiteke kontrapuntu bat hor: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek finantzatzen dute EiTB. Horri erantzun dio Urkizuk: “Castroko –Kantabria– informazioa ematen dute, baita Errioxakoa ere; kazetariak erraz joaten dira hara, gertakariren bat badago”. Eta era berean, bi adibide ipini ditu: bata Conquis, eta bestea Atrápame si puedes, ETB2ko bi lehiaketa-programa. “Zuberotarrik egon da inoiz programa horietan? Aldiz, Andaluziako eta Madrilgo lehiakideak ikusi ditut hor, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren diruarekin ordaindu zaie”.

Lehiaketetako erreferentzia asko, batez ere ETB2n, Espainiakoak izan ohi direla ez da dudarik. Baita albistegietako informazioa ere. Horretan, ordea, nabarmendu behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alderdiek gero eta gehiago begiratzen dutela Madrilera. Ezbairik gabe, dena den, agintean dagoen alderdiak zeresana du telebista publikoaren eskaintzan, eta eskaintza horretan sartzen da hizkuntz politikaren auzia.

Proiektu elebiduna, sorreratik
Sortu baino lehenagotik, proiektu elebidun gisa irudikatzen zen ETB. Euskaraz egiten hastearena Eusko Jaurlaritzaren azken uneko agindua izan zela oroitzen dute Martin Ibarbia, Luis Mendizabal eta Luis Alberto Aranberri Amatiño orduko lantaldearen gidaritzan zeuden kideek, liburuan kontatzen dutenez. Jaurlaritzaren Kultura Sailak telebista elebiduna egin asmo zuen, baina Hizkuntz Politika departamentuaren esanetan, kate berean bi hizkuntzetan aritzea kaltegarria izan zitekeen euskararentzat.

1982ko abenduaren 31n ikusi zuen argia euskal telebistak. Euskaraz egin ziren lehen emanaldiak, eta urtea betetzerako hasi ziren gaztelaniazko edukiarekin tartekatzen, harik eta 1986an gaztelerazko kate propioa sortu zuten arte. Orduan bihurtu zen lehen katea euskara hutsezko, eta bigarrena gaztelerazko.

Kike Amonarrizek liburuan esaten duenez, orduko hartan ez zen erabaki txarra izan: “Kate bat blindatu zen euskararentzat (...) Bestela, telebista bakar bat izango genuen, eta euskararen presentzia %25ekoa-edo izango zen. Beraz, kanal elebidun bakarrarekin euskararen presentzia marjinala izango zen”. Amonarriz eta beste elkarrizketatu batzuen esanetan, euskarazko katea emankorra izan zen euskal kulturaren alde egiteko, euskara batua zabaltzeko, eta haur eta gazteentzat erreferente izateko.

Gaur egun, batik bat, bi kateen arteko “desoreka” nabarmentzen da. Pasadizo ugari kontatzen dituzte hainbat elkarrizketatuk, zeinetan ETB2ko zenbait programek, ETB1ekoen antza izanik ere, aurrekontu eta lantalde handiagoa izan duten sarri. Elixabete Garmendiak –ETBko langilea izan zen urte luzez– ondo gogoan du nola esan zioten zuzendaritzatik: “ETB1erako, ahal duzuena egin”.

Bi hizkuntzak berdin?
Garmendiak honela bizi izan zuen ETB2ren sorrera eta hauxe dio horrek ekarri duenaz: “Gaztelaniazko lanak egin beharra ez nuen mehatxu moduan hartu. Baina gero ikusi dugu, urteak pasatu ahala, gaztelaniazko albistegiak izan direla nagusi, eta euskarazkoen gutxiespena eta hondamendia ekarri dutela. Garai hartan ez nuen pentsatzen norabide hori hartuko zuenik, inondik ere. Izan ere, hasieran euskarazko edukiek garrantzi handiagoa zuten”.

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaileak bestelako ETB2 bat irudikatzen du: “ETB2 behin-behineko tresna bat izan zitekeen erdaldun elebakarrak euskarara ekartzeko. Baina horretarako, euskaldunek libre agertu beharko lukete ETB2n euskaraz hizketan, eta fikzioa, telesailak eta dokumentalak euskaraz eman beharko lirateke, gaztelaniazko azpidatziekin”.

Ia 38 urte pasatu dira ETB2 sortu zenetik, eta badira bi kateen eredua aldatu behar dela aipatzen duten ahotsak. Asko dira ETB2 ixtea eskatzen dutenak, edo, gutxienez, kate horrek normaltasunez euskararen presentzia bermatu beharko lukeela diotenak. Bistakoa da ETBko zuzendaritzak bestelako ikuspegi bat duela. Esaterako, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak ARGIAn –2843. zenbakian– zera zioen: “ETB2 ixtearekin edo baliabide gutxiago ematearekin ez nago ados. Herri honetan denok ordaintzen ditugu zergak, bai euskaraz bizi nahi dugunok, bai gaztelaniaz bakarrik dakitenek. Eta uste dut haiei ere zerbitzu bat eman behar zaiela. (...) Zoritxarrez, euskaraz hitz egiten dugunak erdia baino gutxiago gara herri honetan. Eta hala ere, gure aurrekontuaren erdia euskarazko kateetara bideratzen dugu”.

Horri buruz galdetu dio ARGIAk Urkizuri. Iritzi argia du: “Ni horren kontra nago. Hizkuntz politikak ezin du horrela jokatu. Euskaraz bakarrik bizi nahi dutenek ere jasotzen eta ordaintzen dute Espainiako telebista publikoa”. Hori esanda, liburua eskuetan hartu eta 35. orrian zabaldu du, euskararekin antzekotasunik izan dezakeen atzerriko erreferentzia bila jotzeko. Katalana. Gerard Furest filologo eta irakasleak eredu mimetikoez egiten zuen hausnarketa leitu du: “TV3 zerbaitetarako bada, katalana hizkuntza normalizatua dela esateko da, jendeak irudi hori izan dezan. TV3 ezin da izan errealitatearen ispilua. Kasu horretan, errealitatearen eredu mimetikoa litzateke. Horrekin okertu egingo litzateke katalanaren egoera”. Aipamen horri, gogoetarako esaldi propio bat erantsi dio Urkizuk liburuan: “Hori hala bada katalanarentzat, zer ez da izango, bada, eredu mimetiko bat euskararentzat”.

Bi hizkuntzak –Hegoaldeko ikuspegitik, jakina, baina frantsesarekin ere berdin gertatuko litzateke– parez pare jartzea akatsa dela uste dute hainbat elkarrizketatuk, baita Urkizuk ere. Ez dute uste bide zuzena denik %50-%50 jokoa egitea, herri elebiduna den aitzakian. “Horrek beti egingo dio kalte euskarari”, dio Urkizuk, “hizkuntza gutxitua delako geurea eta gaztelaniaz sekulako eskaintza dagoelako, publikoa eta pribatua”. Eta ildoari segika, Pantailak Euskaraz mugimenduaren izenean Izaskun Rekaldek zera zioen: “ETBk bi hizkuntzak maila berean hartzen baditu, euskalduna galtzaile aterako da marko orokorrean”. Hiru Damatxo ekoiztetxeko Lander Arretxeak ere sentsazio argia du: “ETBk beti nahi du denekin ondo geratu”. Asko dira, liburuan, ildo horretan doazen aipamenak.

Elixabete Garmendia, 'Txoria hodei artean' liburuan: "Urteak pasatu ahala ikusi dugu gaztelaniazko albistegiak izan direla nagusi, eta euskarazkoen gutxiespena eta hondamendia ekarri dutela"

Zer eskaini...
Liburuko solaskide gehienek baieztatu dute: ETB2n badaude genero batzuk ETB1en ez daudenak. Esaterako, bikoiztutako zinema oso maiz ematen da ETB2n, eta oso gutxi ETB1en. Eztabaida politikoko programetan ere, goizeko eta gaueko saioak ditu ETB2k, eta goizekoa soilik ETB1ek. Eta umorezko programen kasuan, urte askoan egon dira ETB2n, eta ETB1en ez.

Erreportaje hau argitaratu ondoren jakinarazi du ETBk umorezko saio berria edukiko duela, 'Altxa komedia'. Bakarrizketak izango dira. (Argazkia: EITB Media)

“Alderaketa handia” dela dio Urkizuk, zeinean balantzak gaztelerazkoaren alde egiten duen beti, salbu eta kirolaren kasuan. Batez ere pilota. Erreferentea da eta adin askotako jendea barnebiltzen du. Baina oinarrira, ETB1en funtsera, euskara eta euskal kultura zabaltzeko duen helburu eta ardatz horretara jo behar dela adierazi du Urkizuk: “Ez gaitezen engaina, ez dezagun sinetsi pilota edo arrauna ikusten ari diren horiek guztiak ari direnik euskaraz ikusten eta ulertzen, ari direnik euskal kulturarekin askotariko aberastasunak jasotzen. Pilota partida bat ikus dezakezu [Xabier] Euzkitze entzun gabe; [Jokin] Altunak berdin-berdin jokatuko du”.

Kirol emankizunak dira ETB1en puntu indartsua, audientzia datu onenak ematen dituztenak, batez ere pilotak, eta uda sasoian arraunak ere bai. Kirola programa propioa da telebistaren barruan, bere aurkezle eta kazetariekin, tarte propioarekin, bere babesletzarekin. Kirol zale asko dago Euskal Herrian, eta Urkizuren esanetan, horretan asmatzen du euskal telebistak.
Beste zentzu batean ere erreferente da kirola: hizkuntzaren zabalpenean. Pilotako esamoldeak-eta ezagutarazi dira, sortu da hiztegia, eta pozgarria da hori euskararentzat. Gauza bertsuak gertatu ziren bere garaian Dragoi Bola-rekin, Goenkale-rekin edota Wazemank-ekin; hainbat esapidek bizia zuten kalean, baita familia erdaldunetako seme-alabengan ere. Gaur egun, ordea, horrelakorik ez dela ikusten adierazi du Urkizuk.

'Goenkale'-ko aktore taldea.

Euskararen ezagutza igo da, baina erabilerak ez du bat egiten; horixe diote datu guztiek. Iñaki Iurrebasoren ikerketa ere jarri du mahai gainean Urkizuk. “Erabilera horretan, bere garaian, euskal telebistak eragina izan zuen. Saiatu beharko litzateke zerbait asmatzen, behintzat, gazteek euskaraz gehiago ikus dezaten eta horrek eragin positiboa izan dezan hizkuntzaren erabileran”.

... eta nola eskaini
Garmendiak liburuan dioen beste kontu batekin ere bat dator Urkizu: kulturari eskaintzen zaion tartea apala da oso. “Kulturizidioa egiten du ETBk”, esaten du Garmendiak. Badago programa bat, EiTB Kultura, eskaintza interesgarria egiten duena, baina ondotxo daki euskal telebistaren ikusleak desordutan ematen dutela eta apenas promoziorik gabe.

Zerbait orokorragoa ere bada, ordea. Esku-eskura datorren adibidea da erreportaje honetarako oinarri darabilgun Urkizuren liburuari albistegian eman zitzaion ahotsa: azken albistea izan zen, eta hogei segundoko iraupena eduki zuen. Liburuaren egilearen adierazpenik gabe, gainera. Kamera bakarrik bidali zuen ETBk –urrutira joan gabe, etxe honetan, ARGIA Sariei ere trataera bera ematen zaie–. Horrelakoekin ohituta gaudela dio Urkizuk: “Kultura gaietan kamera bidaltzen dute, kazetaririk gabe, eta albistegiaren hondarretan sartzen da askotan; aldiz, uholde arriskua baldin badago, sei-zortzi berriemaile daude”. Salbuespenak badaude kultura arloko gaiekin, izan Durangoko Azoka edo izan musikari jakin baten kontzertua; puntualak baino ez dira, ordea.

Pilota emankizunak dira audientzia datu onenak dituztenak. Irudian, ETBko pilota emanaldien lantaldea 2021ean. (Argazkia: EiTB Media)

Albistegiez hizketan, Urkizuk anekdota bat ekarri du solasera: “ETBko kazetari oso beterano batek behin komentatu zidan ETBko albistegiak TikTok-izatu egin direla, eta adibidea ipiniko dut, horren harira baitzetorren iruzkina. Donostiako Zinemaldian, egun berean, bi dokumental oso indartsuren estreinaldia zegoen –Karpeta Urdinak eta Gesto–, biak memoria historikoari lotuak, eta bietan gonbidatu zituzten ordezkari politikoak. Egun horretako albistegian, aurkezleak segundo gutxi batzuetan aipatu zituen bi dokumentalak, eta sekulako erreportajea eman zuten gero, Donostian bertan, Zinemaldiko glamourraren inguruan zegoen ezkontza bati buruzkoa. Sei urtez dokumental batean lanean egon den sortzaileari ez zioten mikrofonoa jarri, eta ezkontza horretako makina gonbidaturi bai. Beldurgarria iruditzen zait jardunbide hori; uste dut telebista publikoaren informazioak ez lukeela hortik joan behar”.

Garazi Goia, 'Txoria hodei artean' liburuan: "ETBk nora iritsi behar du? Besteak iristen ez diren tokira. Euskara da tresna bakarra beste plataformak iritsiko ez diren lekuetara iristeko"

Primeran plataforma: zein leku du?
Atzera begirakoari erreparatzeaz harago, presenteari eta etorkizunari ere begiratu dio Urkizuk Txoria hodei artean liburuan. Eta, ezinbestean, plataforma digitalen erauntsia aztertu behar da.

2023ko irailean estreinatu zuen EiTBk Primeran plataforma, euskarazko edukien ataria, doakoa, EiTBren eduki propioetatik harago joan nahi lukeena. Liburuko elkarrizketatu guztiek esaten dute, baita egileak ere: ez da batere erraza unibertso horretan lehiatzea. Festara berandu batu da, gainera.

EiTBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa, 2023ko irailean, Primeran plataformaren aurkezpen ekitaldian. (Argazkia: Jagoba Manterola / Foku)

Garazi Goia ikus-entzunezkoen alorrean aditua da, Sky eta BBCn ardura garrantzitsuak edukitakoa, eta gaur egun Europako telebista publiko gehienekin egiten du lan, aholkulari gisa. Berak dio telebista publiko guztiek oinarrizko arrazoi berberak dituztela: eskaintzari dagokionez, askoz aukera gehiago daudela eta lehia oso handia dela; telebista kontsumitzeko joerak aldatzen ari direla eta horrek aldatu egiten duela edukiak egiteko modua; eta telebista publikoek, oro har, gero eta zailagoa dutela jende gaztearekin konektatzea. Denboraren aldagaia ere kontutan hartu behar dela dio, eta estrategiak planteatzeko galdera egiten du: gazte batek denbora libre jakin bat baldin badauka, zergatik sartuko da Primeran plataforman? Unibertso zail horretan lehiatu beharko du euskal telebistak; “baina eskaini beharko zaio zerbait, eta iritsi egin beharko da harengana”. Aitortu behar zaizkio Primerani orain arte izandako emaitza onak: esaterako, 20.000 especies de abejas pelikulak 50.000 ikusle izan ditu.

Urkizuri gustatuko litzaioke Moriarti, Txintxua Films edo dena delako ekoizleek Primeranekin tratuak egin eta euskarazko telesailak egingo balituzte ETBrentzat, baina bada arazo bat: aurrekontua. Langile kopuru handia duela dio Urkizuk; kasik 1.200 langile, eta egitura ere mantendu beharra: “Jakina, jarriko bazenitu langile horiek guztiak euskarazko edukiak egitera, argi dago gauzak aldatuko liratekeela”. Eta hori esanda, Arretxeak liburuan egiten duen planteamendua ekarri du mahai gainera, hark proposatzen baitu ETB2ko aurrekontua Primeranerako eduki ausartak egitera bideratzea. Urkizuk dio Arretxearen gisako jende gazteari gehiago entzun beharko litzaiokeela.

“Gauza asko landu behar dira”, dio Urkizuk, bai Primeran plataforma eta bai ETB benetan erreferente izango badira. Ez du dudarik, hala ere, ETBkoak horretan ari direnik. Herri mailako eztabaidak sustatu eta gogoetak egitea gustatuko litzaioke Urkizuri, gauza batzuk planteatzea, zuzendari nagusiaren hautaketa prozesua, kasu, edo euskaraz sortzeari, bikoizteari edo azpi-idazteari eman nahi zaion garrantzia. Urkizurekin gogoetatzeko aukera izango da; liburuaren aitzakian, hainbat lekutan antolatuko dituzte liburu-aurkezpen eta eztabaida-saioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETB
'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-01 | Leire Ibar
Aldatu Gidoiak salatu du ETBk gaztelerari lehentasuna eman diola berriro ere

Mugimenduak mahai gainean jarri du euskarazko edukiak sustatzeko beharra, eta horren aurrean ETBk duen interes falta. Lehentasuna gaztelaniazko saioei ematea egotzi dio. ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, aldaketa eskatu dio telebista... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
“Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin”

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2023-10-18 | Lander Arretxea
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
“Euskara ulertzen ez dutenak ere ETBren unibertsoan nahi ditut”

2021az geroztik, ETBko zuzendaria da Unai Iparragirre. Telebista kateetako edukien ardura da berea, baina baita plazaratu berri duten Primeran plataformarena ere. Jaiotza horren aitzakian hartu gaitu Bilboko egoitzan duen bulegoan.


ETBk nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari “betoa” jarria diola salatu dute

EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.


EITBren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egingo dute nazioarteko filmak euskarara itzultzeko aldarrikatzeko

(H)itzartu EITB ekimenak maiatzaren 20rako elkarretaratzea deitu du, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Ekimenaren ustez ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko, eta salatu dute gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak... [+]


Espainiako Gobernuak ez du bete ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko akordioa

Espainiako Gobernuaren 2022ko aurrekontuak babestu zituen EH Bilduk, besteak beste, ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko akordioa sinatuta. Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du PSOEk ez duela hitza bete eta EH Bilduk ez duela presiorik egin.


Seme-alabak Espainiaren alde

Inor ez al doa bolantean? Hego Euskal Herrian, behintzat, badirudi euskal soufflearen hustuketak ez duela ez etenik, ez azkenik.

Gaur egungo ume eta nerabeek euskal gizartean ikusten dutena da asimilazio handi bat eta kontrakotasun gutxi. Ez dute ezer hutsetik asmatzen,... [+]


2022-12-15 | Jon Torner Zabala
Ados Pilota klubaren Binakakoa, ETBren programaziotik at

Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.


Eguneraketa berriak daude