“Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko”

  • Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios ikerketaren zuzendari eta EHUko irakaslearekin aritu gara: “Irakasle gisa baratzean gure burua ziur ikusteko, ereduak behar ditugu”. Elkarrizketa honen bukaeran, Errekabarri eta Zabalgana ikastetxeetako esperientziak jaso ditugu.

“Batzuen buruan, ezinezkoa da 25 haurrekin ortura joatea, baina bai, posible da, eta aditu izan gabe gauza asko egin daiteke”.. Argazkiak: Mikel Garcia

Ikerketak, lehenik, eskola-ortuen presentzia aztertu du: ikerturiko ikastetxeen %82k du baratze proiektua eta %18k ez du orturik. Nola baloratzen duzue? Nolako baratzeak dira aurkitu dituzuenak?

Igone Palacios: Oso emaitza positiboak dira, lagina potentea delako, bai kuantitatiboki (Haur eta Lehen Hezkuntzako Gasteizko 22 ikastetxe aztertu dira, Gasteizko HH-LH ikastetxeen %40), bai kualitatiboki (ez gara joan baratzea zutela genekienetara, ikastetxe publiko eta itunpekoak hartu dira kontuan ikerketan, Gasteizko auzo ezberdinetakoak). Baratzeen presentzia handia da ikastetxeetan, eta beraz, eskola gehienek aukera dute naturarekiko harremana eta horri loturiko proiektuak egunerokoan sustatzeko eskolan bertan. Eskola-baratzeak irakaskuntza testuinguru paregabea dira, bihurtu ditzakegu beste ikasgela bat, gai eta arlo ugari modu praktikoan jorratzeko.

Iratz Pou: Gure biziraupenerako oso oinarrizko tokia da baratzea, elikagaiak lortzeko egokia, eta baratzeek halako presentzia handia izateak erakusten du ikastetxeek aurrerapausoa eman dutela ikaskuntza prozesuan naturarekiko harremana, ezagutza eta hainbat jarrera txertatzeko garaian. Aurkitu ditugun baratzeak ezberdinak dira eskola batetik bestera, baina orokorrean ongi antolatutako eta hornitutako ortuak ikusi ditut.

Eskola-ortuen erabilera ere aztertu duzue.

Pou: Orokorrean, erabilera ona egiten dute ikastetxeek, nahiz eta hainbat eskolatan ez duten guztiz barneratuta baratzearen erabilera. Kudeaketa da gakoa: ikastetxe batzuetan baratzea ez dute eskolaren bide-orrian sartua, ekintza gehigarria da, eta beste hainbatetan aldiz, baratzea curriculumean txertatuta dago eta ekintza didaktiko ugari dituzte bideratuta bertan. Halakoetan, errazagoa da ikasgai ezberdinetako irakasleek baratzera jotzea beren alorreko gaiak jorratzeko.

Palacios: Bereziki baikorra da aurkitu izana eskola eta irakasle asko oso aktiboki inplikatzen ari direnak eta dagoeneko esperientzia positiboak jasotzen dabiltzanak. Izan ere, posible dela kontatzea oso beharrezkoa da, baratzegintzan aditu izan gabe gauza asko egin daitezkeela erakustea, bai eskola barruan praktika orokortua bihurtzeko (ez pare bat irakasleren ardura), bai ahalik eta eskola gehienetara zabaltzeko. Batzuen buruan, ezinezkoa da 25 haurrekin ortura joatea, baina bai, posible da, nahiz eta erraza ez izan, eta beste irakasleren baten laguntzaz joateko aukera izanez gero, are aberasgarriagoa da. Eskola asko jardun honetan ari direla partekatu eta zabaltzeak laguntzen du beste batzuk ere animatu daitezen bide hori urratzera, guk ere eredu bidez ikasten dugulako, eta irakasle gisa baratzean gure burua ziur ikusteko, ereduak behar ditugu.

Pou: "Baratzean aritzea ikasketa handia da: Gasteiz moduko hiri batean, umeek sarri ez dute aukerarik jaten dituzten elikagaiak nondik datozen ezagutzeko ere"

Zehazki, zer landu nahi dute eskolek baratzearen bidez eta zer landu daiteke?

Pou: Ni herri batean bizi naiz, naturarekin harremanetan, baina Gasteiz moduko hiri batean, sarri umeek ez dute lurrarekin eta naturarekin harremana sendotzeko halako aukerarik, edo jaten dituzten elikagaiak nondik datozen ezagutzeko, eta hori guztia lehen eskutik eskolan ikusteko eta lantzeko parada izatea ederra da. Horregatik, baratzean bertan aritzea ikasketa handia da, baina beste arlo batzuk jorratzeko ere balio du, batez ere etapa batzuetatik aurrera, kontuan hartuta irakasle eta ikasgai asko dagoela. Eskolek ere, bi ideia nagusi horiek buruan jarri ohi dute martxan baratzearen egitasmoa, baina errealitatean maiz zaila egiten zaie. Ingurune hezkuntza ortuan lantzeak kontzeptu sinplea dirudien arren, atzetik duen lanketa sakona da.

Palacios: Gure ongizaterako, biziraupenerako, beharrezkoa dugu natura, baina lotura horiek ikustea zaila egiten zaigu hirian, eta baratzeak laguntzen du lotura hori berreskuratzen. Ikerketek diote hirietan, naturarekiko kontaktua sustatzeko gutxi eginda ere, lotura hori indartu egiten dela, egiten dugunaren kausa-efektuez jabetzen laguntzen duela, gaur egungo sisteman oso deslotuta baitaude.

Are gehiago, ortuek aukera ematen dute auzolanerako, harremanetarako, belaunaldien arteko solasaldiak josteko, hiriak eta nekazalguneak lotzeko, elikadura burujabetzaren inguruan gogoetatzeko (gutxienez sinbolikoki, jaten dugun gehiena ez baita ortu horretakoa izango. Ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko.

Behin oinarri hori izanda, eskola bat garenez, zergatik ez harago joan eta bigarren buelta bat eman, zergatik ez baliatu ortua matematikak irakasteko (konposta pisatzetik hasi eta horri tiraka, matematikak eguneroko bizitzara ekarrita), hizkuntzak lantzeko (zenbat hitz daude uraza esateko?), marrazketa egiteko… Ikasi behar duzunari testuingurua emanez gero, abstraktutik konkretura jaitsi eta zentzua eta zergati bat emanez gero, ikasketa eta ulermena errazten da. Gainera, lau hormetatik atera eta ikasgaia kanpo-espazioan emateak berak arnasa ematen du eta ikasleak motibatzen ditu. Esaterako, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako trantsizioa egiteko baliatu dezakegu, badirudielako Haur Hezkuntzan mugimendua oso inportantea dela baina Lehen Hezkuntzan gelan eserita baino ezin dugula egon. Espazioak bersignifikatzea inportantea da, kanpo-espazioei bestelako esanahia ematea eta irakaskuntza espazio gisa ere erabiltzea.

Palacios: "Ortuek aukera ematen dute auzolanerako, belaunaldien arteko solasaldiak josteko, hiriak eta nekazalguneak lotzeko, elikadura burujabetzaz gogoetatzeko"

Irakasleen ziurtasun falta aipatu duzue lehen. Irakasleek formazio gehiago jasoz gero, etekin handiagoa aterako litzaieke ortuei?

Pou: Ikerketan antzeman dut formazioa jaso duten irakasleengan eragin zuzena izan duela baratzearekiko duten ikuspuntuan, ikusi dutela beren ikasgaietan baratzea didaktikoki baliatu dezaketela. Prestakuntza hori ez da modu orokortuan ematen eskolan, eta ondorioz sarri irakasle eta guraso jakin batzuen gainean geratzen da baratzearen ardura, ez dute irakasle guztiek parte hartzen.

Palacios: EHUn formakuntza ematen diegu irakasleei, baratzean nola irakatsi, eta saio hauek harrera oso ona dute, beharra ere halakoxea da, nahiz eta oso zaila den irakasleekin formakuntza egitea, haiei bideratutako formakuntza saio asko dagoelako eta denbora gutxi (saioa eskola-orduetan bada adibidez, zaila izan ohi dute etortzea). Lehenengo pausoa da irakasle inplikatuenak etortzea ikastaro hauetara, eta gero eskolan zabaldu dezatela gainerakoen artean. Laster, Matematika baratzean, matematika baratzearekin ikastaroa dugu apirilaren 17an, eta Ezagutu zure eskolako biodibertsitatea maiatzaren 15-16an.

Etorkizuneko irakasleek, dena den, izango dute dagoeneko prestakuntza hori, Magisteritza karreran ematen den heinean?
Pou: Magisteritza karreran, Natur Zientzia ikasgaian baratzera joan ahal izan dugu ikasleok, eta beste irakasleren batekin ere, matematikakoarekin adibidez, campuseko baratzera jaitsi gara, proiektu bat egitera eta horren bueltako formakuntza jasotzera.

Palacios: Bai, lehen egiten ez ziren gauza asko egiten ditugu. Natur Zientzietako ordu batzuetan baratzera goaz, eta esperientzia hori hor geratzen zaie, irakasle direnerako. Nahiz eta zehatz-mehatz ez gogoratu, dagoeneko egin duzuna errepikatzea errazagoa da, erreferentzia hori badute dagoeneko irakaslegaiek. Hain juxtu, gurekin ikasi duten Haur eta Lehen Hezkuntza graduetako ikasleak ezagutzen ditugu, orain halako lanketak egiten ari direnak beren eskoletan. Gure muga da Natur Zientzietako ikasgaiak dituen orduak dituela Magisteritzan.

Pou: "Eskola gehienetan, bertan landatutako elikagaiak gero ikasleek eurek kontsumitzen dituzte, eta hainbat plater prestatzen dituzte ikastetxean"

Eskola-ortuen erabileran, zein hutsune nagusi antzeman dituzue?

Pou: Lehen aipatu moduan, hainbatetan irakasle zehatz batzuen ardura bihurtzen dela baratzea, eta horrek baratzearen erabilera mugatzen du.

Palacios: Aurrekoan ikastetxe bateko Baratze Batzordeko kideekin egon ginen, eta aipatu ziguten aitortza handiagoa behar dutela, irakastordu liberazio gehiago, besteak beste formakuntza jasotzeko edota curriculuma baratzeari lotuta nola landu egokitzeko. Berez, orain BeAtarrak baino ez ditu halako lanketetara bideratutako irakastorduak [ikastetxe bakoitzean berrikuntzaz arduratzen den irakaslea da BeAtarra]. Niretzat, inportanteena da baratzeari benetan duen balioa ematea, baratzera joaten garen aldiro ikasketa prozesu esanguratsu bat lortzea, eta horretarako ongi antolatu behar da zer egin bertan, ziur sentitu behar dugu, eta egiten dugun horri garrantzia eman behar zaio (bideratutako langile kopuruan, denboran, ratioetan).

Zein esperientzia interesgarri aurkitu dituzue, ikerturiko ikastetxeetan?

Pou: Eskola gehienetan, bertan landatutako elikagaiak gero ikasleek eurek kontsumitzen dituzte, eta hainbat plater prestatzen dituzte ikastetxean. Horrek ilusioa pizten du haurrengan. Sortutako hondakin organikoekin konpostaren bueltan eskola batzuek egiten duten lanketa ere interesgarria iruditu zait. Eta baratzetik gertu urmaela dutenen kasuan, aberastu egiten da proiektua, biodibertsitatearen behaketan, neurketan, zaintzan: bai baratzeak bai urmaelak izandako eboluzioa neurtzen dute, gero hainbat irakurketa egiteko.

Zein litzateke, zuen ustez, baratzearen erabilera onena?

Palacios: Elkarrizketan zehar aipatzen joan garenaz gain, onena litzateke maila guztietako ikasleei baratzea erabiltzeko aukera ematea eta talde bakoitzarekin hilero lau saio edo gehiago dedikatzea. Dena den, eskolaren arabera (eta eskolak dituen baliabide eta baldintzen arabera) ezberdina izan daiteke erabilera on bat, eta bide horretan laguntzen eta ideiak ematen saiatzen gara. Zer da baratzearen erabilera on bat egiteko behar duzuna? Protokolo batek lagunduko lizuke? Baliabide jakin batek? Ikerketak horretarako bide ere eman digu, zer behar dauden ikusi eta non esku hartu behar den aztertzeko.

Baratzetik harago, ikastetxeetako patioetan berdegune gehiago sartzeko ekimenak ugaritzen ari dira, baso-eskolak ere bai. Ingurumena, natura, elikadura burujabetza… Kontzientzia handitzen ari al da halako gaien inguruan?

Pou: Eskoletan espazio berdeak berrezartzeko joera nabarmena da azken urteotan, zenbat jolastoki moldatu eta bernaturalizatu dituzten ikustea besterik ez dago. Azken finean, naturari gizakiok kendu diogun lekua berriro ere pixkanaka itzultzeko joera orokortu da. Eta baratzea izan edo ez, kontzientzia hori garatzeko ekintzak egiten ari dira eskolak.

Palacios: Espazio berde hauen eragina handia da, gainera. Badugu beste ikerketa bat egina, konparatzen dituena kanpo-espazio berdeak erabili dituzten bi ikastetxe: bata hiriko ikastetxea (Gasteizkoa), eta bestea herri batekoa. Bada, abiapuntuan herriko eskolako ikasleek ezagutza eta lotura maila handiagoa zuten naturarekiko, baina lanketa egin ostean pareko emaitzak lortu zituzten ikasle batzuek eta besteek, eta hainbat eremutan emaitza altuagoa lortu zuten hiriko ikasleek. Gehiago sakondu beharko litzateke, baina pista bat ematen digu: umeak (pertsonak, orokorrean) naturarekin harremanetan jarri eta galderak eginda, erraza da naturarekiko grina, interesa eta lotura indartzea.

Pantailan, Iratz Pou; alboan, Igone Palacios. Unai Coronel eta Daniel Zuazagoitia ere ari dira uneotan ikerketaren emaitzak lantzen.

ERREKABARRI IKASTETXEA

“Ikasgela baratzera ateratzeko erronka dugu irakasleok, oraindik oso gela gara”

Errekabarri da azterturiko ikastetxeetako bat. Haur eta Lehen Hezkuntzako 697 ikasle ditu eta talde guztiak pasatzen dira baratzetik, 2 urteetatik 12ra arte. “Txikitatik hasten gara: etorri, usaindu, landatzen hasi…”, kontatu digu Patxi Ibarzabal irakasleak. Astero lan bat dute baratzeari lotua eta eskola osoari egiten diote ekarpena, katean: adibidez, talde batek orain lurrari emango dio buelta, eta horri esker beste talde batek maiatzean landatu ahal izango du, eta hurrengo talde batek jaso egingo du ereindakoa. Eta hala, ziklo osoa egiten dute. Hiru zeregin nagusitan dute banatuta baratzegintza, eta eskola guztia pasatzen da hiruetatik: erein edo landatze lana, mantentze lana, eta urmaela. “Hortik aurrera, libre da nahi denean baratzera gerturatzea, eta ni baratzean nagoelarik, jolastorduan beti hurbiltzen dira baten batzuk, galdetzen didate ea laguntzarik behar dudan, zertan ari naizen, zerbait egin dezaketen... Izugarria da zein erakargarria den haurrentzat. Horregatik, nahiz eta daramagun erritmoan kostatzen zaigun ikasgelatik ateratzea, umeei galdetuz gero beti nahi dute baratzera etorri, eta hori baliatu beharko genuke”.

Bai maiztasuna bai edukia ongi sistematizatzea eta antolatzea funtsezkoa da, baratzea eskolako proiektuaren parte den heinean: “Ezin du izan nire harrikada, ezin du irakasle batzuen sentsibilitatearen baitan egon, oinarrizkoa da kolektibizatzea, sarea sortzea eta eskolako proiektu bihurtzea, iraungo badu eta benetan baratzean egiten dena esanguratsua izatea nahi badugu, eta ez postal hutsa –azaldu du Ibarzabalek–. Klaustroa sarri ez da seguru sentitzen, ez dugulako mundu hau kontrolatzen eta baratze perfektua behar dugula iruditzen zaigulako, baina hemendik ez goaz azokara, landare batzuk usteldu badira ez da ezer gertatzen, ikaskuntza prozesuaren parte da. Ausardia eta baliabideak behar dira”.

Irakaslearen hitzetan, harrigarria da zeinen deskonektatuta gauden naturatik eta baratzetik: “Haurrek ez dakite porru bat bereizten. Fruituak bai ezagutzen dituzte, baina landareak, barazkiak ez; dena supermerkatuan erosteak hori dakar”. Ortuaren bidez, natura eta bere zikloei, jasangarritasunari eta biodibertsitateari erreparatzea bilatzen dute batetik, eta ikasgaia gelatik espazio honetara ateratzea bestetik, diziplina ugaritako proiektuak bertaratzea helburu didaktiko batekin. “Erronka nagusia hor dugu irakasleok, oraindik ere oso gela baikara”.

Ikastetxean urmaela jarri zuen Gasteizko lehen eskola izan zen Errekabarri.

 

ZABALGANA IKASTETXEA

“Uztarik ez izatea arazotzat dugu, baina aukera bat da gertatu dena haurrekin lantzeko"

Zabalgana da azterturiko beste eskoletako bat, eta honek ere urmaela du, baratzearen ondoan. 700 ikasle inguru ditu, denak pasatzen dira ortutik, eta familiekin lankidetzan daramate baratzea. Deigarria da, 550 litro inguruko bost konpost-ontzi dituzte, eta hartzen dituzten hondakin organiko kopuruak itzelak dira (ikasle eta irakasleen otorduak kontuan hartuta). Baliatzen dute ikasleekin hondakinen berrerabilera ikusteko edota zizareek konposta nola egiten duten aztertzeko.

Urtero egiten da baratzearen plangintza, guraso eta tutoreen artean, eta urtero txandakatzen dituzte landaturiko produktuak: “Demagun ikasturte honetan tomateak landatzea erabakitzen dugula, gero tomateak jasotzean tomate marmelada egitea adostu dezakegu, edo tomatea olioarekin dastatu, landaturiko tomate eta patatekin entsalada bat egin… –azaldu digu Ibon Diaz irakasleak– eta konposta erabilita zikloa osatuko dugu, prozesu guztia ikustea eta barneratzea baita helburua”. Sendabelarrak ere badituzte.

“2 urte dituztenetik hasten dira lurra nahasten, esperimentatzen, landaketa txikiak egiten… eta naturaltasunez bizi dute. Aurreiritzi asko gainetik kentzeko eta ezagutza handitzeko baliabide ederra da baratzea. Adinean gora, jakintza handitu ahala, gauza gehiago landu daitezke: Arabako patatak fama du, bai, baina nondik dator patata? Eta artoa, tomatea? Ilargiaren faseek nola eragiten dute landaketan? Gelan Erdi Aroa ikasten ari bagara, feudalismo garaian zeinentzat zen uzta zati handiena? Beste lurralde batzuetan jaio diren ikasleek zein fruitu eta barazki jaten dituzte? Esaterako, Magrebetik ekarritako piperrak landatzen saiatu ginen, baina ez ziren atera”. Gelatik ateratzea den guztia motibagarria da ikasleentzat, dio.

Baratze ekologikoa da Zabalganakoa. Joan den uda oso lehorra izan zenez eta eguzkiak bete-betean jotzen duenez ortuan, apenas lortu zuten uztarik: “Ez tomaterik, ez fruiturik, patatak eskas… eta haurrekin landu behar izan genuen zer pasatu zen, klimaz hitz egiteko parada ere izan genuen. Frustratzea normala da, guri geuri ere kostatzen zaigu emaitza onartzea, eta uztarik ez bada arazotzat hartzen dugu, baina berez aukera da planifikatutik desbideratu eta gertatu dena haurrekin lantzeko. Irakasleok ere eskema batzuk apurtu beharko genituzke”.

Zabalganako bost konpost-ontziek hondakin organiko kopuru itzelak jasotzen dituzte.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


“Hezkuntza sailburuaren determinismo teknologikoak kezkatzen gaitu: bai ala bai sartu behar da, modu akritikoan”

Teknologien erabilera eztabaidatzen ari dira Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta horretarako hainbat aditu eta eragile ari dira batzordean beren ekarpena egiten. Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko araudi orokorra eskatu duen Altxa Buruako arduradun taldearekin hitz... [+]


GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”

Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur, Ikasle Abertzaleak
“Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Gasteizko EHUko campuseko irakasle bat salatu dute ikasleei jazarpena eta ukituak egitea leporatuta

Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du,... [+]


Ikasleek asanbladak eta mobilizazioak antolatu dituzte mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakaslearen aurka

Gasteizko campuseko Farmazia Fakultateko ikasleek "faxismoaren aurka antolatzearen beharra" azpimarratu dute, eta EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijitu diote.


LABek haur eskoletako lan hitzarmena adostu du, bi greba egunen atarian

16 urteren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak akordioa erdietsi dute astelehen iluntzean lan-hitzarmena berritzeko. Greba deituta zegoen asteazken eta ostegun honetarako, eta indarrik gabe utzi dituzte bi deialdiak. STEILAS akordioarekin ezkor agertu da,... [+]


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Judimendi: A ereduko ikastetxe estigmatizatua D ereduko auzo-eskola bilakatzen

Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]


Eguneraketa berriak daude