Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari begira.
Esango al diguzu, faborez, zein duzun hizkuntza-biografia?
Nire lehen hizkuntza bubiera izan zen. Ama hizkuntza, esaten dena. Hala ere, espainolen kolonizazioak eskolara eraman espainola, eta eskolatik familietara sartu zen. Kolonizazioak zenbait onura ekarri zizkigun, baina gure kultura galbidera eraman zuen, gure izenak berak ere desagertzeraino. Espainolen kolonizazioak ez zuen zipitzik egin gure kulturara hurreratzeko. Aldiz, bere izaera espainola inposatu zigun, errepresioaren bidez. Bubieraz hitz egiten bagenuen, umiliatu egiten gintuzten, eta zigortzen. Gure gurasoek ez zekiten espainolez hitz egiten, baina ikasi beharra izan zuten, beren seme-alaben bidez, haiek haur eskolatik baitzeramaten espainola etxera. Gure herrietan, espainolak etxeko hizkuntza zartatu zuen. Haurrari eskolan espainola inposatu zioten, eta haurraren gurasoei bubieraz ez hitz egiteko esan zieten. Horrelaxe urrutiratu gara gu geure hizkuntzatik.
Zeure esperientziatik ari zara? Arbasoenetik, beharbada?
Aurreko belaunaldien bizi eskarmentua da, baina horren ondorioak bizi ditut nik gaur egun oraindik. Nik, izan ere, bubieraz hitz egiten dut, gurasoengandik ikasirik, eta, aldiz, nire seme-alabek ez dute hitz egiten. Iruditzen zait huts egin dudala eta, orain, galdutakoa berreskuratu behar dudala, beti bubieraz hitz eginez eta nire ingurukoen motibazioari eraginez. Bestela, axolagabe jokatzen badut, ni espainolez mintzo, ondokoa ere espainolez, galduak gara, ez dugu geure burua egundo jasoko.
"Garabidek gure hizkuntzaren estandarizazioa gauzatzen lagunduko ahal digu!"
Eskolatik hasi zineten bubiera baztertzen, esan duzunez.
Bai. Gurean, herrian herriko eskolak dira nagusi, lehen hezkuntzaren garaian. Ez dago hirira joan beharrik, bigarren hezkuntza egiten hasi arte. Nik, esaterako, bubieraz egin nuen katekesia. Uste dut nire belaunaldia katekesia bubieraz egiten azkenetakoa izan zela. Gogoratzen naiz irakasleak mehatxu egiten zigula: “Bubieraz hitz egiten ez duenak ez du lehen jaunartzea egingo!”. Gu ikaragarri motibatu gintuen horrek, eta bubieraz hitz egiten hasi ginen!
Katekesia bubieraz egiten azkenetakoa dugu, hortaz, zure belaunaldia?
Hor nonbait. Eliza espainolen kolonizazioarekin etorri, erlijio katolikoa indarrez ezarri, eta bertako sineste eta kulturak bazterrera bota zituen: “Ez jokatu zeure aitaita-amamen legeen arabera, Jainkoaren legearen kontrakoa baita!”, esaten zuten. Eta geure kultura utzi behar izan genuen, eta kultura judu-kristaua geureganatu. Behaztopa horiek denak ezagutu ditu gure herriak.
Nola bazterrarazi zizueten bubiera eskolan?
Esate baterako, nik ez nuen zigorrik jaso espainolez hitz egiten ez nuelako, baina nire senideek bai; neba nagusiek, alegia. Barraskilo maskorrez –barruan simaurrez beteak–, egindako gorbata zikin bat sartzen zieten lepotik behera. Usain hark atzerakada eragiten zuen, jakina, eta bubieraz hitz egiten harrapatu zutenak lepotik behera sartuta eraman behar izaten zuen, harik eta bubieraz hitz egiten zuen besteren bati eman artean. Tratua, ezta?! Tratu txarra, alegia. Azken finean, hizkuntza gutxituetako hiztunek jasan duten tratua da. Indarrez nagusitu dira hizkuntza nagusiak.
Zure garaian zigorrik ez zenuela jaso esan diguzu.
Episodioren bat bizi izan nuen, hala ere. Nire garaian ere, galarazita genuen eskolan amagandik jasotako hizkuntzan, bubieraz, hitz egitea. Bazitekeen ikaskideok herri berekoak izatea, gela berean egotea, baina, hala eta guztiz ere, gure artean bubieraz hitz egitea debekatua genuen. Zigorra genuen mehatxu. “Hemen ez da bubieraz hitz egiten!”, esaten ziguten irakasleek. Betikoa, ezta? Harrapatuz gero, kuadernotzar bat ematen ziguten, behin eta berriz eta askotan esaldi bat kopiatzeko: “Debekatuta dago ikasgelan bubieraz hitz egitea. Debekatuta dago ikasgelan bubieraz hitz egitea. Debekatuta dago ikasgelan bubieraz hitz egitea...”. Zigor fisikoari dagokionez, behin sekulako zartailukada jaso nuen irakasle batengandik: aurpegian eman nahi izan zidan, eta eskua jarri nuen, masaila babestearren, baina ni jotzen asmatu zuen hala ere, eta marka daramat oraindik. Ez zait irakasle haren izena ahaztu! Bestalde, ikaskideok batak bestea salatzeko zera hura ere aktibatu zuten: “Irakasle, halako eta halako bubieraz hitz egiten ari dira!”. Eta, onenean, halako haiek belauniko jarraraziko zituzten, besoak gurutze. Hamaika holako! Dena dela, episodio hauek ez ziren lehen hezkuntzaren garaian gertatu, herriko eskolan, bigarren hezkuntzaren denboran baizik, hirian.
Eta zein duzue egoera gaur egun? Zu, izan ere, bubiera sustatzeko elkarte soziokultural bateko kide zaren aldetik izan zara Garabiden…
Ëvóvë/Ëbóbë Elkarte Soziokulturaleko kide naiz. 2015ean sortu zuten, eta 2018an sartu nintzen bertan, adiskide batek gonbidaturik: “Goazen bilkura batera!”, esan zidan. “Zer bilkura ote da, bada?!”, pentsatu nuen. Eta joan, eta ongietorria eman zidaten denek. Bubieraren alde lan egin nahi zuten eta, banaka-banaka, jende multzoa osatu zen. Bedeinkatua proiektuari ekin ziona! Ez nuen ezagutu, baina baten batek argitasun ez txikia izan zuen. Ia gureak egin zuela ikusi zuen, eta lanean jarri zuen jendea, gure hizkuntza eta kultura sustatzen. Oraintxe hasi gaituzu indar pixka bat hartzen, eta hizkuntzaren egoerari buruzko diagnostiko bat ere egina dugu.
Zer dio diagnostiko horrek?
2015eko erroldaren arabera, 130.000 biztanle ginen Santa Isabel uhartean; lehen, Bioko zuen izena. 32ren bat herri ditugu, nahiz eta, egiazki, 28 herri diren, gainerakoak galdu egin baitira. Jendeak lekuak hustu ditu, eta hirira emigratu du baliabide hobeen bila, habitat atseginago bat aurkitu nahian-edo. 28 herrietan ere, gehienek bubieraz hitz egiten dute... 15 urtetik gorakoek, bederen. Besterik da gaztetxoen artean; gazteek neketan hitz egiten dute bubieraz, eta galtzen ari da. Hortxe dugu arazoa, eta hortxe ari da saiatzen gure elkartea –gure ahalen arabera, betiere–, herrietako kultur zentroetan ikastaroak-eta antolatzen. Hala ere, ororen buru, hizkuntzaren erabilera sustatu nahi dugu, eta bubiera estandarizatu ere bai.
Zer esan nahi duzu, bubiera batu bat, beharbada?
Idazkera estandarizatu bat behar dugu. Hemen egin duzuen bezala, batua. 28 herri garela esan dut, bubi herriak gara denak, bubieraz mintzatzen gara, baina barietate linguistiko ezberdinak ditugu. Hemen bezala, ezta? Ipar Euskal Herrian izan garenean, jakin dugu Aretxabaletan ez bezala hitz egiten dutela han. Berdin gertatzen da gure herrietan, hainbat hizkuntza barietate ditugu. Aniztasun horren barruan zortzi-hamar barietate-edo bereiz daitezke, baina denak dira bubiera.
"Gazteek neketan hitz egiten dute bubieraz, eta galtzen ari da "
Bubieraren batasuna egin nahiko zenukete, hortaz.
Horrexen bila etorri naiz Garabidera, nasa hizkuntzaren kasuan egin dutena egin nahiko genuke guk ere, multzo dialektalak ezarri. Garabidek gure hizkuntzaren estandarizazioa gauzatzen lagunduko ahal digu! Idazkera batu bat erabakiko bagenu, huraxe irakatsiko genieke neska-mutilei: bat, batua, irakurtzeko eta idazteko. Baliteke hasieran elebitan jardun beharra izatea, baina, geroan, bubiera lehenetsi nahiko genuke. Horretan ere ari gara gure elkartean, filologoen, irakasleen, bubiera hiztunen eta ez hiztunen laguntzaz. Motibatuta dauden pertsonak dira, oroz gain.
Zertan da Ekuatore Gineako gobernuaren jarrera bubierari dagokionean?
Ekuatore Ginean sei etnia ditugu. Herrialdea bi zatitan banaturik dago, kontinentekoa, batetik, eta uharteak, bestetik, eta batean eta bestean gara etniok: fang, bubi, annobones, fdembo, conubes – bisioa, bujebera eta balenquea ditu barietateak–, eta krioloak. Denok hitz egiten dugu pidjinglisha, baina hizkuntza hori nahiko gauza berria da, gure aitaita-amamek ez baitzekiten pidjinglishez hitz egiten. Esate baterako, gure familian, aitaita-amamei espainolez hitz egin, eta esaten zidaten: “Hi, aizan, espainola ez dun hire hizkuntza! Gainera, ez dinat ulertzen!”. Gurea bubiera zela eta bubieraz hitz egin behar genuela esaten ziguten. Gurasoen garaian, guk pidjinglishez hitz egiten genuela ohartzen zirenean, berdin, ez pidjinglishez hitz egiteko esaten ziguten, ez zela ofiziala, ez zuela balio, eta, are, ulertu ere ez zigutela egiten.
Zein hizkuntzatan lan egiten du Administrazioak?
Espainolez.
Zein hizkuntzatan lan egiten du osasun sistemak?
Espainolez.
Zein hizkuntzatan da irakaskuntza?
Espainolez.
Zein hizkuntzatan dira hedabideak?
Espainolez.
Zein hizkuntzatan gauzatzen da kultura?
Etnia bakoitzak bere kultura du, eta bere hizkuntza.
Zer daramazu zure komunitatera Garabiden egin duzun egonalditik?
Gauza askok hunkitu naute, baina bat esango dizut. Gipuzkoan izan ginen, Donostiako udaletxean-edo, eta emakume baten historia kontatu ziguten. Elbira…
Zipitria.
Horixe! Elbira Zipitria! Horregatik esaten dut, bada, zorretan nagoela Garabiderekin. Emakume haren berri izan nuenean, euskara bere etxean irakatsi zuela, kartzela ezagutu zuela, baina, hala ere, euskaraz irakasten segitu zuela… Handia iruditu zitzaidan emakume haren jokaera! Ez da nire kasua, ni ez naute kartzelara sartuko inori bubiera irakatsi nahi izateagatik, zeren gaur egun hizkuntza guztiek eskubide berak dituzte, baina, hemendik joan eta gure elkarteari su handiagoa eman nahiko nioke, eta erakutsi hemen jendeak kalean euskaraz hitz egiten duela, udaletxean, elizan –ni egondako elizetan, behintzat–, eta saltoki handietan.
Horixe ikusi duzu...
Ikusi dut euskaldunak asko zaretela zeuen herrietan. Bubiak ez gara asko, gutxi baizik, bubiera hiztunok elkar maite dugu, baina gure proiektua antzinatzen saiatu behar dugu, urrutiago heltzen. “Hitz egin behar dugu” esaten dugu, baina askotan ez gara urrutiago joaten, eta urrutiago joan behar dugu: sentsibilizazio kanpainak behar ditugu, lagunduko digun jende gehiago elkartean, eragile gehiago. Erakundeen sostengua ere beharrezkoa dugu, baina erakundeek ez digute lagunduko guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu, estandarizazioa lortzen ez badugu. Hori gertatzen denean, gobernua interpelatu ahal izango dugu, hizkuntza plangintza exijitu ahalko dugu politikan, administrazioan eta gainerako esparruetan. Inork ez digu debekurik jartzen, baina hizkuntzaren ohiko erabilera bultzatu behar dugu. Gutxi dakienak ere, erabil dezala dakientxo hori, bubiera hiztunok beti espainolez-edo hitz egitera behartu gabe.
Askoz ere emakume gehiago ikusi ditut Garabideko Aditu programa honetan, gizonak baino. Zertan da gizonezkoa, zertan emakumezkoa, bubieraren aldeko lanetan?
Genero afera hori ez nuke askorik harrotu nahi… Nire hizkuntzan bada esaera bat: “Emakumeek hezten dute. Hezi emakumea, eta nazioa heziko duzu. Hezi gizonezkoa, eta pertsona bat heziko duzu”. Alegia, adieraziz gizonezkoak ez duela bere heziera partekatzen. Etorriko da sorotik etxera, jarriko da telebistaren aurrean, eta hantxe. Emakumea, berriz, hamaika lanetan ibiliko da, batere gelditu gabe. Eta hizkuntzaren transmisioa ere amagandik heldu da. Gure amamak esaten zuena da: “Haurdun zaudenean, haurrak zure emozio, poz eta tristura guztiak bizi ditu. Hitz egiozu!”.
Amama jakintsuaren mezu ederra, horratik!
Eta egia da, haurra mundura etortzen denean, bera garbitu baino lehen ere, amaren bularraldean jartzen digute, haurrak gure usaina aditzeko. Gero, bularra ematea etorriko da, eta orduantxe edoskiko du lehenengoz bubiera. Laster, samatik heldu eta hitz egingo diogu, uste baitugu samatik sartzen zaiola haurrari informazio guztia. Hurrena, begiratzen hasiko zaizu, irribarre egingo dizu… Horrelaxe izan da beti, eta horrelaxe eginez, amak familiagandik datorren jakituria transmititzen dio umeari. Baina aitak ere badu bere partea, ez du balio “Zoaz amari galdetzera!” esateak. Horrelakorik ez, faborez.
“Administrazioa batere arduratzen ez denez, geu ari gara, geure elkartetik, bubiera prestigiatzen saiatzen. Unescori esker ikasi dugu hizkuntza guztiek duintasun bera dutela, errespetua zor zaiela guzti-guztiei, eskubide berak dituztela. Ekuatore Gineako Gobernuak, onenean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du. Edo iragartzen du, bederen. Baina besterik ez. Guk, aldiz, urte osoan zehar egunero ospatu nahi dugu gure hizkuntza, bubiera ikasteko ikastaroak antolatuz, ekitaldiak asmatuz, eta bubieraren erabilera bultzatuz. Orain arte, batzuk eta besteak saiatu dira bubieraren alde, baina nor bere aldetik ibili da. Batera lan egin behar zutela inork ez zuen pentsatu, nonbait, baina bada ordua guztiok batera saiatzeko!”.
Ekuatore Gineako hizkuntzen egoeraz EHUko Letrak fakultatean hitz egin zuen joan den martxoan Justo Bolekia Boleká irakasleak (Santiago Baney, Bioko uhartea, 1954) Unesco Katedrak eta Manuel Iradier Afrikazale Elkarteak antolaturiko ekitaldian. Bolekia doktore da Madrilgo... [+]